Iruñeko entzierroa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iruñeko entzierroaren irudi bat
Map
Entzierroaren ibilbidea.

Iruñeko entzierroa edo Iruñeko zezen-lasterketa, Iruñeko festa nagusietan, Sanferminetan, burutzen den ekitaldi edo erritu ezagunena da, zalantzarik gabe. Bertan, arratsalde horretan ospatuko den zezenketan parte hartuko duten zezenak euren lo-lekutik zezen plazara eramaten dira. Entzierroa arrisku handiko jarduera da, bere funtsa zezenen aurrean lasterka egitea baita, hauen adarretara ahalik eta gehien hurbilduz. Zentzu honetan, entzierroa ez da joko bat, tauromakia ariketa konplexu bat baizik, bere teknika eta barne araudi espezifikoak dituena, edozein kasutan, errespetatu beharrekoak.

Iruñeako entzierroa egunean behin izaten da, uztailaren 7tik uztailaren 14a bitartean, biak barne (uztailaren 6an ez dago entzierrorik). Goizeko 7:55an 7:57an eta 7:59an Santo Domingoko aldapako San Ferminen irudiari abesten zaio eta azkenik, goizeko 8:00etan erritua hasten da, suziri baten jaurtitzearekin. Ondotik, Santo Domingoko ikuiluetako ateak ireki eta zezen saldoa maldan gora abiatzen da, ondoren Udaletxe Plazatik pasa eta Mercaderes kalea zeharkatzen dutelarik. Honen bukaerara heldu aurretik, Estafeta kalea hartzen dute bihurgune bortitz bat egiten. Kale luze hau bukatuta Telefonicako bihurgunearen zati hesitua egiten dute ahalik eta, Kailejoia gurutzatuz, zezen plazara sartu arte. Guztira 825 metroko ibilbidea da. Ibilbideak zati ezberdinak ditu, eta parte bakoitzak bere ezaugarri propioak.

Entzierroa ariketa libre eta publikoa da, parte hartzeko ez da inon izenik eman behar, ez eta ordaindu behar ere: korrika egiteko gogorik izanez gero, ibilbideko tarteren batean sartu eta ahalik eta hobekien egitea da garrantzitsuena. Edozeinek dauka, a priori, bertan parte hartzeko eskubidea, 18 urtetik goitikoa bada eta ez badago inolako sustantziaren eraginpean (dena den, bi baldintza hauek, eta arrazoi oso ezberdinak direla medio, askotan ez dira errespetatzen).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goizetako erritu honen erroak, Erdi Aroan topa daitezke. Dena den, ez dago sorrera une zehatzaren inguruko adostasun handiegirik. Historialari batzuen aburuz, Iruñeko entzierroaren jatorria XIV. mendearen amaieran legoke, ordukoak baitira bertan ezagutzen diren lehenbiziko zezenketak, Karlos II.a Gaiztoa Nafarroako Erregeak antolatu zituenak. Beste batzuek aldiz, XII. mendera arte jarraitzen dute entzierroaren arrastoa, iturri idatzirik ez dagoen arren, oso posiblea baita Iruñean lehenagotik ere zezenketak antolatu izana.

Lasterkari edo korrikalariak entzierroa hasi aurretik Santo Domingo Aldapako San Ferminen irudiari abestuz.

Aurrekaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean, entzierroa gaitz ekidiezin bat zen agintari iruindarrentzat. Izan ere, garai hartan zezenketak ospatzen zirenean, animaliak beren jatorritik Iruñeara ekarri behar izaten ziren. Adardunak, unaiek lagundurik, ohiko abelbideetatik iristen ziren erreinuko hiriburura, eta bidearen azken zatia hiriko kaleetatik egin behar izaten zuten, orduko behin-behineko zezen plaza gaur egungo Gaztelu plazan atontzen zen eta. Zezen saldoak hiriko kale estuak zeharkatzeko, iruindarrek oihal eta mantez estaltzen zituzten etxeetako atari eta kale kantoiak, adardunek irtenbiderik ikus ez zezaten, ezbeharrak ekidite aldera. Animalia taldeari bidea irekitzen, bi zaldun joan ohi ziren, hiriko biztanleak zezenen berehalako etorreraz ohartarazteko. Badirudi, egungo entzierroaren aurrekaria (protoentzierro ere dei dakioke), testuinguru honetan sortu zela, gazte iruindarrak kaleak zeharkatzen zituzten zezenen aurrean lasterka egiten hasi zirelarik. Dena den, zezenen aurrean korrika ibiltzearena ez da iruindarren asmakizun esklusibo bat, bertze herri batzuetan ere antzeko protoentzierroak egiten baitziren.

