Izaro

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Izaro uhartea
Isla de Izaro.jpgIzaro uhartea
Herria Bandera de Bermeo.svg Bermeo, Bizkaia
Lurraldea  Euskal Herria



Izaro Bizkaiko kostaldeko uharte bat da. Bermeo eta Mundaka herrien aurrean dago, Bermeotik 3 kilometrora eta Mundakatik 2,2 kilometrora, hurrenez hurren; hala ere, Bermeoko udalerriko lurra da. Mundakako itsasadarraren sarreran dago kokatuta, Ogoño eta Matxitxako lurmuturren artean, Urdaibai ingurune naturalaren barruan.

Triangelu itxura duen eta luzetara zabaltzen den uhartea dugu. Ipar-mendebalde - Hego-ekialde-ko norabidea hartzea du, alde altuena eta zabalena hego-ekialdeko aldea delarik. Bere alde zabalenean 150 m hartzen ditu eta bere luzera 675 m-takoa da, bere altuera maximoa 44,5 m-takoa delarik. Ipar-mendebaldeko punta "Artxikote" izenaz ezagutzen da. Uhartearen ipar-mendebaldean eta bertatik 200 m-tara "Potorro-harri" edota "Harri-ederra" izenez ezagututako harkaitza aurkitzen da. Hego-ekialdean ontziraleku natural bat dago, Izaroko "portua" bezala ezagutua.

Izaro irla itsasotik

Goikaldeko lautadan frantziskotarren komentu bat eraiki zen eta XVI. mendean Sir Francis Drake-k eraitsi zuen. Komentua behin eraitsita (aztarna gutxi batzuk aurkitzen dira) eta Urdaibai Biosfera Erreserbako patronatuak debekatu zeuenerarte, uhartea gazteen kanpaldietarako leku bilakatu zen.

Izaro hegaztien bizileku aipagarria da, bertan aurki daitekeen espezie nagusia kaio argentea delarik, nahiz eta kaio ilunak edo paiño arruntak, kazetak eta uherroiak ere dauden. Beste garai batzuetan, untxiak ere aurki zitezkeen (ziurrenik fraileek eramandakoak) eta XIX. mendean ardiek belarra jan zezaten, uharteko lurrak alokatzen ziren.

Bere kostaldea eta inguruak urpekaritza eta arrantza lekuak dira eta udan Bermeo, Mundaka zein Sukarrietako portuetatik etorritako hainbat kirol-itsasontzi ikus daitezke inguruan.

Inguruko herritarrek uhartearen jatorriaren inguruan gogoeta ugari egin dituzte; Laga hondartzatik ikusita, Ogoño lurmuturraren itxura bera antzeman dakioke, hori horrela izanik askok garai batean bertatik eroritako lur zatia dela pentsatu dute. Edozein kasutan, uharteak berdintasun geologikoa "Antzoras"-ko puntarekin mantentzen du, hau da, itsasadarraren eskuineko aldearekin.


[aldatu] Madalen Eguna

Izaro irla Ibarrangelutik

Uhartearen jabetzaren inguruan Bermeoko hiribilduaren eta Mundakako elizatearen arteko gatazka eman izan da. Herri biek historian zehar gatazka desberdinak izan dituzte euren arteko lurralde - mugak ezartzeko, bien arteko maila ezberdinaren ondorioz, modu horretan Mundakak bere lurraldea defendatzen zuen Bermeoren aurrean. Gatazka hauek Bizkaiko Batzar Nagusietara ere heldu ziren eta lurralde - mugak ezartzeko batzorde bat eratu zen, baina hala ere ez ziren guztiz konpondu gatazkak. Horren adibide dugu Diminigus (Demiku-ren kasua, zeinen lurrak Bermeokoak diren eta eliza Mundakaren parrokiaren eskumenean dagoen.

Beharbada gatazka haien ondorioz sortu zen gaur egun oraindik autore batzuek defendatzen duten Izaroko estropadaren legenda. Legenda horren arabera, uhartearen jabetza zehazteko bermeotarrek eta mundakarrek estropada bat egitea proposatu zuten Elantxoberen zuzendaritzapean, izan ere nahiz eta hasieran herri honek ere uhartearen jabetza lortu nahi izan, bere nahiari utzi zion.

Estropada eguna argitzean eta oilarrak kukurrukua bota bezain laster hasiko zela adostu zen eta Bermeoko arraunlariak garaile atera ziren nahiz eta gizon bat galdu. Bestalde, legenda mundakarrak dio Bermeotarrek sua piztu zutela oilarrak arinago garrazi egin zezan eta horregatik irabazi zutela.

Urtero, uztailaren 22an, Santa Maria Madalena egunean estropada gogoratzen da Bermeo, Mundaka eta Elantxobe arteko anaitasun jai baten bitartez. Ekintza nagusian, Bermeoko alkateak, egun horretan Mundakako eta Elantxobekoa ere izango denak, teila bat botatzen du uhartearen aurrean honako esaldi hau esanez: "Honaino heltzen dira Bermeoko itxuginak". Ekintza honen bidez uhartea Bermeorena dela gogoratzen da. Gero, uhartearen tontorrean ikurrina eta Bermeoko bandera jasotzen dira.

[aldatu] Ikus, gainera



Geografia
Bizkaia
Artikulu hau Bizkaiko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa


Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak