Ipar Euskal Herria

Wikipedia(e)tik
Iparraldea» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Ipar Euskal Herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hego Euskal Herria».

Ipar Euskal Herria
Iparraldea


Pays Basque

Ez da estatua
Iparraldea Kokapena.gif
Ipar Euskal Herria
Hiriburua Ez du
Hiri nagusiak Baiona, Angelu, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaia.
Administrazioa Frantzia
Eremua 2.967 km²
Biztanleria 279.496 (2006)
Dentsitatea 94,2 biztanle/km²
Administrazioa Frantzia
Dirua euroa
Herritarra ipar euskal herritar
euskaldun
Hizkuntza(k) Euskara, frantsesa eta gaskoiera
Ofiziala(k) Frantsesa

Ipar Euskal Herria edo Iparraldea Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereak lurralde historikoek osatzen dute eta Frantziako administraziopean daude. 2006an 279.496 biztanle zeuden eta 2.967 km²-ko eremua du.[1]

Esamolde hau erabiltzen da Espainiako administraziopean dauden Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia osatzen duten Hego Euskal Herria edo Hegoaldea hitzetik bereizteko.

Hala ere, praktikoa bai baina ez da guztiz esamolde zehatza, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako zati haundiena Bermeo edo Donostiaren hegoaldean baitago.[2]

Administrazioaren aldetik, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak, Bearnorekin batera, Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen dute 1790etik, Akitania eskualdean.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herriko mapa.

Ipar Euskal Herriak honako hauek ditu mugakide: Landak iparraldean, Kantauri Itsasoa mendebaldean, Hego Euskal Herria hegoaldean eta Bearno ekialdean.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren ezaugarririk adierazgarriena biztanleriaren banaketa desorekatua da, lurraldearen beraren oreka handirik gabeko garapen orokorraren isla zuzena dena. Lapurdik hartzen ditu Ipar Euskal Herriko ia biztanle denak: 859 km2-rekin, 205.000 biztanle ditu, horietako gehienak BAB distritoan. Laburdi baino handiagoa da Nafarroa Beherea -1.318 km2, Gipuzkoaren antzekoa-, baina 29.000 biztanle baino ez ditu. Zuberoa Ipar Euskal Herriko lurralde txikiena da, 785 km2-ko eremuaz, baina bera da orobat biztanle gutxien dituena, 16.000 lagun. Estrukturaltzat jo daitezkeen arazoak gutxi arindu dira azken hamarkadan Ipar Euskal Herrian: kostaldeko eta barnealdeko lurraldeen garapen desorekatua, hainbat eskualderen kinka sozioekonomiko eta demografiko larria, Ipar Euskal Herriari dagozkion erabakiak bertan hartu ezin izana, euskararen gainbehera.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herria ez da existitzen entitate administratibo ofizial gisa. Iparraldean Bearnorekin batera Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen dute, Akitania eskualdearen barnean.

Eskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lapurdiko eskualdeen zerrenda», «Nafarroa Behereko eskualdeen zerrenda» eta «Zuberoako eskualdeen zerrenda»
Ipar Euskal Herriko eskualdeak eta udalerriak
LapurdiUdalerriak.png Nafarroa Beherea.png ZuberoaUdalerriak.png

   Euskal Kosta-Aturri (Angelu-Baiona-Biarritz-Bokale)

   Lapurdi Beherea

   Lapurdi Ekialdea

   Lapurdi Erdialdea

   Lapurdi Garaia

   Lapurdi Itsasegia

   Agramont

   Amikuze

   Arberoa

   Baigorri-Ortzaize

   Garazi

   Oztibarre

   Arbaila

   Basabürüa

   Pettarra


Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Baiona-Euskal Herriko Merkataritza Ganbara»
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko Laborantza Ganbera»

