Jean Barbier

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jean Barbier
Datu pertsonalak
Izen osoa Jean Barbier
Ezizena Nehor,
Ganitx
Jaio 1875eko uztailaren 9a
Donibane Garazi (Nafarroa Beherea)
Hil 1931ko urriaren 31
Senpere (Lapurdi)

Jean Barbier[1] (Donibane Garazi (Nafarroa Beherea), 1875eko uztailaren 9a - Senpere (Lapurdi), 1931ko urriaren 31) euskal idazlea izan zen. Apaiz ikasketak eginik, 1898an apaiztu zen. Teologian doktore eginik, Larresoroko irakasle izendatu zuten, eta Baionako katedraleko bikario izan zen gero. 1913tik aurrera Senperen erretore izan zen. Eskualduna aldizkariko lankidea, 1921ean Gure Herria aldizkaria sortu zuen beste zenbait lagunekin batean. Idazle joria izan zen hitz lauz eta bertsoz, eta antzertia ere landu zuen. Sari asko jaso zituen bere olerkiekin, Sara, Hendaia, Urruña, Buenos Airesetan. Antzerti jostalari eta barregarria zerabilen: Sorginak (1922), Zubietako Debrua (1922), Ezkila xarmatua (1922), Kauserak eta kruxpetak (1924), Xilintxa sorgina (1924), Gauden eskualdun (1926), Haurrik ez! (1931), denak «Gure Herrian» agertuak. 1924an Supazter xokoan argitaratu zuen, hogeita bost ipuin, poema bat eta bost antzerki lan biltzen dituena.

Nehor edota Ganitx zituen izengoitiak.


Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Barbier, euskal idazlea, Nafarroa Behereko hiriburuan, Donibane Garazin, jaio zen, 1875eko uztailaren 9an. Oso txikia zelarik etxeko supazterraren ondoan aiton-amonen ipuin, kanta, pasadizo eta istorio anitz aditu zituen, geroago bere erara moldatu eta aberastuko zituenak.

Senpereko eliza.

Barbierren bizitzaz mintzatu zaizkigunen iritzien arabera ikasketak Hazparnen, Larresoron eta Baionan egin zituen. 1898an apaiz egin zen. Tolosa Okzitaniako Institutu Katolikoan Teologiako doktoretza eskuratu zuen. 1900ean Larresoron irakasle dugu, eta han euskara aberastu zuen; ondoren, 1905ean, Baionako katedralean bikario izan zen, 1913an Senpereko parrokiaren ardura eman zioten arte. Hortxe, herrixka eder eta atsegin horretan, eman zituen hil arteko egun guztiak, alegia, 1931ko urriaren 31 arte.

Neurri batean esan daiteke, bederen, Axularrentzat Sara izan zena Jean Barbierrentzat Senpere izan zela. Izan ere, garai hartan, hau da, XX. mendearen hasieran, Senpere euskal idazleen biltoki bilakatu zen, eta gure idazlearen kritikoen arabera, Barbier izan zen, beste ororen gainetik, literatura bilkura haiek piztu, adoretu eta sustatu zituena eta, bidenabar, gorputz eta arima edukiz betetzen saiatu zena. Piarres Lafittek dioskunez, han sortu ez bazen ere, Gure Herria aldizkaria Senpereko presbiterioan bataiatua izan zen.

Gure idazlearen kantuez, poesiez, teatroez, nobelez eta ipuinez osatu ziren lehen aldizkarien orrialdeak. Badakigu jakin Eskualduna aldizkarian ere era guztietako lanak argitaratzen zituela. Euskara eta musika biziki maite zituen, eta hamaika bertso eta kanta egin zuen, bere parrokian ez ezik inguruetako beste zenbait parrokiatan ere abesteko. Aita Villasantek Historia de la Literatura Vasca liburuan besteak beste esaten du kantua gure idazlearen baliabiderik handienetakoa izan zela. Garai hartako zenbait euskal apaizek jardun zuten bezala, hau da, erlijioa eta euskara eskutik hartuta, agidanez, Jean Barbierrek ere halatsu jardun zuen. Piarres Lafitte da hori nabarmendu diguna: «Barbier jauna, errotik apeza zen, eta uste dugu zinez, ez zituela euskara eta euskal ohiturak hain arroski ikertuko eta sustatuko, ez balitzaio iduritu euskaldungoa bere eliza lanetarik bat bezala, fedearen eta herriaren sostengu».

