Inguxetia
|
|
|
|---|---|
| Ereserkia: Inguxetiako Errepublikako Ereserkia | |
| Hiriburua | Magas |
| Sorrera | 1992ko ekainaren 4 |
| Antolaketa | |
| Subjetu mota Barruti Federala Eskualdea |
Errepublika Hegoaldea Ipar Kaukaso |
| Kodea ISO 3166-2 |
06 RU-IN |
| Informazioa | |
| Azalera | 4.000 km2 |
| Biztanleria -Dentsitatea |
467.294 biztanle 116,8 bizt/km2 |
| Hizkuntzak ofiziala(k) | Errusiera, inguxera |
| Gobernua | |
| Presidentea | Yunus-Bek Yevkurov |
| Legebiltzarra | Herri Biltzarra |
| Webgune ofiziala | |
Inguxetia[1] Errusiar Federakundearen barneko errepublika bat da. Hiriburua Magas da. Errusia barruan autonomia-maila handienetakoa duen errepubliketako bat da.
Mugak: iparraldean, Stavropol; ekialdean, Txetxeniako errepublika; hegoaldean, Georgia; mendebaldean, Alania (1995eko udaberria arte, Ipar Osetia deitua).
1936-1991 bitartean, Txetxen-Inguxetia errepublika autonomoaren parte izan zen. 1991n, txetxeniarrek burujabetasuna aldarrikatu zutenean, errepublikatik bereizi ziren.
Eduki-taula |
Lurraldea eta baliabideak [aldatu]
Errepublikaren hegoaldean Kaukasoko mendiak daude(4.492 m). Iparraldean lur behereak dira nagusi, eta han bizi dira biztanle gehienak. Ekonomia-jarduera nagusiak ere han daude. Inguxetiako ibai nagusiak Sunzha (Terek ibaiaren adarra) eta Assa (Sunzharen adarra) dira. Klima lehorra du eta epela, tokian tokiko ezaugarri eta gorabeherekin.
Biztanleak [aldatu]
1989. urteko erroldaren arabera, 164.000 inguxetiar inguru bizi ziren Txetxen-Inguxetia Errepublika Autonomoan. 1995 inguruan, baina, asko handitu zen biztanle kopurua, 100.000 iheslari inguru iritsi baitziren (txetxeniarrak, inguxetiarrak eta errusiarrak) Txetxeniako gerratik ihes, eta beste 50.000 inguxetiar Alaniako auzo-errepublikatik, inguxetiarren eta alaniarren arteko borroketatik ihes.
Hizkuntza eta erlijioa [aldatu]
Inguxetiarrak txetxeniarrekin ahaidetuta daude. Inguxera Kaukasiako hizkuntza-talde batekoa da; alfabeto latinez idazten zen 1923an, baina 1938. urteaz geroztik alfabeto zirilikoz idazten hasi zen. Inguxetiako biztanle asko errusieraz mintzatzen dira. IX. eta XVI. mendeen bitartean, lurralde honetako biztanle askok georgiar eliza ortodoxoaren erlijioa bereganatu zuten (Ekialdeko ortodoxoa). XIX. mendean, bai inguxetiarrak bai txetxeniarrak musulman egin ziren, eta egun islama nazio-batasunaren eta herri-nortasunaren osagai garrantzitsua da inguxetiarrentzat.
Historia [aldatu]
Inguxetiarrak mendian bizi izan ziren XVI-XVII. mendeak arte, eta orduan lautadara jaisten hasi ziren. 1810ean Errusiako inperioak Inguxetia bereganatu zuen. Errusiarrek gotorlekuak eraiki zituzten, eta gogor zapaldu zituzten inguxetiarrak. 1858an, baina, inguxetiarrak Nazranen matxinatu ziren. Nolanahi ere, inguxetiarrak ez ziren txetxeniarrak bezain oldartsuak izan. XIX. mendearen erdialdean, Shamileko matxinadan Kaukasiako herriak errusiarren aurka altxatu zirenean ere, gutxienak ziren inguxetiarrak. 1917ko Iraultzan eta ondorengo gerra zibilean, zenbait gudu izan ziren Inguxetian Gudaroste Gorriko komunisten eta Gudaroste Zuriko komunisten kontrakoen artean. 1920an sobietarrek beren aginpidea ezarri zuten Inguxetian, eta 1924an Inguxetiako Oblast Autonomoa sortu zen, Errusia sobietarraren mendean; Vladikavkaz (egun, Alaniaren barruan) zen administrazio-zentro nagusia. 1934an, Inguxetia eta Txetxenia Txetxen-Inguxetia Oblast Autonomoa (1936. urteaz geroztik, Errepublika Autonomoa) eratzeko elkartu ziren. 1944an, Bigarren Mundu Gerran, Stalinek naziei laguntzea leporatu zien inguxetiarrei, eta Asia erdialdera deportatu zituen. Inguxetiarrak 1957an itzuli ziren beren lurraldera, eta Prigorodni Rayon erbestealdian errusiarrek Alaniaren mendean utzitako eskualdea atzera itzul ziezaieten eskatu zuten.
1991n, Sobietar Batasuna desegin baino pixka bat lehenago Txetxeniak burujabetasuna aldarrikatu zuenean, inguxetiarrak Txetxeniatik banandu ziren eta beren errepublika sortu zuten. 1992ko abenduan, Errusiako Diputatuen Kongresuak Inguxetia Errusiaren barruko errepublika burujabe ezagutu zuen. Errepublika berriak Ipar Osetiaren mendeko barrutia itzul ziezaion eskatzen segitu zuen, eta 1992an bi herriak borrokan hasi ziren. Osetian bizi ziren 50.000 inguxetiarretatik gehienak ihes egitera behartu zituzten, eta Inguxetian babesturik bizi dira egun.
Ekonomia [aldatu]
Nekazaritza da Inguxetiako ekonomia-jarduera nagusia. Mendialdeko biztanleek abereak hazten dituzte, eta lur behereetakoek, berriz, lurra lantzen dute. Petrolioa, meatzaritza eta manufakturak ere garrantzi handikoak dira ekonomiaren aurrerabiderako.
Politika [aldatu]
Inguxetiak lehendakaria eta biltzar nazionala ditu, bozketa bidez hautatuak. Errepublikak hiru aulki ditu Errusiako Biltzar Federalean: bi Federazioaren Kontseiluan (goi-ganbera) eta bat Duma-n (behe-ganbera). Inguxetiak Federakundearen Kontseiluan dituen ordezkariak Errepublikako lehendakaria eta Biltzar Nazionaleko talde parlamentario handienaren buruzagia dira.
2009ko ekainean, Yunus-Bek Yevkurov presidentea autoan zihoan errepidean lehergailu bat eztandarazi zuten: Inguxetiako presidentea larriki zauritu zuten, eta haren bizkartzain bat hil egin zen eztandaren ondorioz.[2]
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
| Artikulu hau Errusiako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |