Jacques Laffitte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau bankari eta politikari baionesari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lafitte».
Jacques Laffitte

Frantziako Ministro Kontseiluaren presidentea

1830eko azaroaren 2a - 1831ko martxoaren 13a
Jules de Polignac - Casimir Perier
Governor of the Banque de France (en) Itzuli

1814ko apirilaren 6a - 1820 - Martin-Michel-Charles Gaudin (en) Itzuli

Frantziako Nazio Biltzarreko kidea

Bizitza
JaiotzaBaiona1767ko urriaren 24a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis1844ko maiatzaren 26a (76 urte)
Hobiratze lekuaPère Lachaise hilerria
Grave of Laffitte (en) Itzuli
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta bankaria
Lantokia(k)Paris
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Alderdi politikoaliberalismo

Find a Grave: 44171037 Edit the value on Wikidata

Jacques Laffitteokzitaniera arautuan Lahita edo Lafita[1]— (Baiona, Lapurdi, 1767ko urriaren 24a - Paris, Frantzia, 1844ko maiatzaren 26a) bankaria eta politikaria izan zen.

Banka munduan igoera azkarra izan eta Frantziako Bankuaren gobernadorea bihurtu zen. Diputatu liberala, 1830eko Uztaileko Iraultzan esku hartu zuen eta frantses estatuko goreneko kargu politikoa bete zuen: Ministro Kontseiluko presidentea izan zen, hau da, lehen ministroaren edo gobernuburuaren orduko baliokidea. Luis Filipe I.arekin suertatu zen hori, bere 1. legegintzaldian. Charles Floquetekin batera kargu hau bete duen euskal herritar bakarra da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baionako Baiona Ttipia auzoko Trinket karrikako (orduan Maubec izena zeramana) 2. zenbakian[2] jaio zen 1767an familia umil eta ugari (10 neba-arreba ziren) batean; bere aita Pierre Laffitte (1789an hila) arotza zen. Ikasketa laburren ostean 12 urterekin arotz-ikastun bihurtu zen bere aitarekin; gero, bi urtez Baionako notario baten hirugarren idazkari aritu zen, eta hamalaurekin hiri honetako Formalaguès izeneko tratulariaren zerbitzuan hasi zen.

Bankari ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1788an, 21 urte zituela, Parisera jo zuen bere ugazabaren gomendatze-gutun batekin, Jean-Frédéric Perregaux bankariaren bulegoetan morroi aritzeko eskaeraz. Perregaux bankua "Salbamendu Publikoaren Komitearen" bankua bihurtu zen atzerrian zituen harremanengatik eta Brumarioaren 18az geroztik bere burua politikoki ondo kokatu zuenez Napoleon Bonaparteren finantza aholkularietakoa izan zen. Zortea lagun, lana bertan eman zioten eta berehala dohain handiak erakutsi zituen bankuen munduan aritzeko, bilakaera azkarrari hasiera emanez.

Perregauxek gero eta ardura handiagoak eman zizkion; 1790ean bere irabaziak 3000 liberakoak ziren eta II urtean Mont-Blanc Parisko auzoko bake-epailearen aholkularia izendatu zuten. Hala ere, IV urtean gorabehera bat izan zuen bere ugazabarekin; bere ustez Perregauxen konfiantza galdu eta bigarren mailako lanpostuan zokoratuta zegoenez, bankua utzi zuen[3]. Horrek bere eragina izan zuen eta bankariak bere kide bihurtu zuen oraingoan, sortu berri zen Société Perregaux et Cie. delakoan; gainera bankariak osasun-arazo larriak zituenez 1807ko abenduaren 29an beste elkarte bat sortu zen hamar urterako, Perregaux, Laffitte et Cie.; bertan Laffittek kapital sozialaren %50 zuen eta zuzendari kudeatzailea zen; Perregauxen semeak eta alabak %25na zuten. Hamar urtez elkartearen kudeatzaile bakarra izan zen eta horren ondorioz Pariseko lehen bankua eta Europako indartsuenetakoa bihurtu zen.

1801eko maiatzean ezkondu zen Marine-Françoise Laeut (1783-1849) tratulari baten alabarekin. Bikote honek alaba bakarra izan zuen, Albine Étiennette Marguerite Laffitte (1881n hila).

1809ko urtarrilaren 19an Frantziako Bankuaren burua bilakatu zen Perregauxen heriotzaren ostean; 1831 arte egon zen karguan. Aldi berean Sena departamentuko Merkataritza Epaitegiko (1809tik) nahiz Merkataritza ganberako (1810etik) burua ere izan zen. 1814ko apirilaren 6an, Frantziako Lehen Inperioa jausi eta gero behin-behineko gobernuak Frantziako Bankuaren buru jarri zuen eta hala ibili zen 1820 arte.

Napoleon Bonapartek esan omen zion: « Ezagutzen zaitut, Laffitte jauna, badakit ez duzula neure gobernua maite baina gizon ondradutzat zaitut ».

Esaldi hori egia zela frogatzeko aukerak izan zituen, ondorengo gobernuei fabore ugari egin baitzien. Lehen Berrezarpenean taxuzko diru-kopurua eskaini zuen Aliatuen gerra beharretarako eta Napoleon Elba uhartean lehorreratu zenean Luis XVIII.arentzat dirutza funtsezkoa lortu zuen. Hala ere, enperadore kortsikarrak erbesterako bidea hartu behar izan zuenean Laffitteren bankuan sartu zituen 6 miloi libera, berarekiko konfiantza osoa erakutsita. Waterlooko guduaren ostean behin-behineko gobernuak armadakoen soldatak ordaintzeko Frantziako Bankuari dirua eskatu zuenean, Laffittek horri ezetz esan eta bere funtsetatik atera zituen 2 miloi libera; egun batzuk beranduago Prusiak eskatzen zuen gerrarako beste ekarpen berri bat ere bere diruz estali zuen ia erabat. 1818an beste behin salbatu zuen Paris finantza-krisialditik, Burtsa bere likidazioari aurre egiteko gai ez zelarik 400000 liberako zorrak erosi eta ordaindu zituenean.

Garai honetan ondasun oso garrantzitsuen jabe (20-25 miloi liberatan kalkulatuta) zen; horrekin 1818an Maisonseko[4] gaztelua erosi zuen Yvelines departamentuan. Beste gaztelu edo luxuzko etxe batzuk zituen Meudon (Senako Gainak), Breteuil-sur-Iton[5] (Eure) eta Parisen.

Aipatu dugun guztiak XIX. mendeko finantza-gizonik inportanteenen artean kokatzen du baionesa.

Ibilbide politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1815eko maiatzaren 8an Ehun Eguneko Ganberarako hautatu zuten merkataritza ordezkatuz Senan[6]. Ez zuen tribunan hitz egin eta alderdi konstituzional liberalarekin bat egin zuen.

Aurkari aktibo eta errespetatua Berrezarpenean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1816ko urriaren 4an Senako hautesbarrutitik berrautatuta, ezkerraldean kokatu eta finantza-gaietan espezializatu zen; bere diskurtsoek eragina izaten zuten gobernuarengan, oposizioko kidea izanda ere. Gauzak horrela, Luis XVIII.ak Altxorraren arazoei aurre egiteko sortu zen batzordeko kidea izendatu zuen.

1817ko irailaren 20an diputatu berrautatuta[7], oposizioan segitu zuen eta prentsa askatasunaren alde jardun zuen. Askatasun publikoen defendatzaile, bilkura publikoen kontrako zapalkuntza kritikatu eta hauteskunde-sistema berriaren kontra bozkatu zuen.

Parisko 2. barrutian hautesleek 1822ko maiatzaren 9an diputatu berriro aukeratu zuten[8]. Estatuaren egoera ekonomiko eta politikoaz emandako azalpenengatik nabaritu zen; Espainiarako espedizioaren kontra atera zen baina Villèle ministroari babesa eskaini zion errentak murrizteko bere operazioan, nahiz eta horrek bere kide politikoen haserrea piztu zuen. 1824ko otsailaren 25eko hauteskundeetan Parisko barruti berean gutxirengatik ez zuen lortu ordezkaritza berritzea[9], baina 1827ko martxoaren 29an berriro bihurtu zen diputatu, oraingoan Baiona jaioterriaren inguruko barrutia (Behe Pirinioetako departamentuko 3.a) ordezkatuz[10]. Hurrengo azaroaren 17ko hauteskunde orokorretan aldi berean hautatu zuten bai Parisko 2. barrutian bai Behe Pirinioetan, bietan diferentzia nabariaz.

Parisko Guardia Nazionala desegin ondoren Laffitte oposizio parlamentarioko talderik aurreratuenaren eledun bihurtu zen eta ministroen kontra jotzeko eskatu zuen. 1828ko urtarrilaren 26an Albine bere alaba bakarra Napoléon Joseph Ney noblearekin ezkondu zen eta familia-aliantza horrek, herritarren artean ezagunago bihurtzeaz gain, burgesiarekiko hurbilpena ekarri zion.

1830eko uztailaren 12an Behe Pirinioetako 3. barrutitik berrautatuta[11] Jules de Polignac buru zen gobernuaren kontra gogor aritu eta gero.

1830eko Uztaileko Iraultzan eginkizun erabakikorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borboi leinuaren aurka publikoki guztiz agertu ez bazen ere, Luis Felipe I.a Orleans etxekoak koroa jasotzearen alde jo zuen lehenetakoa izan zen; proiektu honen alde zenbait urtez aritu zen eta Uztaileko Iraultzan Parlamentuan funtsezko egitekoa burutzeko prest agertu zen. Bere eraginagatik « Warwick frantsesa » deitu zioten eta horrela, pertsonaia historiko ingelesa bezala « errege egiletzat » jo zuten.

1830eko uztailaren 28an Breteuil-sur-Itonen zuen gazteluan sartu eta berehala, Luis Felipe I.a Orleansekoarekin harremanak izaten lehenetakoa izan zen. Parisko Errege Jauregian Oudard dukearen lehen mailako laguntzailearekin kontaktatu zuen eta horrek Laffittek bere alde baina bera konprometitu gabe lan egingo zuelako mezua transmititu zion. "Uztaileko Ordenantzak" deituko zirenen kontra altxatu ziren diputatuen artean zegoen, Saint-Cloudetik zetozen aginte horiek baionesa atxilotzea eskatzen zuten ia une berean.

Eguerdian beste zenbait diputaturekin batera Pierre-François Audry de Puyraveauren etxean egon zen; Georges Mouton eta Étienne Maurice Gérard generalekin nahiz François Mauguin eta Casimir Perier diputatuekin Tuileries jauregira joan zen arratsaldean, Auguste Marmont Ragusako dukeari[12] odol isuriarekin ez segitzeko eskatzera. Marmontek onartu ez zuenean Laffittek kalean protestaka ari zirenekin bat egin zuen eta bere etxea altxamenduaren egoitza bihurtu zuen.

Uztailaren 29ko goiztirian Oudard Neuillyra bidali zuen bertan zegoen Orleanseko dukeari esateko ezinbestekoa zela berak jarrera argia erakustea; beste aldetik, bere etxean diputatuak eta kazetariak bildu zituen. Batzar honetan erabaki zen "behin-behineko udal batzordea" eratzea; bera ez zen partaide bihurtu, estatu mailako ardura bat hartzeko zain zegoelako.

Uztailaren 30ean berau izan zen Orleanseko dukeari erresumaren agintea hartzeko proposamena egin ziona; Palais-Bourbonen arratsalde horretantxe ospatutako diputatuen batzarrean eman zitzaion titulu hori. Adolphe Thiersen[13] laguntzaz eta Charles-Maurice de Talleyranden[14] konplizitateaz Laffitte izan zen Luis Felipe I.aren aldeko maniobraren burua. Bonapartisten partetik mehatxurik ez zegoela baina Karlos X.aren jarraitzaileen eskutik diputatuen artean oniritzia lortuko zuen balizko proposamen baten beldurrez, Orleanseko dukea bera heldu baino lehen egin zuten aldarrikapena. Le National agerkarian[15] egin zen idazkia eta Paris osoan zehar ipini zen, biharamunean paristar guztiek ikusteko moduan.

Uztailaren 31n diputatuen beste batzar baten burua izan zen eta Errege Jauregira bidali beharreko eskutitza hitzartzea lortu zuen. La Fayetteko markesak erakusten zuen errepublika aldarrikatzearen aldeko jarreratik oso urrun egonda, hori ekiditearren dukeari Parisko Herriko Etxera joateko esan zion. Hankan zaurituta, dukearen segizioa lagundu zuen, herritarrek Luis Feliperekiko zein hurbil zegoen ikusten zuten bitartean.

