Janet Baker

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Dame Janet Abbott Baker (Hatfield, Hegoaldeko Yorkshire, Ingalaterra, 1933ko abuztuaren 21a) britainiar mezzo-sopranoa da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Londresen eta Salzburgon ikasia, 1953an debutatu zuen bakarlari gisa Haydnen Nelson meza kantatuz. 1956ean Kathleen Ferrier kantariaren ohorezko saria irabazi ostean, Smetanaren "Sekretua" obrako Rosaren papera eginez debutatu zuen operan. Harrezkero Bakerren musika-ibilaldia berehala hasi zen goraka. Garai horretan nabarmenak izan ziren Henry Purcellen "Dido eta Eneas" operan egin zuen sorginaren papera, Händelen Rodelinda operan egindako Eduigerena eta Monteverdiren L´incoronazione di Poppean antzeztu zuen Ottaviaren papera.

60ko hamarkadaren erdialdera, XX. mendeko opera britainiarreko paperak, bereziki Benjamin Britten musikagilearen obrei dagozkienak, antzezten hasi zen. 1964an The Rape of Lucretia operako protagonista izan zen, 1966an, New Yorken lehen aldiz kantatzeaz gainera, Brittenen A Midsummer Night´s Dreameko Hermia antzezpenarekin debutatu zuen Covent Gardenen eta 1971n, berriz, musikagile horrek Bakerrentzat idatzitako Owen Wingrave operako Kateren papera antzeztu zuen.

Mahleretik hasi eta Purcellenganaino era guztietako interpretazioak egin zituen. Lied erromantikoen kantari bikaina zen bestalde. 1981ean erretiratu zen kantagintzatik, baina aurretik bere lanaren aitorpen gisa 1970ean Britainiar Inperioaren Ordenako Komandante eta 1976 Dama Komandante tituluak jaso zituen Ingalaterrako erreginarengandik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]