Iruzurra idatzizko probetan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txuleta (irudian) idatzizko probetako iruzur ohikoa da.

Iruzurra idatzizko probetan idatzizko proba estandartu bat gainditze aldera prestatu eta gauzatzen diren iruzur mota guztiak biltzen ditu, hala nola txuletak, ezarritako arauen aurka erantzunak koaderno, liburu edo beste ikasmaterialetik zuzenean kopiatzea, nolabait beste pertsona batengandik erantzunak jasotzea eta ematea (txibatzea, Hego Euskal Herriko ikasleen jargoian), identitatea faltsutuz beste pertsona bat ordeztea eta proba idatzia ezkutuan eta aurrez eskuratzea. Inoiz idatzizko probetan iruzurra egin dutenen kopuruaren zenbatespena egitea zaila bada ere, ikastetxeetan fenomeno orokorra eta zabala dela egiaztatu da, iruzurrean harrapatu eta zigortzen diren pertsonak erlatiboki gutxi badira ere. Ikasleek iruzurra justifikatzeko maiz erabiltzen duten jokabidea aitzakiak ematea da, bereziki egoera pertsonalari, irakaslearen jokabideari eta irakasgaiaren zailtasunari egotziz. Etika arloan, idatzizko probetako iruzurra gai eztabaidagarria da: ikasle eta hautagaien arteko berdintasunaren aurkakoa dela irizten da, ebaluazio-sistema bera bidezkoa den zalantzan jarri gabe. Etikaren aldetik iruzurra gaitzesteko aipatu diren beste arrazoien artean, iruzurrak ikaslearen ikaskuntza oztopatzea eta irakaslearen aurkako erasoa izatea aipatu dira.

Iruzur-modalitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txuleta tamaina txikiko paper bat da, non ikasleak formulak eta zerrendak idazten dituen, azterketan informazio hori beharko duelako esperoan. Txuletak ikasmaterialaren zorroan, bolaluman, kalkulagailuan eta soinean eramaten dira. Mahai gainean, besaurrean eta eskuan ere idatzi ohi dira. Azterketaren zaintzailea begira ez dagoenean atera edo bistan jartzen dira, horietan dagoen informazioa kopiatu eta erabiltzeko. Gehienetan, ikasleek bakarka egiten duten iruzur mota da. Zaintzaileak txuleta aurkitzea da modalitate honen arriskurik handiena, kasu horretan txuleta bera erabil baitaiteke iruzurraren froga gisa, txuleta ez dela erabili argudiatzen bada ere. Txuletaren arriskuak saihesteko, apunteak atera eta liburuak zabaldu daitezke; horretarako ohikoa da horiek mahai azpian edo lurrean eskura edukitzea, irakaslea deskuidatzen denean behar diren orriak atera edo liburua behar den orrialdean zabaltzeko.

Azterketa egiten ari den beste pertsona batengandik erantzunak jasotzea, bere baimenik gabe edo bere laguntzaz, izaten da iruzurra egiteko beste modalitate arrunt bat. Ohikoena alboan edo aurrean eserita dagoen pertsonaren azterketari begiratzea da, maiz bere laguntzaz, azterketa hurbilduz. Ikasle bat bestearen aurrean dagoenean, dakien ikasleak aurrean esertzen da, eta azterketa albo batera jartzen du, atzeko ikasleak azterketa aise ikus dezan. Batzuetan, luzeak diren azterketetan esaterako, ez da aski orrialde bat erakustea eta elkar hartuta dauden ikasleen arteko komunikazioa beharrezkoa da iruzurra arrakastatsua izan dadin; kasu horietan ikasleek keinuak egiten dizkiote elkarri komunikatzeko. Atzean dagoen ikaslea bizkarrean emandako sastaden bitartez komunika daiteke aurrean dagoen ikaslearekin.

Txuleta bat prestatu eta atera eta beste pertsona bati kopiatzeko une egokienak zaintzailea deskuidatu eta iruzurrean dauden ikasleei begira ez dagoenean izaten dira. Hirugarren pertsona batek irakasleari galdera egiten dionean, batzuetan irakaslea nahita deskuidatzeko beste ikasleekin elkar hartuta, eta azterketak jasotzen ari diren azken uneak ere baliatzen dira iruzurra egiteko.

