Irlandako Errepublikako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Irlandako Errepublikaren historiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Irlandako historia.
Irlandako Errepublikako mapa.

Irlandako Errepublikako historia 1922an hasi zen, Irlandako 26 konterrik Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batutik at geratzean. Geratzen ziren 6 konterriek Erresuma Batuaren barruan jarraitu zuten, Ipar Irlanda izenpean. Irlandako Zatiketa hau aurreko konstituzio-garapen konplexuek eragin zuten.

Aurrekari gertuena 1916ko Aste Santuko Matxinada izan zen. Orduan, irlandar boluntarioek eta Irlandako Hiritarren Armadak Dublingo eta Galwayko hainbat toki hartu zuten, Irlandako Errepublikaren Aldarrikapenean adierazten zen bezala. Aldarrikapen horren 7 sinatzaileak, beste 9rekin batera, exekutatu egin zituzten britaniarrek, Irlandako Independentziako Gerrari hasiera emanez.

Irlandak Londresko Komunen Ganberan zituen 106ko parlamentaritik 73 Sinn Féineko kideak ziren 1918ko hauteskunde orokorren ostean. Londresen bere tokia hartzeari muzin eginda, Dáil Éireann izeneko parlamentu irlandarra eratzeari ekin zioten. Parlamentu honek 1919ko urtarrilean Irlandako Errepublika aldarrikatu zuen. Aldarrikapen hau 1916koaren berdintsua izan zen, Irlanda Erresuma Batuko zatia ez zela gehituta. Irlandako Errepublika berri honek, ordea, ez zuen nazioarteko onespenik jaso, SESBena izan ezik.

Independentziako Gerra mingotsaren ondoren, Britainiar gobernuko eta Irlandako parlamentuko ordezkariek Anglo-Irlandar Ituna sinatu zuten Londresen 1921ko abenduan. Itun horren azpian, britainiarrek Irlandako Estatuaren independentzia onartu zuten (Irlandako Estatu Askea), beti ere Erresuma Batuko dominio labelpean.

Dáil Éireann parlamentuak gutxigatik onartu zuen tratatua. Hala ere, bi alderdietan itunarekiko erabateko adostasunik ez zegoen. Britainiarrek nahi zuten baino kontzesio gehiago ematen zitzaizkien irlandarrei, baina ez ziren aski errepublikarren nahiak asetzeko. Dena den, hegoaldeko 26 konterriek Irlandako Estatu Askea osatu zuten, britainiar erregea zuen (1927tik Irlandako erregea titulupean) monarkia parlamentarioa.

Irlandako Gerra Zibila estatu honen sorreraren ondorioa izan zen. Éamon de Valera buru zuten itunaren aurkako indarrek adierazten zuten britainiar erregeari fideltasun zin egin behar zaiola, eta 1919ko Irlandar Errepublikaren Aldarrikapenaren kontrakoa zela. Michael Collins buru zuten itunaren aldekoek adierazten zuten itunak, nahiz eta nazio guztiek lortu nahi duten askatasun osoa ez eman, hori eskuratzeko askatasuna ematen zuela.

Britainiarrek lagunduta, itunaren aldekoek aise irabazi zuten gerra. 1937ko abenduaren 29an Irlandako Konstituzioa indarrean jarri zen. Irlanda zen estatuaren izen berria, nahiz eta errepublika, oraindik, era ofizialean ez izan. Izan ere, estatuburu ofiziala erregeak jarraitzen zuen izaten.

Bigarren Mundu Gerran neutral izan ondoren, 1948ko abenduaren 21ean errepublika bihurtu zen, erregeak zituen eskuduntzak Errepublikako Presidenteari pasatuz. Nazio Batuen Erakundean 1955ean sartu zen, eta Europar Batasunean 1973an.

Irlandar gobernuak uharteko batasuna era baketsuan bilatu du. Izan ere, Ipar Irlandako Gatazkan Londresko gobernuarekin kooperatu du bortizkeria amai zedin. Ostiral Santuko Hitzarmena 1998an onartu zen, mugaren iparraldean zein hegoaldean egin ziren bi erreferendumetan.

Datak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]