Abuztuaren 3an diputatuek Casimir Perier aukeratu zuten presidente baina horrek Laffitteri[16] pasatu zion funtzio hau betetzeko ardura. Beraz bere presidentziaren pean tronua bete gabetzat jo eta erresuma Luis Felipe I.ari eman zitzaion. Abuztuaren 7an berau izan zen errege berriari akta konstituzionala irakurri ziona eta 9an bera izan zen burua errege izendatu berriak zion egin zuen bilkuran.

1830an Le National agerkaria diruz lagundu zuen eta Les trois jours logia masonikoa sortu zuen Parisko Orient delakoan eta bere vénérable ("agurgarria") izan zen.

Gobernu-ardurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1830eko abuztuaren 11n arlorik gabeko ministro sartu zen Luis Filipe I.aren lehen gobernuan. Hori dela eta hauteskundeetara aurkeztu behar izan zuen, baita arrakasta lortu ere[17]. Kontseilu-bururik gabeko talde anitz hau laster batean zapuztu zen barne tirabirengatik[18]. Laffitek bere burua eskaini zuen ministroak koordinatzeko kontseilu-presidente lanetarako eta horrek François Guizot eta Victor de Broglieren dimisioa ekarri zuen.

Luis Filipek, ordea, eskaintza onartu egin zuen eta ministro-talde berria sortzeko eskatu zion. Orduan hasi zen joko bitxi bat: baionesak nahiko inozo uste zuen erregea oso aldeko zuela , "mugimenduaren" alderditik hurbil zegoela eta bere ildotik joango zela; aldiz, Luis Feliperen kezka nagusia bai liberalismoa (Laffitte) bai errepublikazaletasuna (Odilon Barrot) neutralizatzea zen eta "doktrinarioen" zalea zen, haiek errege berriari "ia-zilegitasuna" aitortzen ziotelako eta espiritu demokratikoarekiko mesfidantza zuelako.

Ministro-taldea azaroaren 2an osatu zuen negoziazio luzeen ostean. Adolphe Thiers[19] estatu-idazkariordea izendatu zuen eta berarentzat gorde zuen, presidente karguaz gain, Finantza Ministerioa.

"Mugimenduaren alderdiko" kide enblematikoa, Uztailaren Iraultzatik ateratako erregimena parlamentarismo eta demokraziarantz abiarazi nahi zuen; horretarako ez zien indar iraultzaileei aurka egin nahi, bere izaerarekin bat egiten zuen jokaera alegia: bere ospea ez galtzeagatik ez zuen neurri errepresiborik hartu gura. Baina horrela aritzea ez zitzaion erregeari komeni eta hau sekretupean ibili zen bere izen ona belzteko asmoz.

1830ko abenduan garatu zen Karlos X.aren ministroen kontrako prozesuak ere ez zuen asko lagundu bere agintaldian. Bizitza osorako kartzela zigorra jaso zutenean errebolta bat egon zen eta neurri zapaltzaileak[20] hartu zituzten; hori dela eta ezkerra aldendu zitzaion baina eskuina ez zitzaion hurbildu. Gauzak horrela bai iritzi publikoa bai erregea kontra zituen.

1831ko martxoaren 8an Joseph Mérilhou Justizia ministroak dimisioa aurkeztu zuen; Parisen ia kontrolik gabeko egoeran bizi zen eta Laffitte ez zen gai izan gauza handirik egiteko. Erregeak dagoeneko beste gobernu bat zuen buruan, "ordenaren alderdiko" Casimir Perier buru izango zuena baina lehenago Laffitte kendu behar zuen erditik.

Italiako Batasuna ekarriko zuen prozesua izan zen aitzakia. Nicolas Joseph Maison marexalak Vienatik ohar bat bidali zuen Austria italiar altxamenduaren kontra aritzeko zorian zegoela aipatzen zuena; perspektiba hau erregearen gustukoa zen[21]; ohar hori italiarren aldekoa zen Laffitteri ez pasatzeko agindu zuen eta prentsaren bidez jakin behar izan zuen. Azalpenak eskatzera joan eta gero hurrengo egunean (martxoaren 9an) ministro-kontseilua bildu zuen baina bere gobernukide guztiak[22] bere hausnarketen aurka agertu ziren. 1831ko martxoaren 13an Casimir Perier buru zuen gobernuari lekua utzia zion.

