Isaac Peral

Wikipedia, Entziklopedia askea
Isaac Peral

Bizitza
JaiotzaCartagena1851ko ekainaren 1a
HerrialdeaCartagena
HeriotzaBerlin1895eko maiatzaren 22a (43 urte)
Hobiratze lekuaMausoleum of Isaac Peral (en) Itzuli
La Almudenaren hilerria
Heriotza moduaErdiko otitisa: minbizia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakasmatzailea, submariner (en) Itzuli, ingeniaria, militarra eta politikaria
Lan nabarmenak
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakHamar Urteko Gerra
Bigarren Karlistaldia
Lehen Mundu Gerra

Find a Grave: 176756982 Edit the value on Wikidata
Isaac Peralen itsaspekoa

Isaac Peral y Caballero (Cartagena, Espainia, 1851ko ekainaren 1a - Berlin, Alemania, 1895eko maiatzaren 22a) zientzialaria, itsasgizona eta militarra izan zen, Espainiako Itsas Armadako itsasontzi teniente, eta itsaspeko torpedo ontziaren asmatzailea (Peral izenekoa, 1885. urtean sortua).

Karrera labur baina oso ondo aprobetxatua izan zuen espainiar armadan, Kubako Hamar Urteetako Guduan eta Hirugarren Gerra Karlistan parte hartu zuelarik. Horrela, erakutsitako ausardia eta abilezia medio, kondekoratua izan zen. Izaera zientifikoa zuten lan eta misioetan ere nabarmendu zen: haize erauntsiei buruzko tratatu teoriko praktikoa idatzi zuen, Simanaléseko kanaleko (Filipinak) planoetan lan egin zuen eta, 1883an, Armadako Ikasketak Zabaltzeko Eskolako Fisika-Matematikoaren katedraren kargu egin zen.

Berak egindako itsaspekoaren probek arrakasta izan zuten, baina orduko agintariek asmakuntza baztertu eta asmalariaren aurkako kanpaina bat aurrera eraman zuten aurrera, honen izen ona galtzeko asmoz. Isaacek Itsas Armadan baja eskatu beste erremediorik ez zuen izan, eta jendearen iritzia aldatzen saiatu zen gertatutakoari buruzko egia kontatuz.

Asmatzailea 1895ean hil zen, meningitisak jota.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cartagena hiriko Zorrilla izeneko kalezulo batean etorri zen mundura, 1851n. Gurasoak Juan Manuel Peral y Torres eta Isabel Caballero ziren. Bi anaia izan zituen: Pedro Peral, 1849an jaioa, gainerako senideak bezala Espainiako Itsas Armadako partaide izandakoa (1897an hil zen, fragata kapitain zelarik) eta Manuel Peral, 1862an jaioa, itsasgizon izandakoa hau ere. Tamalez, azken hau Leite kanoiontziaren arduradun zegoen 1898ko Caviteko batailan, eta, borrokarik egin gabe, ontzia iparamerikarrei entregatu zietenez, gerra kontseilua egin zioten. Urte batzuk geroago hil zen, ontzi teniente kargua zuenean.

Aitak beti Espainiaren lurraldeko gune batetik bestera ibili ohi zen, destinoz aldatuz, baina ama, Isabel, ez zen kikildu; soldatek ez zuten askorako ematen, eta 1860ko urtarrilaren 9an eskaera bat egin zion Elisabet II.a erreginari. Eskari horri esker, zortzi urteko Isaac gazteak etorkizunean itsasgizon izateko beharrezko titulua jaso zuen eta korporazioko uniformea erabiltzeko eskubidea bereganatu zuen. Adin egokia izan orduko, itsasketa eskolan ingresatzeko konpromisoan aurkitzen zen.

Zerbitzua Armadan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1865eko uztailaren 1an, San Fernando Itsasketa Militarreko Ikastetxeko sarrera proba gainditu zuen eta bertan hasi zituen bere ikasketak, eta Serreten aritmetikan murgildu zen bereziki, Rouchen geografian eta Brioten algebran. Materia horiek ikasteko zuen berezko erraztasunagatik, 1866ko abenduaren 26an, bigarren mailako itsasozain gradua eman zioten, eta bere ikaskideek el profundo Isaac ezizena jarri zioten. Aipatutako gaiez gain, beste batzuetan ere aritu zen, nautikakoak zirenak gehiago, Itsas Eraikuntza, Maniobra, Pilotutza, Astronomia, Itsas Historia, Espainiako Historia, Mekanika, Fisika eta Lurrun-makina adibidez.

1867ko urtarrilaren 21ean Villa de Bilbao korbetan ontziratzeko agindua jaso zuen eta, bertan, zenbait bidaia eta bilakaera egin zituen. Ontziratzean, Numancia fragata ikusi zuen gertu ainguratua. Ontzi hau penintsulara iritsi berria zen 960 egunetan munduari bira eman ondoren.

26an Malagako portura iritsi zen, ondoren Santa Pola, Alacant, Rosas, Bartzelona, Palma de Mallorca, Mahón eta Cartagena bisitatuz. Bertan, azken lerro ontzi espainiarra ikusteko aukera izan zuen, Reina doña Elisabet II izenekoa. Ondoren, berriro itsasoratu zen Cadiz aldera joateko eta 28an iritsi zen, berrogeita hamar eguneko esperientzia honen ondoren.

Egun gutxitara, guardamarina guztiek Santa Maria itsasontzira lekualdatzeko agindua jaso zuten, aspaldikoa izan arren, itsasbidaia luzeetarako egokia zen itsasontzi sendoenetako bat. Perali gabizain kargua egokitu zitzaion, bere gorputz ahulagatik oso gaizki etorri zitzaion kargua. Azaroaren 20an itsasoratu ziren, intsignia ontzia agurtu ondoren, Almansa fragata, badian aurkitzen zena.

Behin itsaso zabalean, Kanariar uhartetarako norabidea hartu zuten, baina aurkako haize bolada batzuen ondorioz, bidaia txarra izan zen eta ezinean ibili ziren, norabide egokia hartu eta xedaturiko itsasbidea jarraitzen sahiatuz. Horregatik Santa Cruz Tenerifekoaen ainguratu beharra izan zuten barkua hilaren 26an. Berriro abiatu ziren portu honetatik, hegoalderantz, Ekuadorreko lerroa zeharkatu zuten lehenengo aldiz, eta lehen bezala jarraitu zuten, zailtasunekin berriro ere, haizeak aurkako norabidean jotzen zuelako edo haizerik ez zegoelako. Ez aurrera ez atzera aurkitzen ziren momentu horietan, desesperazioa jasan beharra izan zuten hain espazio txikian hainbeste jende pilatuta. Peral bidaian zehar gertatutako gorabehera ororen oharrak hartzen joan zen eta inoiz ez zen lanik gabe geratu, bai egunez eta bai gauez, posizioak hartzen joaten zelako.

Horrela jarraitu zuen bidaiak, hasieran Afrikako kostaren ondoan, Santa Helena uhartetik gertu igaro ziren, poliki eta seguru jarraituz amerikar kontinenteraino iritsi arte bere kostetatik Itxaropen Oneko lurmuturra jadetsiz. Bertatik, Javako Batavia ontzitegiraino joan ziren, 1868ko apirilaren 26an. Berrogeita zortzi ordu igaro ondoren, berriro itsasoratu ziren Filipinar uharteetarantz joateko asmoz eta urte bereko ekainaren 14an heldu ziren Manilara, 201 nabigazio egunen ostean. Itsasontziaren egoera txarra zen eta, iritsi zirenean, Caviteko armategian lehorrean utzi behar izan zuten. Ontzia konpontzen zuten bitartean, Peral irla haiek ezagutzen aritu zen.

Behin ontzia guztiz eraberritua zegoenean, itsasoratu ziren penintsulara itzultzeko xedean, baina joan ziren bide beretik itzuli baharra izan zuten, Suezko kanala oraindik ez baitzegoen inaguratua. Nabigazioa oso gogorra izan zen berriro ere, aurkako haizeekin eta oso itsaso mugituarekin, baina Peralek ez zuen esperientzia neketsu hau alferrik galdu eta bere egunerokoan lanean jarraitu zuen. Hainbesteko atzerapena zeramaten, non ez zuten geldialdirik egin Itxaropen Oneko lurmuturrera heldu arte, 1899ko ekainaren 20an Santa Helenako harkaitzera iritsi zirelarik. Bertatik irten ziren eta, 1869aren urriaren 22an, iritsi ziren azkenik Cadizeko badiara.

