Ingurumeneko gaixotasun

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ingurumeneko gaixotasuna inguruneko zenbait eragilerekiko harremanaren ondorioz sortutako gaixotasunak, gizakiaren genetikak edo bere sistema immunologikoaren aldaketak eragindakoei kontrajartzen zaizkienak. Ingurumeneko gaixotasun deitzen zaie infekzioen ondoriozkoak ez direnei eta gizakiaren kontrolpetik kanpo dauden eragileek sortutakoei.

Horien artean ez dira sartzen tabakoak, edo sendagaiak eta alkohola neurriz gain hartzeagatik sortuak. Ingurumenekoen artean oso garrantzitsuak dira laneko gaixotasunak. Laneko giroan dauden eragileekiko ukipenak sortutako gaitzak dira, eta inguruneko gaixotasunen artean hauek izan ziren aintzat hartu ziren lehenak. Halakoak dira silikosia, silize hautsak meatzariei, industrietako langileei eta eltzegileei eragiten dien biriketako gaitza; kedarraren eraginez, kedar garbitzaileen eskrotoko minbizia; eltzegileek izaten dituzten aldaketa neurologikoak, berunezko osagaiak dituzten produktuak erabiltzeagatik; eta pospolo lantegietako langileen hezurretako gaitzak, fosforoaren ukipenagatik. Gaitz hauetako asko XIX. mendeko Industria Iraultzan hasi ziren kezka sorrarazten.

Arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurumenezko gaixotasunak eragile kimikoek, erradiazioek eta fenomeno fisikoek sortuak dira. Bai ingurune naturalean, bai lanekoan, gai horiekiko harremanaren ondorioak ez dira beti berdinak izaten, harremana bera gertatzeko moduaren arabera. Biderik ohikoenak inguruneko eta uretako kutsadurarekiko, elikagai kutsatuekiko eta zenbait toxinarekiko ukipen edo harreman zuzena izaten dira. Bi eragilek aldi berean eragiten badute, ondorioak askoz ere larriagoak dira bakarka eraginda baino (sinergia).

Hori dela-eta, asbestoarekin lanean aritzen direnen artean adibidez, biriketako minbizi kopuruak gora egiten du horrez gainera erretzaileak badira. Zabortegi eta hondakin biltegietan ere eragile kimiko bat baino gehiago elkartzen dela kontuan harturik, osasun arazoak gerta daitezke, ondorioak oraindik ezezagunak badira ere. Produktu kimikoak: industrializazioaren eraginez, eragile kimikoak izugarri ugaritu dira. Produktu ez-organikoen artean beruna, merkurioa, arsenioa, kadmioa eta asbestoa nabarmentzen dira, eta organikoetan, bifenil poliklorinatua (PCB), binilo kloruroa edo DDT pestizida. Asbestoak mesoteliomak eta biriketako minbizia eragin ditzake, binilo kloruroak gibeleko minbizia, eta bentzenoak leuzemia.

Lan ingurunetik kanpo, berriz, minamata gaitza sortzen da merkurioz kutsatutako arraina jateagatik, eta yusho gaixotasuna, furano klorinatuak kutsatutako elikagaien ondorioz.

Inguruneko elementu toxikoen eragina ez da oraindik zehazki ezagutzen, baina bai toxina kopuruak gaitzaren maiztasunarekin zerikusi handia duela. Minbizi kasuetan eta gaitza ondorengo belaunaldiei kutsatzen zaien kasuetan, ez dago gaixotasuna ez garatzeko ziurtasuna ematen duen gutxieneko kopururik. Horregatik, DDT, PCB edo beste eragile kutsakor askoren ondorioak, adibidez, ez dira oraindik ezagutzen.

Erradiazioetan, bai erradiazio ionizatzaileek eta bai ez-ionizatzaileek osasunean eragin larriak edo kronikoak izan ditzakete, jasotako dosiaren baitan. Gaur egun ez dira ezagutzen dosi txikiko erradizio ez-ionizatzaileen ondorioak. Dosi handiko erradiazio ionizatzaileek gaixotasun larriak eta eragin atzeratuzkoak eragin ditzakete, minbiziak adibidez. X izpiekin edo material erradioaktiboarekin aritzen diren langileek erradiazio arriskua dute.