Kostaldeko eta barnealdeko eskualdeen arteko desoreka gero eta handiagoa da alor ekonomikoan Iparraldeko ezaugarri nagusia. Lapurdin turismoak jarraitzen du lehen diru iturria izaten, baina industria ere asko garatu da. Aeronautika, elektronika, telekomunikazioak, altzairugintza eta beste hainbat sektore garrantzitsuri lotutako enpresa handiak kokatu dira Lapurdin, eta Baionako portuak ere garrantzi handiko eragile ekonomikoa izaten jarraitzen du. Oro har, asko dibertsifikatu da ekonomia Lapurdin azken urteotan, eta Hego Euskal Herriko hainbat sektorerekin ere integrazio maila handi samarra lortu du. Zuberoan eta Nafarroa Beherean, aldiz, nekazaritzari eta abeltzaintzari eusten diote gehienbat, nahiz eta industria ere hasi den garatzen han-hemenka. Eskualde horien garapenerako garrantzi berezia izan dezake laborantzari lotutako industria berriak sortzeak -esaterako, gaztagintzaren ingurukoak-, baita kostaldetik barrualdera zabaldu den turismoak ere, nahiz eta hori jarduera osagarria izan oraindik. Zuberoan eta Nafarroa Beherean enpresa proiektu berriak sustatzeko, besteak beste, hiru gune sortu ziren duela urte batzuk: INDAR Donibane Garazin -gehienbat eskulangintzarekin, zerbitzuekin eta elikagai eta laborantzarekin lotutako jarduerak hartzen dituena-, ALDATU Maulen eta ODACE Donapaleun. Nolanahi ere, langabezia tasak handiagoak dira Ipar Euskal Herrian Frantziako gainerako eskualdeetan baino. 1998an % 15 ingurukoa zen langabezia tasa, Frantziaren batez bestekotik ia hiru puntu gainetik. Hogeita bost urtetik beherakoen artean, % 40ra heltzen zen langabezia. Hori dela eta, oraindik ere gazte askok Euskal Herria utzi behar dute bizimodua beste nonbait aurkitzeko, edota barnealdetik kostaldera abiatu, eta, hortaz, ezin izan da aldatu Ipar Euskal Herriko ohiko emigrazioa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerrako guduak ez ziren Iparralderaino heldu. 1940ko ekainean armistizioa izenpetuta, borrokak eten eta Frantzia bi zatitan banatu zen, barneko muga lerro (“banaketa lerro”) baten bidez. Batetik, Frantzia okupatua zegoen, nazien administraziopean, eta, bestetik, Frantzia okupatu gabea, “eremu askea” ere esan zitzaiona, non Pètain mariskalak Alemaniaren aldeko gobernua ezarri zuen. Ipar Euskal Herria ere bi zatitan bereizten zuen muga lerro horrek: Arnegitik gora, Donibane Garazi eta Donapaleutik igarotzen zen Iparraldean barrena, Biarnoko Salies, Mont-de-Marsan eta beste zenbait herrietan zehar Suitzako muga inguruetara iristeko, Genebaren pare. Bestalde, Iparraldean, egitura politiko soziala bertako jauntxo eskuindarren mendean eta Elizaren eraginpean izanik, petainismoaren aldeko jarrerak babes handia izan zuen. Horrela jokatu zutenen arteko adibide garbia Jean Ibarnegarai da: pilotari izana, eta 1914az gero diputatu Maule aldetik, Pétainen gobernuko kide izan zen, Familia eta Gazteriako ministro. “Aintzina” talde erregionalista, geroago nazionalismora hurbildu zena, Pétainen “Revolution Nationale” delakoan nahastu zen, bere politika lokalista aurrera eramanez eta egin nahi zuen iraultza erregionalistaren bitartez departamentuak politikoki beste era batera egituratzea eta euskal hizkuntza sustatzea lortuko zuelakoan, baina alferrik.

Ipar Euskal Herriko antzinako mapa.

Ipar Euskal Herria, bere egitura geopolitiko bereziarekin, Espainia frankistarekin mugan –Espainia, bestalde, neutrala zen, teorian behintzat, eta Afrikara edo Britainia Handira aldegiteko ihesbidea–, joan-etorri handiko igaroleku bilakatu zen: pertsonak, dokumentazioa, armak e.a.; mugaz gaindiko igarotze hori izan zen, hain zuzen ere, Erresistentziaren jardunaren adierazgarri nagusia inguru horietan. Erresistentziak antolaturiko sare askotako espiak edo iheslariak Euskal Herriko mugatik igaro ziren, mugaren bi aldeetako antifaxisten laguntzarekin.

Sare horietako bat, ezagunena, Comète sarea zen, lurralde okupatuetan eraitsitako hegazkinetako pilotuak Britainia Handira eramateaz arduratu zena.

Aliatuen lehorreratze eguna hurbidu ahala Iparraldeko Erresistentzia antolatuaz bazihoan ere, zenbait jendek nazien aldeko aukera egin zuen, eta haiei lagundu, ziurtzat jotzen baitzuten garaipena; hauetarik ezagunena Eugène Goienetxe da. Goihenetxek, Landaburu eta beste erbesteratu batzuekin harremanetan, lotura estuak izan zituen okupatzaileekin, SS-etako jeneral Dr. Best-ekin bereziki, hau Frantziaren administratzaile militarra zelarik okupazioaren lehen aldian.

Kalkuluak huts egin eta prozedura zalantzazkoa izanagatik, Goienetxek bestek ez zituen horren ondorioak ordaindu, betiko kartzela zigorra eman baitzioten Frantzia askatu eta gero.

Frantziaren askapen eguna hurreratu ahala, Erresistentzia sendoago ageri zen, eta “maki” gerrillari talde txiki bat antolatu zen Maule inguruan. 1944ko abuztuaren hasieran makiak dagoeneko atzera egiten ari ziren nazien gudarosteen aurka borrokatu ziren. Abuztuaren 24an alemaniarrak iparralderantz aldegin zuten, eta Ipar Euskal Herria askaturik geratu zen.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maila demografikoan zein ekonomikoan edota euskara eta euskal kulturaren egoeran bizi den abagunearen isla zuzena da azken urteotan Ipar Euskal Herriko politikagintzaren ardatzetako bat izan den Euskal Departamenduaren eskaera. Behin eta berriro galdetu zaie Ipar Euskal Herriko biztanleei zein horiek hautatutako ordezkariei Departamenduaren inguruko iritzia, eta erantzuna bera izan da kasu guztietan: jarrera politikoen gainetik, Departamenduaren aldekoa da gehiengoa. Alderdi askotako hautetsiak biltzen dituen Euskal Departamenduaren aldeko Hautetsiek elkarteak zabaldutako txosten baten arabera, 1996an Ipar Euskal Herriko auzapezen % 66 Departamenduaren alde agertu zen. Udalez udal egindako galdeketak hori baino emaitza zabalagoa eskaintzen zuen oraindik: 2000ko urtarrilean, auziari buruzko botoa emana zuten 159 udaletatik 106k, eta horien % 81 Departamenduaren aldeko ziren. 1999 urteko irailean Sud Ouest egunkariarentzako egindako inkesta baten arabera, herritarren % 57 ere Departamenduaren alde zegoen. Euskal Herriarekin batera Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen duen Biarnoko biztanleen ia erdia ere zatitzearen aldeko zen. Arrazoi politikoekin batera, beste argudio batzuk ere ematen dira Departamenduaren alde, sendoagoak agian. Besteak beste, Departamenduak garapen ekonomiko dinamikoagoa bultzatuko luke, baita enplegu sorrera ere; horretaz gain, ezinbestekotzat jotzen den oreka eta elkartasuna bideratuko luke barnealdearen eta kostaldearen artean, baita euskararen eta euskal kulturaren babes egokia eta Hego Euskal Herriarekiko lankidetza harreman aberasgarriagoak ere.

