Jauziak (euskal dantza)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luzaideko bolantetako zapuriak jauziak dantzan

Jauziak edo mutxikoak euskal dantza zirkular kolektiboak dira, hankak bakarrik mugiarazten dituena, hainbat pauso mota lotuz. Pausoek izen bereziak dituzte, hala nola, aintzina, erdizka, zote, dobla, lau urrats, pika-pika ezker, pika eskuin, erdizka eta hiru, ebats, luze eta ebats, kontrapasa, zeina, ezker-hiru, eskuin-hiru, ezker airean, ebats eta hiru eta zote eta hiru. Ohikoa da dantzan laguntzeko pausoen izena hitzez adieraztea. Bereziki Ipar Euskal Herrian dantzatzen dira.

Jatorriz txirula eta ttun-ttunaren doinuan dantzatzen ziren, baina gerora beste instrumentuak ere erabili dira doinuak egiteko, eskusoinua eta danbolina, batez ere[1]. Eskusoinua, adibidez, XIX. mendean hedatu zen eta gaur egun guztiz ohikoa da[2]. Dantzan zehar pauso ezberdinak kateatzen dira. Herriz herri pausoen konbinazioa aldatzen denez, zaila da dantzarientzat segida osoa jakitea eta askotan gidariak aurrez adierazten du hurrengo pausoaren izena. Hala ere, aitzina gidariak argibide gutxi eman ohi zituen eta dantza osoa buruz egitea txalotzen zen.

Antzina gizonezkoek dantzatzen zuten ekitaldi publikoetan, baina emakumezkoek ere ezagutzen zituzten eta baita giro pribatuan dantzatu ere. XX. mendeko 70ko hamarkadan hasi ziren emakumeak ekitaldi publikoetan gizonekin batera dantzatzen[1].

Dantzatzeko moldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dantzariek jarrera zuzena hartzen dute dantzan zehar, bizkarrezurra zuzen eta besoak soinarekiko paraleloan. Gorputza zuzen baina ez zurrun eramaten da. Dantzariak biribilean ezartzen dira dantzatzeko eta zirkuluan mugitzen dira dantzatu ahala. Normalki erlojuen kontrako norantzan ekiten zaio dantzari, baina dantzan zehar norantza aldatzen duten pausoak izaten dira.

Arau orokor gisa, zirkuluaren kanpoaldeko oinarekin hasten dira pausoak, eta bira egin behar delarik, zirkuluaren barnealderantz egiten da. Urrats edo pausoak bukatzean, orokorrean gorputzaren pisua zirkuluaren barnealdeko oinean ezartzen da, hurrengo pausoa hasteko prestatuz[1].

« Erran behar dugu, zenbait hitz laburrez, Olhetako besta eder hortan bazirela xirola, ttunttuna eta xirribika ere, eta yotzen zituztela superki muxiko, faldango eta bertze dantza suerte hainitz; ilhun nabarrean, gure ahaidetara bildu baino lehen, Piarresek eman zuen haitada bat borthitza muxikoetan; denak gelditu ziren dantzatik hari behatzeko. Loria zen ikhustea orduan Piarresek bere makhila gorri letoidun ederra eskuan, zein ederki pikatzen zituen dantza zahar eta eder hortako pontu guziak, ezker eta eskuin biratzen zelarik, aitzinat salto, gibelat salto... Noizetik noizerat zenbait haiztur ere artean egiten zituelarik.

Azkenean, arras unhatua, izerditua eta porrokatua, guzieri salutanzia eder bat egin ondoan, hurbildu zen nere ganat eta erran zarotan: «Pello, goazen etxerat.»

»
Piarres Adame (Jean Baptiste Elizanburu)

Estiloen aldetik, pausokakoak, airetikoak eta zuberotarrak ezberdin daitezke[1]. Pausokakoetan oinak gutxi altxatzen dira lurretik eta gorputzaren higidura leuna nagusitzen da. Airetikoetan jauzi gehiago da, indar gehiago eskatzen dute (antrexatak ere baderitze). Azkenik, zuberotarrek bira eta itzulinguru ugari dituzte.

Aldaera ezagunenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, hainbat aldaera ditu dantza honek, herriaren arabera ezberdin dantzatzen baita. 50 dantza baino gehiago katalogatu dira, baina gutxi batzuk baino ez dute hedadura zabala. Hauek dira ezagunenak[1]:

  • Zazpi jauziak
  • Hegi
  • Ostalerrak
  • Marianak (aitzina pika ere deitua)
  • Katalana
  • Mutxikoak
  • Lapurtar motzak, Lakartarrak eta ahuntza (jatorriz hiru dantza ezberdin ziren)
  • Xibandiarrak
  • Lapurtarrak edo Baztandarrak
  • Millafrangarrak
  • Ainhoarrak
  • Azkaindarrak
  • Moneindarrak

Urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esa bezala, herrika urratsen izenek hainbat aldaera dituzte, eta ez dira zehazki molde berean egiten. Edonola ere, hemen biltzen dira pausoen izen ohikoenak[2]:

  • Zeina
  • Erdizka
  • Eskuin
  • Ezker
  • Dobla
  • Jauzi, zote
  • Jo
  • Lau urrats
  • Jo zangoz
  • Ezker airean
  • Luze
  • Aitzina
  • Pika, pare
  • Ebats
  • Antrexatak eta fini (bukaeretan ageri den formula, ez da pauso jakin bati lotua)

Urrats sortaren adibidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen Luzaideko mutxikoen adibidea, Migel Anjel Sagasetak bildu bezala:

  1. Aitzina (X2)
  2. Erdizka, dobla, erdizka eta hiru (X2)
  3. Erdizka, dobla eta hiru, erdizka (X2)
  4. Erdizka lauetan
  5. Zote (jauzi), erdizka, dobla, erdizka
  6. Ezker, erdizka
  7. Lau urrats (X2)
  8. Pika, erdizka, pika, erdizka (X2)
  9. Pika eta ezker, pika, erdizka (X2)
  10. Erdizka, dobla, erdizka eta hiru
  11. Erdizka lauetan
  12. Zote (jauzi), erdizka, dobla, erdizka
  13. Erdizka, dobla, erdizka (X2)
  14. Erdizka lauetan
  15. Zote (jauzi) eta hiru, erdizka, dobla, erdizka (X2)
  16. Erdizka lauetan
  17. Zote (jauzi) eta hiru, erdizka, dobla, erdizka (X2)
  18. Erdizka lauetan
  19. Zote (jauzi), zote (jauzi), zote (jauzi) eta hiru, erdizka, dobla eta hiru, erdizka, zote (jauzi)
  20. Erdizka lauetan
  21. Zote (jauzi), erdizka, dobla, eskuin, ezker, erdizka
  22. Zote (jauzi), erdizka, dobla, eskuin, ezker, antrexatak eta fini.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e «Jauziak edo Iautziak - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  2. a b Urrastegia. Aikotaldea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Urraska, Aikotaldearen jauzi dantzei buruzko argitalpena