Irrati (hedabidea)

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Irratia (komunikabidea)» orritik birbideratua)

Irrati-estudio bat, non irratsaioak egiten diren.
Artikulu hau hedabideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irrati (argipena)».

Irratia irrati-uhinen teknologia baliatzen duen haririk gabeko hedabidea da[1], publiko zabal bati zuzendua eta norabide bakarrekoa. Irratia mundu zabaleko hedabide ohikoenetakoa da, telebistarekin batera. Irrati-kate izeneko erakundeen bitartez, denetariko edukiak zabaltzen ditu, hala nola albisteak, musika eta aisialdiko irratsaioak. Irratsaio horiek entzuteko irrati-hargailu bat behar da. XX. mendearen bukaeratik irrati digitala[2] garatu zen, seinale analogikoan oinarritutako teknologia zaharraren aukera moduan. Aldi berean, Internet bidezko online irratiek ere zabalkuntza handia izan zuten. Azken urteotan podcast-ak ere ugaritu egin dira, eta gero eta lausoagoa da irratia eta podcast-en arteko marra.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratiaren historian Guglielmo Marconi, Nikola Tesla eta Aleksandr Stepanovitx Popov jotzen dira irratiaren asmatzailetzat, XIX. mendearen bukaeran; James Clerk Maxwell, uhin elektromagnetikoen teoria osatuz, eta baita Heinrich Hertz ere, irrati-uhinak aurkituz, jotzen dira irratiaren aitzindaritzat.

Irratigintzaren bilakaera eta gaur egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratiak historikoki bilakaera zaila izan du; Frantzian monopolio egoeran egon da 80. hamarkada arte eta Espainian hasieratik irrati publiko eta pribatuak egon diren arren, Euskal Herrian bezala errepresio gogorra jasan du. Duela gutxi hasi zen euskal irratigintza, hala ere, erabilera gorantza doa eta etorkizunera begira norabide berdina izango duela dirudi. Transmisio-sistema berriak eta digitalizazioak kalitate-hobetzea ekarri dute azken urteotan. Gero eta baliabide gehiago daude, xede-taldeak zehaztuagoak dira eta uhinak, kablea, satelitea eta internet erabili daitezke irratia entzuteko. Dena den, irratiaren etorkizuna kolokan dago, dema handiei aurre egin beharrean.

Europan lehen irratiak ezarri zirenetik mende erdi pasa den arren, garai hartako bizitasuna mantentzen du medio honek. Bere horretan diraute irratigintzaren jabegoaren eta kudeaketaren inguruan agertu izan diren eztabaidak eta teknologikoki momentuko egoerara egokitzeko erakutsi duen ahalmena. Zerbitzu publiko gisa, estatuaren monopolioaren mende, eta gerra arteko garaian sortu eta garatu izanak asko baldintzatu zuten irrati-telebistagintzaren bilakaera. Izan ere, Media in Basque (Arana, Edorta; Amezaga, Josu; Azpillaga, Patxi; 2010) liburuan aipatzen denez, “testuinguru politiko, ekonomiko, teknologiko eta sozial desberdinean aritu izan arren, antzerako bilakaera izan du Espainiar Estatuan eta Frantziar Estatuan eta, ondorioz, baita Euskal Herrian ere”.

Frantziar Estatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1837an telegrafiaren legea onartu zen Frantziar Estatuan eta horrekin helburu komertziala zuten irrati-etxeak abiatu zuten irratigintza.

1897. urtean Estatu frantziarreko lehenengo frogak burutu zituen Eugène Ducretet ingeniariak eta gutxira lehen irrati pribatua jarri zen martxan. 1922an, Radiola irratia sortu zuten, gero, Radio Paris izango zena. Honen ondoren berehala sortu ziren Radio Toulouse, Radio Lyon edo Radio Luxembourg bezalako beste asko.

Sektorea Estatuaren monopolio gisa definitu zen arren, publizitatearen bidez finantziatu ziren irratientzako emisio-lizentziak banatu ziren. 1933an sortu zen Le Poste national eta urte berean irrati-hargailua izateagatik etxebizitzek ordaindu beharreko zerga ezarri zuten. Irrati-hargailuen kopuruak gora egin zuen denbora gutxian (1933an 1’3 milioi eta 1939an 5 milioi) eta 12 irrati pribatu eta 20 irrati publiko zeuden (Edorta Arana, 2008).

Bigarren Mundu Gerra bitartean propaganda zabaltzeko tresna ezin hobea izan zen. Gerra amaitu zenean gobernuak monopolio publiko lez definitu zuen irriatigintza; izan ere, irrati asko nazien alde jarri ziren eta Estatu frantziarrak osaera politiko eta administratiboa behar zuen. Orokorrean sistema frantziarraren alde egin zuten irrati publikoek, baina, pribatuek, nazien aldeko jarrera erakutsi zuten. Horren ondorioz, estatuak sektorearen jabetza bereganatu eta irratigintza arautu zuen. Irrati hauetako askoren emisioa debekatzea izan zen erabakietako bat.