Bide anitz hartu dira Euskal Departamenduaren aldeko eskaera egiteko: Batera plataformaren eraketa, manifestazio jendetsuak, Demokrazia Euskal Herriarentzat erakundearen ekintza ikusgarriak, Frantziako Asanblea nazionalean Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik egin dituzten proposamenak, goi-mailako bilerak, adierazpen publikoak... baina horiek guztiek ez dute emaitzarik izan oraingoz. Aldiz, -pays- deituriko egituran oinarritutako eredua proposatu diote aginte publikoek Ipar Euskal Herriari, giza edo diru baliabiderik, aurrekonturik, ordezkaritza politikorik eta nortasun juridiko propiorik ez duen eredua, alegia. Azken hamarkadan sortu dira Ipar Euskal Herrian, aginte publikoen eraginpean, bertakoen nolabaiteko partaidetza ahalbidetzen duten erakundeak, nahiz eta ez izan erabakiak hartzeko orduan eskumenik, ezta baliabide propiorik ere: Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseilua eta Euskal Herriko Garapen Kontseilua. Ildo horretan, aipagarria da Garapen Kontseiluak egin duen lana, nahiz eta ez izan eskumen zuzenik kudeaketan. 1992an sortutako Garapen Kontseiluak hiru lurraldeetako eragile sozial eta politikoak elkarlanean jarri zituen. Lehenengo lana egoeraren diagnosia egitea izan zen eta egiteko hori amaitutakoan (1994), Lurraldeen Eskema prestatu zuten, alorkako egoera, helburuak eta eginkizunak finkatzen zituena. Horretan oinarritzen da 1997az geroztik landu zen Ipar Euskal Herrirako Hitzarmen Berezia. Ipar Euskal Herrirako Hitzarmen bereziak zazpi urteko iraupena du, eta 2000ko abenduaren 22an sinatu zuten horretan kide diren Frantziako Estatuak, Akintaniak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta, Ipar Euskal Herriak berezko instituziorik ez duenez, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak. Hitzarmen horren arabera, zazpi urteren buruan 2.600 milioi libera -66.000 milioi pezeta inguru- jaso zituen aipatu administrazioetatik (erdia estatuak eta laurden bana Akitaniak eta Departamenduak), Eskemaren bederatzi atalak garatzeko: hizkuntza politika, kultura, ingurumena, nekazaritza, arrantza, industria eta lanbide heziketa, turismoa, azpiegiturak eta hirigintza eta mugaz gaindiko elkarlana. Euskararentzat eta euskal kulturarentzat aurreikusten zuen dirutza urria zela eta, Hitzarmen horren aurka agertu ziren euskalgintzaren inguruan dabiltzan hainbat elkarte eta erakunde. Izan ere, guztizko kopuruaren % 3 baino ez dute hartuko hizkuntza politikak eta kulturak, biak batera.

2014ko azaroaren 10ean, Sylviane Alaux diputatuak bigarren etxebizitzei zerga bat ezartzeko nahia adierazi zuen[3].

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko Ramuntxo pastorala Idauze-Mendi udalerrian.
  • Zuberoako maskarada: Zuberoako neguko inauteria da, ikuskizun zehatz eta antzerkiko baliabidez osatua[4]. Jatorri zahar bezain ezezagunekoa da. Garai batean laurogei bat dantzarik parte hartzen bazuten ere, gaur egun, hogei batek osatzen dituzte maskaradak. Dantzak, bertsoak eta kantuak leku berezia dute pertsonaia jakin batzuen inguruan gertatzen den ikuskizunean.

Museoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko museoen zerrenda»

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herrian ez bezala, Iparraldean euskarak ez du ofizialtasunik. Frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra lurralde osoan. Seaska erakundea da Iparraldean ikastolen funtzionamenduaz arduratzen dena.

