Iran-Irak Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iran-Irak gerra» orritik birbideratua)
Iran-Irak Gerra
Data1980ko irailaren 22a1988ko abuztuaren 20a
LekuaPersiar Golkoa eta Iran-Irakmuga
Emaitzabiek aldarrikatzen dute garaipena
Gudulariak
Iran Irak
Iran-Irak Gerra - 1980ko irailaren 22 - Teheran

Iran-Irak Gerra Irak eta Iranen arteko gatazka armatua izan zen, 1980an hasi eta 1988an amaitu zena. Gerra sortzeko arrazoi nagusia bi herrialdeen arteko mugei buruzko desadostasunak izan ziren, 1971n Irakek Persiar golkoan zituen uharte pare bat bereganatu baitzituen Iranek. Horrezaz gainera, Irandik zetorkion propaganda islamiarraren eraginez hegoaldean xiiten iraultzaren beldur zen Irakeko gobernua. 1980an, bertan izandako iraultzaren ondoren Iran kontra egiteko ahuldurik egongo zelakoan, Irakek Irango lurrak okupatu zituen. Gerrak iraun zuen zortzi urteetan 600.000 irandar eta 400.000 irakiar hil ziren.[1]

Gerraren arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra honen kausetako bat, Arabiarren eta Persen betidaniko etsaitasuna eta eskualdeetako lehiak izan ziren; zehazki, Irakek 1975ean sinatutako Arjeleko akorduetan erabakitako bi estatuen (Irak-Iran) arteko mugak aldatzen saiatu zen, Shatt al-Arabeko herrialdea eskuratzeko. Herrialde horretan Shatt al-Arab ibaia dago Tigris eta Eufratesen elkargunetik jaiotzen dena, eta bertako ezaugarria ibaiaren ingurua petrolio putzuez beterik dagoela da, eta arazoa nagusia putzuak bi herrialdeen mugan ezarririk daudela da.

Hasieran aipatutako Arjeleko akordio horiek oso garrantzi handikoak ziren eta 1975ko martxoaren 6an sinatu zituzten. Hauek sinatzeko beharra 1969an Iraneko Sha (enperadore) Mohamet Reza Pahlevik ekarri zuen, bere nahia Irakeko iparraldeko separatista Kurdu erradikalei armak eta inteligentzia militarra ematea zen Iraken aurka independentzia lortzeko, eta horrela Iranek onurak lortuko lituzkeen.

Akordu horietan erabaki hauek hartu ziren:

  • 1914ean erabakitako herrialdeen arteko mugak errespetatzea.
  • Shatt al-Arab ibaiaren zatiketa talweg lerrotik, horrela Iranek Abadango petrolio-findegia eskuratuko zuen.
  • Mugen blokeoa talde armatuentzat.

Urte batzuk beranduago Mohamet Reza Pahlevi Iranetik erbesteratu egin zuten, izan ere, gerra hasi baino urte bat lehenago,1979an, erreboluzio iraniarra gertatu zen egoera politiko kaskarra zela eta. Horren ondorioz, hango politikoek herriaren oihuak baretzeko Reza Pahlevi botatzea erabaki zuten urte berean. Sha joandakoan Iranek ez zituen errespetatu Sah eginak zituen akordioak, eta ondorioz, Irakeko gobernua jadanik akordioa hautsita zegoela esan zuen eta berarenak zirela Shatt-al-Arabeko lurraldeak.

Irak eta Iran lurralde musulmanak dira, hau da erlijio nagusi islama da. Eta horrek oso gatazka gogorrak ekarri zituen eta ekarri zituen, izan ere islamean bi talde bereizten dira, Xiitak eta Sunitak. Talde hauek Iraken eta Iranen zonalde desberdinetan barreiaturik bizi dira, eta haien arazoak etorri ziren 632. urtean Mahoma profeta hil zenean, izan ere ez zekiten nor izendatu Mahomaren ondorengoa izateko, eta bi aukera ezberdin zeudenez bi taldeak sortu ziren. Iraken eta Iranen arteko gerra honetan haien artean gatazka ugari egon ziren.

