Jack Tripa-ateratzailea

Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Jack Tripa-ateratzailea

Bizitza
JaiotzaPolonia, ezezaguna
Herrialdea Erresuma Batua
HeriotzaLondres, ezezaguna ( urte)
Hobiratze lekuaLondres
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakserieko hiltzailea eta bizargina
Lantokia(k)Whitechapel

Jack Tripa-ateratzailea (ingelesez: Jack the Ripper) 1888. urtearen bigarren erdialdera Londresko Whitechapel auzo txiroan jardun zuen nortasun ezezaguneko serieko hiltzailearen[1] (edo hiltzaileen) ezizena da. Ezizen hau hiltzailea zela esaten zuen norbaitek Albiste Agentzia Zentralera igorritako mezu batetik hartua da, eta mezu hori gertakariak jazotzen ari ziren bitartean argitaratu zen.

Bere biktimak prostituzioa lanbidetzat zuten emakumeak izan ohi ziren. Horietako gehienak zintzurra ebakita zutela agertzen ziren eta sabelaldeak moztuta. Garaiko ikerlarien arabera, hiru biktimen gorpuetako barne erraien lekualdatze eta mugitzeak hiltzaileak nolabaiteko medikuntza eta kirurgia jakintzak zituela adierazten zuen.

Tripa-ateratzailearen hilketen inguruko kondaira eta istorioa nahas-mahasean ageri dira. Garaiko egunkarien berriak, esamesak, poliziaren ikerketak eta ondoren sorturiko konspirazio-teoriak, folklorea eta ikerketa historikoak ezinbestean lotu eta nahasi dira. Horren ondorioz, askatzen zaila zen mataza osatu zen. Hiltzaileari zegokion baieztatutako nortasun baten faltak ustezko kriminal ugariren inguruko hainbat historialari eta ikerlariren (ripperologoak; ingelesez, ripperologits) esamesak eta adierazpenak zilegitu ditu. Une hartan bere hedapena pixkanaka handituz zihoan idatzizko kazetak albiste hau zabaldu eta hiltzailearen nabarmentzea areagotu zuen. Honek bere hilketak burutzen zituen era basatiarengatik, bai eta guzti honen arduraduna atxilotzeko poliziaren ezintasunarengatik ere, batzuetan Tripa-ateratzaileak minutu eskas batzuengatik kausitua izatea saihesten baitzuen.

Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilketak gertatu ziren lekuen kokapenak (gorriz):
Osborn Street (Emma Elizabeth Smith), George Yard (Martha Tabram), Durward Street (Mary Ann Nichols), Hanbury Street (Annie Chapman), Berner Street (Elizabeth Stride), Mitre Square (Catherine Eddowes) eta Dorset Street (Mary Jane Kelly).

XIX. mendearen erdialdera, Ingalaterrak nagusiki irlandar inmigrazioaren eragin handia jasan zuen. Heldu berri biztanle hauek Ingalaterrako konderri, hiri eta auzo txiroenetan bizitzen hasi ziren. Bestalde, Errusia tsaristatik eta Ekialdeko Europatik ihesi zetozen juduak ere gehitu ziren. Honela bada, Londres, bereziki East End auzoa eta Whitechapelgo bere parrokia, modu geldiezinean jendeztatzen hasi zen, azkenik zeharo jendez gainezka egon arte. Horren ondorioz , azpimailako ekonomia handia sortu zen[2].

Pobretasun endemiko horrek emakume asko prostituzioan jardutera bultzatu zituen. Londresko Polizia Metropolitarraren arabera, 1888ko urrian Whitechapelen "oso behe mailako" 1.200 emagaldu eta 62 putetxe zeuden. Arazo ekonomikoekin batera, gizarte tentsioaren gorakada ere bazegoen. 1886 eta 1889. urteen artean, Londresko Poliziak sarritan aurre egin behar izan zien jendearen haserrea eta langabeziaren ondorioz sortutako liskar eta iskanbilei.

Ustez, Jack Tripa-ateratzaileak egin zituen hilketa gehienak 1888ko erdialdearen amaiera aldera gertatu ziren, nahiz eta Whitechapelgo hilketak gutxienez 1891 arte gertatzen jarraitu izan. Hilketa hauetako asko erabateko ekintza latz eta basatiekin lotuta zeuden: gorpuen mutilazio eta ebaketak, tripa edo barne erraien ateratzea... hauek garaiko komunikabideetan luze eta zabal agertu zirelarik. Hilketak euren artean lotuta zeudelako esamesak irailaren eta urriaren artean indartu ziren, zenbait kazetarik eta Scotland Yardek hilketa hauetako batzuen arduradunak zirela esaten zuen/zuten pertsona/pertsonen idatzizko mezu kezkagarriak jaso zituztenean. Mezu lazgarri hauetako bat George Luskek jaso zuen, Whitechapelgo Zaintza Batzordekoa, mezuak berarekin giza giltzurrun bat zekarrelarik.

Bai hilketen era basatiarengatik, bai eta komunikabideen gertakariak azaltzeko moduarengatik, garaiko jendearengan Whistechapelen serieko hiltzaile bat ari zelako ustea areagotuz joan zen, eta Albiste Agentzia Zentralera igorritako postal batean agertutako sinaduraren ondoren Jack Tripa-ateratzailea ezizena jarri zioten. Nahiz eta ikerketa 1888ko hilketen eta ondoren gertatutako beste erailketen arteko loturaren bat ezartzeko gai ez zen izan, Jack Tripa-ateratzailearen kondaira behin betiko denen oroimenean finkatu zen.

Biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polizia Metropolitarraren agirien arabera ikerketa 1888an hasi zen, eta hiru urtez iraun zuen. Zehazki, ikerketa hau 1888ko apirilaren 3an hasi eta 1891ko otsailaren 13an amaitu zen eta euren arteko loturarik gabeko 11 hilketa bananduen ingurukoa izan zen. Garaiko poliziaren hizkeran «Whitechapelgo hilketak» izenez ezagunak izan ziren. Poliziak hamaika hilketa hauek jo eta ke ikertu zituen, eta hauetako bost gutxienez hiltzaile bakar baten lana izan omen zirelako adostasun orokor bat badago, bost hilketen multzo hau garai hartan «bost kanonikoak» (ingelesez canonical five) izenaz ospetsu egin zen. Beranduagoko idazle eta historialariek gutxienez beste zazpi erailketa eta eraso bortitz Jack Tripa-ateratzailearekin loturik daudela argudiatzen dute.

Bost "kanonikoak"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jack Tripa-ateratzailearen
5 biktima ofizialak
Mary Ann Nichols
Annie Chapman
Elizabeth Stride
Catherine Eddowes
Mary Jane Kelly
{{{2}}}

Ofizialki Jack Tripa-ateratzaileak hil zituen bost emakumeak edo bost kanonikoak hauek dira:

  • Mary Ann Nichols (ezizenez "Polly"), 1845ko abuztuaren 26an jaioa eta 1888ko abuztuaren 31ko Ostiralean eraila. Bere gorpua merkatuko peoi zen Charles Crossek goizaldeko 3:40 aldera aurkitu zuen, Whitechapelgo atzealdeko kalexka bat zen Buck's Row kaleko (gaur egun Durward Street) ukuilu bateko ate baten aurrealdean zegoen, Londresko ospitaletik 200 yardatara. Zintzurrean bi ebaki sakon zituen; bere zilborraldearen behealdea zauri sakon eta zehatz baten bidez erraiez erabat husturik zegoen. Bere zilborraldean zehar beste hainbat ebaki zituen, eta eskuinaldean era bortitz eta zehatzez egindako itxura berdineko hiru edo lau ebaki ere bazituen.
  • Annie Chapman (ezkon aurreko izena Eliza Ann Smith zuen, ezizenez "Dark Annie"), 1841ko irailean jaioa eta 1888ko irailaren 8ko Larunbatean erail zuten. Bere gorpua goizaldeko 6:00ak aldera aurkitu zuten, Spitafieldseko Handbury Street kaleko 29. zenbakiko atzealdeko atearen hurbileko lur-zoruan. Bere zintzurrak bi ebaki zituen. Bere zilborraldea erabat irekia zuen, beranduago bere umetokia mugiarazi egin zutela jakin zutena.
  • Elizabeth Stride (ezizenez "Long Liz"; bere benetako izena Elisabeth Gustafsdotter zen), 1843ko azaroaren 27an Suedian jaioa eta 1888ko irailaren 30ko Igande egun batez eraila. Bere gorpua goizaldeko 1:00ak aldera aurkitu zuten, Whitechapelgo Berner Street kalean (gaur egungo Henriques Street) dagoen Dutfield's Yardeko patioko lur-zoruan aurkitu zuten. Bere lepoan ebaki sakon eta garbi bat zuen; heriotzaren arrazoia ezkerraldeko zaingorri nagusiaren odol hustutzea izan zen. Bere eskualdeko azalaren ebaketa azalegokoa zen eta masailezurraren behekaldean kokatzen zen. Zilborraldean ebakirik ez izateak bere hiltzailearen nortasunaren inguruko zalantzak pizten ditu, honek hiltzaileak eraso hau burutzeko zailtasunak izan zituela adierazten digu.
  • Catherine Eddowes (ezizenez "Kate Conway", "Kate Kelly" eta "Mary Ann Kelly", bere legezko senarrak Thomas Conway eta John Kelly izan baitziren),1842ko apirilaren 14an jaioa eta Elizabeth Strideren antzera 1888ko irailaren 30ko Igandean eraila. Bere gorpua Londresko Cityan kokatzen den Mitre Square enparantzan aurkitu zuten, Striden gorpua aurkitu eta hiru ordu laurdenetara. Zintzurran bi ebaki zituen; zilborraldea luze, sakon eta zehaztasunez irekia eta erraiez hustua. Ezkerreko giltzurruna eta umetokiaren zati handiena mugituak eta lekuzaldatuak zituen. Garaiko komunikabideek eta londrestarrek Eddowes eta Striden hilketak "The Double Event" edota "Gertakari Bikoitza" izenez aipatu zituzten. Hilketa horiek berealdiko izu-ikara sortu zuten Londres guztian, Jack Tripa-ateratzaileak egun bakarrean egindako lehen erasoaldi bikoitza izan baitzen.
Whitechapelgo hiltzailea atzemateko poliziaren ezina kritikatu eta islatzen duen Punch aldizkariko irudia.
  • Mary Jane Kelly (Parisera eginiriko bidaiaren ondoren bere buruari "Marie Jeanette Kelly" deitzen zion, ezizenez "Ginger"),1863an jaioa eta 1888ko azaroaren 9ko Ostiralean eraila. Goizaldeko 10:45 inguruan basatiki ebakia zegoen bere gorpua Spitafields auzoguneko Dorset Street kalearen kanpokaldean kokatzen den Millers's Courteko 13. zenbakiko gela sinple bateko ohi batean zetzala aurkitu zuten. Bere zintzurra lepa-hezurreraino sakonki ebakia zegoen, bere zilborraldea berriz irekia eta erraiak erabat hustuak. Bere bihotza ez zen sekula agertu.
Londresko Polizia Metropolitarreko burua zen Sir Melville Macnaghtenen irudia (1853-1921).

Ikerlariek biktima zerrenda honen arduraduna nor izan zitekenari buruzko iritzi ezberdinak dituzte, halere historikoki Metropolitar Polizia Zerbitzuko burua zen Sir Melville Macnaghtenen 1894ko oharretan oinarritzen dela uste da, honek zioenez "Whitechapelgo hilketek 5 biktima izan zituzten- eta 5 biktima besterik ez"[3]. Macnaghten hilketak gertatu eta handik urte batetara sartu zen indar polizialean; eta 1959an argitaratu ziren bere memorandum edo oroimenetan ustezko susmagarrieri buruzko hainbat akats aurki daitezke. Macnaghtenen ustezko biktimen kopuruen inguruko desadostasun handiak daude. Ikerlari batzuen ustez hilketa sailak ezin zitezkeen hiltzaile bakar baten lana izan, libreki jardun zuten hiltzaile ezezagun kopuru handi batena lirateke. Stewart P. Evans eta Donald Rumbelow bezalako idazleek diotenez "bost kanonikoak" direlakoak "Tripa-ateratzailearen kondaira" osatuko lukete eta biktimen kopurua hiru (Nichols, Chapman, eta Eddowes), sei (aurretik izantako hiru, gehi Stride, Kelly, eta Martha Tabram) edo gehiagokoa litzateke. Dena hiltzaile baten lana zelako Macnaghtenen iritzia ez da beste garaiko ikerlariek zutenaren berdina, adibidez Frederick Abberline Inspektoreak bestelako iritzia zuelarik[4]. Thomas Bond polizia zirujauak Londresko CIDko burua zen Robert Andersoni 1888ko azaroaren 10ean igorritako gutunean dioenez bost biktima hauen arteko lotura bat bazegoen eta poliziak kasu bakar bat balitz bezala aztertu zituen.

Poliziaren iragarki publikoa 1888ko 'Izuaren Udazkenean'.

Stride kenduta, bere aurkako erasoaldian hiltzailea bere jardunean eten egin zutenaren zantzuak daudelarik, hilketak aurrera zihoazen arabera "bost kanonikoen" biktimak gero eta era basatiagoan hiltzen joan ziren. Nichols eta Stridek ez zuten inongo errai edo organorik galdu; baina hiltzaileak Chapmanen umetokia berarekin bat eraman zuen, eta Eddowesen umetokia eta giltzurrunak lekuz atera eta aurpegia ebaki zioten. Aldiz Kellyren kasuan krimenaren eszenatokitik bere bihotza bakarrik eraman eta gorpua bere gelan laga zuten.

