Irango historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Irango historiak mendeak hartzen ditu. Iran antzinarotik modu jarraian zibilizazioak izan dituen herrialdea da.

Aurrehistoria, Mediar eta Akemenestar Inperioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akemenestar Inperioa zabalera handia zuenean.

Gizakia Aurrehistoriako garaietatik bizi da Iranen. Azken aurrekuntzek erakutsi dute Irango antzinako kulturak Mesopotamiakoak baino aurrekoak direla.

Persiako (edo Irango) historia idatzia K. a. 3200en hasi zen, Proto-Elamitarren zibilizazioaren eskutik, eta Elamitarrena horren ostean. Ariarrak (Indo-iraniarrak hain zuzen ere) etortzerakoan, Mediar leinuak boterea eskuratu zuen. Lehen Persiar Inperioa osatu zen horren ostean, Ziro Handiak sortutako Akemenestar leinuaren aginpean (K. a. 648 - K. a. 330).

Ziro Handiak Ziroren Zilindroa deritzona sortu zuen, zein giza-eskubideen lehen aldarrikapentzat jotzen den. Handia goitizena ez ezik, xaa titulua ere jaso zuen lehen erregea izan zen Ziro. Kanbises (K. a. 530 - K. a. 522), haren semea, izan zuen ondorengo Zirok. Kanbisesek aitaren konkistei jarraitu zien, Egipton batik bat. Zortzi urte boterean eman ondoren, hil zen Kanbises, eta haren postua lortzeko borroka piztu zen. Dario (K. a. 522 - K. a. 486) errege izendatu zen, enperadoreekin lotzen zitzaion familia harremana oso estua ez izan arren.

Darioren lehen hiriburua Susa bazen ere, Pertsepolis hiria eraikitzeko programa abian jarri zuen. Nilo eta Itsaso Gorriaren arteko kanala eraiki zuen, eta errepide sarea hobetu zuen. Izan ere, haren agintaldian lehendabiziko aldiz aipatzen da Erregeen Bidea, Susa eta Sardis lotzen zituen errepidea, zeinek tarteka erregularretan atseden hartzeko postetxeak zituen.

Administrazioan ere aldaketa nabarmenak suertatu ziren Darioren agintaldian. Moneta sartu zen, bai urrezko bai zilarrezko txanponak. Persiera zaharra inskripzioetan agertu zen, kuneiformearen propio garatutako bertsioan idatzia.

Ziro eta Darioren aginpean, Persiar Inperioa garai horretara arte ezagutu zen inperiorik handiena eta boteretsuena, ezagutzen zen munduaren zati gehiena haren kontrolpean geratu baitzen.

Alexandro Handiak Persia konkistatu zuen K. a. 333an. Zoroastro garaietan "Alexandro madarikatua" deitu zitzaion, hiri gehienak, Pertsepolis hiriburua barne, eraitsi zituelako. Alexandroren greziar inperioren ostean, Iran aurreislamikoa eta Erdi Asia (hein batean) mendean hartu zituzten bi inperio gehiago zetozen: Partiarra (K. a. 250 - K. o. 226) eta Sasaniarra (K. o. 226 - K. o. 650).

Zetaren bidea garrantzitsua izan zen Persiako Inperioak garatzeko eta aberasteko, Txina, Antzinako Egipto, Mesopotamia, Persia bera, India eta Antzinako Erroma, ekonomikoki eta kulturaki, batzen zituelako.

Inperio berria, Partiar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arg-e Bameko gotorlekua, K. a. 500 baino lehen eraikia.

Artsazidar leinuak Irango lautada batu zuen, Partiar Inperioaren oinarria. Antzinako Irango jatorria zeukan bigarren leinua izanda, Seleuzidar Inperioaren ekialdeko probintziak bereganatu zituen K. a. III menderako. Mesopotamia kontrolpean aldizka izan zuten K. a. 150 eta K. o. 224 bitartean. Zalditeria astunaren asmakizuna dela eta, Antzinako Erromaren etsai porrokatu bihurtu zen Partia ekialdean. Erromatarren zabalkuntza Kapadoziatik haratago geldiarazi zuten.

