Irrintzi (talde armatua)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Irrintzi Ipar Euskal Herriko talde armatua da.

2006ko urrian agertu zen, Baiona inguruko hainbat sabotaje saiakera (Michèle Alliot-Marie barne ministroaren Donibane Lohizuneko etxetik gertu jarritako lehergailua, adibidez) bere gain hartuz idatzi bat plazaratu zuenean. Antzeko beste ekintza batzuetan ere (turismo etxeen aurka, adibidez), Irrintzi izena erabili izan dute telefono bidezko abisuak egiteko.

Irrintzi taldeak Euskal Herriaren onarpena galdegiten zion Frantziari bere idatzian, Hegoaldean burutzen ari zen prozesuarekin bat egin zezan eskatzeaz gain.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere idatziak (frantsesez idatziak) "Euskal Herria ez da salgai!" aldarriarekin bukatu izan ditu[1]. 2007ko apirilaren 11n, Alderdi Sozialistaren Baionako egoitzatik eta Miarritzeko turismo etxe batetik hurbil, eztanda egin gabeko bi lehergailu aurkitu zituen Frantziako poliziak, Irrintziren izenean hitz egiten zuen pertsona baten deia jaso ondoren; Bokalen, halaber, tren estazioaren aurka tiroak bota zituzten. Ekintza horiek apirilaren 19an aldarrikatu zituen taldeak idatzi baten bidez[2].

Apirilaren 18an beste hiru lehergailuk eztanda egin zuten Getaria, Donibane Lohizune eta Ziburun, dei baten ostean[3]. Ekintzok maiatzaren 5ean aldarrikatu zituen talde anonimo batek[4]. 2007ko ekainean, antzeko eraso gehiago izan ziren[5] [6]. Aldarrikatu gabeko edo era anonimoan erreibindikatutako eraso hauek beste talde batzuen egintza dirudite, nahiz eta xedeak antzekoak izan, etxebizitzen eraikuntza nahiz salmentari lotutakoak, kasu[7].

Atxiloketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko irailaren 24an hamabost lagun atxilotu zituzten Lapurdi eta Nafarroa Beherean, hedabideen arabera horietariko batzuek Irrintzi taldearekin nolabaiteko lotura zutelakoan. Azkenean, atxilotuetatik hamar askatu zituzten, eta beste bostak urriaren 2an, 2006an Bidarrain Alain Ducasse sukaldariaren hotelaren aurkako eraso batean parte hartzea edo konplize izatea egotzi zieten, Irrintzi taldearekiko erlazioa zehaztu gabe[8].

2008[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008ko apirilaren 29an, Le Journal du Pays Basquera bidalitako komunikatu batean, sei ekintza aldarrikatu zituen taldeak, tartean Bidaxunen jarritako bi leherkariekin eginiko eraso saiakera, eta horrekin batera, "Espainia eta Frantziar estatuetako lurralde osoan ekintza armatuak eramateko" hautua egin zuela jakinarazi zuen. [9]

Urte bereko abenduaren 29an, Irrintzik agiria bidali zuen Sud Ouest egunkarira, hamar ekintza nahiz ekintza saiakera euren gain hartuz, besteak beste urriaren 28an Bokalen eraikitzen ari ziren etxe batzuk tirokatu izana, edota AHTren ibilbidean lehergailuak jarri izana. Halaber, Landetan jarritako lehergailu batzuen egiletza ere onartu zuen[10].

2009[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko apirilaren 21ean beste agiri bat bidali zuen hedabideetara, honakoan Sud Ouest egunkariari eta France Bleu irratiari. Bertan hiru ekintza bere gain hartu zituen Irrintzik: 2008ko abenduaren 25ean Angeluko higiezinen agentzia baten aurkakoa (egun horretan Capbretonen, Landak, eraso saiakera izan zela ere adierazi zuen), otsailaren 25ean Angelun bigarren etxebizitza baten aurkako erasoa, eta urtarrilaren 13an Ondresen (Landak) betoizko blokeekin trenbidea oztopatu izana[11].

Irailaren 1ean, bestalde, bi etxe agentzia tirokatu zituzten Hossegorren (Landak). Bertan, ondoko mezuak zituzten idatziak utzi zituzten: Irrintzi.UMP Sarko EH ez da salgai[12].

Abenduaren 17an atxiloketa gehiago izan ziren taldeko ustezko kideen aurka. Horrela, Miarritzen, Angelun eta Parisen lagun bana atxilotu zituzten[13].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]