Isaac Albéniz

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Isaac Albeniz
Isaac Albeniz
Isaac Albeniz 1901ean
Datu pertsonalak
Izen osoa Isaac Albéniz i Pascual
Jaio 1860ko maiatzaren 29a
Camprodon (Girona)
Hil 1909ko maiatzaren 18a
Kanbo (Lapurdi)

Isaac Albéniz i Pascual (Camprodon, Girona, 1860ko maiatzaren 29a - Kanbo, Lapurdi, 1909ko maiatzaren 18a) musikagile eta piano-jotzaile kataluniarra izan zen. Espainiako erromantizismo musikalaren oinarriak finkatu zituen eta ondorengo musikagile nazionalistengan (Manuel de Falla, Joaquín Turina...) eragin handia izan zuen[1].

Bere lanik ezagunenak Suite española para piano eta Iberia dira. Zarzuela eta opera ere landu zituen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1860ko maiatzaren 29an Camprodonen (Ripollès) jaio zen. 1863an familia Bartzelonara aldatu zen. Aurreneko piano eskolak arreba Clementinak eman zizkion[2]. Lau urte besterik ez zuela, Bartzelonako Romea antzokian lehenbiziko piano kontzertua eman zuen. Sei urterekin Antoine François Marmontelen ikasle izan zen Parisen[3]. 1868an familiara Madrilera joan zen. Bertako Errege Kontserbatorioan (Escuela Nacional de Música y Declamación) Isaacek pianoa eta solfeoa ikasi zituen . Madrildik abiatuta, kontzertu-itzuliak egin zituen Espainia osoan zehar. 1875ean Kuba eta Puerto Ricon jo zuen. 1876 eta 1879 artean, Alfontso XII.ak emandako beka bati esker, Bruselako Conservatoire Royalen ikasi zuen. Louis Brassin izan zuen piano irakasle[1].

1883an Bartzelonara itzuli eta Felipe Pedrellekin konposizioa ikasi zuen. Urte berean Rosina Jordanarekin ezkondu zen. 1886 eta 1889 artean Madrilen bizi izan zen. Garai hartako lanetan, Primera suite españolan esate baterako, Espainiako herri musikan oinarritutako estilo nazionalista nabarmentzen da. 1890 eta 1893 artean Londresen izan zuen bizilekua eta Britainia Handia eta Europan barrena kontzertuak ematen ibili zen. 1893an, Londresko Lyric Theatren, The Magic Opal opereta lehen aldiz jokatu zen[1].

1894tik aurrera Parisen bizi izan zen. Paul Dukasekin orkestrazioa ikasi zuen eta kontrapuntua Vincent d'Indyrekin. Schola Cantorumen piano irakasle izan zen. Garai honetatik goiti bere konposizioetan inpresionismoaren eragina nabari da. Francis Money-Couttsekin (Lord Latymer) sinatu zuen kontratuak lasaitasun ekonomikoa ekarri zion. Bankari ingeles aberats horrek drama poetikoak idazteko zaletasuna zuen, eta Albeniz haiek musikatzeaz arduratu zen. Henry Clifford operak ez zuen arrakasta handirik izan. Harrera hobea izan zuen Pepita Jiménez operak, 1896an Bartzelonako Liceun lehen aldiz eman zena. Praga (1897), Brusela (1905) eta Parisen (1923) ere jokatu zen[3]. Horrez gainera pianorako idazten jarritu zuen.

La Vega (1897), sofistikazio handiko lana, Albenizen lanik gorenaren atarikoa izan zen: Iberia (1905-1908). Orduko gaixo zegoen, nefritis kronikoak (Bright gaitza) jota. Sendagileen aholkuz, 1909ko apirilaren 1ean Paristik Kanboko bainuetxera joan zen, klima egokiagoa izango zelakoan. Bertan hil zen maiatzaren 18an, artean 49 urteak bete gabe[3].

Lan hautatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Operak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Henry Clifford (1893-95)
  • Pepita Jiménez (1895)
  • Merlín (1897-1902)

Zarzuelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Cuanto más viejo..., galdua (1881-82)
  • Catalanes de Gracia, galdua (1882)
  • San Antonio de la Florida (1894)

Pianorako lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tres suites antiguas (1885–1886)
  • Primera suite española, opus 47. 8 pieza: Granada, Cataluña, Sevilla, Cádiz, Asturias, Aragón, Castilla eta Cuba (1883-94)
  • Segunda suite española, opus 97. 2 pieza: Zaragoza eta Sevilla (1889)
  • España: seis hojas de álbum, opus 165. 6 pieza: Preludio, Tango, Malagueña, Serenata, Capricho catalán eta Zorcico (1890)
  • Zambra granadina, en re menor (1890)
  • Mallorca (barcarola), opus 202 (1890)
  • Chants d'Espagne, opus 232 (1891-94)
  • Iberia: 12 nouvelles impresiones en cuatro cahiers. 12 konposizio 4 koadernotan bananduta (1905-08):
    • 1. koadernoa: Evocación, El Puerto, El Corpus Christi en Sevilla
    • 2. koadernoa: Rondeña, Almería, Triana
    • 3. koadernoa: El Albaicín, El Polo, Lavapiés
    • 4. koadernoa: Málaga, Jerez, Eritaña
  • Navarra (1907)

Beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Catalonia: suite populaire pour orchestre en trois parties, poema sinfonikoa (1899)
  • Rapsodia española para piano y orquesta, opus 70, piano eta orkestrarako (1887)
  • Primer concierto para piano y orquesta en la menor, opus 78 (Concierto fantástico), piano eta orkestrarako (1885-87)
  • Are Thou gone forever, Elaine?, piano eta ahotserako; Francis Money-Couttsen hitzak (1896)
  • Deux morceaux en Prose, piano eta ahotserako; Pierre Lotiren hitzak (1897)
  • The gifts of the gods, piano eta ahotserako; Francis Money-Couttsen hitzak (1897)
  • To Nellie: Six Songs, piano eta ahotserako; Francis Money-Couttsen hitzak (1908)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Walter Aaron CLARK: Retrato de un romántico Centro Virtual Cervantes
  2. Isaac Albéniz Albeniz.cat
  3. a b c Isaac Albéniz i Pascual: Biografia Gaudiallgaudi.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Isaac Albéniz Aldatu lotura Wikidatan