Geroztik Frantzia osorako irrati-zerbitzu iraunkor eta zabala ezartzeko pausoak emanten hasi zien eta horrela, Paris Inter (1946) sortu zen. Hedapen horren ondorioz, RTF erakundea sortu zuten (1959) eta 1963an zerbitzu guztiak zentralizatu ziren. Urte bat geroago sortu zen ORTF erakundea. Hirurogeigarren hamarkadan France I, France II eta France III kateei izena aldatu zitzaien, geroztik, France Inter, France Musiques eta France Culture izan ziren.

Irrati-hargailua izateagatik ordaindu beharreko zerga kendu zuten 1978an eta ordutik telebistaren kanonaren bidez finantzatzen dira irratiak.

Liberalizazioaren aldeko mugimendua sendotu zenean, hainbat irrati libre sortu ziren eta 1981an Mitterranden lehendakaritzarekin monopolioaren amaiera iritsi zen. Baina bitartean, irratigintza “periferikoa” izenekoa garatu zen. Alemaniatik (Europe No1), Monte Carlotik (RMC), Andorratik (Radio Andorra) emititzen zuten irrati pribatuek irratigintzak Frantzian zuen indarra agerian utzi zuten eta pisu handia hartu zuten. Bigarren Mundu Gerra amaitzean debekaturik geratu ziren irrati pribatuak izan ziren Frantziako periferian kokatu zirenak.

1981etik, irratigintza libreak giro politiko berrian aurkitu zuen aukera, baina, garapen teknologikoari esker garatu zen. FM-ak, hau da, maiztasun modelatuak irrati asko sortzeko bidea ireki zuen eta gainera, publizitatea emititzeko baimena jaso zuten. Maiztasun modelatuari esker ere, programazio formatuak ugaritu egin ziren. Gaur egun frantziar irrati-sisteman, Conseil Supérieur de l’Audiovisuelek (CSA) horrela araututa, irrati publiko eta pribatuak daude.

Irrati publikoak, hiru multzo handi ditu Radio France, RFO eta Radio France Internationale eta batez ere, telebistaren kanonarekin eta baimentzen zaizkion publizitate bidezko sarrerekin finantzatzen da.

Irrati pribatuen artean berriz, bost irrati-eredu definitzen dira: irrati asoziatiboak (elkarteak, mugimendu sozialak ala kulturalak sortuak), komertzial lokalak, Estatu osorako irrati-kate telematiko batera lotuta dauden irrati komertzialak, irratitelematikoen bideragailu-lana egiten duten irratiak eta orotariko irrati komertzialak.

Irrati hauek publizitateaz bizi dira, baina asoziatiboak, diru-laguntza publikoa jasotzen dute eta aurrekontuaren %20 arteko publizitateaz baliatu daitezke. Aipagarriak dira Europe 1, RTL eta NRJ talde multimediak.

CSA-en arabera lehiakortasunak eta irratien kopuruaren biderketak irratiek programazioetan formatu jakin batera jo behar izatea ekarri du.

Frantzian 2011 urtean zehar egingo dute telebista analogikotik digitalerako jauzia, Lurreko Telebista Digitala (LTD) ezartzean, irrati nagusiak bertatik jaso ahalko dira. Lurreko Irrati Digitala (LID) berriz, 2012 urterako dute aurreikusita. Hala ere, sareak Frantziako irrati gehienak eskaintzen ditu, irrati gehienek on-line zerbitzua esakintzen baitute Internet bidez.

Espainiar Estatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran emisio-maiztasun finkorik ez zuten irratsaioak emititzen hasi ziren Estatu espaniarrean, besteak beste, 1912an Madrilgo Radio Ibéricak zuzeneko musikaldiak eskaintzen zituen. 1924ean berriz, emisio-maiztasun finkoa zuten irratiak sortu ziren, Radio Barcelona eta Radio España (Madril).

Denbora gutxian irratigintzak izaera komertziala bereganatu zuen eta Espainiako hiriburu handietan enpresa pribatu gisa sortutako irratiak zeuden. 1925ean Unión Radio sortu zuten Madrilen eta emisora horrek kate bihurtzeko bidean zenbait irrati berriak sortzeko ekimenak burutu zituen. Irrati honek, SER izena hartu zuen Espainiako Gerra Zibilaren ondoren.

Espainiako Gerra Zibilak agerian utzi zuen irratigintzaren balio militar, politiko eta komunikatiboa eta 1937an sortutako Radio Salamanca -geroko Radio Nacional de España (RNE)- propaganda zabaltzeko tresna gisa erabili zuten. Gerra amaituta, frankismoak sistema publikoa eta pribatua elkar lotuta mantendu zituen, lizentziak emanez eta edukietan zentsura aplikatuz. Aipatutako SER kateaz gain, Compañía Intercontinental eta Rueda de Emisoras Rato sortu zen eta erregimenaren eskutik RNEz gain, Red de Emisoras del Movimiento, Cadena Azul de Radiodifusión eta Cadena de Emisoras Sindicales jaio ziren. 1953an, Vatikanoarekin sinatutako akordio bati esker, parrokietako 200 irrati sortu ziren, beranduago COPEn eta Cadena de Ondas Popularesen sortu zirenak.