Zuberoaren sarrerako ongietorri-seinalea, zubereraz eta frantsesez, Barkoxe udalerriaren sarreran (Eskiulatik etorrita).
Euskal Herriko Ahotsak proiektuak Iparraldeko euskarari buruz eginiko bideo laburra.[5]


Guztiz kezkatzekoa da azken urteotan euskarak izan duen bilakaera, babesik eta estatuturik gabe frantses estatuan. Ipar Euskal Herriak Hegoak baino euskaldunago izaten jarraitzen du, baina 1991n eta 1996an Euskal Herri osoan egindako Soziolinguistikako Ikerketak ageri-agerian utzi zuen moduan, aurrera egin beharrean atzera egin du euskarak Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian ez bezala. Nafarroa Beherean eta Zuberoan handiak dira oraindik euskaldunen kopuruak —% 64 eta % 55, hurrenez hurren—, baina laurdenera jaisten da kopuru hori Lapurdin. Hori ez da, ordea, daturik kezkagarriena, euskaldunen zahartzea eta euskara transmititzeko gaitasun eskasa baizik. Hiztun eta erabiltzaile kopuruari dagokionez galerak irabaziak baino handiagoak izanik, euskara atzerabidean da Ipar Euskal Herrian, eta erabat ahuldu da hizkuntzaren transmisio gaitasuna. Hau da, gutxiago dira haur euskaldunak gurasoak baino. Egun Ipar Euskal Herriko euskaldunen % 69k 50 urte baino gehiago dute. Euskaldunen kopurua asko jaisten da 3-24 urteko pertsonen artean, % 17 baino ez baita euskalduna. Transmisio ahul horrek —senitartean egiten denak, alegia— laguntzak ez baizik oztopoak ditu familiatik kanpo. Hizkuntza biziberritzeko ezinbestekoa den hezkuntza sistema Seaska ikastolen elkartean esku dago ia erabat. Seaskak (2000. urtean bere 30. urteurrena ospatu zuen) 2.000 ume eta gazteri ahalbidetzen die euskaraz ikastea hogei bat lehen mailako ikastetxetan, bigarren mailako hiru ikastetxetan -1999an ireki zen azkena, Donaixtin, barnealdeko ikasleen beharrak asetzeko- eta lizeo baten bidez. Seaskako ikastetxeek, beste eremu urriko hizkuntza batzuei loturiko elkarte-eskolen moduan, beste edozein kontratupeko ikastetxe pribatuk duen estatusa dute Frantziako Hezkuntza Nazionalaren aurrean; pribatu izaten jarraitzen dute, nahiz eta gasturen batzuk administrazioak hartu bere gain. Azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko ikastolak publiko izateko bidean jartzeko negoziazioetan dihardute Seaskak eta ministerioak, baina badirudi luze joko duela, urrun daude eta Seaskaren eta Hezkuntza Nazionalaren jarrerak. Auzitan zeuden puntu nagusiak hezkuntza eta kudeaketa ereduak ziren gehienbat, baita Seaskako ikastolek publiko bilakatuz gero izango zuketen autonomia.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ipar Euskal Herriko abeslariak»

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ipar Euskal Herriko idazleak»

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errugbia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biarritz Olympique eta Stade Toulousain errugbi taldeen arteko norgehiagoka.

Pilotari famatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez)  Fiche signaletique des pays, http://www.paysagglomerations.com/fiche_signal_pays.php?CodePays=64BASQ. Noiz kontsultatua: 2010-05-12 .
  2. GIL BERA, Eduardo: Os quiero a todos. Valentzia: Editorial Pre-Textos, 1997. 140. orria.
  3. «Bigarren etxebizitzei zerga bat jartzea proposatu du Sylviane Alaux diputatuak», Berria, 2014-11-11
  4. Harluxet Hiztegi Entzklopedikoa
  5. Ahotsak.com. Youtube (2012ko ekaina). Euskara iparraldean. http://www.youtube.com/watch?v=X1qCzD8nR60

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ipar Euskal Herria Aldatu lotura Wikidatan