Itsaspekoaren gorabeherak eta egin zitzaion harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1885ean, Karolinen krisia delakoaren ondoren (Alemaniak arkipelago hau kendu nahi izan zion Espainiari), Isaac Peralek urpeko nabigazioaren dema konpondu zuen ustearen berri eman behar ziela nagusiei pentsatu zuen. Lehen aipatutako Zabaltze Eskolako zientzialari kualifikatuenek Isaacken proiektuaren analisia zorrotz bat egin ostean, beren onespena eman zuten proiektu hori Itsas Armadako ministroarenera lekualdatua izan zedin. Ministro hark Almirante Pezuela zuen izena, eta irrika handiz jaso zuen proiektua. Tamalez, ondoren etorri ziren ministroek (Rodriguez de Arias eta Beranger) axolagabetasuna azaldu zuten proiektuarengan eta ez zuten gogoko izan.

Azkenik, Maria Kristina erreginaordearen laguntzari esker, itsaspekoa uretaratua izan zen 1888ko irailaren 8an. Ontziaren luzerak 22 metro neurtzen zituen, 2,76 puntelak, 2,87 traganarruak, 77 tona desplazatzen zituen gainazaletik eta 85 urpean. Bi motore elektrikoz baliatzen zen propultsatzeko (30 zaldi-potentziakoa bakoitza) eta 613 elementuzko bateria batek ematen zuen energia. Horretaz gain, torpedo jaurtitzaile bat, hiru torpedo, periskopioa, sakonunetarako aparatu sofistikatu bat eta aurretik ezarritako norabiderantz nabigatzeko beharrezkoak ziren mekanismo guztiak zituen txertatuak.

1889 eta 1890 urteetan zehar egin ziren proba ofizialak. Azpimarratu beharra dago asmatzaileak berak proba garrantzitsuena egiteko eskatu zuen baimena ez zela onartua izan: Algecirasetik Zeutaraino Gibraltarko itsasartea urperaturik zeharkatzea. Hala ere, egiaztatuak izan ziren probei esker, murgildutako nabigazioa posible zela frogatu zuen helmuga, noranzkoa eta kota aurredefinituak edukita, baita itsas zabalean ere. Gainera, begiztatua izan gabe itsas azaleko edozein ontziri erasotzeko gai zela ere egiaztatu zuen. Horretarako izendatutako batzorde teknikoak historiako lehenengo itsaspekoaren proben arrakasta bermatu zuen. Baina argitu gabeko interes ilunak zeuden nonbait eta garaiko agintariek asmakizuna baztertu zuten, asmalariaren aurkako kanpaina aurrera eramanez, honek izen ona galtzeko asmotan. Isaackek Itsas Armadan baja eskatu beste erremediorik ez zuen izan eta jendearen iritzia aldatzen saiatu zen gertatutakoari buruzko egia argituz.

1891ren azaroaren 5ean, lizentziatu zen eta Madrilen minbiziagatik ebakuntza egin zioten; egoera honetan ere ez zitzaion bere Manifestua komuninakibideetan argitaratzen utzi. Azkenik, argitara ematea lortu zuen, berak ordainduz, hori bai, El Matute izeneko egunkari zirikalari batean.

Bizitza Armadatik at eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizitza zibilean, jada, zenbait enpresa arrakastatsu sortu zituen bere espezialitateari lotutakoak, energia elektrikoaren ustiapenarekin alegia.

1895eko maiatzaren 4an, Berlinera lekualdatu zen Peral berriro minbiziagatik ebakuntza bat egiteko, baina sendatzean izan zuten hutsegite batek bere bizitzari amaiera emango zion meningitis bat eragin zion. Maiatzaren 22an hil zen eta, 1911. urteko azaroaren 11n, lurpetik atera zuten bere gorpuaz geratzen zena Cartagenara lekualdatzeko.

Isaac Peralen itsaspekoa, 1888an

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Cartagenako Alfonso XIII.a kaian dago Peralen itsaspekoa.
  • Peralen izena duen auzo batez gain, haren omenez egindako monumentu bat ere badago Cartagenan.
  • El Puerto de Santa Marian (Cadiz) Isaac Peral enparantza dago, haren omenez.
  • La Flota auzoan, Murtzian, Peralen izena daraman parke bat dago.
  • Madrilen, Moncloa eta Cristo Rey enparantzen artean, Isaac Peral izeneko kale bat dago.
  • Ferroleko Esteiro auzoan, asmatzaile haren izena duen ikastetxe publiko bat dago.
  • Chipionan, Isaac Peralen omenez dagoen kalea hiriko merkataritza bide nagusia da.
  • Mayagüezen (Puerto Rico), plaza ondoko kale batek Peralen izena darama.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Isaac Peral Aldatu lotura Wikidatan