Entzierro modernoaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendearen amaieran, sanfermin modernoen kimua sortu zen. Izan ere, sasoi hartan, San Ferminen omenez urrian burutzen ziren erlijio ospakizunak uztailera aurreratu ziren, udazkenean eguraldi petral xamarra izaten baita Iruñean. Modu honetan, erlijio ospakizunek bat egin zuten ohituraz uztailean bertan ospatzen ziren zezenketa eta ganadu feriarekin, sanfermin modernoen sorrerarako elementuen konberjentzia tenporala eman zelarik. Testuinguru honexetan, lehen aipaturiko protoentzierroa nortasun propioa garatzen hasi zen, bere teknika eta joko-arau berezituekin. Bide honetan, entzierroak zezenketekiko zuen menpekotasuna ttipitzen joan zen , eta erritu independente izateko bidea egin zuen. Prozesu honetan, 1776. urtea mugarri izan zen, Iruñeako udalak entzierroaren ibilbidearen nahitaezko hesitzea ebatzi baitzuen urte hartan, ordura arteko oihal eta manten sistema baztertuz. Antza, sistema zaharrak ez zuen iruindarren segurtasuna bermatzen. Sasoi hartantxe ere, herriko-etxe iruindarrak bidea irekitzen zuten zaldunen papera debekatzen zuten hainbat bando plazaratu zituen. Hasiera batean ez ziren errespetatuak izan, baina denboraren poderioz zaldunen figura desagertu egin zen entzierrotik. Modu honetan, entzierroak egun ezagutzen dugun forma modernoa hartu zuen, pixkanaka-pixkanaka.

XIX. mendean zehar, entzierroa debekatzeko saiakera ugari izan ziren Iruñeko agintarien aldetik, hainbatetan desagertzeko zorian egon zelarik. Izan ere, hainbat agintari iruindarren ustez, entzierroak hiriaren itxura kaxkarra ematen zuen kanpoaldean, eta honez gain, jada ez zela beharrezko argudiatzen zuten, trenbide sarea zegoenetik animaliak garraiobide horretan iristen baitziren hirira, kutxetan sarturik. Baina kasu honetan, iruindarrek behin eta berriz adierazi zuten entzierroaren aldeko herri nahia agintarien borondatea baino indartsuagoa izan zen. Epealdi honetan, entzierroak ibilbide aldaketa ugari ere ezagutu zituen. Gaur egun ezagutzen dugun ibilbidea, aldaketa txiki batzuekin, 1924. urtean ezarri zen, hiriko zezen plaza berria inauguratu zenean. Entzierroa erabat biziberriturik irten zen XIX. mendean zehar pairatu zuen krisitik, zezenketekiko erritu erabat independente eta herritar bezala indarturik. Halaxe iraun du gaur egun arte, aldaketa txiki batzuekin.

Entzierroko azken aldaketa nabarmenetako bat 1892an gertatu zen, korrikalariak entzierroaren hasieraz ohartarazteko, suziri bat botatzea ebatzi zenean. Egungo suziri sistema (bi hasieran eta bertze bi amaieran) 1927. urtean ipini zuten martxan.

