Izurri Beltza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Izurri beltzaren hedapena Europan XIV. mendean

Izurri Beltza edo Izurrite Beltza 1340 aldera Europa eta Asiak jasan zuen epidemia suntsitzaile gogorrenetarikoa izan zen. Europako populazioaren herena edo bi herenak hil zituen eta, guztira, Ekialde Hurbila, India eta Txina hartuta gutxienez 75 milioi lagun hil zirela uste delarik. Erdi Aro osteko berragerpen ohargarrienak hauek izan ziren: Italiako Izurria (1629-1631), Londresko Izurri Handia (1665–1666), Vienako Izurri Handia (1679), Marseillako Izurri Handia (1720–1722) eta Moskuko Izurria (1771).

Zientzialari gehienen ustetan, izurri beltza izurri bubonikoaren agerraldia izan zen, historian zehar zenbait alditan errepikatu den epidemia dena. Izurritea yersinia pestis izeneko bakteriak sortu zuen[1], arratoi beltzak (Rattus rattus) zeraman arkakusoei esker zabalduta.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izurri beltzaren hedapena Europan Venezia eta Genovako merkatal bideen arabera

Kristo ondorengo urteetan Mediterraneo inguruko herriak epidemietatik urrun mantendu ziren populazioaren gorakada bat eraginez. II. eta III. mendeetan ordea moteltze demografiko bat hasten da biruela, errubeola eta legenarraren sarrerarekin, hala nola malariaen ondorioen okertzea zela eta. Hala ere lehen izurrite demografikoa VI. mendean hasten da Bizantziar Inperioa eta Erromako Inperioan.

Pestis Justinianea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroaren amaierak Iberiar penintsulan zorigaitz askoren pilatzea ekarri zuen: herri barbaroen inbasioak, gudak, oti izurriteek (k.o 578-579) eta lehorteek eragindako goseteak (k.o 625 eta 707-709), musulmanen inbasioa eta epidemia handien agerpena, pestis inguinalis-aren kasuan bezalaxe Justiniano (527-565) enperadorearen erregetzapean sarraskia egin zuena mediterraneoko herrialdeetan. Hau izan da izurri bubonikoaz dugun lehen erreferentzia. [2]

Zesareako Prokopio historialariaren arabera 540. urtean lehertu zen Etiopian izurritea, Egipton agertzeko udazken aldera eta 541ean Niloko Deltan, itsasorantz azkar hedatuz mediterraneoko arroan eta Ekialde Hurbilean zehar. 542ko maiatzean Konstantinoplara iritsi zen eta lau hilabetetan 300.000 hildako eragin zituen, populazioaren %40-50, beste iturri batzuek ehuneko hau %33ra jaisten duten bitartean.

Epidemia 544an aktibo mantendu zen eta VI. mendearen bigarren erdiko berragerpenetan birulentzia galtzen joan zen (558, 573-574, 591 eta 599). VI eta VII mendeetan zehar Europa osan hogei bat brote egon ziren azkenik desagertzeko. Bisigodoen garaiko Hispanian izurritea 542an agertu zen calamitatis miseriae izenpean, Toledo (573), mediterraneoko kostaldean (588), Galiako Narbonnen (693-694) eta beste eskualde askotan agerraldiak sorraraziz.

Herio beltza (1348)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Caffa-ko setioa eta Europara hedatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izurri Beltza laster hedatu zen Europako merkataritza bideetan zehar.

Izurri Beltzaren lehen berragerpena Jani Beng-eko Khan Handiaren gidaritzapean zeuden tropa mongoliarren artean izan zen. Krimeako Tartaro hauek tribu ezberdinetan antolaturik zeuden eta Veneziar eta Genovatarrek borroka gogorra mantentzen zuten euren merkatal bideez jabetzeko. Uste da Zetaren Bidearen bitartez iritsi zela infekzioa tartaroetara, Veneziaren aliatu zirenak eta genovatarrak jazarri zituztenak Caffa hiribilduan babestera derrigortuz.

