Iran

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Koordenatuak: 32°N 53°E / 32°N 53°E / 32; 53

Irango Islamiar Errepublika
جمهوری اسلامی ايران
(Jomhūrī-ye Eslāmī-ye Īrān)
Irango bandera
Bandera

Irango armarria
Armarria

Goiburua: Esteqlāl, āzādī, jomhūrī-ye eslāmī
(Independentzia, Askatasuna, Errepublika islamiarra)
Nazio ereserkia:
Sorūd-e Mellī-e Īrān
Iran: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Teheran
35°40′I 44°26′E
Hizkuntza ofiziala(k) Persiera
Gobernua
Buruzagi Gorena
Presidentea
Errepublika islamiarra
Ali Khamenei
Mahmoud Ahmadinejad
Iraultza
- Sorrera

1979 otsailaren 11
Eremua
• Guztira
• Ura

1.648.195 km² (17.)
% 0,7%
Biztanleria
• Zenbatespena(2007)
• Errolda (1996)
• Dentsitatea

Herritarra

71.208.000 (2007[1]) (18.)
60.055.488
41 biztanle/km² (128.)

irandar
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC +3:30)
Ez (UTC +3:30)
Interneteko domeinua .ir
Telefono aurrezenbakia +98

Iran (persieraz ايران‎ ​, Īrān) —ofizialki Irango Islamiar Errepublika[2] (persieraz جمهوری اسلامی ايران‎, Jomhūrī-ye Eslāmī-ye Īrān)— Ekialde Ertaineko estatu bat da. 1935 arte, Persia izena zuen. Asiako hego-mendebaldean dago. Mugakideok ditu: Armenia, Azerbaijan eta Turkmenistan iparraldean, Pakistan eta Afganistan ekialdean, eta Turkia eta Irak mendebaldean.

Hiriburua Teheran da.

Estatuaren eremua 1.648.195 km² da eta 70 milioi inguru biztanle ditu. Haren Nazio-Produktu Gordina 570 mila milioi dolarrekoa da, eskualdeko bigarrena. Barne Produktu Gordina biztanleko 8.400 dolar da. Iran munduko laugarren petrolio ekoizlea da eta bigarren esportatzailea LPEE erakundean. Munduko bigarren gas natural erreserba handiena ere badu, Errusiaren atzetik, eta seigarren ekoizlea da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akemenestarren dinastiaren garaian (K. a. 500-K. a. 330) irandarrek Parsa esaten zioten lurraldeari, Ziro II.aren erreinuaren izenetik: oraindik ere erabilia da Fars edo Pars probintziaren izenean. Hala ere, estatu osoaren izena Aryanam zen: Ariar hitzarekin zerikusia du, aitonen seme esanahikoa[3]. Partiaren garaian (K. a. 248-224) Aryanam hitza Aryan bihurtu zen eta Sasaniden garaian Iranshar eta Iran.

Greziarrek Aryana eta Persis hitzak erabiltzen zituzten oraingo Irango goi-ordokia izendatzeko[4]. Hitza latinera igaro zen Persia emateko.

XX. mendean, intelektualen arteko eztabaida sortu zen herrialdearen izendatzeko moduaren inguruan. 1935eko martxoaren 21ean, Noruz egunean, Reza Pahlavi xaak dekretua argitaratu zuen, atzerriko estatu guztiei haien eskutitzetan Persia izenaren ordez Iran erabiltzeko eskatuz.

1979an, Irango Iraultzak Irango Errepublika Islamiarra eratu eta Iran izena orokortu zuen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Irango geografia

Iran munduko 17. herrialderik handiena da 1.648.000 km2rekin. Erresuma Batua, Frantzia, Espainia eta Alemania batuta.

Fitxategi:Fars.jpg
Fars probintziako paisaia.

Honako mugakideak ditu:

Herrialdeko eskualderik nagusia Irango goi-ordokia izena badu ere, munduko herrialderik menditsuenen artean dago, mendilerro ugari baititu eta euren artean hainbat arro baitaude. Mendebaldea da menditsuena eta, era berean, populatuena. Bertan Kaukasoko mendilerroa, Zagros mendiak eta Elburz mendiak daude. Han mendirik altuena dago ,Damavand (5.604 metro); Eurasiar plakan Hindu Kushetik mendebaldera dagoen mendirik altuena ere bada. Ekialdean batez ere basamortuak eta arroak daude, Dasht-e Kavir laku gazia, kasu. Oasi batzuk gorabehera, basamortuotan ez da inor bizi.

Kaspiar itsasoaren kostaldean ordoki handienak daude.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Irango historia

Aurreko historia, Mediar eta Akemenestar Inperioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akemenestar Inperioa zabalera handia zuenean.

Gizakia Aurrehisotirako garaietatik bizi da Iranen. Azken aurrekuntzek erakutsi dute Irango antzinako kulturak Mesopotamiakoak baino aurrekoak direla.

Persiako (edo Irango) historia idatzia K. a. 3200en hasi zen, Proto-Elamitarren zibilizazioaren eskutik, eta Elamitarrena horren ostean. Ariarrak (Indo-iraniarrak hain zuzen ere) etortzerakoan, Mediar leinuak boterea eskuratu zuen. Lehen Persiar Inperioa osatu zen haren ostean, Ziro Handiak sortutako Akemenestar leinuaren aginpean (K. a. 648 - K. a. 330).

Ziro Handiak Ziroren Zilindroa deritzona sortu zuen; Giza Eskubideen lehen aldarrikapentzat jotzen da. "Handia" goitizena ez ezik, xaa titulua ere jaso zuen lehen erregea izan zen Ziro. Kanbises (K. a. 530 - K. a. 522), haren semea, izan zuen ondorengo Zirok. Kanbisesek ere hainbat lurralde konkistatu zituen, Egipton batik bat. Zortzi urte boterean eman ondoren, hil zen Kanbises, eta haren postua lortzeko borroka piztu zen. Dario (K. a. 522 - K. a. 486) errege izendatu zen, enperadoreekin lotzen zitzaion familia harremana oso estua ez izan arren.

Darioren lehen hiriburua Susa bazen ere, Persepolis hiria eraikitzeko programa abian jarri zuen. Nilo eta Itsaso Gorriaren arteko kanala eraiki zuen, eta errepide sarea hobetu zuen. Izan ere, haren agintaldian lehendabiziko aldiz aipatzen da Erregeen Bidea, Susa eta Sardis lotzen zituen errepidea, tarte erregularretan atseden hartzeko postetxeak zituena.

Administrazioan ere aldaketa nabariak izan ziren Darioren agintaldian. Dirua ezarri zen, bai urrezko, bai zilarrezko txanponak. Persiera zaharra inskripzioetan agertu zen, kuneiformearen propio garatutako bertsioan idatzia.

Ziro eta Darioren aginpean, Persiar Inperioa garai horretara arte ezagutu zen inperiorik handiena eta boteretsuena, ezagutzen zen munduaren zati gehiena haren kontrolpean geratu baitzen.

Alexandro Handiak Persia konkistatu zuen K. a. 333an. Zoroastroren garaietan "Alexandro Madarikatua" deitu zitzaion, hiri gehienak, Pertsepolis hiriburua barne, eraitsi zituelako. Alexandroren greziar inperioren ostean, Iran aurreislamikoa eta Erdi Asia (hein batean) mendean hartu zituzten bi inperio gehiago etorri ziren: Partiarra (K. a. 250 - K. o. 226) eta Sasaniarra (K. o. 226 - K. o. 650).

Zetaren Bidea garrantzitsua izan zen Persiako Inperioak garatzeko eta aberasteko, Txina, Antzinako Egipto, Mesopotamia, Persia bera, India eta Antzinako Erroma, ekonomikoki eta kulturaki, batzen zituelako.

Inperio berria, Partiar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arg-e Bameko gotorlekua, K. a. 500 baino lehen eraikia.

Artsazidar leinuak Irango goi-ordokia batu zuen, Partiar Inperioaren oinarria. Antzinako Irango jatorria zeukan bigarren leinua izanda, Seleuzidar Inperioaren ekialdeko probintziak bereganatu zituen K. a. III menderako. Mesopotamia kontrolpean aldizka izan zuten K. a. 150 eta K. o. 224 bitartean. Zalditeria astunaren asmakizuna dela eta, Antzinako Erromaren etsai porrokatu bihurtu zen Partia ekialdean. Erromatarren zabalkuntza Kapadoziatik haratago geldiarazi zuten.

Partiar armadak bi zalditeria mota zituen: bata arma astunetakoa eta bestea arma arinetakoa (arkuetakoa), baina mugikortasun handikoa. Erromatar armadaren zutabea infanteria zenez gero, partiarrak garaitzeko zailak ziren, bi zalditeria motak soldaduak baino azkarragoak baitziren. Hala ere, partiarrek ez zuten konkistatutakoa okupatzeko erraztasun handirik, euren armada setioetarako egokitzen ez zelako. Hori zela eta, ez erromatarrek, ez partiarrek, elkarren lurrak bereganatu ezin izan zituzten.

Bost mende iraun zuen Partiar Inperioak, ekialdeko inperio gehienek baino luzeago. Bukaera 224an etorri zen, barne antolakuntza traketsa zela kausa, erregearen basailu sasaniarren leinua matxinatu zenean.

Zoroastro eta bigarren persiar inperioa: Sasanidar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berdez: Sasanidar Inperioa 602-629 bitartean, Marraduraz: Sasanidar armadaren kontrolpean.

Islamaren etorreran aurretik, zoroastrismoa zen Sasanidar Inperioko erlijio ofiziala. Akemenestar eta Partiarrenean ere paper garrantzitsua jokatu zuen erlijio horrek. Idazki errebelatuetan oinarritutako aurreneko erlijioaren fundatzailea izan zen Zoroastro profeta, aditu askoren ustez. Haien iritziz, judaismok, eta horren ondoren, kristautasunak eta islamak zoroastronismoari eskatologia, angeologia eta demonologia kontzeptuak zor dizkiote. Zerua, infernua, epaiketaren eguna, mesias eta Satan aingeru eroriaren Gaizkiaren azken agente gisan ikustea garapenerakoan, zoroastrismoak eragin handia izan zuen Ekialde Hurbileko erlijioetan. Horrelako kontzeptuek Persiako dualismoa osatu zuten: Ekialdeko nahiz Mendebaldeko zibilizazioetan eragin handia du. Hala ere, hainbat judu eta kristau adituk zoroastrismoaren eragina hain nagusia ez zela argudiatzen dute.

Ardashir I.ak, Sasaniar Inperioko lehen erregeak armadaz eta ekonomiaz aldatu zuen herrialdea. Haren menpeko lurraldea egungo Iran, Irak, Armenia, Afganistan, Turkiako ekialdeko zatiak ziren, baita Siria, Pakistan, Kaukasia, Asia Erdialdea eta Arabiako beste zati batzuk ere. Khosrau II.aren agintaldian, (590–628) Egipto, Jordania, Palestina eta Libano inperioari gehitu zizkion. Hala ere, 632an al-Qādisiyyahko borrokan (egungo Iraken), arabiar armadak sasanidarra zeharo garaitu zuen. Horrela, Persiako konkista islamdarra hasi zen.

Sasaniar garaia Irango historiako aro garrantzitsuenetakotzat jotzen da gehienetan. Persiar zibilizazioaren lorpen handiek Antzinako Erromaren gainean ere eragina izan zuten. Eragin iraunkorra izan zen, Mendebaldeko Europako Erdi Aroko artearen sorkuntzan sasaniarraren ezaugarriak somatzen baitira. Islam munduan ere, geroago kultura islamdarra osatu zuten ezaugarri franko sasaniarrei hartu zizkieten.

Persia musulmana eta Urrezko Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qotbeddin Shirazi (1236–1311) persiar astronomoaren dokumentua, non planeta eredu bat agertzen den.

Konkistaren ondoren, musulmak eta persiarrak aldi berean izateko moduak bilatzen hasi ziren persiarrak, islamaren "pertsianizazioa" helburu. Horrenbestez, persiarrak eta persiar kultura gutxiesten zituenez, Umayyad leinua boteretik kentzen lagundu zuten persiarrek. Abbasidar leinu berriaren aginpean, persiarrek (eta arabiarrak ez ziren beste herri batzuek ere) Islamdar Inperioko kultura, politika eta gainerako arloetan paper garrantzitsuagoa jotzen zuten.

IX. eta X. mendeetan kultura mugimendu berria sortu zen, persiarren nortasuna berpiztea aldarrikatuz. Ez zuten nortasun islamikoaren aurka egiten, musulmanen arabizazioaren kontra baizik. Persierari eustea horren ondorio nagusietakoa da.

Garai haretan, persiar zientzalariek Islameko Urrezko Garaia sortu zuten. Persia munduko erdigune bilakatu zen, zientzia ikerketari dagokionez. Filosofoak, zientzialariak, injenieroak eta historialariak ugari izanik, teknologia, zientzia eta medikuntzaren garapenerako urrats sendoak eman ziren, Europako Errenazimenduko zientzian ere eraginez.

Hala eta guztiz ere, 1220az geroztik Genghis Khanen inbasioarekin hasi eta Tamerlanenarekin gero, Persia birrinduta geratu zen. Mongol garai hartan, populazioaren erdia hil zen, eta XX. mendera arte ezin izan zion aurreko mailari eutsi.

Safavidar Inperioa, xiien islama eta Persia Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xii estatu bihurtzeko lehenengo pausoak Safavidar leinuaren aginpean eman ziren, 1501ean. Leinu hori boterean zegoela, arkitekturak berriro gorakada izan zuen eta monumentu berri ugari eraiki. XVII. mendean, aldiz, safavidarren gainbehera etorri zen, botere kolonialek, batik bat Errusiako Inperioak eta Britania Handikoak, Persiaren gaineko eragina handitu ahala. Dena dela, Iran ez zen sekula kolonia bihurtu, eta subirontasunari eutsi zion.

XIX. mendeko modernizazioarekin batera, aldaketaren nahiak konstituzio izateko iraultzara eraman zuen 1905ean. 1921ean, Reza Xaa Pahlavik estatu kolpea burutu zuen Qajar leinua ahulduaren aurka. Modernizazioa bultzatu nahian, Reza Xaak industria, burdinbideak eta nazio heziketa sistema sustatu zituen, baina haren gobernu autokratikoak zein gizarte-erreforma desorekatuek irandar frankoren desadostasuna piztu zuten.

1934an Persiako lurraldeak Iran izena hartu zuen. Urte batzuk geroago, Bigarren Mundu Gerran, Britania Handiak eta Sobiet Batasunak herrialdea inbaditu zuten 1941eko abuztuaren 25etik irailaren 17ra arte. Xaari boterea bere semearen esku (Mohammad Reza Pahlavi) uztarazi zioten. 1951n, demokraziaren aldeko Dr. Mohammed Mossadegh Lehen Ministro hautatu zuten. Agintean, Anglo-Iranian Oil Company (geroago BP berrizendatuta) nazionalizatu zuen, Mendebaldeko botereen ikararako. Britania Handiak Iranen kontrako enbargoa ezarri zuen. Britania Handiko Zerbitzu Sekretuak Eisenhower AEBetako presidentearekin harremanetan jarri ziren Ajax Operazioa burutzeko. Eisenhowerren baiezkoaz, CIAk Mossadegh boteretik kendu eta AEBen aldeko erregea ezarri zuen Iranen.

AEBetako enbaxadak, Kermit Roosvelt Jr. buruan, agenteen bortizkeria bultzatu zuen. Horren ondorioz, matxinadak herrialde osoan hedatu ziren: erregearen kontrako eta aldeko manifestaldietan istiluak sortzen ziren eta ia 300 lagunek galdu zuten bizia. Xaaren aldeko tankeek hiriburua bonbardatu zuten. Mossadeghek amore emanda, 1953ko abuztuaren 19an atzeman eta hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Mohammad Reza Pahlavi berriro xaa izendatuta eta AEBak lagun, gobernu autokratikoa garatu zuen. Irango industria modernizatu ahala, edozein oposizio mota birrindu zuen SAVAK inteligentzia agentziari esker. Ruhollah Khomeini aiatolak xaaren modernizazioa kritikatu eta salatu zuen. Khomeinik, erlijiozale inguruetan ospetsua, 18 hilabeteko zigorra pairatu behar izan zuen. Kartzelatik ateratakoan, publikoki AEBetako gobernuaren jarrera kritikatu zuen. Xaak herbesteratu egin zuen orduan. Lehendabiziz Turkiara eta ondoren Irakera bidalita, Xaa kritikatzen segitu zuen Khomeinik.

Iraultza eta egungo Iran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an Muhammad Reza Shah Pahlaviren aurkako hiritar altxamendua gertatu zen. Urtebete iraun zuen eta Irango Iraultza esaten zaio. Erreferenduma egin zen monarkia baztertu edo ez erabakitzeko eta % 98k buaztertzearen alde bozkatu zuen. Xaa herbestera joan zen eta Ruhollah Khomeini ezarri zen autoritate goren moduan eta, horrekin batera, estatuaren barrenean erlijioak zuen boterea areagotu zen. 1980an Iran-Irak gerra hasi zen, 1988ra arte.


1989an, Khomeini hil ondoren, Ali Khamenei bilakatu zen Estatu buru. Gobernu burua hauteskundeen bidez aukeratu zen. Sektore erreformistako Mohammad Khatamik ireki zuen presidentzia.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Iranen banaketa administratiboa

Iran 30 probintziatan (ostan-haa pluralean, ostan singularrean) banatuta dago:

  1. Teheran
  2. Qom
  3. Markazi
  4. Qazvin
  5. Gilan
  6. Ardabil
  7. Zanjan
  8. Ekialdeko Azerbaijan
  9. Mendebaldeko Azerbaijan
  10. Kurdistan
  11. Hamadan
  12. Kermanshah
  13. Ilam
  14. Lorestan
  15. Khuzestan
  1. Chahar eta Bakhtiari
  2. Kohkiluyeh eta Buyer Ahmad
  3. Bushehr
  4. Fars
  5. Hormozgan
  6. Sistan eta Balutxistan
  7. Kerman
  8. Yazd
  9. Ispahan
  10. Semnan
  11. Mazandaran
  12. Golestan
  13. Ipar Khorasan
  14. Razavi Khorasan
  15. Hego Khorasan

IranNumbered.png


Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agintari Gorena (Rahbar)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irango konstituzioaren arabera Agintari Gorenaren lana "Irango Errepublika Islamikoaren politika orokorren" gainbegirada egitea eta hauek lerrokatzea da. Agintari Gorenik ez badago agintari erlijiosoen kontseilua izendatzen da. Agintari Gorena exerzitoako komandantea da eta inteligentzia eta barne arazoak bere esku daude. Gerra deklaratu dezake, epaileak izendatu edo kaleratu, poliziaren arduraduna izendatu eta telebista eta irrati publikoak kontrolatzen ditu. Zaindarien Kontseiluan dauden 12 kidetik 6 berak izendatzen ditu. Aukeraketa Adituen Asanbladak izendatzen ditu.

Gaur egun Ali Khamenei da Agintari Gorena.

