Irola Irratia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irola Irratia
Irola Irratiaren logoa
KokalekuaBilbo
Frekuentzia107.5
Lehen emisioa1987
Hizkuntza(k)Euskara eta gaztelania
Webguneahttps://irolairratia.org/

Irola irratia, 1987an Bilbon jaio zen irrati librea da. Iralako auzokideen elkarteak bultzatu zuen irratiaren sorrera, bertako jendeari hitza emateko asmoz. Irratiaren izena, hasierako lokalaren ezaugarrietatik dator, izan ere, Irola irratiaren lehen emisioak egokitutako komun edo irola batetik egin ziren. Gainera, auzoaren izenarekin zerikusia zuenez emisioa horrela deitzea erabaki zuten.

FMko 107.5ean ematen du seinalea.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irola Irratia 1986an sortu zen, Bilboko Irala Auzo Elkarteak auzoko jendeari bideratzeko komunikabide bat sortzea erabaki zuenean. Emisioa zehazteko egin zen lehen bileran 12 pertsonak parte hartu zuten, eta auzotarrek, grabatzeko lokalik ez zegoenez, lau komun publikoetatik bi eraberritzea erabaki zuten. Partehartzaile guztien lan gogorraren ondoren Irola Irratia jaio zen, bere izena auzotik jasotzen duen irratia.

Emisioak posible egiteko dirua bildu zen pegatinak eta kupoiak salduz baita kolaboratzaileen laguntzarekin ere. Grabatzeko ezinbestekoa zen ekipoa Errekaldeko irrati librean parte hartu zuen jendeari erosi zitzaion; Erreka Irratia emisioari, hain zuzen ere. Auzokideek irrati gazte baten aldeko apustua egin zuten, eta 15 mila pezeta (90 euro) jarri zituzten. Horretaz gain, azpiegitura mantentzeko dirua behar zenez errifen eta konpartsen bidez lortu zuten. Hala ere, emititzen hasi eta urtebetera hasi ziren Telekomunikazio Ministerioarekin arazoak, izan ere, itxiera-mehatxuak jaso zituzten[1]:

Iralabarri (Irala auzoko Auzo Elkartearen argitalpena), 1988ko maiatza.[2]

Hemen gaude berriro, beste denboraldi batez 107.5 zenbakiaren buruan, baina zoritxarrez ez dakigu zenbat denborarako, eta arazoak izaten ditugu etengabe. Azkena, eta potoloena, ixteko agindua da, Telekomunikazio Ministerioak egina.

Agindu horretan, Euskadiko beste irrati askori bezala, "adeitasunez" eskatzen zaigu emisio mota guztiak eteteko, joan den martxoaren 26ko epemugarekin, hau da, I.I.I. desagertzea, T.A.L. legean oinarrituz. Telekomunikazioak Antolatzeko Lege hori, beste asko bezala, gurea bezalako kolektiboak zapaltzen saiatzera bideratuta dago.

Hala eta guztiz ere, I.I.I. osatzen dugun 70 pertsonok, gutxi gorabehera, emisioekin jarraitzea erabaki dugu, Estatuko funtzionario bat, polizia bat edo dena delakoa izan, agindu judizial batekin isiltzera etorri arte; izan ere, mikrofonoak piztuta hilko gara. Horregatik guztiagatik, esango dizuet oso garrantzitsua dela auzoak irratiari babesa ematea; barruan gauden jendeari animo gehiago emateko eta, ahal izanez gero, ixteko agindua ematen duten "jaunak" zauritzen saiatzeko. Jakina, horren aurrean ez ginen lozorroan geratu, eta lehenengo martxa zaratatsua egin genuen auzoan zehar martxoaren 27ko goizean (barkamenak norbait esnatu bagenuen), jende gutxirekin baina parranda askorekin. Bide batez, pintada bat edo beste egin genituen.

Irratiaren funtzionamenduan pixka bat sartuta, esango dizuet joan den hilean, ohiko programazioaz gain, bi saio berezi egin zirela drogamenpekotasunen aurkako batzordeak auzoan egin zuen aste berezian. Programa horietan, jakina, gai hori jorratu zen. Beste batzuetan esan dizuegun bezala, programazioaren aldaketa etengabea da, baina beti dago ohiko programazioaren barruan; beraz, hemen duzue gaur egungo ordutegia. Garrantzitsua da saioak egiteko interesa duen jende guztia animatzea irratiko bileretatik pasatzera (larunbatero, 13:00etan) eta beren ideiak, programa-proiektuak eta abar kontatzea.