1347an hiria setiatu zuten mongoliarrek katapulta bidez izurriaz hildakoen gorpuak jaurtiz hiri barnera eta genovatarrak kutsatuz. Merkatariek ihes egin zuten infekzioa hedatuz:

  • Konstantinoplara iritsi zirenean itsasontzi merkatarien gehiengoa hilik zegoen

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIV-XVII. mendeetan Europan klima aldaketa bat jazo zen, tenperatura hoztuz eta euriteak nagusituz, izotz aro txikia deritzona sorraraziz. Nafarroan XIV. mendean 250.000 biztanleko gainpopulazioa pairatzen zuen, honi lursailen suntsipena, gosetearen agerpena, krisi ekonomikoa, biolentzia eta hilkortasunaren handipen nabari bat gehitu zitzaiolarik. 1348ko udaberrian Done Jakue bidea jarraituz Frantziatik sartu zen lehen fokua, kostatik Gipuzkoa eta Bizkaira hedatu eta Galiziaraino iristeko[1].

Berthe ikerlaria hekatonbe batez mintzo da gosetea eta izurriteak eragindako kalteei dagokionenan, goseak, izurriak eta sukarrak familien (nafar erromantzez: fuegos) %40 akabatu baitzituen. Benedictowen arabera hilkortasun tasa hau Nafarroako Erresuman %60-65era iritsi ahal izan zen. [3]

Monteano historialariaren ustez ordea Nafarroako populazioaren %50 hil zen urte hauetan, kokapenaren araberako ezberdintasun nabariak kontuan hartuz. Adibidez Anuen 10 familiatik 8 desagertu ziren Sakanan biztanleriaren heren bat hil zen bitartean. Anton Erkoreka mediku eta historialariaren arabera izurrite beltzak ez zuen gizarte klaseen artean desberdintzapenik egin, honen adierazle Iruñeko katedralaren kanonikoen heriotza tasa %50 izan zelarik (43tik 24 hil ziren).[4] Tasa hauek Euskal Herriko edozein lekutara aplikagarri dira, Arabako abandonaturiko herriek eta Bizkaiko herri garrantzitsuenak (Bermeo) jasan zuen biztanleriaren beherakada aztertuz gero. [5]

XIV. mendeko bigarren erdia berragerpen ugari egon ziren Nafarroako Erresuman: 1361-1362, 1373-1374, 1382-1383, 1387 eta 1395 urteetan. XV., XVI. eta XVII. mendeetan berragerpenak ere errepikatu egiten dira XVIII. mendera arte, guztiz desagertzeko Euskal Herrian. Europako azken agerpena Marseilla eta Proventzan izan zen 1720ean. [6] 300 urte hauetan zehar izandako heriotza-tasa altuari aurre egiteko herriak erlijio eta santuetan bilatu zuen laguntza, XVII. mendeko San Rokeren omenez eraikitako ermitek erakusten duten bezalaxe. Zenbait herritan gaur egundaino, gaixotasun honekin loturiko XVI. mendeko ohiturak mantendu dira, Laudion bezalaxe non abuztuaren 16an San Rokeren eguna ospatzen den. [7]

Garaiko tratamendua eta profilaxia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epidemia hau hain arriskutsu egin zuen faktoreen artean garai hartan bere transmisioa ez ezagutzea eta sintomen ikusgarritasuna azpimarratu behar dira. XIV. mendeko Marchione di Coppo Stefaniren historialari florentziarrak honelaxe deskribatu zuen gaixotasuna Crónica Florentinan:

« Zorne-zorro bat agertzen da iztai edo besapean, bat-bateko sukarra (...) odola eta listua botatzen da (...) eta odola botatzen duen oro hiltzen da. Hain beldurgarria zen non etxe batez jabetzen bazen etxeko guztiak hiltzen ziren  »

Medikuen senda-belarrak eta ozpina erabiltzen zuten azken honek gaixotasuna hiltzen zuelakoan. Era berean buboi inguruko odola drainatzea ohikoa zen gaixoa "humore txarrez" garbitzeko, honek gaixoa gehiago ahuldu eta azkenik heriotza eragiten zuelarik. Patologiaren aurka asko ezin egin zitekeen arren profilaxian aurrerapausoak eman ziren gaixoen arropa eta oheak errez. Era berean udal-autoritateek berrogeialdien bidez gaixoen etxeak isolatu ohi zituzten, batzuetan auzo oso bat hesitzen zutelarik. Hildakoak hiri kanpoaldean lurperatzen zituzten eta euren etxeak fumigatu ohi zituzten intsentsu eta beste lurrin-landareekin, garbitzaileak zirela uste baitzuten.

