Jokin Zaitegi
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Jokin Zaitegi | |
| Ezizena | Udalazpe, Artzai | |
| Jaio | 1906ko uztailaren 26a | |
| Arrasate (Gipuzkoa) | ||
| Hil | 1979ko abuztuaren 17a | |
| Donostia (Gipuzkoa) | ||
Jokin Zaitegi Plazaola (Arrasate, Gipuzkoa, 1906ko uztailaren 26a - Donostia, Gipuzkoa, 1979ko abuztuaren 17a) euskal idazlea eta itzultzailea izan zen. Hainbat modutan sinatu zituen bere lanak: “Udalaizpe”, “Artzai” eta “Zaitegi´tar Iokin”.
Eduki-taula |
Biografia[aldatu]
Hamalau urterekin, Durangora joan zen, Jesusen lagundira. Geroago, Comillasen, Oñan, Loiolan eta Marneffen (Belgikan) egin zituen ikasketak. Loiolan zela, ikaskide izan zituen Estepan Urkiaga "Lauaxeta", Plazido Mujika eta Andima Ibiñagabeitia eta, beste apaizgai euskaltzale zenbaitekin batera, Euskal Elerti Bazkuna sortu zuten, euskal akademiatxoa, talde bat nahi zuena jesuita gazte euskaldunak euskaraz prestatu, ordenatutakoan euskaraz egin zezaten lan. Lagundiko zenbait agintarik gaizki hartu zuten taldearen asmoa, eta saiatu ziren taldekideak sakabanatzen. Hori zela-eta, lagundiak bidali zuen Jokin Meridara, Venezuelara, han irakastera.
- 1934: Lehen saria irabazi zuen Euskal Poesiaren V. Egunean, Zarautzen, Tori nire edontzia poemarekin.
- 1935: Meza berria esan zuen Marneffen. Bi urte geroago, Espainiako Gerra Zibila hasia zela-eta, Jokin Ameriketara joan zen, San Salvadorrera eta Panamara.
- 1944: Jesusen lagundia utzi, eta Guatemalara joan zen, eta han San Carlos Unibertsitatean eta Amerikako Institutuan irakatsi zuen.
- 1950: Euzko-Gogoa aldizkaria sortu zuen eta gerora lankide gisa Orixe eta Andima Ibiñagabeitia aritu ziren.
- 1951: Landibar lizeoa sortu zuen Guatemalan, eta baita Santa Monika egoitza ere, geroago Euskal Etxea izango zena.
- 1953: Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen.
- 1955: Euskal Herrira itzuli zen, eta Miarritzen ezarri zen bizitzen. Euskal Idazleen Etxea sortzen ahalegindu zen.
- 1956: I. Euskal Mundu Batzarrean parte hartu zuen, Parisen.
- 1962: Guatemalara itzuli zen, eta han bizi izan zen 1972a arte.
- 1972: Euskal Herrira itzuli zen, Arrasatera.
- 1976: Arrasatek seme kutun izendatu zuen; eta Euskaltzaindiak, ohorezko euskaltzain. Azken urteetan Oñatiko zahar etxean bizi izan zen, San Martin egoitzan.
- 1979: Donostian hil zen.
Lanak[aldatu]
Eragile eta euskararen bultzatzaile izateaz gain, bi eratako lanengatik ezagutzen da Zaitegi: literaturan egindako lanengatik eta itzulpenengatik.
Olerkiak[aldatu]
Bi olerki bilduma argitaratu zituen Jokin Zaitegik:
- Goldaketan (1946).
- Berriz ere goldaketan (1962).
Itzulpenak[aldatu]
Lanik handiena itzulpengintzan egin zuen, batez ere klasikoak euskaratzen.
- Kizkiña (1933), aita Labururen Citologia.[1]
- Sopokel. Antigone (1933).
- Ebangeline (1945), Henry Wadsworth Longfelow-ren eleberria.
- Sopokelen Antzerkiak (1946-1958), Sofokleren obraren euskal bertsioa, bi liburukitan.
- Bidalien egiñak (1955).
- Abere-indarra (1950), Jacinto Benaventeren La fuerza bruta.
- Euripe´ren Medeia (1963).
- Platon´eneko Atarian (1962).
- Oturuntza, Protagora eta Menon (1975).
- Gorgia (1977).
- Eutifron eta Sokrateren apologia (1978).
- Kriton eta Faidon (1978).
- Ipia Txikia eta Alkibiada (1979)
Aipamenak[aldatu]
- Koldo Izagirre: “Zaitegiri zor diogu nolabaiteko hari bat luzatu izana gure literaturan gerraurretik hirurogeikadan lehertuko zen modernotasuneraino”.
- Juan San Martin: “Euskararen alde bere bizitza guzia eskaini zutenen artean ez da izango beste gizon bat Zaitegik haina eman duenik. Gizon kementsua, ekintza handi eta luzeak aurrera eramateko dohainez betea, bere osasuna eta ondasuna euskararen alde eman dituena. Batere zalantzarik gabe egin nezake aitorpen hau”.
- Joan Mari Torrealdai: “Zaitegi euskaltzale amorratu bat izan da, bere izerdia eta dirua euskal gauzetan eman dituena. Bide irekitzaile izan zen Euzko-Gogoarekin: hemengo katakonbetako euskal idazleei irteera eman zien. Euskara eta kultura edo filosofia ezkontzen saiatu zen eten gabe. Hortxe dagoke Euzko-Gogoaren meriturik handienetakoa; eta horixe da baita bere itzultzaile lanaren arrakasta”.
- Josemari Velez de Mendizabal idazle arrasatearrak “euskal kixotetzat” jo zuen bere herri kidea, hari eskainitako liburuan: Iokin Zaitegi (1981).
Erreferentziak[aldatu]
- ↑ Itzulpena hemen kontsulta daiteke: http://hedatuz.euskomedia.org/1592/1/24060070.pdf
Bibliografia[aldatu]
- Garate, G. (2005): Lauaxeta menderik mende, Bilbo: Mendebalde Kultura Elkartea.
- Ibiñagabeitia, A. (P. Urkizu ed.) (2000): Erbestetik barne-minez. Gutunak 1935-1967, Donostia: Susa.
- Intxausti, J. (1979): "`Euzko-Gogoa´-ren lankideak: Zaitegi eta `Euzko-Gogoa´ (I)"], Jakin, 12, 120-137.
- Intxausti, J. (1980): "Hamar urteko lana (1950-1959): Zaitegi eta `Euzko-gogoa´ (eta II)" Jakin, 13, 96-113.
- Intxausti, J. (1990): Euskara, euskaldunon hizkuntza, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
- Orixe (P. Iztueta eta I. Iztueta prestatzaileak)(2006): Orixe. Gutunak (1917-1961), Donostia: Utriusque Vasconiae.
- Iztueta, P. eta Iztueta, I. (prestatzaileak)(2007): Jokin Zaitegiri egindako gutunak, Donostia: Utriusque Vasconiae.
- Sudupe, P. (2000): Iokin Zaitegi 1906-1979, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
- Velez de Mendizabal, J.M. (1981): Iokin Zaitegi, Arrasate: Arrasateko Udala.
- Velez de Mendizabal, J. M. (2000): "Jokin Zaitegi, euskal literaturgilea: bizitza eta obra" Hegats, 20, 93-123.
- Zaitegi, J. (P. Iztueta, P. eta I. Diaz prestatzaileak) (2007): Gutunak (1923-1973), Donostia: Utriusque Vasconiae.