Jacques Demy
Jacques Demy frantses zinemagilea (Pontchâteau, Loire-Atlantique, 1931 - Paris, 1990).
Biografia [aldatu]
Zinemagintzako ikasketak egin ondoren, zuzendari-laguntzaile izan zen. 1950eko hamarraldiaren bukaeran, hainbat film labur egin zituen, horien artean Le Sabotier du Val de Loire (1956, Val de Loireko sabotaje-egilea) eta Le Bel Indifférent (1957, Eder axolagabea) nagusi. 1961ean Lola lehenengo film luzea egin zuen, Nouvelle vagueren urte ederren garaian. Film hunkigarria eta minbera da, eta Demyren ondorengo lanen oinarriak erakusten ditu; era berean, zinemagileak ametsaren eta errealitatearen arteko harremanaren inguruko kezkei buruzko gogoeta agertzen du. 1964an, Cannesko Jaialdian, urrezko domina jaso zuen, Les Parapluies de Cherbourg (Cherbourgeko aterkiak) musika-komediagatik. Hura izan zen Catherine Deneuverekin egin zituen lau filmetako bat. Hauek dira besteak: Les Demoiselles de Rochefort (1967, Rocheforteko andereñoak), Peau d'âne (1970, Asto-azala) eta L'Événement le plus important depuis que l'homme a marché sur la Lune (1973, Gertakizun garrantzitsuena gizona Ilargian izan zenetik). 1969an États-Unis Model Shop egin zuen, Lola lanaren jarraipena. Lady Oscar (1979) lanaren ondoren, Jacques Demyk melodrama guztiz kantatuaren formula hautatu zuen, eta Une chambre en ville (Gela bat hirian) osatu zuen. Lan horrek izugarrizko arrakasta izan zuen. Bere azken lanetan, Parking (1985) eta Trois Places pour le 26 (1988, Hiru leku 26entzat), musika, kantua eta dantza landu zituen. Hil ondoren, Agnès Varda emazteak omenaldi bat egin zion Jacquot de Nantes (1991) lanarekin.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.