Partiar armadak bi zalditeria mota zituen: bata arma astunetakoa eta bestea arma arinetakoa, arkuetakoa, baina mugikortasun handikoa. Erromatar armadaren zutabea infanteria zenez gero, partiarrak garaitzeko zailak ziren, bi zalditeria motak soldaduak baino azkarragoak baitziren. Hala ere, partiarrek ez zuten konkistatutakoa okupatzeko erraztasun handirik, euren armada setioetarako egokitzen ez zelako. Hori zela eta, ez erromatarrek ez partiarrek elkarren lurrak bereganatu ezin izan zituzten.

Bost mende iruan zuen Partiar Inperioak, ekialdeko inperio gehienek baino luzeago. Bukaera 224an etorri zen, barne antolakuntza traketsa zela kausa, erregearen basailuak ziren Sasaniar leinua matxinatu zirenean.

Zoroastro eta bigarren persiar inperioa: Sasanidar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berdez: Sasanidar Inperioa 602-629 bitartean, Marraduraz: Sasanidar armadaren kontrolpean.

Islamaren etorreran aurretik, zoroastronismoa zen Sasanidar Inperioko erlijio ofiziala. Akemenestar eta Partiarrenean ere paper garrantzitsua jokatu zuen erlijio horrek. Idazki errebelatuetan oinarritutako aurreneko erlijioaren fundatzailea izan zen Zoroastro profeta, aditu askoren ustez. Haien iritziz, judaismok, eta horren ondoren, kristautasunak eta islamak zoroastronismoari eskatologia, angeologia eta demonologia kontzeptuak zor dizkiote. Zerua, infernua, epaiketaren eguna, mesias eta Satan aingeru eroriaren Gaizkiaren azken agente bezala ikustea garapenerakoan, zoroastronismok eragin handia izan zuen Ekialde Hurbileko erlijioen gainean. Horrelako kontzeptuek Persiako dualismoa osatu zuten, zeinek Ekialdeko nahiz Mendebaldeko zibilizazioetan hain eragin handia izan duen. Hala ere, hainbat judu eta kristau adituk zoroastronismoren eragina hain nabarmena ez zela argudiatzen dute.

Ardashir I.ak, Sasanidar Inperioko lehen erregeak militarki eta ekonomikoki aldatu zuen herrialdea. Bere menpeko lurraldea egungo Iran, Irak, Armenia, Afghanistan, Turkiako ekialdeko zatiak, baita Siria, Pakistan, Kaukasia, Asia Erdialdea eta Arabiako beste zati batzuk ere. Khosrau II.aren agintaldian, (590–628) Egipto, Jordania, Palestina eta Libano inperioari gehitu zizkion. Hala ere, 632an al-Qādisiyyahko borrokan (egungo Iraken), arabiar armadak sasanidarra zeharo garaitu zuen. Honela, Persiako konkista islamdarra hasi zen.

Sasanidar garaia Irango historiako aro garrantzitsuenetakotzat jotzen da gehienetan. Persiar zibilizazioaren lorpen handiek Antzinako Erromaren gainean ere eragina izan zuten. Eragin hori iraunkorra izan zen, Mendebaldeko Europako Erdi Aroko artearen sorkuntzan sasanidarraren ezaugarriak somatzen baitira. Islam munduan ere, geroago kultura islamdarra osatu zuten ezaugarri franko sasanidarrengandik hartu ziren.

Persia musulmana eta Urrezko Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qotbeddin Shirazi (1236–1311) persiar astronomoaren dokumentua, non planeta eredu bat agertzen den.

Konkistaren ondoren, musulmak eta persiarrak aldi berean izateko moduak bilatzen hasi ziren persiarrak, islamaren "pertsianizazioa" helburu. Horrenbestez, persiarrak eta persiar kultura mezpretxatzen zituen Umayyad leinua boteretik kentzen lagundu zuten pertsiakoek. Abbasidar leinu berriaren aginpean, persiarrek (eta arabiarrak ez ziren beste herri batzuek ere) Islamdar Inperioko kultura, politika eta gainerako arloetan paper garrantzitsuagoa jotzen zuten.

IX. eta X. mendeetan kultura mugimendu berria sortu zen, zeinek persiarren nortasuna berpiztea aldarrikatzen zuen. Ez zuten nortasun islamikoaren aurka egiten, musulmanen arabizazioaren kontra baizik. Horren ondorio nabarmenetakoen artean, persierari eustea dugu.

Garai honetan, persiar zientzalariek Islameko Urrezko Garaia sortu zuten. Persia munduko erdigune bilakatu zen zientzia ikerketari dagokionez. Filosofoak, zientzialariak, injenieroak eta historialariak ugalduta, teknologia, zientzia eta medizinaren garapenerako urrats sendoak eman ziren, Europako Berpizkunde aroko zientzian ere eraginez.

Hala eta guztiz ere, 1220az geroztik Genghis Khanen inbasioarekin hasita eta Tamerlanenarekin jarraituta, Persia birrinduta geratu zen. Mongol garai horren, populazioaren erdia hil zen, eta aurreko mailari XX. mendera arte ezin izan zion eutsi.

Safavidar Inperioa, xiien islama eta Persia Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xii estatu bihurtzeko lehenengo pausoak Safavidar leinuaren aginpean eman ziren, 1501ean. Leinu hau boterean zegoela, arkitekturak berriro gorakada izan zuen, eta monumentu berri andana eraiki ziren. XVII. mendean, aldiz, safavidarren gainbehera etorri zen, botere kolonialek, batik bat Errusiako Inperioak eta Britania Handikoak, Persiaren gaineko eragina handitu ahala. Dena dela, Iran ez zen sekula kolonia bihurtu, eta subirontasunari eutsi ahal izan zion.

XIX. mendeko modernizazioarekin batera, aldaketaren nahiak konstituzio izateko iraultzara eraman zuen 1905ean. 1921ean, Reza Xaa Pahlavik estatu kolpea burutu zuen Qajar leinua ahuldutaren aurka. Modernizazioa bultzatu nahian, Reza Xaa industria, burdinbideak eta nazio heziketa sistema sustatu zituen, baina bere gobernu autokratikoak zein gizarte-erreforma desorekatuek irandar frankoren desadostasuna piztu zuten.

Bigarren Mundu Gerran, Britania Handiak eta Sobiet Batasunak Iran inbaditu zuten 1941eko abuztuaren 25etik irailaren 17ra arte. Xaari boterea bere semearen esku (Mohammad Reza Pahlavi) uztarazi zioten. 1951n, demokraziaren aldeko Dr. Mohammed Mossadegh Lehen Ministro hautatu zuten. Agintean, Anglo-Iranian Oil Company (geroago BP berrizendatuta) nazionalizatu zuen, Mendebaldeko botereen ikararako. Britania Handiak Iranen kontrako embargoa ezarri zuen. Britania Handiko Zerbitzu Sekretuak Eisenhower AEBetako presidentearekin harremanetan jarri ziren Ajax Operazioa burutzeko. Eisenhowerren baiezkoan, CIAk Mossadegh boteretik kendu zuen eta AEBetaren aldeko erregea ezarri zuen Iranen.

AEBetako enbaxadak, Kermit Roosvelt Jr. buruan, agenteen bortizkeria bultzatu zuen. Ondorioz, matxinadak herrialde osoan sortu eta hedatu ziren. Erregearen kontrako eta aldeko manifestaldietan istiluak sortzen ziren, ia 300 hildakorekin. Xaaren aldeko tankeek hiriburua bonbardatu zuten. Mossadeghek amore emanda, 1953ko abuztuaren 19an atzeman zuten. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Mohammad Reza Pahlavi berriro xaa izendatuta eta AEBak lagun, gobernu autokratikoa garatu zuen. Irango industria modernizatu ahala, edozein oposizio mota birrindu zuen SAVAK inteligentzia agentziari esker. Ruhollah Khomeini aiatolak xaaren modernizazioa kritikatu eta salatu zuen. Khomeinik, erlijiozale inguruetan ospetsua, 18 hilabeteko zigorra pairatu behar izan zuen. Kartzelatik ateratakoan, publikoki AEBetako gobernuaren jarrera kritikatu zuen. Xaak herbesteratu egin zuen orduan. Lehendabiziz Turkiara eta ondoren Irakera bidalita, Xaa kritikatzen jarraitu zuen Khomeinik.

Iraultza eta egungo Iran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Iran-Sudan harremanak»

1979an Mohammad Reza Pahlavi xaaren aurkako hiritar altxamendua egon zen eta honek urtebete iraun zuen, Iraniar Iraultza moduan ezagutzen dena. Erreferenduma egin zen monarkiarekin bukatu edo ez erabakitzeko eta %98ak bukatzearen alde bozkatu zuen. Xaaren erbestea eta Ruhollah Khomeini ezarri zen autoritate goren moduan eta, horrekin batera, estatuaren barrenean erlijioak zuen boterea handiagotu zen. 1980an Iran-Irak gerra hasi zen, 1988ra arte iraun zuena.

1989an Khomeini hil zen eta Ali Khamenei bilakatu zen Estatu buru, gobernu burua hauteskundeen bidez aukeratzen zelari. Sektore erreformistako Mohammad Khatamik ireki zuen presidentzia.

2014ko irailaren 5ean, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak berretsi zuen Iranek deuseztatu zituela %20ra uranio aberastuko erreserbak, baina gainerakoan ezkor agertu zen Teheranek programa nuklearraren inguruan zeukan jarrerarekin. IAEAk eta Iranek «konfiantza sortzeko» bost neurri aplikatzea adostu zuten maiatzean, eta, IAEAren arabera, Teheranek bi ez zituen aplikatu. Akordio bat egiteko urte amaierara arteko epea adostu zuten Teheranek eta nazioarteko potentziek[1].

Irailaren 8an, bere osasunaren inguruko zurrumurru guztiak itzali nahi izan zituen Ali Khamenei Irango lider gorenak, ospitalean atera zizkioten argazkiak bere webgune ofizialean argitaratuta. Haren adierazpenekin bideo bat ere argitaratu zuten. Prostata ebakuntza egin zioten Khamenei aiatolari. Lider gorenaren osasuna estatuko sekretua izan ohi zen Iranen. Estatu Islamikoaren erasoaldiaren eta programa nuklearraren negoziazioen erdian, ordea, normaltasuna eta gardentasuna erakutsi nahi izan zituen Khameneik[2].

Urriaren 17an, azaroaren 24a hurbiltzen ari zen eta Irango programa nuklearrari buruzko negoziazioak «fase kritikoan» sartu zirela jakinarazi zuen Europako Batasunak. Teheranek eta 5+1 taldeak —AEB, Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania— ordurako lortu nahi zuten ituna[3].

Urriaren 21ean, EIren agerpenaren ondorioz are gehiago estutu zen Iraken eta Iranen arteko harremana. Horren adierazle, Haidar al-Abadi Irakeko lehen ministroak Teheranera bidaiatu zuen. Hassan Rohani Irango presidenteak babes osoa agertu zion. Halaber, Rohanik bi mezu zuzendu zizkien AEBei[4].

Urriaren 24an, bere bortxatzailea hil zuen emakumea urkatu zuen Iranek. Reyhaneh Jabbarik 26 urte zituen eta bortxatzailea bere buruaren defentsan hiltzeagatik zigortu zuten[5].

Azaroaren 2an, emakume bat espetxeratu zuten Iranen, boleibola ikusten saiatzeagatik. Urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Iranen emakumeek debekatuta zuten gizonezkoen futbol edota boleibol partidak ikustera joatea[6].

Azaroaren 18an, Irango auzi nuklearrari buruzko negoziazio saio erabakigarriak hasi zituzten[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Irango historia Aldatu lotura Wikidatan