Aipatzekoa da XVI. mendearen hasieran Pizkundeko medikuek jantzi bereziak erabiltzen hasi ziren izurriaz ez kutsatzeko:

  • intsentsudun makila: pizturik zegoen kutsaturiko airea "garbitzeko" balio zuen eta itzalirik zegoenean gaixoa manipulatzeko. Gorriz margoturik egon ohi zen.
  • lihozko tunika: gorputz osoa estaltzen zuen eta argizariz estali ohi zen "atomo pozointsuek" irrista zitezen.
  • maskara: arnasteko hodi metaliko luzea izan ohi zuen belar usaintsuz betea "aire kutsatutik" babesteko. Maskara larruzkoa izan ohi zen, kristalezko lenteekin.

Gaixotasuna garaiko osagileen pentsamoldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izurri Beltza

Carlo Cipolla historialari italiarraren ustetan Pizkunde osoan miasmaren paradigma nagusitu zen garaiko medikuen artean. Teoria honen arabera gaixotasuna aire ez-osasuntsu eta kirasduna arnasteagatik kutsatzen zen. Teoria honi Antzinaroko partikulen kontzepzioa gehitu zioten. Kirats hauek miasma izeneko partikula negatibo batzuetatik jaiotzen ziren leku askotatik etorri zitezkeenak: padurak, putzuak, leizeak, etab.

Beraz gaixoak hildako animalia bat ukitzeagatik, ur gelditan murgiltzeagatik edo kiratsa bakarrik arnasteagatik ere atomo pozoitsuek kutsa zezaketen garaiko medikuen ustez. Edonola ere, kontuan hartu beharrekoa da paradigma hau behaketan ere oinarritzen zela eta ez zegoela beti oker, adibidez uda partean kasuak biderkatu egiten ziren arratoiek elikagai gehiago aurkitzen zituztelako eta ez padurek kirats gehiago zeriotelako beroren eraginez. [8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Martin, Xabier (2011-09-22), «Herio Beltzaren eragilea», Berria, http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-09-22/046/001/lege_info.htm#despiezea1 .
  2. ORLANDIS J. - La vida en España en tiempo de los godos. Rialp, Madrid, 2006.
  3.   The Black Death 1346-1353. The Complete History, Rochester (AEB)- Woodbridge (EB): Boydell Press, 2006, ISBN 0851159435 .
  4.   Ruiz de Loizaga Ulibarri, Saturnino (1998), Documentos sobre la peste negra (1348) en Navarra según algunos datos del Archivo Vaticano, Scriptorum Victoriense, 45, 177-193. orrialdea, ISSN 0559-2186 .
  5.   Lopez de Gereñu, Gerardo (1989), Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses (1.. argitaraldia), Euskaltzaindia, 135-226. orrialdea, ISBN 978-84-85479-48-1 .
  6.   Bertrand, Jean Baptiste (1721), Relation historique de la peste de Marseille, en 1720, Kolonia: Pierre Marteau, http://www.archive.org/stream/relationhistoriq00bert#page/n3/mode/2up .
  7.   Goienuri, Gentza (1999), Cofradía Señor Sant Roque = Roke Deunaren Anaidia, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 78. orrialdeak, ISBN 978-84-7821-382-5 .
  8.   García Bartual, Mario (2006ko abuztua), La peste negra, http://www.xtec.cat/~alamagra/Documentos/La%20Peste%20Negra.pdf .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  •  

Erkoreka, Anton (2008 1 liburukia = 42), «Épidémies en Pays Basque. De la peste noire à la grippe espagnole», Histoire des sciences médicales, Medikuntzaren historiaren Piriniooz gaindiko Jardunaldiak (Colombes: Arodan) (2): 125, ISSN 0440-8888, http://www.bizkaia.ehu.es/p209-shmhmco/es/contenidos/informacion/mhm_otras_publicaciones/es_otras_pu/adjuntos/Erkoreka_A.Epidemies_en_Pays_Basque.pdf .

  •  

Ruiz de Loizaga Ulibarri, Saturnino (2009), La peste en los reinos peninsulares según documentación del Archivo Vaticano (1348-1460), 125. orrialdeak, ISBN 9788493556556 .

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Izurri Beltza Aldatu lotura Wikidatan