Presidentea (de Ra'is-e Jomhour)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agintari Gorenaren ondoren Irango Presidentea da kargurik handiena eta bere ardura konstituzioa betearaztea da. Exekutiboaren arduraduna da, baina ez da Indar Militarren arduraduna. Zaindariaren Kontseiluak onartu behar ditu hautagai guztiak presidente izan daitezen. Ondoren hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu behar du sufragio unibertsalaren bitartez eta bere kargua lau urtekoa izango da. Presidenteak aukeratzen du Ministro Batzordea eta politikak Parlamentura eramaten ditu. Iranen gaur egun zortzi presidenteorde eta 21 ministro daude.

Gaur egun Mahmoud Ahmadinejad da Presidentea.

Parlamentua (Majles)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irango Parlamentuan ganbara bakarra du, Islamiar Asanblada Kontsultibos edo Majles-e Shura-ye Eslami. 290 parlamentari daude, lau urteko eperako aukeratuak boto zuzen eta sekretuaren bitartez. Botere legegilea da, nazioarteko araudia berresten du eta aurrekontuak onartu. Zaindarien Kontseiluak kide guztiak onartu behar ditu aurretik.

Adituen Batzarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Adituen Batzarra|Adituen Batzarra (Iran)|Adituen Batzarra

Adituen Batzarra, astero biltzen dena, 86 erlijio adituz osaturik dago. Herriak aukeratzen ditu 8 urtez behin. Zaindarien Kontseiluak onartu behar du kide bakoitza hauteskundeetara aurkeztu aurretik. Adituen Batzarrak aukeratzen du Agintari Gorena bere kideen artean.

Zaindarien Kontseilua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Zaindarien Kontseilua

Zaindarien Kontseilua 12 legegizonez osaturiko taldea da, horietatik 6 Agintari Gorenak izendatzen dituelarik. Beste seiak Parlamentuak onartzen ditu epaileen arduradun nagusiak proposatuen artean, baina kargu hau ere Agintari Gorenak izendatzen du. Kontseiluak konstituzioa interpretatzen du eta Parlamentuko erabakiak beta ditzake. Zerbait Shariarekin ez bada konpatiblea berriro itzultzen da Parlamentura. Era berean Parlamentuko hautagaiak ere beta ditzake.

Irango ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Irango ekonomia

Iraneko ekonomia, planifikatutako ekonomia eta lehen sektorearen arteko nahasketa bat da. Estatua petrolioaren jabe nagusia da, baina biztanleen gehiengoa lehen sektorean lan egiten du. Zerbitzuetako enpresa txikiak daude.

Gaur egungo gobernuak aldaketak egin ditu ekonomian BPG guztia petrolioaren prezioaren menpe egon ez dadin.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Irango demografia

Irango populazioa 1979tik bikoiztu da. Irango diaspora oso garrantzitsua da eta gaur egun 3.000.000 iraniar munduan zehar barreiaturik daudela kalkulatzen da. Iranen ere Afganistan eta Irakeko errefuxiatuak daude, gutxi gora behera 1.000.000 direlarik.

Hizkuntzak eta etniak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren bi herenek hizkuntza indoiraniar bat hitz egiten dute, beraien artean persiera, hizkuntza ofizial bakarra. Arabiar alfabeto moldaturiko baten bitartez idazten da.

Etnien arabera %51 persiarra da, %7 kurdua eta %2 balutxia. Turtziarren barruan azeriak %24 dira eta turkmenoak %2. Arabiarrak %3 eta armeniar, judu eta asiriarrak ere badira.

Arabiera, Koranaren hizkuntza izanez, eskoletan irakasten da.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiengoa musulmana da. Horietatik %89a xiita da eta %10a sunnia. Beste erlijioak Bahaismoa, zoroastrismoa, judaismoa eta kristautasuna dira.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Iran Aldatu lotura Wikidatan
Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia
Map Central Asia.PNG

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Map-World-East-Asia.png

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila
Map world middle east.svg

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia
LocationSoutheastAsia.PNG

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia
Map-World-South-Asia.png

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan