Islandiako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Islandiako historia nahiko laburra da Europako herrialde gehienekin alderatuta, uhartean gizakiak IX.mende amaieran hasten baitira. Ikuspuntu geologikotik ere hala da, Islandia uharte gaztea da, duela 20 milioi urte inguru sortu zen, dortsal mesoatlasikoan itsaspeko sumendi-erupzio batean. Arroka-lagin zaharrenak berriagoak dira, duela 16 milioi urtekoak.

Lehenengo Mendeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olaus Magnus-en Carta Marina. Antzinako mapa Islandia eta Thule ustezko uhartearen kokalekua.

Islandia, geologikoki hitz eginez, uharte gaztea da. Duela 20 milioi urteko su-erupzio baten bidez, izan ere uhartean aurkitu daitezkeen arroka zaharrenak duela 16 milio urtekoak baino ez dira.

Ustez, uharte hau zapaldu zuten lehenengo gizakiak Apaiz Irlandarrak izan ziren. Baina greziarrek lehenagotik bertan egon zirela uste da. Izan ere, Piteas, Massiliako merkatari eta esploratzaile bat, bere idazkietan Thule izeneko uharte batetaz hitz egiten digu, Britainiar Uharteetik iparraldera 6 eguneko bidaian. Gaur egun, historialariek ez dute oraindik zehaztu zein den Thule izeneko uhartearen kokalekua, baina 3 proposamenetako bat Islandia daukagu.[1]

Aurkikuntza arkeologikoen arabera K. o. III. mendekoak dira aurkitutako erromatar txanponak, baina ezin da zehazki esan erromatarrak bertan egon zirela, izan ere diru hori bikingoek erabilia izan zen mende askotan. VIII. mende bukaeran irlandarrak, hauen currach izeneko txalupekin, uhartearen hego-ekialdean lurreratu ziren. Uste da, hauen idatziengatik, bertako apaizak Islandiara jotzen zutela udaberri eta udan, baina ezin da zehazki frogatu nor izan zen uhartera iritsi zen lehenengoa eta zerk eraman zuen bertara. Idatziek dioten bakarra zera da:

« ...30 urte dira jada apaizak iparraldeko Thule uhartera jotzen dutela, Otsaileko lehenengo egunetik Abuztuko azkenekora. Esan didatenez udako solstizioan eta hau jarraitzen duten egunetan nahiz eta muino batera igo eguzkia ez da gordetzen eta argia dago egun guztian zehar... »

Finkatze Aroa (874-930)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Islandiako Finkatze Aroa»
Islandiako etxeak.

861. urtean iparraldetik etorritako itsasontzi batek Islandiar kostaldera iristea lortu zuen. Norvegiarrak ziren, Naddoður itsasgizona hain zuzen, galdurik eta haize bortitzen ondorioz bertara iritsi zena. Ondoren hainbat itsasgizon uhartea esploratzera bidaliak izan ziren eta 870 eta 930 urte bitartean Islandian eskandinaviarren Finkatze Aroa iritsi zen. Lehenengo urteetan Islandiara Flóki Vilgerðarson norvegiarra iritsi zen, gaur egungo izenaz Ísland (izotzaren lurraldea) izendatu zuena, bertan negu gogorra igaro ondoren. Ingólfur Arnarson izan zen bertan bizitzen geratu zen lehenengo gizona eta kontakizunak dioenez honek masta uretara bota eta hau finkatuta geratu zen tokian lehenengo herria sortu zuen Reykjanesskagi penintsulan gaur egun bertako hiriburu den Reykjavík (kearen itsasadarra) sortuz. Norvegiarrak, irlandarrak eta eskoziarrak ziren batik bat ondorengo urteetan uhartea populatu zutenak, azkenengo biak lehenengoen zerbitzariak zirelarik. Aroa bukatu ondoren, uharteak 40.000 biztanle zituela uste da. Honen ondorioz, Apaiz Irlandarrak bertatik alde egitera behartuak izan ziren. Exodo honen esplikazioa Norvegiako Haraldur Harfagri erregeak Norvegia bateratzeko zuen gogoa izan liteke.