Orokorki "bost kanonikoen" hilketak gauez, leku itxietan edo asteburuz burutu ziren, jendea erraz sar ezin zitekeen toki isolatuetan, eta hilabete amaiera edo astean zehar bat egiten ez zuten data eredu batean. Halere jokabidearen aldetik kasu bakoitza aurrekoaren ezberdina izaten zen. Orain arte aipatutako ezberdintasunetatik hat, Eddowes andrea Londresko Cityan eraildako bakarra izan zen, Citya eta metropoliaren arteko mugan. Nichols berriz kale irekian aurkitutako biktima bakarra izan zen, nahiz eta kale hau ilun eta bakartia izan. Chapman andrea eguzkia atera orduko erail zuten, nahiz eta bere gorpua aztertu zuten polizia eta sendagileen iritzia hau ez izan[5]. Kellyren hilketak hiltzailearen sei asteko jarduera ezari amaiera eman zion. (Nichols eta Chapmanen hilketen artean aste bat igaro zen; Chapman eta "gertakari bikoitzaren" artean ostera hiru aste igaro zirelarik.)

Garai honetan jasotako emakumeen aurkako erasoaldien kopuru handi eta ikaragarriak zalantza jarri zuen gizon berberak hil zituen biktimen zenbatekoa zehazteko unean. Aditu gehienen arabera zintzur edo eztarrietako ebaki sakonek, zilborralde eta ernaltza-organo edo genitalen mutilazioek, eta areagotuz joan ziren aurpegietako ebakidurek Jack Tripa-ateratzailearen modus operandi edo jokabidearen ezaugarri nabarmenak bilakatu ziren.

Whitechapelgo hilketen ikerketa agirietan agertzen ziren beste biktima batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi berean Polizia Metropolitarrak Whitechapelen jasotako beste sei hilketa ere ikertu zituen, bi "bost kanonikoak" baino aurretik gertatutakoak eta beste lau ondoren gertatutakoak. Biktima hauek garaiko ikerketan agirietan agertzen ziren eta beranduagoko ikerlariek Jack Tripa-ateratzaileari egozten dizkiote.

Hauek dira "bost kanonikoen" aurretik jasotako bi hilketak:

  • Emma Elizabeth Smith, 1888ko apirilaren 3an Whitechapelgo Osborn Street kalean erasotu zuten; bere aluan objektu kamuts bat sartu zioten. Erasoaldiari biziraun eta oinez ostatua hartua zuen bere etxera itzuli zen. Eritetxe batean hartu zuten, han poliziei bi edo hiru gizonek erasotu ziotela aipatu zien, hauetako bat nerabe edo gaztetxo bat zelarik. 1888ko apirilaren 4ean koman sartu zen. Gaisoa zaindu zuen Londresko ospitaleko zirujauaren zen G. H. Hillier doktorearen arabera zauriek indar handia erabili zela adierazten zuten, honek peritoneoa eta beste barne organoen haustura eragin zuelarik, peritonitis batetara eramanez eta jasandako zauri laurriek heriotzara eraman zutelarik[6].
  • Martha Tabram (batzuetan Tabran bezala laburtua; ezkongabeko izena Martha White, ezizenez Emma Turner), 1888ko abuztuaren 7an eraila. Denera 39 labankada zituen. Withechapelgo hilketa kanonikoak izan ez zirenetatik, Tabramena Tripa-ateratzailearen lana izan zitekenetakoa bat da, batez ere arrazoi ugariengatik. Geografia (George Yard Buildings, George Yard, Whitechapel) eta denboraren hurbiltasunak erasoaldi hauek Tripa-ateratzailearenak izan ziteezkela iradokitzen zuten, gainera funts edo arrazoi jakin baten ezaz osatuta dago eta erasoa erabateko basakeriaz burutua dago. Dena dela, erasoaldi hau hilketa kanonikoetatik ezberdindu egiten da, honetan erasoa labainkadak ematen baitira, besteetan aldiz zintzurraren ebaketa eta hil ondorengo zauriak ematen direlarik.
Philips doktorea Annie Chapmanen gorpua aztertzen.

