Izurri buboniko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Izurri bubonikoa gaixotasun infekziosoa da, Yersinia pestis bakterioak eragindakoa. Iraganean (Erdi Aroan eta hurrengo mendeetan) gaitz honek izurrite beldurgarriekin astindu zuen Europa osoa. XX. mendearen hasieran desagertu zen Europatik, baina gaitzak bizirik dirau Afrikan, Asian eta Amerikako zenbait lurraldetan.

Ikerlari batzuen ustez izurri bubonikoa historian zehar hildako gehien eragin duen gaixotasun infekziosoa da; XIV. mendean azaldutako pandemiak (Izurri Beltzak) Europako biztanleriaren herena akabatu zuen.

Izurriaren infekzio-fokuak; urdinez, eremu endemikoak

Etologia eta transmisioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yersinia pestis kokobazilo Gram negatiboa da, anaerobio fakultatiboa. Yersinia generoan eta Enterobacteriaceae familian sailkatuta dago.

Bakterio honek marraskariak eta gizakia besterik ez du infektatzen. Marraskariak dira mikrobioaren gordailua; izurrite gehienetan arratoiak daude jatorrian.

arratoien arkakusoa

Arkakusoek funtsezko lana betetzen dute gaitzaren transmisioan: arratoi infektatuen odola zurrupatzen dute, milioika Yersinia hartuz. Gero, gizakiari ziztada eginez, milioika bakterio horiek askatzen dituzte infektatuaren odolean. Izurri bubonikoa, beraz, zoonosi bat da.

Erasobidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odol bidetik bakterio patogenoak gongoil linfatikoetara heltzen dira; hor, bertako makrofagoek eraso egiten diete, eta fagozitatu egiten dituzte. Hala ere, makrofago barnean Yersinia pestisek bizirik dirau, eta zelula barneko infekzioa garatzen du.

Infekzioaren ondorioz gongoil linfatikoetan ohiko hanturak agertzen dira (buboiak), gehienbat lepoan, izterrondoan eta besapeetan. Buboietan zorne-jarioak agertzen dira, milioika bakterio patogeno dutenak.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren inkubazio epea laburra da, 1-5 egun bitartekoa arkakusoaren ziztadatik.

Sukarra, buruko mina, hotzikarak eta gongoil linfatikoen hanturak dira sintomarik ohikoenak. Tratatu ezean, Yersinia pestis buboietatik odolera pasatzen da, benetako septizemia bat sortuz. Izurri septizemikoa oso larria da, bakterioak organo asko kaltetzen dituelako. Hilgarritasun tasa handia izaten da (gaixoen %85; izurri bubonikoarena, berriz, %35-koa da). Izurri septizemikoan oso ohikoak dira larruazalean agertzen diren orban ilunak , odol-hodiak suntsitzen direlako, zianosi agertuz (Izurri Beltzaren izena, hain zuzen, orban ilun horiekin lotuta dago).

Yersinia pestis

Zenbait kasutan, odol bidetik bakterio patogenoa biriketara iristen da. Hori gertatzen denean izurri pneumonikoa agertzen da. Izurri bubonikoaren aldean, izurri pneumonikoa oso kutsakorra da, gaixoek bakterio pila kanporatzen dituztelako eztula egiterakoan (izurri bubonikoa ez da pertsonen artean kutsatzen). Izurri mota honek inkubazio epea oso laburra du (24 ordukoa), eta pneumoniaren antzeko sintomak dauzka. Bere pronostikoa oso txarra da (hilgarritasun tasa: %95)

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izurri bubonikoaren aurka estreptomizina da antibiotikorik onena. Terapia lehenbailehen hasi behar da, bakterioa odolera edo biriketara igaro ez dadin.

Kloranfenikola eta rifanpizina antibiotiko alternatiboak dira.

Prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izurriaren aurkako txertoa dago, baina arrisku handiko tokietan besterik ez da erabiltzen. Txerto horrek 6 hilabeterako babesa besterik ez du ematen.

Gaixotasunaren profilaxiak arratoi eta arkakusoen populazioaren kontrola exijitzen du, hala nola higiene arauen ezarpena. Hirugarren munduko herrialdeetan, baina, zaila da sarritan bi baldintza horiek betetzea.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Izurri buboniko Aldatu lotura Wikidatan