Iruñeko entzierroko abestia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egunero-egunero uztailaren 7tik 14ra arte Iruñeko entzierroak hasi aurretik lasterkariek Santo Domingoko aldapako San Fermin santuaren irudi aurrean honako usadiozko gaztelaniazko abesti hau hiru aldiz abestu ohi dute:[1]

« A San Fermin pedimos
por ser nuestro patrón,
nos guie en el encierro
dándonos su bendición
¡Viva San Fermín! Gora San Fermin!
»

2009. urtetik aurrera bertan urtero-urtero ohikoak diren lasterketari talde baten ekimenez eta San Fermin jaietako une garrantzitsuenetako bat den honetan euskarak ere bere tokia izan dezan, abestia bi hizkuntzetan abesten da. Euskarazko bertsioa honako hau da, akatsak eta guzti:

« Entzun arren San Fermin
zu zaitugu patroi,
zuzendu gure oinak
entzierro hontan otoi.
¡Viva San Fermín! Gora San Fermin!
»

Teknika eta arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpotik ikusita ihesaldi itsu bat badirudi ere, entzierroa tauromakia ariketa dugu, beste zezenketa mota bat. Hau horrela da lasterketaren barrenean arauak daudelako, baita zezenen aurrean korrika egiteko teknika espezifiko bat ere. Teknika eta arau hauek errespetatzen badira, entzierroak bere baitan daraman oreka mantendu egiten da, eta korrikalariek zezena menderatzen dute, betiere beraien esku egon daitezkeen parametroen barrenean (entzierroan, ezustekoak eguneroko ogi dira). Horra hor, entzierroaren funtsa.

Entzierroaren barrenean, oreka mantentzen duten teknika eta arauak daude.

Teknika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entzierroan, ezin da edozein modutara lasterka egin, horretarako teknika espezifiko bat baitago. Maila teorikoan erraza badirudi ere, korrikalari batek urteak (entzierro asko) behar izaten ditu teknika hau menperatu eta entzierroak beti dakartzan ezusteko eta arazoei behar bezala aurre egiteko, zezenarekin daukan aurrez aurrekoan garaile irteteko. Orokorki, hiru atalek osatzen dute entzierroak korritzeko teknika.

Teknikaren lehen atala, lasterraldira sartzea da. Oro har, bi era bereizten dira zezenen aurrera sartzeko. Bata, kale bazterrean itxarotean datza, sartzeko unerik egokienaren zain. Bestea berriz, kalearen erdialdean lasai-lasai korrika hastean, zezen saldoa hurbildu ahala abiadura irabazi eta animalien abiadurari egokitzeko. Korrikalari bakoitzak, bere estiloaren edota korritzen duen lekuaren arabera, bata edo bestea aukeratuko du.

Bigarren atala, lasterraldia bera dugu. Korrikalariak, bere teknikaren exekuzioan, hainbat faktore hartu behar ditu kontutan. Lehena eta ebidenteena, atzetik datorkionari adi egotea da, hor baitago entzierroko arrisku handiena. Korrika dabilenak, animalien abiadura, nondik datozen eta berehala gainera etorri dakiokena irakurtzen jakin behar du, dena oso segundo gutxitan, lasterketaren ezustekoak ekidin eta lekurik onena hartzeko. Orduan, ahalik eta denbora gehien iraun behar du zezenen edota zezenaren adarren aurrean. Baina lasterketan bertan, korrikalariak bere aurrealde eta alboak ere zaindu behar ditu, ez baitago bakarrik. Horretaz, bidean suertatzen diren oztopoak sahiesteko adi egon behar du: korrikalari eroriak, jende pilaketak, bultzadak, zezenik beregana desbideratzen ote den... Hau da entzierroko unerik gorena korrikalari batentzat.

Teknikaren hirugarren eta azken atala, lasterketatik erretiratzea da. Korrikalari bakoitzak segundo gutxi batzuk baino ezin ditzake eman zezenaren aurrean, adardunen abiadura izugarria izaten baita, 25 km orduko, batez beste. Une hau oso arriskutsua izaten da, zezenak bertan daudelako. Oso denbora tarte laburrean, korrikalariak irtenbide bat atzeman behar du, zezenak daraman norabidetik atera ahal izateko. Momentu horretan ere, oso garrantzitsua da norabide guztiak zaintzea, beste korrikalarien aurka talka egin eta lurrean ez amaitzeko.