Batzarrak (930-1262)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Islandiako Batzarrak»
Alþingi batzarraren grabatua, Thingvellir-en.

930. urtean norvegiako erregearekin nazkatuta Alþingi izeneko batzarra sortu zuten Islandian, uhartea gobernu parlamentarioko errepublika bilakatuz. Udan, Þingvellir izeneko haranean batzen ziren biztanleak, arauak zehaztu, gatazakak konpondu eta gaizkileak zigortzeko, nahiz eta garai hartan oso gutxi egon. Legeak ez ziren idazten baina lögsögumaður izeneko epail antzeko gizon batek ikasi eta arauak betearazteaz arduratzen zen. Urte hauetan Islandiak ikaragarrizko hazkundea eduki zuen eta Erik Gorria bikingo norvegiarraren buruzagitzapean Groenlandia aurkitu eta bertan kolonia bat sortu zuten. Eiríks saga Rauða eta Grænlendinga saga liburuetan itsasgizon honen abenturak kontatzen dira, izan ere Iparramerikan ere hainbat kolonia sortu zituen bere semeak 1000. urte inguruan. 1022. urtean Islandia bere historiako lehenengo hartu harremanak izan zituen kanpoko herrialde batekin Norvegiako Olafur Haraldsson erregearekin hain zuzen, bi herrialdeen biztanleen eskubideei buruz hain zuzen.

Mendebaldeko aurkikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Reykjavik hiriburuan Leif Eriksson itsasgizonaren estatua.

Erik Gorria, Norvegiarra izatez baina Islandian exiliatua, azkenengo uharte honetatik hainbat hilketen ondorioz botata izan zen. Bere gizonekin beste herrialde batean kolonia bat sortzea erabaki zuen eta Islandiatik mendebaldera jo zuen Groenlandia uharte herraldoiarekin topatuz 982. urtean. Aurkikuntza honen ondorioz islandiarrak geroz eta gehiago interesatu ziren esploraketa lanetan eta 1000. urte inguruan Erik Gorriaren semea, Leif Eriksson, oraindik mendebalderago joan eta Vínland izendatu zuen lurraldearekin aurkitu zen, gaur egungo Ternua iparraldea hain zuzen. Azkenik eta negu gogorren ondorioz, mundu berrian kolonia bat sortzeko asmoak porrot egin zuen.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jainko bikingoak»
Thor jainko norvegiarra.

Urte hauetan islandiarrek Odin, Thor eta Freyja bezalako jainko bikingoetan sinesten zuten, baina X. mendean Europako presioagatik (Norvegiako , Kristau fededun bihurtu ziren. Alþingi batzarrak kristau eta sinesmen bikingoen arteko gerra zibil baten beldurrez, Þorgeirr Ljósvetningagoði kazikearen esku utzi zuen uhartearen erlijioa aukeratzeko erabakia. Honek kristautasuna aukeratu zuen erlijio nagusia 999. urtean, baina beste sinisdunei hauen gurtzetan jarraitzeko eskubidea errespetatuz. Bremengo Adalbert gotzainak 1056. urtean izendatu ondoren, Ísleifr Gizurarson Islandiako lehenengo gotzain bihurtu zen. Islandiako lehenengo monasterioa 1133. urtean sortu zen Thingeyri herrian. Honen ondoren hainbat monasterio sortzeari ekin zioten eta hauek ikastetxe antzekoak bihurtu ziren.

Saga (930-1035)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Islandiako Saga»