Aldiz beste hauek "bost kanonikoen" hilketen ondoren jaso ziren:

  • Rose Mylett (bere benetako izena ziurrenik Catherine Mylett zen, halere Catherine Millett, Elizabeth "Drunken Lizzie" Davis, "Fair" Alice Downey, edota soilik "Fair Clara" bezala ere ezaguna zen), 1888ko abenduaren 20an was reportedly strangled "bere lepo inguruan soka batekin" itota agertu zela berri eman zuten, halere ikerlari batzuen ustez istripuz mozkorraldi batean zegoen unean bere lepokoarekin itorik hil omen zen. Bere gorpua Poplar auzoko High Street kaleko Clarke's Yarden aurkitu zuten.
  • Alice McKenzie (ezizenez "Clay Pipe Alice", batzuetan Alice Bryant gaitzizena ere erabiltzen zuen), 1889ko uztailaren 17an Whitechapelgo Castle Alley kalean hilik aurkitu zuten. Ezkerreko arteria karotidaren banaketarengatik hil zen, bai eta bere gorputzean aurkitu zituzten hainbat zauri eta ebakidurengatik ere. Gorpua aztertu zuen Thomas Bond doktore eta patologoaren ustez Tripa-ateratzailearen hilketa bat izan zen, halere hilketa honen aurretik beste hiru gorpu aztertu zituen Phillips doktore patologoak bere desadostasuna agertarazi zuen[7]. Beranduagoko idazleak bitan banatzen dira, batzuek Jack Tripa-ateratzailea hilketa horren arduradun egiten zuten, besteen ustetan aldiz Tripa-ateratzailearen hilketaren itxura eman nahi izan zion hiltzaile ezezagun baten lana zela uste zuten, honela berarenganako susmoak saihestu asmoz eta poliziaren susmoa berriro ere Tripa-ateratzailearengan ipiniz[8].
  • "Pinchin Streeteko soina"1889ko irailaren 10ean Whitechapelgo Pinchin Street kalean dagoen trenbidearen arkupean emakume baten buru eta besorik gabekoa soin edo gorputz-enbor bat aurkitu zuten. Ebakiak "Whitehalleko Misterioa" ("The Whitehall Mistery") izenez ezagutzen zen kasuan emdakoaren berdinak ziren, halere aipatutako kasu horretan eskuak ez zeuden ebakita. Dirudienez erailketa edonon gertatu eta gorpuaren zati ebakiak krimenaren eszenatokitik hat sakabanatu zituzten. Garaiko espekulazioen arabera gorpu hondakinak Lydia Hart andrearenak izan zitezkeen, orduantxe desagertutako emagaldua, halere uste hau berehala gezurtatu zen, aipatutako emakume hau inguruko taberna batean aurkitu baizuten, aurreko gauean izandako "parranda txiki" baten eraginetaz sendatzeko medikuen laguntza jaso zuelarik. Biktimaren nortasuna ez zen inoiz argitu. "Whitehalleko Misterioa" eta "Pinchin Streeteko Hilketak" hilketa sail handiagoren zati izan zitezkeela iradokitzen dute, esate baterako "Tamesieko Misterioak" edota "Ontziratzelekuko Hilketak", hauek denak serieko hiltzaile berberak burutuak, "Soinaren Hiltzailea" ("Torso Killer") bezala izendatu zena[9][10]. Jack Tripa-ateratzailea eta Soinaren Hiltzailea delakoa gune berberan jardun zuen serieko hiltzaile berdina izan zitekeenaren eztabaida denbora luzez bizi-bizirik mantendu zen[11]. Soinaren hilketen modus operandia Tripa-ateratzailearengandik ezberdina zenez, krimenen inguruko Don Rumbelow idazleak ez zuen bien arteko loturarik ezarri[12].

"Puck" aldizkarian agertutako irudi baten ondorioz Pinchin Street kaleko hilketaren inguruko interesak berpizkunde bat pairatu zuen; irudi horretan Jack Tripa-ateratzailea ageri da, bere aurrekaldean berriz, ispilu bati begiratu ezkero bere nortasunari edo lanbideari buruzko garai hartan puri-purian zuden espekulazio eta esamensen araberako jendea agertzen zen: sendagile bat, elizgizon bat, emakume bat, judu bat, lapur edo polizia bat.

  • Frances Coles (Frances Coleman bezala ere ezaguna, ezizenez Frances Hawkins eta "Carrotty Nell"), 1891ko otsailaren 13an eraila. Bere buruaren atzekaldeko zauri txikien arabera bere zintzurra ebaki aurretik lurzoruaren aurka basatiki kolpekatua edo astindua izan zen. Bestela bere gorpuak ez zuen inongo ebakirik. Bere gorpua Whitechapelgo Swallow Gardens kalean dagoen trenbideko arkupean aurkitu zuten. Lehendik James Thomas Sadler izeneko gizonezko batek emakume hura ikusia zuela aipatu zuen. Zoritxarrez poliziak gizona atxilotu eta denbora batez Sadler delako hau Jack Tripa-ateratzailea bera zelakoaren susmopean egon zen. Hala eta guztiz, beraren aurkako inongo frogarik ez zegoenez Epaitegiak 1891ko martxoaren 3an aske utzi zuen. Hamaika hilketa eta azkeneko "Whitechapelgo Hilketa" honen ondoren kasua itxi egin zen.