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entzierroa ez da kaos bat, edo behintzat ez luke izan behar. Arestian aipatu bezala, entzierroak arau batzuk ditu, korrikalarien eta zezenen arteko oreka harremana ez haustea helburutzat dutenak. Arautegia dirudiena baino konpelxuagoa den arren, hona hemen entzierroa korritzeko errespetatu behar diren urrezko legeak:

  • Laster egiteko oinetako egokiak eramatea, eta ezer gehiagorik ez (motxilak eta halakoak). Trasteak oztopo arriskutsuak dira.
  • Lurrera eroriz gero, ez altxa animalia guztiak igaro arte. Hobe da zanpatua izatea, adarkatua izatea baino. Une txarrean altxatzea oso garesti ordaintzen da.
  • Ezin da zezenik ukitu. Despistatu egiten dira eta ezbehar bat gerta daiteke.
  • Behin zezen saldoa pasata, ez jarraitu haien atzetik lasterka. Baten bat gelditzen bada edota buelta ematen badu, oso erraz harrapa zaitzake.
  • Bakarrik eta noraezean gelditzen diren zezenek entzierroko unerik arriskutsuenak sortzen dituzte. Esperientzia aski ez duenak, ibilbidetik ateratzea du onena.
  • Deskantsatua egotea komenigarria da. Edozein kasutan, burugabekeria itzela da alkoholaren edota bestelako sustantzien eraginpean parte hartzea.
  • Gainontzeko korrikalariekin begirunez jokatu behar da beti. Beraiek ez dira etsaia.

Hauexek dira oinarrizko arauak, nahiz eta lehen aipatu bezala, arautegiko lege eta gomendioak gehiago ere badiren. Azkenik badago beste lege bat, ez dagokiona propioki entzierroaren arautegiari: legediaren arabera, adinez txikikoek ezin dezakete lasterketan parte hartu. Dena den, lege hau ez da asko errespetatzen. Izan ere, tazitoki onartua dago 15-16 urtetik aurrera parte hartzea, korrikalari gehienak adin horretan hasten direlarik entzierroan korritzen.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeako entzierroak egiten duen ibilbidea oso berezia da. Zati ezberdinen berezitasunek, aniztasun eta ikusgarritasun handia ematen diote lasterketari. Ibilbideak Iruñeko Alde Zaharraren bihotza zeharkatzen du, eta tarte horretan, maldak, enbutuak, bihurgune bortitzak eta tunel estuak topa daitezke. Ibilbidearen luzeera 825 metrokoa da eta bere zabalera asko aldatzen da, zatiaren arabera.

Entzierroan ibilbidean hainbat zati edo tramo bereizten dira, bakoitzak bere ezaugarriak dituelarik. Ezaugarri hauen ondorioz, entzierroaren garapena desberdina da tramo bakoitzean. Zentzu honetan, oso ezberdintasun handia dago Santo Domingoko maldan garatzen diren lasterketen eta Estafetakoen artean, Mercaderes kalekoen eta Telefonika deritzon zatikoen artean bezala.

Tramoen bereizketaren inguruan ere, irizpide ezberdinen arabera, sailkapen ezberdinak daude. Edozein kasutan, hemen ezagunena aurkeztuko dugu.


Santo Domingo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Santo Domingoko aldapa»
Entzierroaren monumentua.

Hauxe dugu entzierroko lehen partea. Zati honen berezitasun nagusiena bere goranzko malda da, batez beste %6koa. Santo Domingoko aldapak, bestalde, 270 metroko luzeera du. Orokorki, hiru dira Santo Domingoko aldapan bereizi daitezkeen atalak. Lehen atala, harresien oinean dauden animalien ikuiluetatik Nafarroako Hezkuntza Departamendura dauden 100 metroak dira. Tarte honetan ez dago korrikalaririk, udaltzainek hesi bat eratzen baitute beheraino jaitsi ez daitezen. Hau dela eta, suziriak eztanda egin eta ikuiluetako ateak zabaltzen direnean, entzierroaren ibilbideko lehen ehun metroak bakardadean burutzen dituzte zezen eta joaldunek. Maldaren bigarren atalean, korrikalari eta zezenek topo egiten dute. Kalea asko estutzen da bi pareten artean, eta zati honen desnibela %10ekoa da, 70 metroko luzeera duelarik (ikus, eskuineko argazkia). Kalearen azken atala, ezkerreranzko bihurgunetxo batekin hasten dena, askoz ere zabalagoa eta lauagoa da oro har (ikus, beheko irudia), nahiz eta zati honen amaieran, udaletxeko plazara iritsi baino lehenago, kalea berriz estutzen den, enbutu antzeko bat sortuz.