Saga , Islandiako kultura eta literatura aro bat izan zen. 930 eta 1035 urte bitartean iraun zuen eta oparotasun eta hazkundeko garaiak izan ziren. Literatura mota honetan historiako gertakizunak kontatu ohi ziren. Nahiz eta garai haiek onak izan ziren uharteko 70.000 kolonizatzaileentzat, Islandia kolonizatzerakoan, biztanleek ez zituzten kontinente zaharreko ohiturak alde batera utzi, eta etxebizitza handiak eraikitzen hasi ziren, uhartean zuhaitz gutxi batzuk baino ez zeudela kontuan hartu gabe, azkenik lur-zoruaz baliatuz etxebizitzak eraikitze lortu zuten. Gainera kontinentean bezala janzten jarraitzen zuten, hotzaz gaizki babestuz, ez ziren arrantzari onak ezta biltzaile onak ere, eta okerrena nekazari negargarriak ziren. Lur-zorua gaizki erabiliz, gutxinaka etxaldeak hustu eta utzi egin behar izan zituzten. Honen bestez uharteak ematen zizkion baliabide gutxirekin Islandian literatura bakarrik garatu zen, eta Eskandinaviar herrialdeetan ez bezala, Islandian pintura ez zen garatu. Hauetan heroi eta jainkoen istorioak kontatu ohi ziren eta bertako kultura eta historiaren zehaztasun asko ematen dizkigu. Kristautasunaren etorrerarekin lehenengo transkripzioak iritsi ziren eta literatura are gehiago hazi zen.

Gerra Zibila eta Batzarren amaiera (1200-1262)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sturlungaöld»

Traizio politiko eta biolentziazko garaia. XI. mendea eta XII. mendeak igaro ondoren batzarretako demokrazia bukatu eta familia boteretsuak agintean jarri ziren, nekazari xumeei hauen eskubideak geroz eta gehiago murriztuz. Aroa Sturlungaöld bezala ezagutzen da, Sturla Þórðarson eta honen semeak izan baitziren Islandiaren boterea lortzeko borrokatu zuten familietako bat. 1220. urtean Snorri Sturluson aurrekoaren semea, Norvegiako Haakon IV. basailu bihurtu zen, eta Norvegiarrek uharteko gerrateetan laguntza eskaini zien. Snorri (1178-1241), saga idazle garrantzitsua izan zen eta epopeia asko plazaratu zituen. Azkenean Alþingi batzar independentea 1262. urtean desegin eta Islandia Norvegiako koroaren menpe gelditu zen.

Koroen Menpe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hekla sumendia.

Gauza gutxi aldatu ziren mende hauetan, eta aldatu zirenak txarrerako aldatu ziren. Norvegiarren boterea uhartearen gainean txikia zen eta batzarra berriro boterean jarri nahian ibili zen, helburua lortu gabe. 1300, 1341 eta 1389. urteetan uharteko Hekla sumendia erupzioan sartu zen eta beldurra eta heriotza eragin zituen biztanleengan. Gainera 1349. urtean izurri beltza zabaldu zen Islandian eta merkataritza bertan behera gelditu zen. Biztanleria pobrezian zegoen, eta antzinako urteetan gobernatu zuten kazike garrantzitsuak hauen landa lurrak saltzera behartuak, gutxinaka eliz gizonak boterea eskuratuz uharte osoan. Urte hauetan Islandia harremanetan ibili zen inglesekin eta hauen arteko merkataritzaren ondorioz lehen esan dudan izurri beltza sartu zen uhartean. Gainera hainbat literatura lan eta inprimaketa ezagutzera eraman ziren urte haietan inglesei esker. Norvegia eta Danimarkako koroak batu egin ziren XIV. mendean eta Islandia Danimarkako koroaren menpe gelditu zen batik bat. Nahiz eta Islandia Europar kontinentetik urrun egon ez zen inoiz isolatuta gelditu, izan ere itsasgizon asko hurbiltzen zen bertara hango istorioak entzutera, ustez Kristobal Kolon haietako bat izan zen. Kalmarko Batasunaren bidez Danimarka Islandiaren kontrol guztia eskuratu eta Luteranismoa inposatu zitzaien herritarrei. Hurrengo mendeetan Danimarka Islandiako baliabideak xahutzeari ekin zion, uhartea piraten erasoei aurre egiterakoan laguntzarik eskaini gabe.