Tripa-ateratzailerari leporatutako beste biktima batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frederick Abberline Inspektorea, Jack Tripa-ateratzailea atxilotzeko ikerketa lanen arduradun nagusia. 1888ko egunkari bateko irudia.
Edmund Reid Detektibe Inspektorea.
Walter Andrews Detektibe Inspektorea.

Gure garaira ailegatu ahal izan diren Whitechapelgo Hilketen inguruko agiriek Victoriar Garaiko ikerketa prozeduren xehetasunak agertzen dizkigute. Polizia talde handi batek etxez etxeko ikerketa zuzendu zuen, susmagarrien zerrenda osatu eta hauetako asko galdekatuak izan ziren, material forentsikoa bildua eta aztertua izan zen. Ikerkuntzaren irakurketa zehatz batek susmagarriak identifikatzeko oinarrizko prozedura bat zegoela erakusten digu, susmagarri hauek irudikatu eta hauek xehetasun handiagoz ikertu edota hauek zerrendatik at ezartzeko. Hau oraindik gaur egungo galdeketa gehienen eredua delarik[13]. Hasiera batean ikerketa hau Whitechapelgo (H) Saileko C.I.D.ko burua zen Edmund Reid Detektibe Inspektoreak zuzendu zuen. Nicholsen hilketa ondoren Scotland Yardeko Bulego Nagusiak laguntza eman nahian Frederick Abberline, Henry Moore, eta Walter Andrews Detektibe Inspektoreak bidali zituen. Londresko Cityan gertatu zen Eddowesen hilketaren ondoren Hiriko Poliziak laguntza moduan ere James McWilliam Inspektore Detektibea bidali zuen. Dena dela, ikerketaren galdeketek hartu zituzten norantza ezberdinak nahiko nahasiak izan ziren eta azkenik Chapman, Stride eta Eddowesen erailketen garaian, C.I.D.ko buru zen Sir Robert Anderson ezarri zuten ikerketaren arduradun nagusi bezala. Azken honek Suitza irailaren 7a eta urriaren 15aren artean utzi eta Ingalaterrara bueltatu zelarik.

Poliziaren ahaleginekin gustura ez zeuden Londresko East End auzoko hiritar batzuek Whitechapelgo Zaintza Kontseilua delako bolondres taldea sortu zuten, euren eginbeharra itxura susmagarriko pertsonen bila Londresko kaleak patruilatzea zelarik, erakunde honen beste helburu batzuk gobernuari hiltzaileari buruzko argibide gehiago eskatzea eta poliziaren ikerketatik hat zegoen ikerketa bat bultzatuko zuten detektibe pribatuak alokatzea zen. 1888an Whitechapelgo Zaintza Kontseiluaren buru nagusia George Lusk zen. 1889an Albert Bachertek gisa bereko talde baten agintean zegoela aipatu zuen.

Hormako idazkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizabeth Stride eta Catherine Eddowes hilketak jaso ziren biartean irailaren 30eko gauean poliziak hilketa hauen eszenatokien inguruak arakatu zituen susmagarri, lekuko edo frogen bila. Goizeko 3:00ak aldera, Alfred Long zaindariak Goulston streen kaleko etxebizitza baten eskaileran amantal baten zati odoleztatua aurkitu zuen. Beranduago jakin eta baieztatu zenez jantzi hau Catherine Eddowesen amantal zahartuaren zati bat zen. Aurkitutako amantal honen alboko horman klarion zuriz idatzitako idazki bat zegoelarik (beste bertsioen arabera, atezangoan omen zen). Idazki honetan honako esaldi hau irakur zitekelarik:

« The Juwes are the men that will not be blamed for nothing.[14]
Juduak ezerrengatik errudun izango ez diren gizonak dira.
»

Ikerlari eta idazle ugarik idazki honi "Goulston Streeteko Graffitoa" deitzen diote[15]. Londres Hiriko Poliziaren detektibea zen Daniel Halse une hartan bertantxe ailegatu zen leku hartara eta idazkiaren beste bertsio ezberdin bat aipatu zuen:

« The Juwes are not the men who will be blamed for nothing.[16]
Juduak ez dira ezerrengatik errudun izango diren gizonak.
»

Tripa-ateratzailearen gutunak ote?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tripa-ateratzailearen hilketak gertatzen ziren bitartean, poliziak, egunkariek eta beste hainbatek kasu honekin ustezko lotura zuten milaka gutun jaso zituzten. Hauetako batzuk hiltzailea harrapatzeko aholkuak edo laguntza eskaintzen zuten asmo oneko pertsonek bidalitakoak ziren. Gutun hauen gehiengo handia baliogabekotzat jo eta erabat alboratu eta ahaztuak izan ziren.