Orduan RNEk zuen irrati-albistegiak emititzeko monopolioa eta egoera ez zen aldau Franco hil arte. Honen ondorioz, irrati guztiek, egunean hirutan konekxioak egiten zituzten RNErekin. Informazio-zerbitzuak debekaturik egon ziren 1977 urtera arte.

FMa ezartzean eta Europan irratigintzaren ordenaketa teknikoa egin zenean, irrati-panorama berria gauzatu zen espainiar Estatuan. Besteak beste, RNE, REM, CAR eta CES kateak RTVE ente publikoaren inguruan batu ziren. Garai berean, SER, RATO eta COPE kateei Antena 3 eta Radio 80 gehitu zitzaien. Garai hartan irrati pribatuen sistema osoa gutxi batzuen esku geratu zen.

Irrati libreak frankismoa bukatuta sortu zuren eta FM lizentziak lortu zituztenak kate priabatuetara batu ziren. Hau da, kontzentrazio-joera eman zen. Orokorrean irratigintza informatiboaren garaia zela esaten da.

Autonomia estatutuen itzalpean, 1983 inguruan EAEk (Euzko Irratia), Kataluniak (Catalunya Ràdio) eta Galiziak (Radio Galega) irrati publiko deszentralizatuak sortu zituzten. Haien ondotik beste asko zortu ziren; besteak beste, Onda Madrid (1986), Canal Sur de Radio (1987), Canal 9 Radio (1989)...

90eko hamarkadan irratien kontzentrazio joera areagotu zen eta talde multimedien inguruan batu ziren haietako asko. Oligopolio horren aktore nagusiak, Unión Radio (Prisa eta Godó), Onda Cero (Telefónica Media) eta Unión Ibérica Radio- Radio España (Planeta) ziren.

Espainiako irratigintza pribatua eta publikoa eskutik lotuta sortu eta garatu dira. Lehenengoak, publizitateaz finaziatzen da eta kapitalaren kontzentrazioa eta multimedia garapenaren bidetik garatu da. Estatu osorako emisioak lehenetsi eta formatuaren borrokan egon dira beti. Irratigintza publikoa berriz, diru publikotik bizi da eta Estatu osokoari dagokionez nahiko zentzalista izan da. RNE irratia da publiko nagusiena, hala ere ez da bakarra. Irrati kate hau, publizitaterik emititzen ez duen irrati bakarra da, Espainiako Irrati Telebista Estatutuak horrela aginduta. Autonomia erkidegoetan sortutakoak izan dira eta bertako hizkuntzak, gertuko audientzia eta emisio-propioak dituzte. Irrati hauek garrantzi handia lortu dute zenbait tokitan, besteak beste, Katalunian Catalunya Ràdio-k adibidez. Udal-irratigintza desagertuz joan da apurka apurka eta egun Katalunian, Andaluzian eta Aragonen du indar-apur bat. Hala ere, 500 baino gehiago zeuden martxan 2008 urtean.

Jabegoaren kontzentrazioak irrati eskaintza formatu gutxi batzuen inguruan artikulatzea eta audientzia gehiena formatu horiei erantzunez bereganatu izana eragin du. FMaren ekarpenari esker iritsi zen Espainiara irratigintzaren espezializazioa, geroztik teknologiaren aurrerapenei esker, digitalizizazioa eta internet bidezko irratia garatu dira. 1995etik aurrera, hainbat irrati internetez zabaltzen dira (Ribes, 2001) eta eduki asko interneterako bereziki sortuak izaten dira.

Espainiar irratigintzako irrati gehienak interneten bidez entzun daitezke zuzenean eta 2010 urtean Lurreko Telebista Digitala (LTD) ezarri zenetik, telebista hargailu guztietatik ere jaso daitezke Espainiako irrati nagusiak. Sareak, abaintaila ugari ekarri ditu irratigintzara. Esanguratsuenak elkareragina (chatak, posta elektronikoa, eztabaidak...) eta irratia nahieran zerbitzua dira, azken honen bitartez, entzun nahi diren edukiak aukera daitezke. Internetek hipertestualitatea (esteken bidez lotutako edukiez osatutako testu ez lineala) eta multimedialtasuna (audio, irudi eta soinua nahasten dituen edukiak) garatzeko aukera ekarri du.

Lurreko Irrati Digitala (LID) berriz, 1999 urtean adostutako “Plan Técnico Nacional de la Radiodifusión Sonora Digital Terrenal”-arekin ezarri zen. Digital Audio Broadcasting (DAB) europar sistema ezarri zen (ikus 6. atala, «Etorkizuneko demak»), baina arrazoi teknologiko eta ekonomiak zirela medio ez zuen tokirik aurkitu merkatuan. RNE, SER, COPE, Onda Cero, El Mundo Radio eta Radio Marca irratiak entzun daitezke LID sistemaren bidez eta 2016rako guztiz ezarrita egongo dela dio VivoRadio webguneak.

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Radio San Sebastián (1924), Radio Club de Vizcaya (1925) eta Radio Vizcaya (1925) izan ziten emititzeko baimena jaso zuten lehenego irratiak, baina geroztik, baziren “haririk gabekoaren” emankizunak. Euskal irrati hauek laster batu ziren lehenago aipatutkao Unión Radiora.