Iraken inbasioa (Gerra hasiera)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guda 1980ko irailaren 22an hasi zen, Irakeko armada (190.000 gizon, 2.200 tanke eta 450 hegazkin) Juzestango herrialdea eraso zuen, petrolio ugari duen lurraldea. Lurralde hartan 3 milioi arabiar bizi ziren. Naiz eta Saddam Husseinek (orduko Irakeko buruzagia) hasiera batean irabazten hasi, berehala ekin zion Irango ejertzitoa kontraerasoa prestatzeari, horretarako Irango biztanle gazteei armadan sartzeko aukera eman zieten borondatezko gisa.Azkenik, Iranek 100.000 soldadu eta 200.000 miliziano bildu zituen borrokarako prest.

Lehen aipatutako lurralde hori lehenengoz erasotzerakoan 80-120 km inguru aurreratu zen Irakeko armada, baina hala ere ez zen nahikoa izan Iraneko milizien erresistentzia menperatzeko. Hasieran Irakek Arabia Sauditaren eta Jordaniaren laguntza izango du eta Iranek aldiz, Siria eta Libiarena. 1982. urtean Iranek bakerako prozesua arbuiatu zuen eta Irakeko armada Iraneko toki gehienetatik kanporatzea lortu zuten, orduan irabaztea pentsatzen zuen gudarekin jarraitu zuen. Nazio Batuen Erakundeak saiakera asko egin zituen bi herrialdeen artean bake prozesu bat hasteko, baina beste askotan bezala ez zuten ezer lortu eta gerra gero eta krudelagoa bihurtzen joan zen; bi ejertzitoen artean milioi bat hildako egon ziren eta milaka zauritu, hildako kopuruaren bi heren Iraneko armadari zegozkion.

Gerra hau hasi baino lehenago, Irakek arazoak izan zituen Israelekin. Naiz eta ez zen guda bat izatera iritsi ondorio latzak ekarri zizkion Iraki zentral nuklearra suntsitu ziotelako. Gertaera hau 1981eko martxoaren 15ean gertatu zen, gerra hasi baino urte bat geroago. Israel jabetu zen Frantziak indar nuklearra eman ziola Iraki erreaktore nuklear bat salduz. Instalazio berri horiek Bagdad hiriaren iparraldean zeuden; zehazki Al Tuweithan. 1980. urte osoan zehar debatitu ziren zentral hori suntsitzeko aukerak eta azkenik, lehen esan bezala, 1981ean eraso taktiko konplexu bat agindu zuten. Goizeko 5:34etan eraso zuten zentrala, zortzi hegazkin F-16 eta beste sei hegazkin F-15 izan ziren suntsiketaren egileak. Bederatzi hildako egon ziren, denak hango langileak.

Gertaera hau Iraki kalte handia egin zion, izan ere bonba nuklearrak egiteko edo energia iturri berria izateko aukerarik gabe gelditu zen eta galera ekonomiko handitxoa izan zen.

Urrez aurreko gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1982 eta 1987 urteen artean indar irandarrak erasoak egin zituzten muga guztian zehar, batez ere hegoaldean, beren helburu nagusiak Basora (2.050.000 biztanleko hiria) konkistatzea eta Bagdad Basorarekin batzen zuen errepidea moztea zela. Armada iraniarrak Irakeko trintxeren aurka egiten zituen erasoak 1. mundu gerran erabiltzen zen higadura taktiken bitartez egiten zituzten, hau da, soldadu multzo ugari eraman etsaiei hiltzeko jakinik gehienak hilko direla baina etsaien kopurua ere gutxituz. Iranen kasuan taktika hori ez zuen kalterik suposatzen, izan ere Iranen 54 milioi biztanle zeuden eta Iraken ordea 16 milioi. Dena den irakiarrek arma kimikoak erabiliz konpentsatu zuten beren gutxiagotasuna.

