Jacques Offenbach
Jacques Offenbach (Kolonia, Alemania, 1819 - Paris, Frantzia, 1880) musikagilea izan zen. Alemanian jaio arren, frantsesa zen. Opereta izeneko frantses opera komiko arin barregarriaren sortzailea izan zen. Eberst deitura zuen Koloniako sinagogako kantari baten semea zen; baina Offenbach deitura hartu zuen, familia Offenbach-am-Mainetik zetorrelako.
1833. urtean aitak Parisa bidali zuen, han juduentzat egoera erosoagoa zelako. Biolin- eta biolontxelo-ikasketak egin zituen kontserbatorioan. 1849. urtean Opera Komikoko orkestran biolontxelo-jotzaile egon ondoren, Théâtre Français izenekoaren zuzendaria izan zen. 1853. urtean operetak idazten hasi zen; ehun bat idatzi zituen, garai hartako gizartea eta ohiturak barregarri jarri zituztenak. 1855. urtean Bouffes-Parisiennes antzokia zabaldu zuen, eta 1866 arte zuzendaria izan zen. Arrakasta handia izan zuten haren operetek. 1872-1876 urteetan Théâtre de la Gaîtéren zuzendaria izan zen.
Offenbachen opereta nagusiak dira: Orphée aux enfers (1858, Orfeo infernuan); Die Rheinnixen (1864, Rhin ibaiko izpirituak); La belle Helène (1864, Helene ederra); La vie parisiense (1866, Parisko bizimodua); La Grande-Duchesse de Gérolstein (1867, Gérolsteingo dukesa handia); La «Périchole» (1868).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.