Santo Domingoko maldan, zezen saldoak izugarrizko abiadura darama, entzierro osoko handiena. Hau horrela da animaliak oraindik fresko daudelako, baita maldan gora azkarrago joaten direlako ere, aurreko bi hankak motzagoak baitiuzte. Hortaz, Santo Domingoko lasterraldiak nahiko motzak izaten dira, eta arrunta da korrikalari ugarik lurrean amaitzea edota adardunek, daramaten abiadura dela eta, aurretik eramatea. Tramo honetan, korrikalariek apenas izaten dute denborarik entzierroak korritzeko teknikaren fase guziak marrazteko. Santo Domingon, bertze leku batzuetan baino jende gutxiagok hartzen du parte eta bertakoak ere gehiago izaten dira. Honez gain, zati honetan laster egiten dutenen artean, adinaren batez bestekoa altuagoa da.

Udaletxeko plaza - Mercaderes[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entzierroaren bigarren zati honetan, bi azpi-atal bereiz daitezke: Udaletxeko plaza eta Mercaderes kalea. Leku honetan, ordura arteko malda garrantzitsua amaitu egiten da, zorua lautu egiten delarik. Tarte honen luzeera 104 metrokoa da.

Zezenak eta korrikalariak Udaletxeko plaza zeharkatzen

Entzierroa Udaletxeko plazara sartzen delarik, ibilbidea izugarri zabaltzen da. Leku hori baliatzen dute korrikalari askok, Santo Domingo amaierako enbututik atera ostean lasterketatik erretiratzeko. Animaliek ziztu bizian zeharkatzen dute plaza, eta honen amaieran, ezkerreranzko bihurgune bat hartzen dute, Mercaderes kalean sartzeko. Mercaderes kalea zuzena da oso, baina honen amaierara heldu baino lehen, entzierroko inflexio puntu garrantzitsuenetako bat dago. Hain zuzen ere, inflexio puntu hori eskuineranzko bihurgune bortitz bat da, 90 gradukoa. Bihurgune honetan, zezenek horma jo ohi dute askotan (azkenaldian gutxiago), eta ordura arte baturik mantendu den animalia taldea, banantzen hasten da talkaren eta nekearen ondorioz.

Udaletxeko plaza eta Mercaderes kaleko entzierroaren zati honetan, adardunen abiadura oso bizia da oraindik, baina ibilbide lauak eta bihurguneek zertxobait apaltzen dute hauen abiadura. Zati honetan laster egiteko era Santo Domingokoaren oso antzekoa da, lasterketa labur eta intentsoekin. Zertxobait lasai eta luzexeagoak dira, agian, ibilbidea zabal eta lauagoa dela aintzat hartzen badugu. Mercaderes eta Estafeta kaleen artean dagoen bihurgunea arrisku handiko unea izan daiteke korrikalarientzat, batez ere bihurgunea kanpotik hartzen badute (normalean atzerritarrek egiten duten akatsa da hau), zezen saldoak paretaren aurka harrapa baititzake.

Estafeta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Estafeta kalea»

Estafeta kalekoa da, ezbairik gabe, entzierroko zati enblematikoena. Estafeta kalea, orokorki, oso zuzen eta luzea da. Hain juxtu, hau da entzierroko tramorik luzeena, 304 metroko luzeerarekin. Estafeta kalean, ibilbidea estutu egiten da berriz. Hori horrela, entzierroaren zati luze honek 9 metroko zabalera du, gutxi gora-behera. Erdialdean, 150 metro pasata edo, eskuineranzko bihurgune oso xume bat du, ia nabaritzen ez dena. Kalea ia bukatzera doalarik, dexenteko zabalera irabazten du.