Txuleta bat prestatu eta ateratzea eta alboko pertsona bati kopiatzea izaten dira iruzur-modalitate ohikoenak eta arinenak. Proba idatzia beste pertsona baten ordez egitea eta azterketa aurrez ezkutuan eskuratzea modu larriagoak dira, eta delitutzat hartzen dira kasu askotan. Proba bat beste pertsona baten ordez egitea lehiaketa publikoetan, gidabaimena eskuratzeko, hizkuntza-maila bateko proba gainditzeko edo beste zertifikazio baterako probetara mugatzen dira gehienetan, proba egin behar duenaren pertsonaren ordez probaren gaiaren inguruan jakituna den pertsona bat aurkezten denean.[1][2] Irakasle batek bere ikasleei egindako azterketetan, berriz, ez da ohikoa, irakasleak bere ikasleak ezagutzen baititu, unibertsitateko probetan izan ezik, non eskoletara bertaratzea borondatezkoa izaten den. Beste iruzur-modalitate bat proban zehar erantzunak kanpotik jasotzea da, telefono mugikorretik edo beste gailu batetik bereziki.

Azterketaren filtrazioa azterketaren prestaketan eta zaintzan esku hartu duen pertsona baten eskutik etor daiteke, jakinaren gainean edo zuhurtziagakeriaz ikasle eta hautagai batzuen alde eta orduan prebarikazio delitua izan daiteke. Batzuetan, iruzur mota hau modu masiboan ere gertatu da.[3] Beste batzuetan ikasle eta hautagaiek eskupeko baten trukean eskuratu dute azterketa aldez aurretik. [4] Beste egoera batean, ikasle eta hautagaiek berek probaren aurretik azterketa gordeta dagoen lekura sartu eta legez kanpo eskuratu dezakete. Azkenik, ohikoagoa izaten da ikastetxeetan gerlaz gela txanda batzuetan egiten diren proba idatzietan, azterketa gela batetik bestera telefono mugikorra erabiliz filtratzea.[5]

Iruzur-modalitate esplizitu horiez gainera, iruzur inplizitu edo ezkutua ere badago, esaterako irakasleak berak gainditu-mailara heltzen ez diren ikasleei kalifikazioa igotzen dienean horrenbeste ikasle suspenditu egon ez daitezen. Beste iruzur inplizitu mota bat ikaskuntza prozesua azterketa gainditzera mugatzen denean gertatzen da.

Iruzurra saihesteko neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasleak beraien arteko tarte handi batez sakabanatu eta kopuru txikitan biltzea da iruzurra idatzizko probetan saihesteko neurrietako bat.

Iruzurra praktika orokorra den arren, iruzurra zigortzen den kasuak gutxi dira. Iruzurraren ikerketa eta zigorra baztertzearen arrazoi gisa, irakasleek egoera horiek sortzen dituzten estresa eta egonezina, iruzurra frogatzeko zailtasuna, iruzur kasu bati aurre egin eta zigortzeko arau-prozesu luzea, ikasleen mendekuari beldurra aipatu dira, irakasle-ikasle harremanaren itxuragabetzearekin batera[6]. Iruzurra aldez aurretik prebenitzeko neurri exogenoak, berriz, hala nola kontrol-neurriak eta zigorrak, ikasleek iruzurraren aukera bazter dezaten erabakigarriak direla frogatu da, erru-sentimendua, irakasle eta beste ikasleekiko zintzotasun eta leialtasun balioak eta kontrol sozialerako beste mekanismoak baino askoz ere gehiago.[7][8]

Beste alde batetik, prebentzio neurri moduan, gelaren tamaina egokia, probako lagun-kopuru kontrolagarria, gelako zaintzaileen kopuru nahikoa [9] eta beereziki erantzun mugatuko galderak dituzten probetan, proba eredu desberdinak jartzea (galderen ordena aldatuz, esaterako)[7] garrantzitsuak direla frogatu da. Erantzun mugatuko test erako azterketetan ere iruzurra maizago gertatzen dela frogatu da. Kasu hauetan, erantzunen azterketa estatistikoa ere erabil daiteke iruzurra hautemateko, bereziki erantzun berdintsuak dituzten azterketen kasuan.[10]Irakaslearen irakaskuntza-estiloak eta ikaslearen estres maila ere garrantzizkoak direla aipatu da[11]. Horrela, iruzurra kontrolatzeko ikasleak gelan zoriz edo ordena alfabetikoan kokatzea eta ez beraiek nahi duten eran, iruzurraren ondorioak argi eta garbi uztea eta zaintzaileak zainketa-lanetan ikustea ezinbestekoak dira, baina aldi berean, iruzurraren eraginkortasuna deuseztatzen duten proba proposatzea, erantzun laburrak baztertuz eta buruz ikastea baliogabetuz, eta proba idatzien estresa murriztea, frogetan ikasleek bidegabetzat jo ditzaketen gehiegizko eskakizunak baztertuz esaterako. Beste irakasleekin batera frogen egutegi zabala ezartzeak ikasleen estresa murriztu egiten duela ere egiaztatu da.

Ikasleari iruzurrak dakartzan ondorioak zein diren zehazten dizkion diziplina-araudia edo ohore-kodea dago ikastetxe askotan eta iruzurra prebenitzeko tresna egokia dela frogatu da[5], itxurazko permisibitatea iruzurrerako joera gehitu egiten duela egiaztatu baita. Ohore-kodea praktikan aplikatzea eta zigorrak sinesgarriak izatea ere garrantzitsua da. Ohore-kodea ekitaldi formal batean aurkeztu eta horri atxikimendua adieraztea ere garrantzitsutzat jotzen dira. [7] Kode hauetan ezarritakoaren arabera, iruzurra ikertu eta ebaluatu egiten duten batzordeetan ikasleen parte hartzeak iruzurraren aurkako neurri egokia dela aipatu da[12], zigorraz haraindi ikasleen arteko errespetu-giroa zabaltzen laguntzen duelako. Edonola ere, erakundearen ardura eta ekimena garrantzitsutzat jotzen dira, irakasleari eta ikas-komunitateari kontrolerako baliabideak eta araudi bat eskainiz. Dena den, ikastetxeetatik sustatu daitezkeen meritu, esfortzu, aukera-berdintasun eta iruzurra sustatzen duten beste giza balioak zabaltzeko egiten diren ahaleginak sistema sozioekonomikotik bultzaturik gizartean nagusitzen den lehia dela eta maiz indargabeturik geratzen direla ere aipatu da[12].

Iruzurraren maiztasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasleek iruzurra ezkutatzeko duten joera dela eta, iruzurraren eragin zehatzari buruzko datuak jasotzea zaila bada ere, iruzurra ohiko praktika dela egiaztatu da. Unibertsitateko ikasleen artean egindako ikerketen arabera, ikasleen erditik gora dira, batzuetan %90eraino, iruzurra egin dutenak. Ikastaro jakin batean iruzurra egin dutenen portzentajea, berriz, txikiagoa da eta %30ekoa dela zenbatetsi da. XX. mendeko azken hamarkadetatik, iruzurraren intzidentzia, bere modalitate guztietan, gehitzen dela ere hauteman da.[7][8][12]

Iruzurraren maiztasuna sexuaren, mailaren, lorpen akademikoaren, adinaren, irakasgaiaren eta eskolaren motaren arabera ere ikertu da. Esaterako, iruzur kasu gehienak eta larrienak bigarren hezkuntzan gertatzen direla egiaztatu da. [13] Sexuari dagokionez, denetariko emaitzak daude, baina emakumeek eta neskek besteei laguntzeko iruzurra maizago egiten dutela frogatu da.[14]

Iruzurgileen profila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruzurgileak bi profil hauetako batean sailkatu izan dira:[15]

  • alde batetik, familiaren edo gizartearen aldetik jasotzen den presioa dela eta, bere buruari errendimendu akademikoan exijentzia handia jartzen dion pertsonak izaten dira iruzurgileak eta behar bezala ikasi ez dutelako, porrot akademikoa egitearen beldur direnak;
  • beste alde batetik, lagun edo ikasle-taldearen babesean, gizarte eta erakundeetako arauen haustura onartzen duten pertsonak daude, gizarte balioetatik kanpo euren iruzurra positiboki baloratzen dutenak, taldearekiko leialtasun ekintza eta balentria txiki moduan.

