Jean-Claude Brisseau
Jean-Claude Brisseau (Paris, Frantzia, 1944) zinemagilea da.
Bizitza [aldatu]
Frantseseko irakasle izan zen Aubervilliersko eskola batean, eta lan horretan ari zen lehenengo film luzea aurkeztu zuenean: Un jeu brutal (1983, Joko basati bat). Lan horretan, aita hiltzaile bat eta haren seme elbarritua dira pertsonaia nagusiak, eta ankerkeriaren pedagogia moduko batek lotzen ditu. Noce blanche (1989, Eztei zuria) lanean, aurrez aurre jartzen ditu ikasle bat eta haren irakaslea, baina harreman horrek fede erromantikoa bezain mistikoa erakusten du. Céline (1992) filmean, areagotu egiten da aurreko lanetako oinarri erlijiosoa. De bruit et de fureur (Zaratari eta indarkeriari buruz) beste era bateko filma da, hiri bateko auzo pobreenetako errealitate soziala erakusten duena. L´Ange noir (1994, Aingeru beltza) lanean, zalantzan jartzen da emakume baten misterioa, eta maisutasun handiz nahasten ditu zintzotasuna eta zolitasuna. Brisseau hiri handietako aldirietako bortxakeria erakusteagatik egin da batez ere ospetsu.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.