Jacob Jordaens

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
1=Painting "The Adoration of the Shepherds", by Jacob Jordaens, 1618. National Museum, Stockholm (Sweden).
Jacob Jordaens: l'Adoration des bergers (1618)
Jacob Jordaens: Prometheus (1640)

Jacob Jordaens flandriar margolaria izan zen (Anberes, 1593 - Anberes, 1678). Adam Van Noorten ikaslea izan zen eta haren alabarekin ezkondu zen. Rubens (1640) eta Van Dyck (1641) hil ondoren, Herbehereetako garai hartako azken maisua da. Jordaensen estiloan berebiziko garrantzia izan zuten Rubensen, Caravaggioren eta Bassanoren lanek. Bere garaiko beste artista askok ez bezala, ez zuen bere jaioterria utzi nahi izan, eta abertzaletasun sutsu horren kutsua nabarmena da bere koadroetan ere.

Jordaens 1620-1630 hamarraldian hasi zen bere estilo propioa finkatzen. Oro har, indar handiko irudiak egin zituen, oso adierazgarriak eta edukiaren aldetik oso landuak. Kolore biziak erabili zituen eta koloreen arteko konbinazio bortitzak asmatu zituen. Bere koadroetako marrazkiak ere gogorrak dira, eta argi-itzal nabarmenak eratzen dituzte. Argia eta kolorea lantzeko zuen trebetasun berezia 1625-1630 bitarteko obretan antzematen da gehien. Rubensek eta Van Dyckek molde arranditsu eta aristokratikoa erabili zuten bezala, Jordaensek, aldiz, estilo adierazgarriagoa, sentsualagoa erabili zuen. Bere koadro batzuetan jende asko agertzen da, pilatuta bezala; pertsonaia sendoak, lodikoteak, aurpegi gorrikoak dira oro har, eta sarritan arrunkeria ere nabari da. Geroko lanek, ordea, aberastasuna eta indarra galdu zuten.

1640. urtetik aurrera Greenwicheko jauregia apaintzeko lanean jardun zuen buru-belarri. 1648tik aurrera, berriz, Suediako Kristina erreginaren margolari izan zen, eta 1652an Hagako Huis ten Bosch etxaldea apaindu zuen. Lan horretan antzematen da Jordaensen azkenaldiko neurrigabetasunerako eta patetismorako joera. Azpimarratzekoak ditu Denboraren garaipena eta Orangeko Frederiko Henrikeren garaipena muralak; arkitektura-apainduraren maisulantzat hartuak dira, eta bertan alegoria konplexua, kolore biziak eta forma bihurriak nahasten dira.

Bere sorterriko gaiak izan zituen oinarri; jaiak, festak, etab. Errege haurra lanean, Flandriako burgesen eta nekazarien irudiak egin zituen. Kalbinista egin zen, baina eliza katolikoetan ere lan handia egin zuen. Jordaensek egindako erretratuak arrakasta handikoak izan baziren ere, genero hori ez zuen asko landu. Ruytergo almirantea eta Andre zaharra dira erretratu ezagunenak. Beste lan aipagarri batzuk: Ebanjelariak, Martin Santua gizon bat sendatzen, Moises haitza jotzen.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jacob Jordaens Aldatu lotura Wikidatan