Jaiotza (Natibitatea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jaiotza, euskal etxe batean.

Kristautasunean, jaiotza Natibitate edo Jesus Nazaretekoaren jaiotzaren irudikapen plastikoa da, gehienetan Eguberria dela eta erakusten dena. Maria, Josef Nazaretekoa eta Jesus haurraz gainera, beste pertsonaiak jaso ohi ditu. Pertsonaia horien artean izan ohi dira artzainak, ardiak, eta aingeruak. Jaiotzako lekuaren ondoan Lukasen ebanjelioan deskribatutako animaliak egon ohi dira, ohikoenak asto bat eta idi bat. Errege Magoak ere euren gameluekin egon ohi dira, Mateoren ebanjelioan aipatu bezala. Betleemgo izarra jartzea ere ohikoa da. Kultura askotan Biblian jasota ez dauden elementuak jarri ohi dira.

Jaiotzaren irudikapenak denetarikoak izan daitezke: buztin, egur edo beste material bateko figura txikiz osaturik izan daiteke, elizako elementu arkitektonikoetan ager daitezke (fatxadan, erretaulan, ...) eta irudikapen biziak ere izan daitezke (non pertsona zenbaitek jaiotzan irudikatzen diren pertsonaiak antzezten dituzten). Etxebizitza partikularretan nahiz eskola, denda, lorategi eta beste toki publikoetan eratzen dira, bereziki Espainia, Italia, Frantzia, Polonia eta erromatar tradizio katoliko sustraitua duten herrialdeetan. Jatorrian kristau ohitura bada ere, maiz kultura nahiz arte elementu moduan erakusten da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giottoren Frantzisko Asiskoaren erretratua, sehaska bat jartzen Greccioko santutegian.
Santa Maria Nagusian dagoen 1290ko eskultura.

Natibitatearen lehen arte-irudikapenetako bat Antzinako Erromako San Valentinoko katakonba paleokristauan aurkitu zen[1][2]. K.o. 380. urtekoa da gutxi gorabehera[3]. Antzeko data duen beste bat ikusgai dago Milango Sant'Ambrogio pulpituaren azpian.

Eguberri inguruko lehen jaiotza, eskultorikoa baino dramatikoagoa dirudiena, Frantzisko Asiskoa santu katoliko, luterano eta anglikanoari egozten zaio[4]. San Frantziskok sortutako jaiotza Bonaventura Bagnoregiokoak deskribatu zuen San Frantzisko Asiskoaren Bizitzan, 1260 inguruan idatzia[5].

Esaten da Greccioko santutegian irudikatu zela, Italia zentralean (Lazio), 1223ko Gabonetan, eta han izan zen kapera txikian gordetzen dela. Aldarearen gaineko pinturak, 1400. urtea baino lehenagokoak, Giottorenak Asisen eta Antonio Vitek Pistoian egindakoak, San Frantzisko belaunikatua erakusten dute eta haurtxo bat kutxa itxurako ganga batean kokatzen dute. Giottok idia eta asto txiki bat gehitu zituen.

1290 inguruan, Arnolfo di Cambio garaiko eskultore nagusietako batek harrizko irudi ugari egin zituen Erromako Santa Maria Nagusiarentzat. Kontserbatzen den bezala, Familia Santuaren, Errege Magoen, idiaren eta astoaren irudiak daude bertan.

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoliko presepe baten xehetasuna, haragia saltzen ari den artzain bat.

Eszenaren ospeak imitazio asko ekarri zituen herrialde kristau guztietan, eta Aro Modernoaren hasieran, eliza eta etxe kristau askotan zizelkatutako jaiotzak jarri ziren, askotan Italiatik esportatuak. Eszena landu horiek Aita Santuen Lurraldeetan, Emilian, Napoliko Erresuman eta Genoan hartu zuten goren maila artistikoa. Moraviako Elizaren tradizioan, jaiotzak Gabonetako herrien erdigunea izan dira. Herri horiek Eguberrietan eraikitzen dira, Bibliako eszena ugari irudikatzeko, ez soilik Jesusen jaiotza, baita ere Isaiasen profeziak, Mariaren bizitza edo Egiptorako ihesaldia[6][7].

XV. mendetik aurrera, jaiotzaren eszenen ohitura orokortu egin zen. 1465ean, Errenazimentuan, Parisen sortu zen natibitatearen inguruko irudiak egiten zituen lehen enpresa. Alcorcónen, Iberiar Penintsulako lehen natibitate-tailerra 1471n sortu zen. 1475ean, estilo errenazentistan, Sienako Errepublika izan zen jaiotzarako figuratxoak ekoitzi zituen hirugarren estatua. Jaiotzarako estatuak sortu zituen laugarren herrialdea Portugal izan zen 1479an, Lisboan zegoen lehen fabrikan, Martinistek 1835ean erre zutena. Bartzelonako Santa Luzia azoka ezaguna, jaiotzaren eszenarako irudiak eta objektuak saltzen dituena, gutxienez 1786tik egon da[8].