Legedia estatal eta Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz 1930. hamarkada nahasia izan zen eta irrati asko sortu ziren. Hala ere, frankistek agintea eskuratu ahala irratiak bereganatu eta propaganda egiteko tresna lez erabili zituzten.

Errepublikazaleek, gerra bitartean eta amaituta ere, erbestean sortutako irratiak erabili zituzten. Aipatzeakoak dira Radio España Independiente (1941) eta Euzkadi Irratia (1946). Azkeneko hau, Iparraldetik hasi zen emititzen eta geroago Venezuelatik eman zion hitza abertzaletasunari. Euskara erabiltzen zuen irrati hau 1977an desagertu zen.

Irratiaren bidez, informazio-tresna, hedabideen eremu-publikoaren zaintza eta edukien inguruko kontrola eskuratu zuten Estatu frantziar eta espainiarrak, Bigarren Mundu Gerra eta Espainiako Gerra Zibilaren osotean. Lehen aipatu dugun bezala, biek jo zuten monopoliorako bidean eta Francoren erregimenak irratigintza pribatua onartu bazuen ere Gutierrezek dionez “garaileen esku geratu den informazioaren eta entretenimenduaren monopolioa”.

Euskal Herrian oso nabarmena izan zen irratien kontzentraziorako joera. Bi hamarkadaz Radio Nacional de Españara batu ziren irrati gehienak eta Donostiatik emititzen hasi zen 1963an. Beste testuinguru politiko batean, baina urte berean, Radio Francek emisore bat ireki zuen Baionan eta noizbehinkako emisioez Euskal Herri osora iristen zen.

Egoera hori izanda Eliza katolikoak parrokien irratiak sortu zituen, bere baloreak irratigintzaren bidez zabaltzeko. Horrela sortu ziren Segura Irratia (1956), Arrate Irratia (1956) Iruñekoa (1959) eta Donostiakoa (1962). Irrati hauetan euskarak oso leku txikia zeukan, hala ere, besteetan baino handiagoa zen.

Berrikuntza teknologiko eta arautegikoak bizi zituen irratigintzak 70eko hamarkadan. FMaren garapenarekin emisora pribatuen kopuruak gora egin zuen. 1982-1983an, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi irrati autonomikoak sortu ziren eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta Donosti eta Bilbotik hasi ziren emititzen. Egoera politiko eta soziala kontuan hartuta ulertzekoa da garai hartan gertatutako irrati libreen ugaritzea. Ipar Euskal Herrian, besteak beste, Gure Irratia (Lapurdi, 1981), Irulegiko Irratia (1982) eta Xiberoko Botza (Maule, 1985) irratiak zeuden eta 1985ean Radio France-Pays Basque sortu zen.

Irrati komertzial asko multimedia-taldeetan txertatu ziren eta horren ondorioz, lehen aipatu dugun bezala, programazioak eta edukiak kateatu ziren. Euskal Herrian garrantzi handia dauka irratigintza publikoak, hala ere, bere lekua aurkitu dute emisio-eremu txikiko irratiek.

Gaur egun, hiru eredu handitan sailka daitezke euskal irratiak: irratigintza komertziala, publikoa eta elkarte edo gizarte mugimenduak sustatutakoa. Irrati komertzialei dagokionez, esanguratsuena Bizkaia Irratia da, baina, Gipuzkoako Loiola- Donostia Herri Irratiak eta Arrate Irratia eta Nafarroan Xorroxin Irratia ere aipa daitezke. Eremu honetan Euskal Herria Irratia dago, baina hau, urteak daramatza emititzeko lizentzia lortu nahian.

Publikoei dagokienez, bi mota ezberdin aurki daitezke. Alde batetik Eusko Jaurlaritzarenak direnak (Euskadi Irratia eta Gaztea adibidez) eta bestetik udal emisoreak. Azkeneko honetan adibide anitz daude: Oñati Irratia, Arrasate Irratia, Oiartzun Irratia, Esan Erran...

Azken ereduari dagokionez, aipatzekoak dira Hegoaldeko Matrallako, Txapa irratia, Tlanttakun, Arrakala, Bilbo Hiria, Irrintzi edo Molotoff. Hauek euskera hutsean dabiltza, baina elebitan aritzen direnak ere badaude, besteak beste, Hala Bedi, Eguzki eta Garraxi Irratia. Irrati hauetako batzuk eta Iparraldeko beste batzuk 2001 urtean Arrosa sarea sortu zuten. Honen bitartez emisio-orduak osatu ahal izatea ziurtatzen dute.

Iparraldeko irratigintza kontuan hartuz, Gure Irratia, Irulegiko Irratia edo Xiberoko Botza dira aipagarriak. Hiru hauek Euskal Irratiak deitura orokorra erabiltzen hasi dira.

Teknologia berrien aurrerakuntza irratigintzara ere iritsi da, eta irratia.com izeneko plataforma horren adierazle da. Interneten bidez abiatu zen 2000ko azaroan, musika kanalak eta zuzeneko emankizunak saretik eskaintzen, gerora podcast egiten hasiz eta Bilbo Hiriaren baitako irratsaio bihurtuz. Egun, beste irrati gehienek ere online entzuteko aukera dute sarean eta Hego Euskal Herrian nagusi diren irratiak (euskarazko publikoak barne) LTDren bidez ere jaso daitezke.

Araubidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian, 1982. urtera arte irratigintza monopolio publikoa izan zen, eta irrati “periferikoen” eragina jasan zuen. Alde batetik irrati publikoa zegoen (Radio France, RFO, RFI). Bestetik, estatu frantziarrez beste aldekoa (Europe No 1, RMC, RTL…).

Geroago, irratiek liberalizazioa lortu zuten FMaren eskutik. Izan ere, komunikazio askatasunaren gaineko legea ezarri zen; 86- 107 legea, hain zuzen ere. CSA (Conseil Supérieur de L’Audiovisuel) sortu zen; ikus-entzutezko mundua arautzeko.

Espainian ordea, sistema mistoa egon da irratia sortu zenetik. Alde batetik publikoa edo estatala (RNE eta irrati instituzionalak) eta bestetik, pribatua (Union Radio, COPE, Radio Iberica, Cadena Rato…). Baina estatu espainiarrean ere, FMaren iraultzak eragina izan zuen irrati arauketan. Dena den, ez zen inolako erakunde arauemailerik sortu.

  • 1980. urtean, Irrati eta Telebistaren estatu legea ezarri zen
  • 1979- 83- 89 eta 1998an plangintza teknikoak egin ziren.
  • 1991ean Udal Irratiei bidea ireki zitzaien.
  • 1999- 2000n irratigintza digitala sortu zen.

Hauez gain, lizentzia berriak onartu ziren:

  • 1981ean Estatuak aurreko taldeak indartu eta berriak sortu zituen

(Antena 3 eta Radio 80).

  • 1982tik aurrera irrati autonomikoak onartu egin ziren.
  • 1983an gatazka bat sortu zen Estatu eta Autonomi Erkidegoen artean.

Ondorioz, ez da lizentzien muga betetzen eta irrati asko legez kanpo geratzeaz gain, lizentzia gabe geratu dira. Horren adibide garbia da Euskalerria Irratiari gertatu zaiona. Euskal Herriaren banaketa administratiboa dela eta Frantzia eta Espainiako arauketa jarraitzen dute irratiek.

Garrantzi ekonomikoa eta egituraketa industriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziar Estatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian, Radio France International da irrati kate publiko nagusia. Hau 18 hizkuntzatan dago entzungai, munduan zehar 40 eta 45 milioi pertsonako audientzia duelarik. Oro har, Afrikarrei zuzenduta dago nazioarteko mailan. Hala ere, Espainia eta Hego Amerikan ere entzuten da orain. RFIk 24 ordutan entzungai dauden 3 seinale propio ditu: RFI Monde, RFI Musique eta RFI Afrique.

Arlo pribatuan berriz, lau dira irrati igorle nagusiak. Europe 1 Communication (Europe 1, Europe 2, RFM…), Radio- Télévision de Luxemburg (RTL, RTL 2…), Radio Montecarlo (RMC) eta NRJ (NRJ, Nostalgie…).

Espainiar Estatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian, irrati igorleak kateetan taldekatzen dira; honetariko bakoitzak programazio propio bat duelarik.[5]

Normalean, irrati kateak komunikazio talde handien menpe daude. Hauetariko askok, irratiez gain, telebista kate eta egunkariak ere badauzkate. Baina digitalizazioaren sortzearekin batera irrati asko interneten bidez entzun daitezke munduko edozein lekutan segundo batzuen atzerapenarekin bada ere. Hala eta guztiz ere, momentu honetan, estatuan legezko 3000 kate daude eta irrati digitalaren asmakuntzarekin, zenbakia areagotuz doa. Erdiak publikoak dira, eta beste erdiak hainbat kate pribaturen menpe daude.

Irrati publikoak udalekoak, autonomikoak eta estatukoak dira. Estatuak, lizentziak ezarri eta frekuentziak administratzen ditu. Hala ere, lizentzia hauek batzuetan komunikabidea kontrolatzeko arma gisa erabiltzen dira.

Bestalde orotariko irratiak eta irrati tematikoak bereiz genitzake. Orotariko irratiek mota guztietako edukiak lantzen dituzte. Albistegia, kirolak, entretenimendua, kultura, etab... Irrati tematikoek ordea, gai baten inguruko programazioa eskeintzen dute. Hauek, audientzia mota jakin bati zuzenduta daude eta normalean musika eta informazioa tartekatzen dituzte.

Irratigintza pribatua hiru irrati kate nagusiez osatzen da: SER (Union Radio), COPE eta Onda Cero. Hala ere, presentzia txikiagoa duten beste bi kate daude: Radio Voz eta Radio España.

Hirugarren irrati mota bat ere badugu, irrati mistoa. Hauetan, orotariko irratiko programazioa eta musika tartekatzen dira. Normalean, tokiko irratietako edukietan ematen da irratia egiteko estilo hau.

Espainiako irrati publikoa, Radio Nacional de Españak eta 7 kate autonomikok ordezkatzen dute.