Kasu batzuetan jakin izan da soldaduak borroka batera eraman dituztela inolako armarik gabe, hau da, gainezkatze sistema erabiliz. Beste batzuetan gazte iraniar multzo handiak bidaltzen ziren lur eremu minatuetara, lehergailuak detonatu zitzaten tankeak igaro ahal izateko. 1983 eta 1988 urteen artean irandarrek eraso ugari egin zituzten Basoraren aurka eta 60.000 pertsona hil zirela kalkulatzen da.

Persiar golkoko estatu arabiarrek (bereziki Arabia Sauditak) Iraki eginiko diru dohaintza eta maileguei esker, eta beste herrialde batzuk (AEB, Frantzia, Sobietar Batasuna, etab.) eginiko armamentu horniketei esker, Irakek lurzoruko erasoak jasan zituen eta bere aireko hegazkin armada hiri irandarren eta petrolio instalazioen kontra borrokan aritu zen.

Iranek Iraki laguntza ematen ari zitzaizkion herrialdeen berri jakin zuenean berehala hartu zituen errepresaliak. Bien bitartean, Saddam Husseinek herrialde gehiago sartu nahi zituen Iran eta Iraken arteko gudan. Irakek laguntza tekniko eta arma asko jaso zituen Ameriketako Estatu Batuengandik. Eta erabiltzen zituen arma kimikoak erabilera bikoitzeko materialez egin ziren, AEBek eta Alemaniako zenbait enpresek sortuak, besteak beste.

Esan dezakegu mundu osoko estatu gehienak izan zirela partaide guda honetan, izan ere, ikusiko duzuenez arma gehienak kanpotik lortzen zituzten, estatu aberatsen ekonomia bultzatuz eta beraiena suntsituz.

Espainiak guda honetan izandako papera oso motza izan zen, baina hala ere arma horniketa ugari bidali zituen. Betez ere arma arinak, morteroak eta munizioa ugari saldu zuen bi herrialdeetara. Dena den, oso gutxi parte hartu zuen gerra honetan Europako beste estatu batzuekin alderatuta, adibidez Frantzia eta Alemania.

“Las armas de la democracia. Exportaciones españolas de armamento” deituriko liburu batean, Espainiak Iran eta Iraki saldutako armen informazio ugari agertzen da, eta gudarako material gehien sortu zuten enpresak Ibaigorri lehergailuak eta Arabako lehergailuak (Expal) izan zirela dio liburu honek.

1984an Nazio Batuen erakundeak inspekzio bat egitea eskatu zuten Irakek arma kimikoak erabiltzen ari zituela egiaztatzeko. ONUko inspekzio taldea Espainiako militar baten agindupean zegoen, Manuel Dominguez Carmona koronela, berak aztertu zituen oraindik lehertu gabeko obus (bonba mota bat) irakiarrak eta gas mostazaz beterikoak. Azkenik Expal enpresak eginak zirela jakin zuten. Enpresa hori gaur egun desagerturik dago, baina bere garai honenetan Argentinan, Marokon eta Jordanian saldu zituen bere produktuak. Jakin izan da 1984an Expal enpresak 168 tona obus eta razimo bonba saldu zizkiotela Iraki.

Osotara arma kimikoen ondorioz 50.000 soldadu hil zirela kalkulatu da. 1984an Estatu Batuek Arabia Saudita, Jordania eta Kuwait armaz hornitu zituen, inteligentzia informazioa eman zion gobernu irakiarrari eta beranduago 1985ean ezkutuan saldu zizkion armak Irani, izan ere, urte horretan xiita terrorista talde batek TWAeko (Trans World Airlines) hegazkin bat bahitu zuten eta bahitu amerikarrak aska zitzaten armak saldu zizkioten Irani.