Beharbada interesgarrienak mezu hauen idazleak hiltzailea bera zirela aipatzen zuten ehundaka gutunak izan ziren. Hauetako ia gutun guztiak iruzurtzat jo ziren, eta aditu askoren arabera bat bera ere ez zen benetakoa izan; baina gaur egungo ikerlarien ustez benetakoak izan litezkeen gutunetako batzuen artean bereziki nabarmenenak honako hiru hauek dira:

"Buruzagi Maitea" gutuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutun honek irailaren 25eko data zuen eta Central News Agencyk 1888ko irailaren 27an jaso zuen, ondoren irailaren 29an Scotland Yardera bidali zutelarik. Hasiera batean iruzurtzat jo zuten, baina handik hiru egunetara Eddowes hilda eta belarri bat ebakirik agertu zenean ikertzaileak gutun honetan aipatzen den ...Hurrengo lanean anderearen belarriak moztuko ditut... esaldiak ikerlarien arreta berezia bereganatu zuen. Poliziak gutun hau urriaren 1an argitaratu zuen, norbaitek idazkera ezagutuko zuen itxaropenez, baina ekintza honek ez zuen inongo ondoriorik izan. Jack Tripa-ateratzailea izena lehendabiziko aldiz gutun honen amaierako sinaduran aipatzen da eta gutunaren argitalpenaren ostean mundu osoan ospetsu bilakatu zen. Erailketen ondoren poliziako ofizialek gutuna bertako kazetari baten iruzurra zela ondorioztatu zuten[17][18].

« Buruzagi Maitea,
Poliziak harrapatu nauela behin eta berriz entzuten nabil baina oraindik ez naute aurkitu. Barre egiten dut oso buruargiak diruditen horiek aztarna onaren atzetik dabiltzala aipatzen dutenean. Emagalduek gogaitu egiten naute eta eurekin amaitu arte ez naiz erraiak husteaz aspertuko. Lan bikaina burututako azkenekoa. Andereari garrasi egiteko astirik ere ez nion eman. Nola harrapatuko naute orain. Nere lana maite dut eta berriz ere hasteko asmoz nago. Laister ni eta nere joko txiki dibertigarrien berri izango duzu. Hurrengo lanean anderearen belarriak moztuko ditut eta poliziako ofizialei bidaliko dizkiet nahiz eta zure pozerako ez izan. Gorde ezazu gutun hau zurekin nik zertxobait gehiago lan egiten dudan bitartean. Nere aiztoa zorrotza eta ederra da, aukerarik izanez gero oraintxe atera eta lanean hasi nahi dut. Zorteon.
Zinez zurea den
Jack Tripa-ateratzailea.

P.D: Orain arte hau bidaltzeko gai ez naiz izan, tinta gorri honek denak nere eskuak zikintzen baizituen, madarikazioa, orain ergela ez, sendagilea naizela diote, kar, kar

»

"Saucy Jacky" gutuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Infernutik" gutuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Infernutik" gutunaren irudia.

"Infernutik" gutuna, edota "Lusk gutuna" bezala ere ezaguna zena 1888ko urriaren 16an Whitechapelgo Zaindaritza Kontseiluko buru zen George Luskek jasotako gutunazala da. Lusk jaunak kutxatxo bat ireki eta bertan giza giltzurrun erdi bat aurkitu zuen, beranduago aipatu zenez aurretik sendagile batek "ardotan" (etanolen) gordetakoa omen zen. Ikerlarien iritziaren arabera giza organo hau medikuntza ikasle batzuek lortutakoa izan zitekeen, honela gutunarekin bat bidali eta gezurretazko froga bat edo iruzurra egin nahian. Hiltzaileak Eddowesen giltzurrunetako bat lekuzaldatua zuen. Gutunaren idazlearen hitzetan giltzurrun horren beste erdia "frijitu eta jan" egin omen zuen. Giltzurrun honen inguruan hainbat desadostasun daude: batzuen ustez Eddowes andrearen giltzurruna omen zen, bienbitartean beste batzuentzat "txantxa makabro bat, eta besterik ezer ere ez" zen[19].

