James Herriot

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

James Herriot, James Alfred Wight jaioa, (Glasgow, 1916 - Thirlby, Yorkshire, 1995) eskoziar albaitari eta idazlea izan zen. Ipuin bizi eta umore handiko ugari idatzi zituen, Yorkshiren albaitari egondako urteetako bizitzan oinarrituta. Lehenengo argitalpenaz geroztik, bere liburuek oso harrera ona izan zuten Britainia Handian eta Estatu Batuetan, eta zinema eta telebistarako egokitu ziren. Bere ipuinetan agertzen duen apaltasun, soiltasun eta errukiagatik, eta britainiar herri-fikzioa eta albaitari-lanbidea bera bultzatzeagatik goraipatua izan zen sarritan.

James Alfred Wight Glasgown jaio eta hazi zen, eta bertan egin zituen albaitaritza-ikasketak (1938). Haiek amaitu eta urtebetera Yorkshirera (Ingalaterra) joan zen albaitari, Thrisk herrira (bere ipuinetan Darrowby gisa izendatzen duena). 1943tik 1945era bitartean Aireko Armadan jardun zuen. Berrogeita hamar urte zituela, ordurako Yorkshire aldeko historia, paraje eta jendeari buruzko ezagutza sakona zuela, herri-albaitari baten bizitzako pasarteak eta gertakariak papereratzen hasi zen. Lehen liburua 1970ean argitaratu zuen: If Only They Could Talk (Mintzatzeko gai balira), eta handik bi urtera, 1972an, bigarrena: It Shouldn't Happen to a Vet (Zergatik gertatu behar zaio albaitari bati). Bi liburuok All Creatures Great and Small izenburupean argitaratu ziren 1972an Estatu Batuetan, eta berehalako eta izugarrizko arrakasta izan zuten. Handik aurrera beste asko idatzi eta argitaratu zituen: All Things Bright and Beautiful (1974, Gauza guztiak argitsuak eta ederrak); All Things Wise and Wonderful (1977, Gauza guztiak zoragarriak); The Lord God Made Them All (1981, Jainko zintzoak egin zituen denak); Every Living Thing (1992, Gauza bizi guztiak); James Herriot's Yorkshire (1979).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: James Herriot Aldatu lotura Wikidatan