Ameriketako marinaren koronela Oliver North koronela jarri zen armen esku ematearen buruan eta Israel izan zen bi herrialdeen bitartekaria. Osotara, Iranek 128 tanke jaso zituen, 200.000 kohete Katysha, 10.000 tona obus edozein kalibrekoak, 3.000 misil aire-airea, 4.000 errifle, eta 50.000.000 munizio. Maramako (Arizona) aireportu militarretik 4.000 misil TOW baino gehiago eraman zituzten Guatemalara eta gero handik Tel Aviv-era. Polonia eta Bulgariatik 8.000 misil SAM-7 eta 1.000 AK-47 bidali zituzten zuzenean Iranera. Txinak ere ehunka misil “Gusanos de seda”, ibilgailu blindatu eta anfibio garraiatu zituen. Suediak 105 milimetroko jaurtigaiak bidali zituen, eta Belgikak aire-airea misilak. Arma gehienak Israelera bideraturik zeuden ziurtagiri batean bidali ziren.

Ikusi duzunez, Estatu Batuek, Ronald Reagan buru zutela, beraien onerako erabili zuten guda hau eta bi taldeak armaz hornituz lortu zuten gauza bakarra gerra luzatzea eta hildakoen kopurua igotzea izan zen.

1984tik 1988ra irakiarrak eta iraniarrak gerra irabazi ezinik, etsaiaren hiriak erasotzen hasi ziren eta gainera inolako jazarpenik gabe hiritarrak hiltzeko eta baita ospitaleak eta eskolak suntsitzeko. Gainera etsaiaren ahalmen ekonomikoa desagerraraztearren, petrolio-ontziei eraso zieten horrek gudaren ondorioak mundu osora zabaldu zituen, izan ere mundu osoko petrolio putzu handienetarikoak lurralde horietan daude eta behar beharrezkoak dira gaur egun, horregatik hasi zen petrolioen gerra deituriko gatazka.

Petrolioen gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolioen gerra deitu zitzaion naiz ez zen izan guda bat, Iran eta Iraken arteko gerraren ondorioetako bat besterik ez zen izan, baina kasu honetan mundu osoko estatuei kalte egiten zien. 1981etik aurrera bai Iranek eta bai Irakek etsaiaren eta bere aliatuen petrolio-ontziei eta merkataritza-ontziei eraso zieten, merkataritza inportazioak eta esportazioak kaltetzeko eta ondorioz etsaia ahultzeko. 1984an egoera honi bukaera emateko bi estatuek NBEk egindako akordu bat sinatu zuten, bertan objektu zibilei ez zietela erasoko zin egin zuten. Hala ere beranduago Irakek akordua puskatu egin zuen, eta ondorioz Iranek ere erasoei ekin zion. 1986ko azaroaren 1ean Kuwaitek ofizialki laguntza eskatu, zeren bere itsasontziak eta Arabia Saudirenak etengabe erasoak jasaten zituzten. Sobietar Batasunak 1987an aitortu zuen petrolio-ontzi gehiago pleitatuko zituela. Martxoaren 7an Estatu Batuek Kuwaiten hamaika petrolio-ontzi Ameriketako Estatu Batuen banderapean ibiliko zirela eskaini zion Kuwaiti, horrela posible izan zen ipar-amerikarrentzat petrolio-ontzi eskoltatzea, izan ere norbaitek ontzi horiek erasoz gero Estatu Batuen aurka jardungo zuen. Kuwait eskaintza hau onartu zuen. Maiatzaren 17an hegazkin irakiar batek bi misil Exocet jaurti zituen Kuwaitarren ontzira amerikarren eskuetan zegoela jakin gabe. 37 pertsona hil ziren eta beste 21 zauritu egon ziren, baina amerikarren esku zeudela jakitean Irakek pilotuaren akatsa izan zela adierazi zuen, dena den gertaera horren ondorioz Estatu Batuek gerrarako eskoltak bidali zituen eta hango gerran eskua sartu zuen Earnest Will operazioa martxan jarriz. Eskoltak 1987ko uztailaren 22an iritsi ziren, gerrarako ibilgailuekin, Estatu Batuetako Aireko Armadaren hegazkinekin eta ejertzitoko helikopteroekin. Egin zuten lehenengo bidaian itsasotik ontzi batek Iraneko itas-mina baten gainetik igaro eta eztanda egin zuen, baina kalte handiak eduki arren lurrera iristea lortu zuten. Egun horietan Iranek eta Irakek petrolio-ontziei bakean utzi zieten eta horrek esan nahi zuena zen ez zutela nahi Estatu Batuekin gatazka zuzenik edukitzea. Istripu honen ondoren, Estatu Batuetako marinak hiru dragamina (itsasoko minak bilatzen eta eztandarazten dituen ontzia) bidali zituen golkora, eta beste hainbat helikoptero minak beste leku batera garraiatzeko. Gainera Estatu Batuen eskaeraz itsas armada britainiarraren, belgikarraren, holandarraren, frantziarraren eta italiarraren dragamina gehiago bidali ziren. Baina beste herrialde horietako dragaminak denbora asko behar ziten haraino iristeko ontzi normal bat erabili zen baina minak antzemateko sistemez hornitua. Bitartean helikopteroak eraso behar zituzten objektiboen informazioa jasotzen zuten geroago erasotzeko.