RNEk[6], orokorrean gazteleraz eskaintzen ditu eduki guztiak eta orotariko edukiak lantzen ditu. Hala ere, Radio Nacional de Españak zenbait kate ezberdin ditu eta bakoitzak gai bat garatzen du.

  • Radio Nacional: Orotariko gaiak lantzen dituen irrati publikoa da. Estatu osora

zabaltzen da.

  • Radio Clásica: Musika klasikoan zentratzen den emisora kulturala da.
  • Radio 3: Orotariko musika lantzen duen katea da. Popa, Rocka, munduko

musikak, musika elektronikoa, Jazza, Bluesa, HipHopa eta Funka lantzen ditu.

  • Ràdio 4: katalanez emititzen den irrati publikoa da. Orotariko gaiak lantzen

ditu, beti ere, Kataluniakoak badira.

  • Radio 5: 15 minutuero albisteak eskaintzen dituen katea da. Aktualitatea eta

berehalakotasuna dira Radio 5en bereizgarri.

  • Radio Exterior: Nazioartera zabaldutako irratia da. Gazteleraz, arabieraz,

ingeleraz, errusieraz, frantsesez portugesez... eskaintzen dituzte edukiak.

  • Catalunya Ràdio: Ia programazio guztia katalanez eskaintzen da eta orotariko

edukiak eskaintzen ditu. (Tot gira, Solidaris, Mans, Converses...)

  • Onda Madrid: Programazioari dagokionez, hurbileko entzuleei zuzendutako

albiste eta kirolei buruz hitz egiten da. (Hoy en Madrid, El Partido de la Una, En juego, La Batuta Magica...)

  • Radio Galega: Programazioa orotarikoa da eta gehienbat galizieraz eskeintzen

da. Hala ere, irrati mistoa dela esan genezake programazio musikal pixka bat tartekatzen duelako.

orotarikoa eskaintzen du.

  • Canal Sur: Andaluziako orotariko irratia da. Magazinak, programa kulturalak,

lehiaketak, musika, kirolak eta albistegia tartekatzen ditu. Gainera, ikusleen partehartze zuzena bultzatzeko zuzeneko konesioak egiten dituzte telefonoz. (Andalucia habla con Olga, La calle de enmedio, El Pelotazo, El llamador...)

  • Canal 9
  • Onda Regional de Murcia: Murtziako orotariko irrati da. Programen artean,

magazinak, albistegiak, kirol emanaldiak eta eztabaidak ditu.

Irrati komertzialak ere aurki daitezke estatu espainiarrean. Hauek, helburu ekonomikoak dituzten irrati enpresak sustatzen dituzte eta finantziazioa publizitatearen bidez lortzen dute.

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko irratia»

Euskal Herriko irratiari dagokionez, egoera ezberdina dago Iparraldean eta Hegoaldean.

Iparraldean, estatu mailako pribatuak daude entzungai; Frantziako estatuko probatuak, hain zuzen ere. Halaber, estatu mailako publikoak ere badaude. Hauek ere Frantzian entzuten diren irrati igorle pribatuak dira.

Hauez gain, tokiko irratiak ere entzun daitezke, baina, leku jakin batzuetan baino ez. Horien artean daude: Antxeta Irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Lapurdiko Irratia, Mendililia Irratia eta Xiberoko Botza. Antxeta Irratia, Irulegiko Irratia, Gure Irratia eta Xiberoko Botza Euskal Irratiak elkartea sortu zuten 1997 urtean. Elkarte honen bitartez emisio orduak betetzeko gai dira irratiak.

Gainontzeko Euskal Herrian, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan, beste irrati egituraketa bat dago. Hemen, udal irrati ugari daude; izan ere, herri askok beren irrati propioa dute. Elorrion, Anboto Irratia; Arrasaten, Arrasate Irratia; Getxon, Getxo Irratia; Bermeon, Itsuki Irratia; Idiazabalen, Zirika Irratia…

Bestalde, irrati libreak ere daude: Arrate Irratia, Bizkaia Irratia, Euskalerria Irratia, Planet Radio... Euskal Herriko irrati libre gehienak Arrosa sarea osatu dute. Sare honen bitartez emisio orduak betetzeko gai dira, edukia amankomunak eskaintzen dituztelako irratiek.

Azkenik, bestelako irrati txikiak sailka daitezke. Bi dira igorle nagusiak: NGR (Radio Nervion eta Radio Gorbea) eta Herri Irratia (Herri Irratia Donostia, Herri Irratia Loiola, Herri Irratia Indautxu, Herri Irratia Arana).

Garrantzi soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituen iritziz, irratiaren garrantzia medioak berak du, beste hedabide batzuek baino hurbiltasun handiagoa ematen baitu. Telebista, egunkari eta abarrekin ez bezala, irratiarekin dugun harremana intimoagoa izan ohi da. Horrek badu bere eragina: entzuleek fidagarritasun handiagoa ematen diote irratiari, edo, behintzat, kasu gehiago egiten dio han esandakoari, beste medio batzuetatik jasotakoari baino. Horrek oso boteretsu bihurtzen du irratia.