Eta azkenik, amaitzeko, anima zaitezte irratiari laguntza ekonomikoa ematen, kupoi batzuk erosiz. Kupoi horiek atera ditugu, tinglatu guztia mantentzeko; izan ere, jartzen dugun kuotarekin ere ez zaigu iristen hilabete amaierarako. Anima zaitezte, 20 peseta baino ez dira, eta egunean 1.000 peseta lor ditzazkezue hilabete batez.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratian lantzen dituzten gaiak askotarikoak dira, baina kulturarekin eta gizarte gaiekin zerikusia dutenak dira, emisioan hedatu nahi den ikuspuntu berri batekin landuta. Feminismoa, langile-klasea eta Euskal Herria dira emisioan lantzen diren gai batzuk baina, horretaz gain, ohikoak ez diren mintzagaiak lantzen dituzten podcastak daude, non egunerokoan jorratzen ez diren arlo historikoak lantzen diren.

Irratsaioak[3][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ildoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ildo editorial aurrerakoia du eta bere webgunean[4] azaltzen dutenez hasieratik argi zegoen irrati ezkertiarra, alternatiboa eta feminista zela. Are gehiago, irratia sortu zenean emisioan sartzeko baldintzak honako hauek ziren: kolektiboarekin inplikatzea eta irratiaren ideologiarekin bat etorriko zen askotariko edukia eskaintzea.

Irratiarentzako kolektibo izaera oso garrantzitsua da eta horregatik DDT Banaketak, Lubaki agenda, Komantxe Konpartsa eta Bilboko Maiatzak 1 Egin bezalako kolektibo eta egitasmoekin batera elkarlana egin izan dute. Irala auzoari ahotsa emateko sortu zenez, garrantzia eman izan diote auzokoen batzarretan parte hartzeari eta biztanleen garapenean eta ongizatean parte hartzeari. Horregatik, emisioa aurrera eramateko, auzoko biztanleak inplikatzen dituzten jarduerak egin izan dituzte, maratoi herrikoiak eta jaien antolaketak, besteak beste.

Laburbilduz, irrati ezkertiar, antiarrazista eta feminista bat da, gizarteko kolektibo zapalduenei babesa emateko joera duena eta Irala auzoko eta, oro har, Bilboko auzi kolektiboetan parte hartzeari garrantzia ematen diona.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irola irratian ez dago zuzendaririk eta parte-hartzaile guztiak militantzia edo boluntariotza egiten dute, maila berean. Partaide bakoitzak ahal duenean laguntzen du; batzuk irratsaioak egiten dituzte, beste batzuk arlo teknikoan zentratzen dira, espazioaren garbiketaz, edota eduki amankomunak (kuñak eta abar) sortzen dituztenak daude, besteak beste. Irrati askea denez kolektibo sozial edo politiko gisa ikusten dute haien burua, irrati komertzialetan erabiltzen duten egitura hierarkikoa alde batera utziz.

Interes komertzial/irabazi-asmorik gabeko elkarte independentea denez, finantzabide desberdinak bilatzen ditu, diru-laguntza publikoei eta iragarkien bidezko diru-sarrerei uko eginez. Kuoten bitartez, saltzen duten merchandisin-aren bitartez eta antolatzen dituzten jaien eta ekitaldien bitartez emisioa aurrera eramateko behar duten dirua lortzen dute. Horretaz gain Eragozpen Fiskala[5] egitasmoaren bidez Irola Irratia ekonomikoki laguntzeko aukera dago. Desobedientzia zibileko ekintza honek, ekimen eraldatzaileak bultzatzen dituzten kolektiboei dirua bideratzea ahalbidetzen du: Elkartasunarekin lotutako taldeak, talde feministak, antimilitaristak, ekologistak, antikapitalistak eta arrazismoaren kontrakoak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Los inicios de Irola Irratia - Irola Irratia 107.5 FM (Bilbo)» sindominio.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  2. (Ingelesez) 33305801. «Iralabarri 1988 02 mayo» Issuu (Noiz kontsultatua: 2021-05-08).
  3. «2019-2020 irratsaioak-programas» Irola Irratia 107.5 FM 2018-10-01 (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  4. «Irola Irratia 107.5 FM» Irola Irratia 107.5 FM (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  5. (Gaztelaniaz) eragozpenfiskala.org | DESOBEDECE y CONSTRUYE con tus impuestos – DESOBEDITU ETA ERAIKI Zure zergekin. (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]