Hurrengo erasoak abuztuaren 15ean hasi ziren, misil iraniar bat super-petrolio-ontzia Sea Isle City izenekoa jo egin zuen, bi pertsona hil ziren eta 18 zauritu. Eraso honi aurka egiteko, lau itsasontzi bonbaketari prestatu ziren, USS John Young (DD-973), USS Hoel (DDG-13), USS Kidd (DDG-993) eta USS Leftwich (DD-984) luzera handiko irismen misilez horniturik. Horien eginkizuna bi petrolio plataforma suntsitzea zen. Arratsaldeko 13.40etan erasoaren abisu bat bidali zuten eta hogei minutu beranduago erasoa hasi zen. 14:00etan bi ontzi plataforma bakoitza misilez josi zuten. Lehenengo plataforma oso osorik desagertu zen eta bigarrena%90 batean suntsituta geratu zen, ez zen hildakorik izan oraingoan.

Beranduago 1988an, Estatu Batuen beste itsasontzi bat mina irandar baten ondorioz ere ondoratu zen, eta berriro ere eraso bat prestatu zuten, kasu honetan taktika horri Marisorgin Operazioa deitu zioten, eta ibilgailu iraniarrak eta armadaren gotorleku bezala erabiltzen zituzten petrolio plataformak erasotzea zuen helburua. Bi itsasontzi iraniar suntsitu zituzten eta gotorleku bat, bi pilotu amerikar hil ziren beren helikopteroa lurraren aurka talka egitean.

Tamalez, uztailaren 3an USS Vincennes itsasontzi amerikarrak Airbus A300B2 bat lurrera bota zuen, zibilez beterik zihoan eta 290 pertsona hil ziren Ormuzeko itsasartean. Eskolta osoaren azkeneko misioa 1988ko irailaren 26an egin zen eta hura bukatzean etxera bueltatu ziren soldaduak.

Earnest Will operazioa Estatu Batuetako marinaren lan handiena izan zen Bigarren Munduko Gerraren ostean. Bertan 259 ontzi eta 127 konboi parte hartu zuten. Operazio honi esker, petrolio horniketa ziurtatu zen munduko beste herrialdeentzako. Datuen arabera 546 barku zibil kalteturik atera ziren eta 430 marinel hil ziren. Baita ere Estatu Batuen lehenengo misioa izan zen golkoan bere interesak defendatzen herrialde horietatik.

Saddam Hussein Kurdistanen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik eta behin, jakin beharra dago, Kurdistan Turkia, Irak, Iran, Siria eta Armeniaren artean banatutako estaturik gabeko nazioa da, eta Ekialde Ertaina izeneko eskualde asiarrean dagoela. Kurdistanen zati handi bat Iranen eremuan dagoenez eta Irakeko kurduak Saddam Husseinen aurka behin baino gehiagotan altxatu zirenez, Husseinek Iranen aurkako gerra erabili zuen herri kurduaren aurka jarduteko eta bere menpekoak bihurtzeko.

Kurdistan osoan urte askotan zehar errepresioa gogorrean egon ondoren, Saddam Husseinek 1988an Anfal operazioa prestatzea agindu zuen. Operazio hori Iraken boterearen aurka zegoen herri Kurdua akabatzeko erabili zuten. Egin zituzten eraso indartsuenak eta kalte gehien sortu zituztenak herri kurduan 1988ko otsailaren 23a eta irailaren 6aren artean gertatu ziren, Iraken eta Iranen arteko guda bukatu baino bi egun lehenago.

Kurdistanen jasan zuten bonbardaketa kimikoak gerra osoko gogorrenak izan ziren, 1988ko martxoaren 16an hasi ziren arma kimiko horiek han erabiltzen. Halabja herria, 50.000 biztanlekoa, izan zen lehenengoa. Goizeko bederatzietan gertatu zen Bigarren Munduko Gerra gertatu zenetik egondako erasorik hilkorrena. “Ospitaleko paretak dardarka hasi ziren eztandan ondorioz”, esaten du Ali Farakek, biziraun zuen mediku batek. Baina berehala isiltasuna bueltatu zen, “Eztanda gehiagorik ez egoteak harritu gintuen. Ez genekien arma kimikoekin erasotzen ari zigutela”, kontatzen du Alik. Han zeuden soldadu irandarrak maskarak ipini zituzten bazekitelako zianuroz eta gas mostazaz beteriko bonben ondorioak zeintzuk ziren. Zorionez Ali Faraji eta bere familia herritik atera ziren eta haizea gasa beste norabiderantz eraman zuen milaka pertsona hiltzen.

2005ean, Iraken hegoaldean, fosa ugari aurkitu zituzten desagertutako 512 kurdurekin, bertan haur eta emakume askoren gorpuak aurkitu ziren Kurdistango arropa tradizionalekin jantzita. Hala ere, uste da oraindik fosa gehiago egon daitezkeela inguru horietan, izan ere milaka desagertu daude oraindik agertu gabe.

2006an, Saddam Hussein eta bere laguntzaile nagusiak tribunalaren aurrean eseri ziren Kurduen aurka eta beste pertsona batzuen aurka eginiko hilketengatik, eta jakin izan genuen arabera, kargu hauek jarri zizkioten: exekuzio masiboak, milaka zibilen desagerpena (batez ere umeena eta emakumeena), herri eta hiri kurdu ugari arma kimikoekin bonbardatzeagatik (ziape-gasa eta nerbio-gasa barne), 2.000 herri baino gehiago erretzea, botatzea eta suntsitzea, milaka herritar hiltzea eta fosetan botatzea, milaka haur, emakume eta agure kartzelan sartzea inolako justifikaziorik gabe, merkataritza ekonomiko kurdua deuseztatzea haren aurrerapena oztopatzeko, etab.

Datuen arabera, 200.000 kurdu hil zituen Husseinen armadak, eta 90.000 desagertutako egon zirela uste da, naiz eta kopuru hori bikoitza izan daitekeen. Gainera, 3.669 herri suntsitu zituzten, 1.780 eskola, 2.475 meskita eta 280 ospitale. Bizirik iraun zutenek Turkiara edo Iranen barnealdera ihes egin zuten.

Gerra bukaera, bake prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998an, Iran eta Iraken arteko gerra bere bukaerara iristen ari zela ikusten zen, izan ere bai Iranek eta bai Irakek gero eta eraso kaskarragoak egiten hasi ziren, naiz eta horietako batzuk jende asko hil. Urte horretan, Iranek bakea nahi zuela aitortu zuen, baina hala ere, urte horretako uztailean Irakek ere bakea onartzera beharturik ikusi zuen bere burua.