Horrek badu eragina publizitatean ere. Irratiko publizitate kuñak oso eraginkorrak izan ohi dira. Batetik, entzuleak medioarekin duen harreman intimoagatik, eta medioari ematen dion fidagarritasunagatik. Bestetik, irratiak 24 orduz emititzeko aukera ematen duelako, eta, ondorioz, posible da gure publizitate kuña guri gehien komeni zaigun orduan sartzea. Horrela errazagoa izango da iragarki hori zuzenduta dagoen publiko zehatzarengana ailegatzea. Gainera, irrati bidezko publizitatea jasotzeko ez dago arreta berezirik jarri beharrik. Esaterako, telebistako edo egunkariko iragarki bati erreparatu egin behar zaio, mezua jasotzeko; arreta eskatzen du. Aitzitik, irratitik datorkigun mezua aise jaso dezakegu beste zerbait egiten ari garen bitartean. Faktore horiek guztiek oso erakargarri bihurtzen dute irratia publizitatean inbertitu nahi dutenentzat, eta, noski, publizitatetik jasotako dirua oso ondo datorkio irratiari.

RAB enpresak Erresuma Batuan egindako ikerketa batek publizitatearen eraginkortasuna aztertu zuen irratian, eta Radio Advertising Efectiveness for Dummies izeneko txostena kaleratu zuen. Txosten haren arabera, irratiko publizitatearen eraginkortasuna telebistakoarena baino apur bat txikiagoa da (3/5), baina gastua askoz ere txikiagoa (1/7). Zer esan nahi du horrek? Bada, prezio berdinean, lau aldiz eraginkorragoa dela irratiko publizitatea, telebistakoa baino.

2003. urtean, berriz, "Sales multiplier" (multiplicador de ventas) izeneko txostena kaleratu zuten. Ikerketa hartan irratian publizitatea zuten 17 enpresaren salmentak aztertu zituzten, eta enpresa bat %30eko irabaziak izatera heldu zen. Bataz-beste, irratiko publizitateari esker enpresek %9ko irabaziak izaten dituztela ikusi zuten ikerketan.

Bestalde, irratian parte hartzen duten entzule kopurua oso altua da, telebistan parte hartzera ausartzen direnak baino gehiago dira. Horixe izan daiteke irratiak eskaintzen duen gertutasunaren adierazgarri.

Gainera, maila sozial guztiek dute eskuragarri irratia; ez da aberatsen kontua soilik. Hegoameriketako leku askotan, esaterako, irratia da biztanleek komunikatzeko duten bide bakarra. Beste medioekin konparaturik, askoz ere merkeagoa da irratia. Funtsean, nahikoa da gailua erosita. Hortik aurrera, irratia piztea besterik ez da behar kanal guzti guztiak entzun ahal izateko.

Bestalde, irratia leku guztietan entzun daiteke: etxean, autoan, lanean, kirola egiten dugun bitartean… anitzak dira irratiaren erabilerak. Izan ere, gero eta txikiagoak, mugitzeko errazagoak eta erabiltzeko sinpleagoak dira irratiak. Hala, astapenetan irratia taldeetan entzuten bazen (normalean familia osoak batera entzuten zuen), orain pertsona bakartien lagungarria bihurtu da, bai fisikoki eta bai moralki. Salto handia eman du, beraz, irratiak.

Lehen esan dugun bezala, fidagarritasun handia dugu gehienok irratian. Ondorioz, irratiak ematen dituen albisteei ere fidagarritasuna ematen diegu. Horrek badu beste arrazoi bat ere: berehalakotasuna. Telebistak eta, batez ere, egunkariek ez bezala, irratiek unean uneko informazioa emateko aukera dute, eta entzuleak asko baloratzen du hori. Gertakari garrantzitsuren bat gertatzen denean argi ikusten da hori, irratiaren audientzia ikaragarri igotzen baita, jendeak momentuko informazioa nahi baitu, azken orduko datuetan oinarritutakoa. Hala, berrien atala izaten da normalean irratiek audientzia maila altuena lortzen duten eguneko ordua.

Ahotsak ere garrantzia handia du irratian. Jendeak segituan identifikatzen du irratiko esataria bere ahotsagatik, eta askotan lotura estua sortzen da. Entzule askok familiakotzat hartzen dute irratiaren beste aldean entzuten duten ahotsarekin, eta horrek leialtasun handia sortzen du. Ahots bati leiala den entzuleak fidagarritasun handiagoa ematen dio hark esandakoari.

Etorkizuneko demak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Digitalizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

FM seinalea aurrerapen handia izan zen bere garaian (AM seinalearen aurrean kalitate hobea zuelako), baina hura sortu zenetik kanal ugari sortu dira irratian, ikaragarri. Hori dela eta, FM txiki geratu da hainbeste kanalentzat, eta horrek nabarmen kalte egiten dio irrati seinalearen kalitateari. Arazo horri aurre egiteko, 1995. urtean DAB sistema estandarra sortu zuten Europa osorako, sistema digitala. Oraingoz, herrialde batzuetan bakarri zabaldu da DAB sistema, eta oraindik analogikoak ere funtzionatzen du. Dena den, posible da etorkizunean irrati digitala gailentzea, eta irrati analogikoa bertan behera gelditzea, orain dela gutxi telebistarekin gertatu den bezala.