Luis Filiperi oposizio nekaezina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dimisioarekin oposizioarekin berriro bat eginda agertu zen Biltzarrean. Baiona ordezkatuz beste behin diputatu atera zen 1831ko uztailaren 5ean[23] eta berdin gertatu zen Parisko 2. barrutian[24]; Baiona aukeratu zuen. Boto bakar batengatik ez zuten ganberako presidente izendatu[25]. Ezkerraldean kokatuta boterera heldu ziren gobernu guztien aurka gogotik aritu zen; Francesc Aragó eta Odilon Barrotekin batera erregearengana joan zen herriaren aldeko neurriak har zitzan eskatzera.

1834ko ekainaren 21ean irabazi ohi zituen bi barrutietan (Baiona aldekoa eta Parisko 2.ean) bozketak galdu bazituen ere, beste hiru lekutan irabazle suertatu zen: Behe Loirako (Bretainia) Reudied aldean, Behe Senako Erruan[26] eta Vendée departamentuko La Roche-sur-Yoni zegokionean. 1837ko azaroaren 4an Parisen berriro galtzaile suertatu zen 2.ean baina 1838ko otsailaren 8an garaile atera zen 6.ean[27].

Legegintzaldi hauetan oposizio dinastikoarekin bat egin zuen eta Uztailaren Iraultzari lagundu izanaz damua erakutsi zuen behin eta berriro. 1844an Biltzarreko zabalpen-batzarrean adinez zaharrena izateagatik presidente izendatuta aipatu iraultzak egindako "promesak" betetzeko eskatu zuen aurkarien kexu zaratatsuen artean.

Zoritxarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paradoxikoki , hainbeste desiratu eta lagundu zuen Luis Filipe I.aren botere hartzeak Laffitteren gainbehera politiko eta pertsonalen hasiera ekarri zuen.

Politikak gastu handiak suposatu zizkion; gainera finantza-porrotak jotako hainbeste industria eta elkarteri dirua mailegatu zien eta hori guztia ezin berreskuratu. Hori dela eta bere kuttunetakoa zen ondasun bat, Breteuilgo basoa, erregeari saldu behar izan zion 10 miloiren truke. Gobernua utzi zuenean ia erabat zorrak jana zegoen eta bere aurkari politikoek hitz jokoa eginez Jacques La Faillite ("Jacques Porrota") deitzen zioten. Bere bankua likidatzeko beharrean aurkitu zen 1831ko urtarrilaren 28an; porrot ekonomikoari oso estu ihes egin zion, Frantziako Bankuak emandako aurrerapen bati esker; bien bitartean bere emazteak diamanteak ere saldu behar izan zituen.

Aipatu aurrerapenarekin hobeto antolatu ahal izan zituen bere Parisko luxuzko etxearen[28] eta Maisons-Laffitteko bere domeinuko parkearen zati baten salmentak. 1833an Maisons-eko parke handia zatitzeari ekin zion eta modelo ingelesari segituz herri hori paristar aberatsek erosten zituzten landa-etxeek osatutakoa bihurtu zuen. Bertako lehen zaldi-lasterketak ere antolatu zituen.

1836an bere likidazioa amaitu eta gero beste banku bat sortzea lortu zuen, enpresa industrialen garapenaren finantzazioari emana; formula horrek XIX. mendearen bigarren erdian arrakasta handia izan bazuen ere, berarenak ez zuen berebiziko emaitzik lortu eta bere heriotzaren ostean desegin zuten.

Parisen hil zen 1844ko maiatzaren 26an. Bere hileta-elizkizunetara 20000 lagun baino gehiago joan ziren eta ikasle batek, Francesc Aragó, Louis-Antoine Garnier-Pagès, Philippe Dupin eta abarrek mintzaldiak egin zituzten. Hiri honetako Père Lachaise hilerri ospetsuan dago lurperatuta[29].

Jacques Laffitte karrika Baiona Ttipian

Baionan eta beste gogoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baiona jaioterriak karrika bati bere izena ipini zion; Baiona Ttipia auzoko nagusietako da, kale zaharrago batzuk botatzearen ondorioa eta bertan, Frédéric Bastiat karrikarekiko kantoian Léon Bonnat museoa[30] dago. Herria euskarazko nahiz La Semaine du Pays Basque frantsesezko astekarien egoitzak ere kale honetan[31] kokatzen dira, besteak beste.

Parisen ere rue Laffitte izenekoa dago bere ohorean, 9. barrutian; hiri honetan izan zituen bizilekuetakoa bertan egon zen, 19 zenbakian (egun 27a da) Proventza kalearekiko kantoian; lehenago rue d'Artois zenari 1830ean aldatu zioten izena. Beste aldetik, Yvelineseko Maisons-sur-Seine zenari beragatik Maisons-Laffitte izena ipini zioten.