Independentzia Urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «II. Mundu Gerra»

Hondamendi naturalek ez zuten Islandia bakean utzi eta Laki sumendia erupzioan sartu zen 1783. urtean, gutxi gorabehera 9.000 pertsonei bizia kenduz eta uhartearen nekazal lurren %80a suntsituz. 1814. Urtean Norvegiako erresumak eta Danimarkakoak banandu egin ziren eta Islandia bakarrik azkenengoaren menpe egotera igaro zen. XIX. mendean Islandiako klima aldatu egin zen okerrera eta biztanle askok Mundu berrira emigratzea erabaki zuten, batez ere Manitobara (Kanada). Baina urte gaizto haietan independentzia sentimenak bereganatu zituen islandiarrak. Mende guzti haietan, biztanleak ez ziren bere egoera politikoaz gehiegi arduratu eta danimarkarren opresioa gaitzetsi gabe bizi izan ziren, baina kontinente zaharretik zetorren nazionalismo sentimenduak eragina izan zuen. Jón Sigurðssonek Alþingi batzarra berriro osatu zuen, nahiz eta hau kontsulatu baten antzeko funtzioak bakarrik izan. Gutxinaka Danimarkako koroak botere gehiago eskeini zien ondorengo urteetan, 1874 eta 1904 urteetan. 1874 urtean adibidez konstituzio bat izenpetu zen eta gobernu islandiar independiente bat osatu zuten. Azkenean 1918. urtean Islandiak autonomia politiko bat lortu zuen eta Danimarkarekin lotzen zituen harremanak bakarrik defentsakoak eta kanpo-politikakoak izatera pasatu ziren. Azkenean 1940. urtean hau ere amaitu eta harremanak guztiz bukatu egin ziren, Alemania naziak Kopenhage menperatu zuenean, eta Sveinn Björnsson bilakatu zen lehenengo gobernu-buru. Britainia Handiak eta gero AEBk Islandia okupatu zuten eta 1944. urteko ekainaren 17an legezko estatu bilakatu zen Thingvellir herrian, aliatuei eskainiko laguntzagatik.

Azkenengo Urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerraren ondoren Islandia ikaragarri hazi egin da, dirutza handia lortuz. Gobernua 3 alderdiren artean banatzen da gehienbat Alþýðuflokkurinn demokrata sozialak, Sjálfstæðisflokkurinn kontserbadoreak, Sósíalistaflokkurinn sozialisten artean. Hiruak arrantza eta nekazaritza modernizatzearen helburuak dituzte batez ere. Gobernuak Keynesianismoa erabiltzen du bere ekonomia bideratzeko, garantiazko herrialde industrializatua lortzeko. Islandiak baliabide natural oso gutxi ditu, ez dauka egurrik, ez petroliorik, ezta mineral irabazirik ere, eta oso nekazal-gune txikiak ditu, ondorioz arrantzaren ekonomiarekin duen menpekotasunagatik, ekonomia honen arabera mugitzen da. Azkenekoak ekonomiaren %90a osatzen du. 1949. urteko martxoaren 30ean NATO erakundean sartu zen uhartea, nahiz eta inor erasotzeko asmoa ez izan, eta AEBekin defentsa hitzarmen bat izenpetu zuten. 1958. urtetik 3 gatazka sortu dira Britainia Handia eta Islandiaren artean azkenekoek arrantza-eremua handitzen zutelako . Izan ere 1958. urtetik 1975. urterarte, uhartea, itsasoan 196 milia luzatu da, arrantza eremuak lortuz. Azkenengo gatazkan itsasontzien arteko tiroketak ere izan ziren, baina azkenean internazionalki arrantza-eremua onartu eta bakarrik 24 britaniar ontziei bertan sartzea onartu zuten. 994. urtean EEEn partaide bilakatu zen. ELGAk dioenez Islandia munduko herrialderik osasuntsuenetarikoa da eta nahiz eta AEBekin erlazio ona mantendu, ia beti neutral mantendu da. Gainera azkenengo hauek 2006. urtean Islandian zeukaten Keflavík base-militarra itxi zuten. Azken urte hauetan Islandiak hainbat arazo izan ditu Nazioarteko Bale arrantzaren Elkartearekin, arrantza mota honen debekua onartu nahi ez zuelako.[2]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Lalueza-Fox, Carles. (2018-06-01). «Una historia de sexo y vikingos» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  2. Wade, Robert H.; Sigurgeirsdottir., Silla. Iceland’s rise, fall, stabilisation andbeyond. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]