Gaur egun, Espainiako irratien %50 inguru da digitala, baina Belgikan, esaterako, %98. Irrati digitala entzun ahal izateko, gailu berezi bat behar da, seinale digitala dekodifikatzen dakiena. Hortaz, gailu tradizionalekin ezingo genuke irrati digitala entzun. Gailu digital horiek, ordea, oso garestiak dira oraingoz. Hori bai, hartzaile digitalekin seinale analogikoa ere entzun daiteke.

Baina zein abantaila ditu irrati digitalak? Bada, irrati digitalaren bidez transmititutako audioak askoz kalitate hobea du analogikoak baino, eta ez da interferentziarik gertatzen. Horrez gain, seinalea ez da aldatzen leku batetik bestera joatean, beraz, beste probintzia batera goazenean, esaterako, ez daukagu irratia frekuentziaz aldatzen ibili beharrik. Gainera, irrati digitalak parte hartzea ere sustatuko luke. Izan ere, audio bidezko mezuak bidaltzeaz gain, posible da, adibidez, entzuten ari garen musika taldearen informazioa irratiaren pantailan bertan ikusi ahal izatea.

Internet[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audientziak aztertu ditugunean ikusi dugun bezala, interneteko audientzia etengabe gora egiten ari da, bestelako medioek bere horretan mantentzeko ere ikaragarrizko ahaleginak egin behar dituzten garai hauetan. Argi dago, beraz, internet dela etorkizuneko medioa, eta gainontzeko medioek, irratiak barne, bi aukera baino ez dituzte: internetek audientzia kentzen uztea, edo eurak ere internetera egokitzea, eta medio hori baliatzea.

Orain arte interneterako saltoa eman duten irratiek zera egin dute, euren programazioa, betikoa, interneten bidez emititu, aldatu gabe. Hau da, zerbitzu bera ematen zuten, baina beste medio bat erabilita. Baina hori ez da nahikoa.

Interneteko medio digitalek, bai irratiek, baita bestelakoek ere (telebista, egunkari…), sareak ematen dituzten aukera guztiak baliatu behar dituzte erabiltzaileak eurenganatzeko. Ez da nahikoa irratirako pentsatutako edukiak interneten bidez zabaltzea. Interneterako apropos sortutako edukiak behar dira, eta horretarako kontuan izan behar da multimediatasuna, besteak beste.

Gaur egun, zaila da bereiztea sarean dauden medioak irratiak, telebista kateak edota egunkariak diren. Izan ere, egunkari digitalek irudiak, bideoak eta audioak sartzen dituzte edukietan. Era berean, irratiak audioaz gain testua ere sartzen du bere edukietan.

Horixe da multimediatasuna. Interneteko komunikabideek eskura dituzten medio guztiak erabiltzen dituzte hartzaileei ahalik eta zerbitzu osoenak eskaintzeko. Hortaz, hori ere dema handia da irratiarentzat.

Audientziaren zatitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irrati kateen ugaritzearen ondorioz, audientzia erabat zatitu da. Beraz, audientziaren zein zatiri zuzendu, eta zati horren eskari eta beharrei erantzuten jakitea izango da irratien etorkizuneko beste dema bat. Horren adibide, gero eta kate espezializatu gehiago sortzen ari dira: musikari buruzkoak, kirolaren ingurukoak… eta audientzia maila ere gehiago igo da halako kateetan, gai orokorreko kateetan baino gehiago.

Irrati lokalak eta erkidegoetakoak ere gero eta gehiago dira. Izan ere, lurralde jakin bateko jendearen interesari erantzuten diote halako kateek.

Irrati-kateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskarazko irrati kateak»

Euskarazko kateen artean, "Euskadi Irratia" hedatuena da Hego Euskal Herrian, "Gure Irratia" Ipar Euskal Herrian den heinean.

Kate espezializatu bakarra "Euskadi Gaztea" da, musika arlokoa.

Erdarazkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelaniazkoen artean, "RNE", "SER" eta "COPE" entzunenen eta beteranoenen artean ditugu.

Frantsesezko aipagarriak ditugu, bestela, "Radio France" eta bere taldekoa den "France Bleu" ("France Bleu Pays Basque" Ipar Euskal Herrian), besteak beste.

Azkenik, ingelesezko "BBC"koak nabarmentzekoak dira.

Irrati-esatariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko euskal esatari ospetsuen artean ditugu Joseina Etxeberria, Arantxa Iturbe, Jaime Otamendi, eta Joseba Zubimendi, besteak bete. Erdal esatarien artean, berriz, nabarmenak ditugu Mariano Ferrer eta Iñaki Gabilondo.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Zer da irratia? - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
  2. Aitzol, Lasa Oiarbide. (2006-11-01). «Analogikoa eta digitala» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
  3. «Zer demontre da podcast bat?» ZUZEU 2019-04-01 (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
  4. «Irratiaren historia | Irratigintza euskaraz | Euskadi Irratia» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
  5. (Gaztelaniaz) «Curso: Irratiaren historia eta egitura Euskal Herrian eta espainiar Estatuan [2013/05[Eus], Tema: Tema 7»] OCW (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
  6. «Radio y programas online» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).
  7. «Euskadi Irratia - Eitb Irratia» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-04).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]