Iruzurgileen balorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruzurra justifikatu eta euren errua arintzeko iruzurgileek neutralizazioaren eta kanpo-atribuzioaren estrategiak (aitzakiak baliatuz, bereziki) erabiltzeko joera dutela frogatu da[8]. Horien artean honako hauek daude: irakasgaia zailtasuna, ikasteko denborarik ez izatea, gaixorik egotea, diru-arazoengatik ikasketak lehenbailehen bukatzeko premia eta irakaslearen itxurazko permisibitatea. Iruzurraren gainetik elkartasuna, lankidetza eta altruismoa ere iruzur laguntzailea justifikatzeko arrazoi moduan adierazten dira. Beste ikasleak iruzurrean ikustea ere ikasle bat iruzurrean hasteko faktore erabakiorra izaten dela ere hauteman da. Iruzurra justifikatzeko ohikoa da, orobat, irakaskuntza metodoa bidegabetzat jo eta ikaskuntzaren ebaluaziorako tresna moduan azterketei balioa gutxiestea. [12][9]

Balorazio etikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruzurrak arauak hautsi egiten dituela soilik adieraztea eta irakasleak azpijoko horiek gaitzestea soilik ez dira iruzurraren aurka ekiteko etika-printzipio egokiak[16]. Horrela, arau horiek justifikatzeko, iruzurra beste ikasle eta hautagaien aurka eta norbere nortasunaren garapenaren kaltetan jo, ebaluazio eta irakaskuntza-prozesua itxuragabetu, ikastetxearen edo erakundearen garbitasuna zikindu, titulazioaren balioa kolokan jarri, eta berdintasun-printzipioa kolokan jartzen dituela aipatu da.[5]

Hala ere, azterketa, ikasleen arteko berdintasuna bermatu eta meritua ebaluatzen duen proba moduan, kritikatu izan da azterketa konkretu bat ikasle mota bati errazago izango baitzaio askotan. Ildo horretatik, proba bakoitza ebaluatzen den arloan zehaztutako ahalmen eta gaitasunak kontuan hartuz prestatzea gomendatu da eta, beste alde batetik, iruzurraren aukera baztertzen laguntzeko, azterketa bat egiteko behar den denbora ahal den gehiena luzatzea proposatu izan da, erantzunak emateko ausnartzen denbora gehiago behar duten pertsonei begira.[17]

Ebaluaziorako proba balioa kritikatzeko beste argudioa bat horien ondorengo manipulazioa izan da.[10] Estatu Batuetan, esaterako, FairTest erakundeak [18] kolokan jartzen ditu herrialde horretan ikastetxeetan ikasleak onartzeko eta aurrekontua banatzerakoan ikastetxeen lorpen maila neurtzeko egin ohi diren probak, ikasle batzuei erraztasun handiagoak eman edo ditu gehiago jasotzeko erakundeetatik bertatik egindako iruzurra argudiatuz.

Kritika sakonagoek iruzurraren kontzeptu bera jartzen dute kolokan, proba estandartuen beraien legitimitatea zalantzan jarriz. Pedagogiaren zientifikotasuna bermatu nahian, proba idatziak natura zientzietan erabiltzen diren metodo esperimental hedapena besterik ez dira, baina aldi berean sistema sozioekonomikoari laguntzeko sortu ziren, eskolak zabaltzen eta ikasle kopuruak handitzen ari zirenean, XIX. mendearen bukaeran, hezkuntza sisteman sailkatzeko helburua eta diferentziak sortzeko beharra planteatu ziren, eboluzionismo soziala garatu nahian.[19] Ildo horretatik, maiz iruzurra ikertzerakoan atribuzio-errorea egiten dela aipatu da, ingurumen sozialari egotzi beharrekoa ikasleari edo hautagaiari leporatzen zaiola aldeztuz.[20]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Dos amigos, detenidos 48 horas por suplantar uno al otro en un examen de fin de carrera, www.elpais.com, 1992-10-03.
  2. (Gaztelaniaz) Una mujer intenta suplantar a una amiga en el examen de conducir, www.elpais.com, 2004-11-12.
  3. (Ingelesez)   Samuels, Christina A., «Experts Divide on Responses to Cheating», Education Week .
  4. (Ingelesez) Exam Cheating on Long Island Hardly a Secret, www.nytimes.com, 2012-12-01.
  5. a b c (Ingelesez)   Waithaka, Abel G.; Gitimu, Priscilla, «Academic dishonesty - team effort against it; a review of literature», Journal of Academic and Business Ethics, http://www.aabri.com/manuscripts/121142.pdf .
  6. (Ingelesez)   Keith-Spiegel, Patricia (1998), «Why Professors Ignore Cheating: Opinions of a National Sample of Psychology Instructors», Ethics and behavior .
  7. a b c d (Gaztelaniaz)   Vandehey, Michael A. (2007), «College Cheating: A Twenty-Year Follow-Up and the Addition of an Honor Code», Journal of College Student Development, http://www.middlebury.edu/media/view/257512/original/College_Cheating_a_20_year_follow_up.pdf .
  8. a b c (Ingelesez)   Diekhoff, George M. (1996), «College cheating: Ten years later», Research in Higher Education, http://link.springer.com/article/10.1007%2FBF01730111?LI=true .
  9. a b (Ingelesez)   LaBeff, Emily E. (1990), Situational Ethics and College Student Cheating, http://www.lhup.edu/tbaylor/Adobe%20Docs/LaBeff_Cheating.pdf. Noiz kontsultatua: 2012-11-30 .
  10. a b (Ingelesez)   Dewan, Shaila (2010-02-12), «Experts Say Schools Need to Screen for Cheating», The New York Times, http://www.nytimes.com/2010/02/13/education/13erase.html ..
  11. (Ingelesez)   Kaufman, Heather E. (2008), «Moral and Ethical Issues Related to Academic Dishonesty on College Campuses», Journal of College & Character, http://journals.naspa.org/jcc/vol9/iss5/8/ .
  12. a b c d (Ingelesez)   McCabe, Donald L. (2001), «Cheating in Academic Institutions: A Decade of Research», Ethics and Behavior, http://faculty.mwsu.edu/psychology/dave.carlston/Writing%20in%20Psychology/Academic%20Dishonesty/Gropu%203/review.pdf .
  13. (Ingelesez)   Craig, Delores (1990), «Adolescent Cognitions for Academic Cheating as a Function of Grade Level and Achievement Status», Journal of Adolescent Research, http://jar.sagepub.com/content/5/3/325 .
  14. (Ingelesez)   Anderman, Eric M.; Murdock, Tamera Burton (2007), Psychology of Academic Cheating, 11. orrialdea, http://books.google.es/books?id=IhkMvgxJvpgC&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false .
  15. (Ingelesez) Harvard Cheating Scandal: Is Academic Dishonesty on the Rise?, ideas.time.com, 2012-09-04.
  16. (Ingelesez)   Bouville, Mathieu, Why is cheating wrong?, http://www.mathieu.bouville.name/education-ethics/Bouville-cheating.pdf. Noiz kontsultatua: 2012-11-30 .
  17. (Ingelesez)   Bouville, Mathieu (2008), «Exam fairness», arxiv.org, http://arxiv.org/pdf/0803.4235v1.pdf}. Noiz kontsultatua: 2012-11-30 .
  18. (Ingelesez) FairTest, 2012-11-22an kontsultatua.
  19. (Gaztelaniaz)   Sáenz Obregón, Javier (2003), Las ciencias humanas y la reorientación de la pedagogía, http://www.ascofapsi.org.co/documentos/2009/Ciencias_Humanas_reorientacion_ped.pdf .
  20. (Ingelesez)   Anderman, Eric M.; Murdock, Tamera Burton (2007), Psychology of Academic Cheating, Hitzaurreko XI. orrialdea, http://books.google.es/books?id=IhkMvgxJvpgC&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false .