Interferoi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Interferoia ornodunen immunitate-sistemaren zelulek (gehienbat) ekoizten duten proteina da, birusen aurka jarduten duena. Birus bera da interferoiaren ekoizpena eragiten duena. Alderdi honetan parekotasuna du antigorputzekin. Baina interferoia, antigorputzen aldean, ez da espezifikoa: bere sintesia eragin duen birusaren aurka ez ezik, edozein birusen aurka eraginkorra da (antigorputzek bere sintesia eragin duten antigeno birikoei besterik ez diete erasotzen).

XX. mendearen hasieran ikerlari batzuek antzeman zuten birus baten infekzioak beste birus baten bigarren infekzio bat ekiditen zuela. Birusen arteko interferentzia bat zegoela, alegia. Ematen zuen lehenengo birusak, infektatzerakoan, substantzia bat ekoizten zuela (edo ekoiztuarazten zuela), beste birus baten hazkuntza oztopatzen zuena.

1938an esperimentu argigarria egin zen hori frogatzeko: tximino batzuk infektatu zituzten Rift-Valery birusarekin, eta tximino horiek sukar horia gaitzarekiko immuneak bihurtu ziren. Rift-Valery-ren birusa eta sukar horiarena guztiz desberdinak direnez, garatutako immunitatea ez zen antigorputzek sortutakoa; beste mekanismo batek eragotzi behar zuela sukar horiaren birusaren infekzioa ondorioztatu zuten zientzialariek.

1957an Isaacs-ek eta Lindermann-ek aurkitu zuten birusen hazkuntza galarazten zuen molekula hori: pisu molekular txikiko proteina zen (20.000 dalton), eta interferoia deitu zioten.

Interferoia ez da espezifikoa birusen aurka, ia edozein birusari egiten baitio eraso; baina oso espezifikoa da bere sintesia eragin duen animalia espeziearekin: mota bateko animalien zelulek ekoiztutako interferoiak mota horretako animalien zelulak birusen aurka babesteko besterik ez du balio, eta ez beste mota bateko animalienak. Hots, zaldi batek ekoiztutako interferoiak zaldi guztiak infektatzen dituzten birusen aurka ekingo du, baina ez da eraginkorra izango gizakia infektatzen duten birusen aurka.

Hiru interferoi mota daude: alfa, beta eta gamma. Alfa interferoiak T linfozitoek sortzen dituzte, eta baita B linfozitoek ere. Beta interferoien sintesia fibroblastoek eragiten dute, eta gamma interferoiak T linfozitoek. Immunitate-sistemaren zelulek ekoizten dituzte batik bat, baina baita beste zelula mota batzuek ere (ehun konektibo eta epitelialarenak, esaterako).

Birus batek infekzioa sortzen duenean goian aipatutako zelulek interferoia ekoiztu eta kanpora askatzen dute. Horrela, aldameneko zelulek isuritako interferoia hartzen dute eta babestuta geratzen dira birusen aurrean. Interferoiak infektatu gabeko zelulak babesten ditu, baina ez ditu infektatutakoak sendatzen: sendatzailea baino, prebentiboa da.

Interferoiaren sintesia eragiten duten birusik onenak RNA-koak dira, batez ere RNA kate bikoitzarenak; bakterio batzuek eta minbizidun zelulek ere interferoiaren sintesia bultzatzen dute.

Interferoiaren jarduera bikoitza da:

  • infektatu gabeko zeluletan birusaren infekzioa galarazten du.


Farmako moduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interferoi-flaskoak klinikan erabiltzeko


Egun, interferoia erabili ohi da botika moduan hainbat gaitzen aurka: gaixotasun birikoetan (hepatitis C, HIESa...), minbizi mota batzuetan (leuzemia...) eta beste gaitz berezietan (esklerosi anizkoitza). Erabilitako interferoia ingeniaritza genetikoaren tekniken bidez lortzen da kopuru handitan.