Agosti Xahok 1840an Lettre a Jacques Laffitte izenburuduna idatzi zuen.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mémoires de Laffitte (1767-1844), bere idazkien bilduma Paul Duchonek argitaratuta, Firmin-Didot, Paris, 1932.
  • M. Brun: Le banquier Laffitte, F. Paillart, Abbeville, 1997.
  • Yvert Benoît (zuzend.): Premiers ministres et présidents du Conseil. Histoire et dictionnaire raisonné des chefs du gouvernement en France (1815-2007), Perrin, Paris, 2007, 916 or.
  • Jacques Marec (zuzend.): Le Banquier Jacques Laffitte. 1767-1844, Bulletin de la Société des amis du Château de Maisons, 2008, 3. zkia, 199 or. 2007ko urriaren 13an Maisons-Laffitten antolatutako mintzaldiaren aktak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Miquèu Grosclaudek Dictionnaire étymologique des noms de famille gascons-en (Radio País, 1992, Paue) hita (arruntagoa gaskoieran) edo fita (okzitanieraren beste hizkeretan) hitzetik datorrela azaltzen du; "muga, mugarri" esan nahi du. Familia Bearnon zuen jatorria, Arganhon aldeko herriska batean; "Kanpo loturak" atalean dagoen zuhaitz genealogikoan ikusgai.
  2. Euskomedia Laffittez.
  3. Dictionnaire des parlementaires français liburuan aipatua.
  4. Harrezkero "Maisons-Laffitte" izena darama gaztelua dagoen herriak; izen ofiziala 1882tik.
  5. Herri honetako Laffitte plaza eta kalearen arteko kantoian.
  6. 83 boto 113 boto-emaile eta izena emandako 216tik.
  7. 3866 boto 6625 boto-emaile eta izena emandako 9677tik.
  8. 819 boto, 1299 boto-emaile eta izena emandako 1477tik; 254 boto lortu zituen bere aurkari de Bray jaunak.
  9. 698 boto; 704 boto erdietsi zituen Sanlot-Baguenault jaunak.
  10. 85 boto 135 boto-emailetik.
  11. 88 boto 125 boto-emaileren artean.
  12. Marmont Perregaux bankariaren suhia zen.
  13. Thiers bezperan itzuli zen Parisera.
  14. Talleurand aspalditik ari zen monarkia konstituzionala Orleanseko dukearen bitartez salbatzearen alde jokatzen.
  15. Orduko hiru erredaktore ziren Thiers, François-Auguste Mignet eta Armand Carrelen parte hartzea izan zuen ekimenak.
  16. Bigarren geratu zen eta beraz presidente-orde izendatuta suertatu zen.
  17. 1830eko urriaren 21ean berrautatu zuten.
  18. "Ordenaren" eta "mugimenduaren" alderdiak deitu zirenen arteko tirabirak izan ziren.
  19. Benoît Yvert adituak izendapen honetan ahuldadearen seinalea ikusten du.
  20. Erregeari udalerrietako arduradunak zuzenean izendatzeko boterea ematea, prentsaren gaineko legea, hautes-errolda 300 liberatan mantentzea...
  21. Italiarren batasunaren alde Luis Bonaparteren bi seme ari ziren.
  22. Gehienek negoziatuta zuten hurrengo kabinetean bere parte-hartzea.
  23. 137 boto 166 boto-emaile eta izena emandako 230tik; Faurie aurkariak (litekeena François Faurie izatea da) 13 boto besterik ez zituen eskuratu.
  24. 1496 boto 1.839 boto-emaileren artean.
  25. Amédée Girod de l'Ain-ek irabazi zuen kargua.
  26. 1839 eta 1842an barruti honetatik berrautatu zuten.
  27. Perpinyà aldeko barrutia aukeratu zuen Francesc Aragók utzitako eserlekua zen.
  28. "Diru-bilketa nazional" batekin gorde ahal izan zuen.
  29. 30. dibisioa, avenue des Acacias kapera, 1.n lerroa.
  30. Museoa 5. zenbakian dago.
  31. 11. eta 6. zenbakietan daude, hurrenez hurren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jacques Laffitte Aldatu lotura Wikidatan