Estafeta kalean, entzierroak korritzeko teknikaren osotasuna garatzen dute parte hartzaileek. Izan ere, zezen eta joaldunak kale honetara sartzen direnean, beren abiadura moteldu egiten dute, gorago aipatu ditugun arrazoiengatik. Honez gain, animalia taldearen batasuna apurtzen hasten da, eta beraien artean tarteak agertzen hasi. Tarte hauek baliatzen dituzte Estafetako korrikalariek, zezenen adarren aitzinean ipintzeko. Estafetako lasterraldiek gehiago irauten dute, eta kale hau oso luzea dela ikusirik, zezenen aurreko hainbat errelebo edo korrika txanda ikusteko aukera izaten da bertan.

Estafeta kalean eta handik aurrera, korrikalari kopurua nabarmenki hazten da. Hau oso begibistakoa da kale honen erdialdetik aurrera. Leku batzuetan, korrikalari kopuruak aurreko zatietakoa bikoiztu egiten du. Halaber, Estafeta kalean hasten da zezen bakartiekin topatzeko benetako arriskua, nekearen ondorioz, beren kideak galtzen baitituzte askotan.

Telefonika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Telefonicako bihurgunea»

Zati honek, inguruan dagoen telekomunikazio enpresa ezagunaren egoitzari zor dio bere izena. Hau da alboetan etxebizitzarik ez duen entzierroko zati bakarra, Udaletxeko plazarekin batera. Bi aldeetatik, hesi bikoitza du. Zentzu honetan oso gune argitsua da. 95 metroko luzeera du, eta 6 metroko zabalera. Zati hau laua da, baina bukaera aldera beheranzko malda bat du, zezen plazako kailejoira sartu aurretik.

Telefonikako zatia oso masifikatua dago, korrikalari kopurua oso handia da bertan. Jende andana horrek, sekulako borrokaldiak izaten ditu zezenen adarretara hurbiltzeko. Entzierroa amaierara heltzen ari den honetan, zezenak astiroago joaten dira nekearen ondorioz, eta beraien arteko distantzia eta tarteak handiagoak izaten dira. Esperientzia gutxi duten kanpoko korrikalari gehienek hemen egiten dute laster, arrisku gutxiagoko zati izatearen fama okerra baitu. Errealitatea bestelakoa da ordea, Telefonikako zatia, kailejoia eta zezen plazarekin batera, entzierroko tramo arriskutsuena baita. Izan ere, leku honetan askotan suertatzen dira noraezean dabiltzan zezen bakartiak, eta hauek dira, lehen esan bezala, entzierroko egoera arriskutsuenak sortzen dituztenak. Honi, bertan izaten den gehiegizko jendetza gehitu behar zaio.

Guzti honek, askotan, kaos handiko egoerak sortzen ditu bertan: korrikalari pilaketak, erorketa asko, buelta ematen duten zezenak, adarkatze larriak...

Kailejoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kailejoia»

Entzierroko leku ilun, arriskutsu eta klaustrofobikoena da hau. Kailejoia, zezen plazara sartzeko tunela da. 25 metroko luzeera du, eta bertan, ibilbide osoko gunerik estuena aurki dezakegu: 3,6 metroko zabalera duen pasabidea. Kailejoia, zentzu honetan, benetako enbutu bat da, aurrera egin ahala gero eta gehiago estutzen dena.

Korrikalariak garbi izan behar du, behin hara sartuta ateratzeko aukerak izango dituela, gainerakoan hobe da kanpoan geratzea. Korrikalarien erorketa eta pilaketa handiak ohikoak dira tunel ilun honetan. Adarkatze larri asko, giza pilakata izugarriak eta hainbat heriotza eman dira gune honetan historian zehar.

Zezen plaza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Iruñeko zezen plaza»

Entzierroa Iruñeko zezen plazan amaitzen da. Ikuspuntu teknikotik, hau ez da entzierroaren zati bat, zezenek ez baitute kale edo pasabide batetik norabide bakarrean korrika egiten. Plazara iristen direlarik, adardunak plazatik banantzen dira, ahalik eta dobladoreek bertako ikuiluetan sartzen dituzten arte. Animaliekin heltzen diren korrikalariak, bestalde, plazara sartu bezain pronto, ezker eskuin zabaltzen dira, abaniko deritzon irudia sortuz. Ondotik, plazako hesien beste aldera igarotzen dira. Dena den, zezen plaza oso leku arriskutsua da, zezenak beren kasa ibiltzen direlako. Arrisku handiko uneak sortu izan dira beti leku honetan, historian zehar hainbat hildako suertatu direlarik.