"Infernutik" gutuna jaso zuen Whitechapelgo Zaindaritza Kontseiluko buru zen George Lusk jaunaren irudia.

Beste ikerketa iturrien arabera gutunaren data 1888ko irailaren 17koa litzateke, Jack Tripa-ateratzaileak bere izena lehenengo aldiz erabili zuenekoa. Ikerlari gehienen ustetan iturri hau XX. mendeko poliziaren artxibategietatik ateratakoa da, hilketak gertatu eta denbora askora[20]. Bestalde gutunak bere benetako data zilegitzen duen inongo polizia zigilurik ez duela ere nabarmentzen dute, ez eta benetako froga bat ote zen ikertu zuen ikerlariaren izenaren lehen hizkiak ere. Gainera garai hartatik iritsi zaizkigun polizia agirietatik batek ere ez du bere aipamenik egiten.

Horretaz gain, gutun horri egindako DNA azterketek ez dute behin betiko ondorio jakinik eman.[21]

« Infernutik

Lusk Jauna,
Jauna
Emakume batetik eskuratu eta zuretzat gorde dudan giltzurrun bat igortzen dizut beste zatia frijitu eta jan egin bainuen oso ona zegoelarik. Hau ateratzeko erabili nuen aiztoa ere igorri diezazuket apur bat itxaroten baduzu
Sinatuta
Harrapa nazazu ahal duzunean Lusk Jauna.

»

Jatorrizko gutuna, bai eta berarekin bat zihoan giltzurruna ere, bata bestearen atzetik galdu egin ziren. Gauza berbera gertatu zen Poliziaren Artxibategian zeuden Jack Destripatazailearen ustezko gauzakin ere. Baliteke bai gutuna nahiz giltzurruna kasu honetan lanean ari zen poliziako ofizial batek oroigarri gisa moduan beraganatu edo lapurtua izana. Eskuinaldeko gutunaren irudia bere galtzearen aurretik eginiriko argazki bat da.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jack Tripa-ateratzailea Aldatu lotura Wikidatan
  1. FBIren Jack Tripa-ateratzaileari buruzko webgunea
  2. Life and Labour of the People in London (Londres: Macmillan, 1902-1903) (The Charles Booth on-line archive)
  3. Macnaghtenen oharrei buruzko Rumbelowek eginiriko azterketa, 140. orr.
  4. Stewart Evans eta Donald Rumbelow (2006) Jack the Ripper: Scotland Yard Investigates - Jack Tripa-ateratzailea: Scotland Yardeko Ikerketak
  5. Wolf Vanderlinden, "'Considerable Doubt' and the Death of Annie Chapman", Ripper Notes 22zbk., ISBN 0-9759129-3-3
  6. Stewart P. Evans & Keith Skinner, The Ultimate Jack The Ripper Sourcebook, 4–7. orr. (Edmund Read Inspektorearen aipamena eta Emma Smithen inkestari buruzko artikuluak, 1888ko apirilaren 9ko Morning Advertiser eta 1888ko apirilaren 8ko Lloyds Weekly aldizkariak.)
  7. Rumbelow, 131 orr.
  8. Marriott, 195. orr.
  9. Gerard Spicer, "The Thames Torso Murders of 1887-89"
  10. Jack the Ripper: A Cast of Thousands
  11. Gordon, R. Michael (2002), "The Thames Torso Murders of Victorian London", McFarland & Company ISBN 978-0-7864-1348-5
  12. Rumbelow, 132. orr.
  13. David Canter: Criminal Shadows: Inside the Mind of the Serial Killer, 12-13. orr. ISBN 0-00-255215-9
  14. 1888ko urriaren 11ean Long zaindariari eginiriko galdeketako testigantza, Marriottek jasoa, 148–149 eta 153. orr., bai eta Rumbelowek ere, 61. orr.
  15. John Douglas, Mark Olshaker (2000), The Cases That Haunt Us ISBN 0-7432-1239-8
  16. 1888ko urriaren 11n Halse detektibeari eginiriko galdeketako testigantza, Marriottek jasoa, 150–151. orr.
  17. Eddowesen belarria hiltzailearen erasoaldian zehar istripuz ebaki omen zen, eta gutunaren idazleak poliziari hitz emantako belarriaren bidalketa ez zen inoiz ere eman
  18. Marriott, 221 orr.
  19. Another Look at the Lusk Kidney. DiGrazia, Christopher-Michael. Ripper Notes. 2000.
  20. Marriott, 223. orr.
  21. "Was it Jill the Ripper?", News.com.au webgunean