Esan bezala, 1988ko uztailean, bi herrialdeetako buruak, Saddam Hussein eta Jomeni aiatolah, bakea ezarriko zutela akordatu zuten, eta 1987ko ekainaren 20an Nazio Batuen Erakundeko Seguritate Batzarrak egin zuen 598garren erresoluzioa onartu zuten gerra hori irabaztea ezinezkoa zelarik. Azkenean, 1988ko abuztuaren 20an bakea iritsi zen eta bi herrialdeen arteko erasoak behin betiko amaitu ziren. Dena den, bi urte geroago Irakek beste guda bat izango du esku artean, Golko persiarreko gerra.

Gerraren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra honek iraun zuen heinean, milioi bat pertsona hil zirela kalkulatzen da, eta %60a iraniarrak. Gainera, bi milioi zauritu baino gehiago egon ziren, eta hain zen handia bi estatuek ordaindutako dirua guda finantzatzeko, ze beren ekonomia pikutara joan zen.

Irak zirudien gerraren irabazlea, naiz eta ez zen egon irabazle garbirik.

Iraken egoera ekonomikoa pixka bat hobetzeko, Saddam Husseini bururatu zitzaion gauza bakarra Kuwait inbaditzea izan zen, eta hori izan zen Golko persiarreko gerraren kausa nagusia.

Saddam Husseinen epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko azaroren 5ean, Bagdadeko tribunaletan Saddam Hussein orkan hiltzera kondenatu zuten pertsonen aurka egin zituen hilketengatik, horietako asko Iran Irak gudan. Tribunalak azkenik bera hiltzeko oka erabiliko zutela esan zuen, naiz eta Saddamek fusilatua izan nahi zuela aitortu. Epaiketaren bukaeran, epaileak sententzia irakurtzen ari zen zen momentuan, Saddam Hussinek hitz hauek esan zituen: “Bizi luzea herriari, bizi luzea nazioari. Behera inbasoreak. Jainkoa handia da”.

Saddam Hussein behin epaiturik, bere laguntzaileen txanda ailegatu zen. Auzitegian eseritako hurrengoa, Awad Hamed al-Bander izan zen, bera Irakeko epaile izandakoa zen eta Saddamen lagun mina. Epaiketa luze baten ondoren bera ere orkan hiltzera kondenatu zuen epaile jaunak. Irakeko presidente ordea izandakoa, Taha Yassin Ramadan, bizitza osorako kartzelan egotera kondenatu zuten. Beste hiru akusatu 15 urte kartzelan igarotzera bidali zituzten, eta azkeneko akusatua, Saddamen partidu politikoko funtzionario bat libre geratu zen.

Exekuzioa, 2006ko abenduaren 30ean urkatu zuten, goizeko 6:05etan. Bere heriotza epaile baten, apaiz baten eta mediku baten aurrean gertatu zen, eta hango telebista publikotik bota egin zuten exekuzioa. Ondren bere gorpua bere familiari eman zioten Tigriten.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Juan Carlos Ocaña. Guerra Irán-Irak (1980-1988). Historias siglo XX. Libre [1] -en.
  • Anonimoa. Iran y el petroleo. Mgar.net. Libre [2] -en.
  • Anonimoa. Iran, no tiene derecho a defenderse?. El Pais. Libre [3][Betiko hautsitako esteka] -en.
  • Anonimoa(2006-12-31). Saddam Hussein, ahorcado. Gara egunkaria. Libre [4] -en.
  • Anonimoa. Guerra entre Irak e Iran. Para libros medios. Libre [5] -en.
  • Marcelo Rivera. El inicio de las operaciones USA en el Golfo Pérsico. Dingel Gid. Libre [6] -en.
  • Monmar(09/07/06). Sadam Husein, el genocida del Kurdistán. La decadencia europea. Libre [7] -en.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]