Entzierroaren aurpegi beltza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entzierroak, arrisku nabarmeneko jarduera den aldetik, badauka bere kronika iluna, hildako eta zauritutakoez osatzen dena. Dena den, parte hartzea eta zezen kopurua ikusirik, gertakariak larriak izanik ere, entzierroan barne oreka bat egon badagoela adierazten du estatistika hotzak.

Heriotzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko entzierroan, datuak daudenetik (1924. urtetik), 15 pertsona hil dira. Hona hemen zerrenda:

Entzierroko heriotza gehienak zezen plazan jazo dira
  • Esteban Domeño (1924-7-13 - Telefonika). Zezenak eskuinaldeko hesiaren aurka egin, eta bertan adarkada oso larria eman zion Iruñeako entzierroko lehen biktima ezagunari, aldean zauri hilgarria eragin ziona.
  • Santiago Martinez (1927-7-8 - Zezen plaza). Entzierroa zezen plazara iritsi zelarik, zezen bakarti batek eskuinalderantz egin eta bertan, sabelalde osoa ireki zion 34 urteko igeltsero honi.
  • Gonzalo Bustinduy (1935-7-10 - Zezen plaza). Gazte mexikar hau mozkorturik zegoen, eta zezenak xaxatzen hasi zen, ahalik eta batek eskuin hemitoraxean hilgarriki adarkatu zuen arte.
  • Casimiro Heredia (1947-7-10 - Estafeta). Hauxe dugu, Semillero, Murube ganadutegiko zezen famatuaren lehen biktima. Hainbat adarkadez, aldea irekiz, gibela eta birikak kaltetu zizkion. Hainbat korrikalari saiatu bazen ere, ezin izan zuten zezena mutilaren gainetik kendu.
  • Julian Zabalza (1947-7-10 - Zezen plaza). Atarrabiako gazte hau entzierroaren amaiera ikustera joan zen zezen plazako harmailetara. Azken zezena etortzen ez zela ikusirik, hondarrera jauzi egin zuen, eta aurrez aurre topatu zen iritsi berria zen Semillerorekin. Adarkada batez saihetsak eta birikak hondatu zizkion.
  • Vicente Urrizola (1961-7-9 - Santo Domingo). Elektrizista hau maldan lasterka ari zelarik, lepoan adarkatu zuten, hainbat orno hautsi zizkioten.
  • Hilario Pardo (1969-7-12 - Santo Domingo). Murtxanteko korrikalari hau maldaren eskuinaldean harrapatu zuen zezenak. Adarkadak aorta arteria hautsi zion, eta berehala hil zen.
  • Juan Ignacio Eraso (1974-7-12 - Telefonika). Txantreako 18 urteko gazte hau, hesiaren ondoan makurturik zegoen. Zezenak lepotik hartu eta bertze alderaino bota zuen. Gaztea, lepoko zaurien ondorioz, ordu batzuetara hil zen.
  • Gregorio Gorriz (1975-7-9 - Kailejoia). Egun hartan, korrikalari pilaketa suertatu zen kailejoian, zezenei bidea itxiz. Pilaketa hau desegiten hari zenean, adardunak pasatzen hasi ziren, eta hauetako batek, 41 urteko gizasemeari hiru adarkada hilgarri eman zizkion.
  • Jose Joaquin Esparza (1977-7-8 - Kailejoia). Urte hartan ere, izugarrizko korrikalari pilaketa suertatu zen kailejoian. Egun hartan baina, Miurako zezenek korritu zuten, eta hauengan ohikoa den bezala, ez zuten inor adarkatu pilaketa hartan. Baina Jose Joaquin Esparza gaztea, pilaketaren azpian zegoena, zanpaturik hil zen.
  • Jose Antonio Sanchez (1980-7-13 - Udaletxeko Plaza). 1947an gertatu bezala, egun hartan ere, zezen batek protagonismo iluna irabazi zuen, bi korrikalari hilez. Antioquio izena zuen. Udaletxeko plazara iritsi zelarik, Zentronikoko 26 urteko gazte hau adarkatu zuen, eta gibela txikitu zion zauri larri bat eraginez.
  • Vicente Risco (1980-7-13 - Zezen plaza). Antioquio zezen plazara iritsi zen, eta eskuinera egin, bertan Badajozeko gazte hau harrapatu zuelarik.
  • Mathew Peter Tassio (1995-7-13 - Udaletxeko plaza). Santo Domingoko maldatik irtetean, 22 urteko gazte estatubatuar hau lurrera erori zen. Une horretan, entzierroa korritzeko arauak ezagutzen ez zituenez, altxatzen hasi zen, eta bidea irekitzen zuen Torrestrella ganadutegiko Castellano zezenak adarra barruraino sartu zion, aorta arteria apurtuz. Gaztea berehala hil zen. Hau da, Iruñean adarkadaz hil den azken korrikalaria.
  • Fermin Echeverria (2003-7-8 - Mercaderes). Esperientzia handiko korrikalari beterano honi, zezen batek kolpea eman eta lurrera bota zuen. Buruan kolpe izugarria hartu eta ondorioz, koma egoeran sartu zen. Bi hilabete eta erdi hospitalean eman ondoren, irailean hil zen.
  • Daniel Jimeno Romero (2009-7-10 - Telefonika). Capuchino izeneko Jandilla batek hil zuen 27 urteko Alcalá de Henaresko gaztea[2].

Zaurituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Logikak kontrakoa adierazten duen arren, zauritu larrien kopurua oso txikia izan ohi da Iruñeko entzierroan. Izan ere, kontuan hartu behar da, goizero-goizero ehunka direla zezenen aurrean lasterka aritzen diren korrikalariak. Zentzu honetan, eta zezenen aurrean ibili eta adardunari erronka luzatzeak dakarren itzelezko arriskuaz jabeturik, Iruñeko entzierroan ematen den zauritu larrien kopurua, hau da, adarkadak edota larritasun handiko traumatismoak jasaten dituzten korrikalariena, izan daitekeena baino askoz ere baxuagoa da.

Lasterketaren arrisku potentziala kontuan hartuz gero, larriki zauritutako oso korrikalari gutxi izaten da Iruñean

Entzierroko korrikalarien artean, arruntena zauri arinak izatea da, tokian-tokiko artatze lana aski izaten dutenak: kolpeak, urradurak, esgintzeren bat edo beste... Plazaratuak izan diren datuen arabera, ibilbidean dauden 60 korrikalaritik batek arestian aipaturiko zauri arinen bat pairatzen du. Zauriok, entzierroaren dinamika naturalaren barrenean kokatu behar dira, lasterraldia oso bortitza izaten baita, bultzada, kolpe eta erorketa ugarirekin.

Zauri larrien estatistika aldiz, oso bestelakoa da. Azken aldian egin diren datu azterketen arabera, betiere paperaren gainean, 3000 korrikalaritik batek jasaten du adarkadaren bat. Ia kasu guztietan, gutxi batzuetan izan ezik, korrikalaria erabat osatzen da. Era berean, egin diren kalkuluen arabera, 100.000 korrikalaritik bat, entzierroan hiltzen da.

Datuok adierazten duten bezala, entzierroan oso korrikalari gutxi suertatzen da larriki zauriturik. Baina arriskua, baita bizia galtzekoa ere, beti dago presente entzierroan. Hain zuzen ere, arrisku potentzial hori bertan sentitzea, bizia bera ere arriskuan ipintzea...horixe da entzierroko korrikalaria benetan motibatzen duena, eta entzierroari berari nortasun eta zentzua ematen diona. Korrikalariak, maila teoriko batean borrokaldiari ahultasunetik ekiten badio ere, teknika exekutatuz eta arauak errespetatuz, garaile suertatzen da ia beti.

Monumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasterkari ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Iruñea

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]