Jakob Böhme
Jakob Böhme (Görlitz, Alemania, 1575 - 1624) kristau mistikoa eta teologoa izan zen, Alemanieraz idatzi zuen lehenbiziko pentsalaria. Haren pentsaera Pizkundeko pentsaeraren ildotik doa, Nicolas Cusakoa, Parazeltso eta Giordano Brunoren harira. Bere kabuz ikasi zuen; Biblia, Eckhart, Weigel, Caspar Schwenckfeld eta, batez ere, Parazeltso izan ziren haren iturri nagusiak. Haren metafisika neoplatonismoa ez bezalakoa da: izaki perfektua izaki ez-perfektuetatik abiatuz sor litekeela frogatu zuen. Idealismoaren aitzindari izan zen; haren pentsaerak eragin handia izan zuen filosofo askorengan: Spinoza, Schelling, Goethe eta Hegelengan, esaterako.
Haren obra aipagarrienak Aurora oder Morgenröte im Aufgang (1612, Egunsentiaren jaiotza), De tribus principiis (1620), De signatura rerum (1622) eta Mysterium magnum (1623) dira.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.