Jacques Prévert
Jacques Prévert (Neuilly-sur-Seine, 1900 - Omonville-la-Petite, 1977) frantses olerkaria eta zinema-idazlea izan zen.
Biografia [aldatu]
1925ean talde surrealistako kide egin zen, baina 1928an taldetik bota zuten, diziplinarik ez omen zuelako.
1932tik 1936ra Octobre antzerki-taldean aritu zen, idazle eta aktore gisa. Aldi berean, zinemarako idazten hasi zen. Garai hartan idatzi zituen bere anaia Pierre Préverten L´affaire est dans le sac (1932, Afera zakuan dago) eta Jean Renoiren Le crime de M. Lange (1935, M. Langeren hilketa) filmen gidoiak eta elkarrizketak.
Handik aurrera, hogeita hamabost bat filmetan parte hartu zuen, besteak beste: Jenny (1936), Drôle de drame (1937, Drama bitxia), Quai des brumes (1938, Lanbroen kaia), Le jour se lève (1939, Eguna argitzen da), Les visiteurs du soir (1942, Arratseko bisitariak), Les enfants du paradis (1945, Paradisuko haurrak), Les portes de la nuit (1946, Gaueko ateak).
1946an argitaratu zuen bere lehenengo olerki-bilduma, Paroles (Hitzak), arrakasta handia izan zuena; liburu horretako olerki asko kantu bihurtu ziren, eta oso ezagunak egin ziren. Beste liburuak: Histoires (1946, Historiak), André Verdetekin batera idatzia; Spectacle (1951, Ikuskaria), La Pluie et le Beau Temps (1955, Euria eta eguraldi ona), Fatras (1965), Choses et autres (1972, Gauzak eta beste), Hebdomadaires (1975, Asterokoak), Arbres (1976, Zuhaitzak).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
