Jamaikako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Jamaikako historian zehar lurralde horrek izen asko izan ditu. Arawakan hitz egiten zuten Taino indigenek Xaymaca deitu zuten uhartea, "basoen eta uren lurraldea" esanahi duena. Santiago bezala ezagutzen zen espainiar kolonia izan eta gero, Mendebaldeko Indietako Britainiar Koroaren Jamaikako kolonia bihurtu zen.

Irlako lehenengo biztanleak arawak indigenak izan ziren, K. a. 4000 eta K. a. 1000 bitartean iritsita. Hego Amerikar jatorrizko herri hau desagertu zen europarrak uhartera iritsi eta berehala. Gaur egun arawak kulturaren gaineko aztarna gutxi daude irlan.

Kristobal Kolon 1494an ailegatu zen, eta Espainiarako aldarrikatu zuen, Santiago izenpean. Bere heriotzarako uhartea ez zegoen guztiz kolonizatuta, baina urte gutxitan ia-ia arawak guztiak birrinduta suertau ziren.

Espainiak piraten eraso andanari aurre egin behar izan zien. Azkenean, Britaniarrek irla 1655ean bereganatu zuten. Espainiak 1670 arte ez zion irlaren gaineko mendea aldarrikatzeari utzi. Britaniarrek uhartea ez zuten inoiz galdu gerra batean. Hurrengo urteetan, Karibe itsasoa zeharkatzuen zuten piraten babesleku bilakatu zen Jamaika, Henry Morganena esaterako.

Britaniar menpean, Jamaika munduko azukre-esportatzaile handienetakoa bilakatu zen. Izan ere, 1820 eta 1824 bitartean 77.000 tona azukre ekoizten zuen urtero. Horretarako, Afrikatik era masiboan ekarri ekarri behar izan zituzten esklaboak. XIX. mendearen hasierako, afrikarren kopurua europarrena hogei halakotu zen irlan. Matxinadak etengabe gertatuta, esklabotza formalki 1834an amaitu zen. Esklabotza abolitutakoan, britaniarrek indiarrak eta txinatarrak ekarri zituzten, merkeagoak baitziren. Gaur egun ere indiar eta txinatar horien ondorengoak Jamaikan bizi dira.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, emeki emeki independentzia bereganatzen joan zen Jamaika Erresuma Batuarekiko. 1958an, Mendebaldeko Indietako Federazioko probintzia bihurtu zen. Independentzia osoa 1962an eskuratu zuen, federazioa utzi ondoren.

Independentziako lehendabiziko urteetan ekonomiak gora egin zuen batez besteko %6an. Inbertsio sendoak egin ziren hainbat arlotan: turismoan, aluminio ekoizpenean eta abarretan. Hala ere, lehen hamarkadako gorakada hori guztien artean, batez ere hiriko txiroen artean, banandu ez ziren ustea zabaldu zen. 1970eko hamarkadan, gainera, behera egin zuen ekonomiak, hezkuntza eta osasun-sistemetan egin ziren inbertsioak gorabehera. 1980an, nazioko produktu gordina %25 jaitsi zen 1972ko aldean. Hurrengo urteetan, halaber, ekonomiaren beherakadak jarraitu zuen. Esaterako, Alpart eta Alcoa aluminio enpresek herrialdea utzi zuten, eta turismoa nabarmen murriztu zen. Ondorioz, txirotasuna, bortizkeria eta krimena hedatu ziren.

Hori dela eta, jamaikar askok herrialdea utzi behar izan dute. 1990eko hamarkadan gertatu zen emigrazio-olaturik handiena, baina gaur egun ere aski handia da. Urtero 20.000 jamaikar inguru emigratzen dira AEBetara, batik bat New Yorkera eta Miamira. Handik zein Kanadatik eta Erresuma Batutik bidaltzen den diruak Jamaikako ekonomiari laguntzen dio.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]