XIV. mendetik aurrera, batez ere pobrezia aldarrikatzen zuten fraide frantziskotarren bitartez[oh 1], Mesiasaren jaiotza apala irudikatzea aldekoa zuten. Horrela, belena frantziskotarren asmakuntza bezala aurkezten zen, eta gainontzeko orden frantziskotarrek ere (klaratarrek eta Anaia Txiki Kaputxinoen Ordenak) Eguberrietan jaiotzak jartzen zituzten. Hasiera batean praktika hau elizari lotuta bazegoen ere, laster igaro zen aristokraziara eta herri-irudikapenera. Garai antzekoan Trentoko kontzilioak modu berriak bilatzen zituen Protestantismoaren aurrean ebanjelizaziorako. Italian epizentroa zuen ohitura hau Espainiara hedatu zen, batez ere Karlos VII.a Napolikoa Espainiako Karlos III.a izatera pasa ostean. Praktika Espainiatik Amerikako kolonietara egin zuen, horrela, salto.

XVIII. mendean, Amerikan, jesuiten ordena dekretu bidez desegin ondoren, frantziskotarrek beren lekua hartu eta natibitearen eszenak erabili zituzten ebanjelizazio-metodo gisa. Han anakronikoak izan ohi dira, Amerikako animalia eta landareak baitituzte, Jesusen garaian Palestinan ezagutzen ez zirenak, hala nola guajoloteak, Agave americana eta nopalak, baina eszenaren landa-izaera gogorarazten dutenak. Gainera, Hego Hemisferiora ere moldatu ziren, non udako solstizioa ospatzen den Eguberri egunean.

XIX. mendearen amaieran, jaiotzak oso ezagunak egin ziren konfesio kristau askotan, eta tamaina eta material desberdinetako bertsio asko merkaturatu ziren, hala nola terrakotak, paperak, zurak, argizariak eta boliak, askotan ukuilu baten hondoko dekoratuarekin. Hainbat herrialdetan sortu ziren jaiotzak osatzeko tradizioak eta taldeak. Eskuz margotutako irudiak ezagunak dira Proventzan. Alemaniaren hegoaldean, Austrian eta Trentino-Adigio Garaian, zurezko irudiak eskuz mozten dira. Szopki koloretsuak ohikoak dira Polonian.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Presepe napoletano baten xehetasuna, Valladoliden, Espainia.

Jaiotza estatikoek Jesus, Maria, Josef, baserriko animaliak eta, batzuetan, beste pertsonaia batzuk irudikatzen dituzte. Etxeko jaiotza gehienak Gabonetan edo geroxeago gordetzen diren bitartean, elizetako jaiotzak ikusgai egoten dira Jaunaren Bataioaren festara arte.

Baliteke jaiotzak gertaera ebanjelikoak leialki ez islatzea. Adibidez, artzainak, Errege Magoak, idia eta astoa ezin dira elkarrekin azaldu. Jaiotza mota horrek Napolin du jatorria. Jaiotzek ez dute irudikatzen Jesusen garaiko Palestina, baizik eta garai ez zehaztu bat. Napoliko kasuan, 1700ko bertako bizitza irudikatzen dute, Borboien garaian. Familiak elkarren artean lehiatzen ziren eszenarik dotoreenak eta landuenak sortzeko, eta horrela, Jesus Haurrarerekin, Familia Santuarekin eta artzainekin batera, nobleziako damak eta zaldunak, garaiko burgesiaren ordezkariak, saltzaileak beren banku eta miniaturekin, gazta, ogia, ardiak, txerriak edo ahateak, eta garaiko irudi tipikoak erosten ziren.

Biziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotza biziak ohitura handikoak dira herri batzuetan, bereziki Italiako hegoaldean. Normalki, Jaiotzaren eszena irudikatzen duten aktoreak izaten ditu, baina beste pertsonaia eta eszena bibliko batzuk ere izan ditzake, maiz XIX. mendeko herri baten itxurarekin, artisau eta langileekin. 2010ean munduko jaiotza bizi handiena egin zen, Matera hirian.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Frantziskotarren arau nagusia pobrezia, apaltasuna, sinpletasuna eta herriarekiko hurbiltasuna zen, ordena aberatsagoen aurrean, "aristokratikoagoen" eta herri-boteretik hurbilago zeudenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Osborne, John. (2020-07-09). Rome in the Eighth Century: A History in Art. Cambridge University Press ISBN 978-1-108-83458-2. (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  2. (Ingelesez) Osborne, John. (1981-11). «Early Medieval Wall-Paintings in the Catacomb of San Valentino, Rome» Papers of the British School at Rome 49: 82–90.  doi:10.1017/S0068246200008485. ISSN 2045-239X. (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  3. (Ingelesez) Tuleja, Tad. (1987). Curious Customs: The Stories Behind 296 Popular American Rituals. Harmony Books ISBN 978-0-517-56653-4. (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  4. Matheson, Lister M., ed. (20). Icons of the Middle Ages: rulers, writers, rebels, and saints. Greenwood ISBN 978-0-313-34080-2. (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  5. «The Life Of St. Francis Of Assisi by St. Bonaventure» www.ecatholic2000.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  6. (Ingelesez) The Putz and Illumination | Moravian Church In America. 2018-11-19 (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  7. (Ingelesez) Hillinger, Charles. (1985-12-25). «The Star of Bethlehem Is Moravian Church Tradition» Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  8. (Gaztelaniaz) Lora, Pako; Lora, Pako. «Fira de Santa Llúcia de Barcelona» es.firadesantallucia.cat (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]