Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 10:15, 27 urtarrila 2016
Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea
EgoitzaBrusela (Belgika)
Kideak28 estatu
Idazkari nagusiaJens Stoltenberg
Sorrera1949ko apirilaren 4a
Erakundearen webgunea

Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea edo NATO/OTAN 1949. urtean Mendebaldeko Europako zenbait estatuk sortu zuten Gobernu arteko aliantza militarra da. Arlo politiko, militar eta ekonomikoan elkarri laguntzeko helburua du.

Historia

Ipar Atlantikoko Ituna sinatzeko ekitaldia, Washingtonen, 1949ko apirilaren 4an.

1949. urtean Belgikak, Frantziak, Luxemburgek, Herbehereek, Danimarkak, Islandiak, Italiak, Norvegiak, Portugalek, Kanadak eta Erresuma Batuak defentsa erakunde bat sortzea erabaki zuten, eta Ipar Atlantikoko Ituna sinatu zuten Washingtonen.

1952an Grezia eta Turkia elkartu ziren, eta 1955ean Alemaniako Errepublika Federala. 1982an Espainia sartu zen.

Sortu zenetik eta batez ere 1950etik 1980ra bitartean, NATOk garrantzi handiko papera izan du Europako politika bilakaeran. Aurrez aurre zuen Varsoviako Ituna. Gero, ordea, haren eta Sobietar Batasunaren eragina desegin ziren, eta Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen zeregina ere murriztuz joan da.

2014ko irailaren 5ean, NATOko herrialdeek erantzun azkarreko indar berezia sortzeko plana (RAP, ingelesezko siglak) onartu zuten babes kolektiboa sendotzeko eta munduko edozein tokitan berehalako indar armatuen esku-hartzea ahalibidetzeko[1]. Irailaren 30ean, Norvegiako lehen ministro ohi Jens Stoltenbergek hartu zuen Anders Fogh Rasmussenek NATOko idazkaritza nagusian utzitako kargua. "Aliantza sendo" bat osatzearen alde lan egingo zuela adierazi zuen[2].

Azaroaren 3an, Burdinazko Ezpata 2014 maniobra militarrak hasi zituen NATOk Lituanian. Bederatzi herrialdetako 2.500 soldaduk parte hartuko zuten ariketa militarretan Sobietar Batasuneko errepublika ohian. Azaroaren 14ra arte iraungo zuten. Hasieran, soilik Lituaniako armadak egin behar zituen maniobrok, baina Ukraina ekialdean gatazka piztean beste herrialdeek parte hartzea erabaki zuten[3].

Espainia NATOko kide

Felipe Gonzálezen Gobernuak Espainiak NATOko kide izan behar izatearen alde egin zuen:

≪1. Espainia, Washingtongo Tratatua osatzen duen Estatua izanik, Aliantza Atlantikoa da eta bere erakundeetako kide. Nire iritziz, honako hau gure elkarrizketa politikorako ezinbesteko abiapuntua da eta, ziuraski, kontsentsua lortzeko maila hipotetikorik altuena duen gaia da. Beraz, Tratatua ez salatzearen aldekoa naiz.

2. Espainia ez da sartu NATOko armada egituran. Nire iritziz, ez du horren beharrik. Espainiak bi aldeko harremanak ditu Estatu Batuekin eta harreman horien barruan babeserako arloez gain beste arlo batzuk ere badira. Gaur, 1982. urteko hitzarmena da oinarri eta, horrez gain, 1983ko Protokoloa. Nire iritziz, egokitu egin behar dugu gure lurraldean gero eta indar militar gutxiago egon daitezen eta laguntzarako instalazioak sor daitezen nazio interesei begira (...)≫.

Antolamendua

Erakundearen zuzendaritza Ipar Atlantikoko Kontseiluaren esku dago, eta Kontseilu hori kide diren herrialdeen ordezkariez eratuta dago. Kontseiluko burua da erakundearen idazkari nagusia.

Alderdi militarrari begiratuta, hainbat adar eta agintaritza ditu: Hego Europakoa, Atlantikokoa, Mantxako itsasartekoa, eta Estatu Batuetakoa eta Kanadakoa.

Idazkari nagusia

2014ko urriaren 1etik aurrera Jens Stoltenberg norvegiarra NATOko idazkari nagusi da.

Herrialde partaideak

NATOko kideak Europan NATOko kideak mundu mailan
A map of Europe with countries in blue, cyan, orange, and yellow based on their NATO affiliation. A world map with countries in blue, cyan, orange, yellow, purple, and green, based on their NATO affiliation.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak

  1. «NATOk munduko erantzun azkarreko indar berezia sortzea baimendu du», EiTB, 2014-09-05
  2. «Stoltenbergek Rasmussen ordezkatu du NATOko idazkaritzan», Berria, 2014-10-01
  3. «NATOko 2.500 soldadu, Lituanian maniobretan», Berria, 2014-11-04