Dosi txikiko erradiazio ionizatzaileen ondorioak oraindik zehazki ezagutzen ez diren arren, ontziola industrialetako langileen artean kromosoma aldaketak gertatzen direla frogatu da. Eragile fisikoak, nagusiki traumatismoak eta zarata dira. Laneko traumatismo gehienak eragotz daitezke. Laneko zarata izan ohi da lanerako ezintasuna eragiten duen arrazoi nagusietako bat, entzumena gutxitzea edo gorreri iraunkorra sor baititzake.

Ingurumeneko eragileen ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputzeko edozein ataletan eragin dezakete. Eragilea organismoan sartzeko moduaren baitan, eta metabolizatu edo iraitzi egiten den kontuan izanda, gaixotasun mota desberdinak sor daitezke. Azalari, birikei, giltzurrunei, gibelari edo nerbio sistemari eragile ugarik eta egoera askotan eragiten diete.

Ingurumeneko eragile hauetako asko oso arriskutsuak dira, minbizia, sortzetiko anormaltasunak, abortuak eta zelula ernatzaileetako aldaketak ere eragin baititzakete. Gainera, ondorioak ondorengo belaunaldietan ere ager daitezke. Jasotako dosiaren arabera, gaixotasunak arinak edo larriak, eta iragankorrak edo kronikoak izan daitezke.

Prozesu hauetako batzuk ukipena gertatu eta berehala agertzen badira ere, beste batzuk geroago sortzen dira. Minbizia adibidez, 15 edo 30 urtera ager daiteke, baina ukipena gertatu eta berehala sortua ez denez, ez da erraza izaten gaitzaren arrazoia frogatzea. Halako kasuetan, arriskuan bizi diren langileen azterketa epidemiologiko lagungarriak egiten dira eragilea atzemateko.

Aipaturiko arrazoiez gainera, bizi garen ingurunean eragile bat baino gehiagoren arriskua dagoenez, zaila izaten da gaixotasun hauen arrazoiak eta maiztasuna zehatz ezagutzea. Hala ere, behin eragilea aurkitu denean, eragiten duen gaitzaren maiztasunak eragile horrekiko harremanaren edo ukipenaren intentsitatearekin eta larritasunarekin zerikusia duela frogatu da.

Azaleko gaitzak, adibidez, oso ugariak dira laneko ingurunean, eta eragile askoren ondorioz sor daitezke. Biriketako gaixotasunak ere hauts mota askok eraginak izan daitezke: ikatzarenak birika beltza, kotoiarenak birika arrea, asbesto zuntzek asbestosia, edo silize hautsak silikosia. Gainera, inguruneko eragileek aldaketa biologikoak ere sorraraz ditzakete, sintoma klinikorik agertu ez arren: erradiazioen ondoriozko aldaketa kromosomikoetan adibidez. Hauetan gaixoa ez da ohartzen, eta aldaketen ondorioak oraindik zehazteke daude.

Egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osasunaren Mundu Erakundeak koordinatzen du munduan zehar gaixotasun hauen eragile izan daitezkeen jardueren kontrola. Garapen bidean dauden herrialdeetan kontrol hau ezinbestekoa da, industrializazio prozesua pobreziazko giroan eta biztanleria hazten ari den eremuetan gertatzen baita.

Ikerketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo ikerketekin ondorio hauek frogatzen saiatzen ari dira: elementu eragilearen dosi txikiekin ere osasunean kalteak eragiten direla, zenbait toxinek ugal aparatuan duten eragina, eta lesio biologikoek eragindako aldaketek izan ditzaketen ondorioak (informazio genetikoko edo kromosometako aldaketak adibidez).

Horrez gainera, epe luzeko eraginak ezagutu nahi dira, eta baita ingurumenaren eta gizakiaren artean gerta daitezkeen elkarrekiko eraginak ere, hau da, zein gizabanakoren baitan har dezaketen eragileek indar handiagoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]