Idazlanen deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Barbierren Légendes Basques obraren argitalpen elebidunaren (frantsesez eta euskaraz) azala; Parisen 1931n eman zen argitara bertsio hau, eta 1983an faksimile edizioa kaleratu zen.
Jean Barbierren Légendes Basques obraren argitalpen elebidunaren (frantsesez eta euskaraz) azala; Parisen 1931n eman zen argitara bertsio hau, eta 1983an faksimile edizioa kaleratu zen.

Jean Barbier apaizak literaturak dituen arlo asko ukitu zituen. Luis Villasanteren lehen aipatu liburuan ondorengo hau gogoratzen zaigu: garaztarra ipuingilea, eleberrigilea, olerkaria, musikagilea, folklorezalea eta komediografoa izan zela. Jakina da arlo horietan guztietan egin zituen lanak ez zirela neurri berean meritu berdinekoak izan. Ipuin sailari bagagozkio, Supazter xokoan lana aipatu behar da lehenbizi. Liburu hori beste literatura genero batzuen lanez osatuta dagoen arren, hogeita bost ipuin ere biltzen ditu. Baionan, 1926. urtean, azaldu zen. Aita Villasantek diosku ipuin hauek Axular handia bera gogorazten diguten zaporea dutela. Herrietan jasotako kutsua darie. Era berean, sail horretan Ixtorio-mixterio deitu ipuin bilduma sartu behar da. Baionan azaldu zen, 1929. urtean.

Liburu txikia da, eta herri ipuinez osatuta dago: euskaraz eta erdaraz. Eleberri sailari gagozkiolarik, Piarres aipatu behar da. Batzuek, bi tomotan eginda dagoen lan honi, eleberri folklorista deitu diote. Piarres Lafittek, esaterako, eleberri baino gehiago idilio bat, hots, maite-eresi bat dela esan du. Bertan euskaldunen ohiturak, jolasak, jaiak, elizkizunak, euskaldunek egindako gerrak, hiletak, ezkontzak, eta abar, erakusten dizkigu Jean Barbierrek. Aita Villasante da ongien azaltzen duena eleberri hau zertan datzan: «Nobela hau XX. mendearen hasierako euskal ohiturei buruzko monografia duzu».

Eleberri horren lehenengo zatia Baionan azaldu zen, 1926. urtean, eta bigarrena ere hiri hartan bertan, 1929. urtean. Antzerkigintzari dagokion atalean ez da garaztarra hain aipatua eta, are gutxiago, goraipatua izan, baina herritarrei zuzendutako zenbait lanetan, haien euskararekiko zaletasuna pizteko eta sustatzeko balio handia izan zuten antzerki eta komedia aipagarriak utzi dizkigu: Sorginak (1922), Zubietako debrua (1922), Kauserak eta kruxperak (1924), Gauden euskaldun (1926), Eskila xarmanta (1922), besteak beste. Antzerki horien guztien helburu nagusia —ezen ez bakarra— barre eginaraztea da. Olerkiari, kantuari eta musikari ere garaztarrak tarte eta ahalegin zabala bezain aberatsa eskaini zien. Horien artean aipatzekoak dira Nere kantuak (1910) eta Ama Birjina Laurden (1926). Denetara laurogei bat kantu dira, gehienak erlijioa gai dutenak.

Kantuetan ageri diren testuez kritika zorrotzak egin zaizkio Jean Barbierri. Piarres Lafittek dio errazegi sortzen zituela, eta ez zituela bigarren irakurketa batez egokitzen. Zaldubik ere hori bera leporatzen zion. Hitz gutxitan esanik, Barbierrek musikari testuari baino garrantzi handiagoa eman zion. Olerkiari gagozkiolarik, berriz, olerkari handia izateko gaitasuna zuena —iritzi horretakoa dugu Santi Onaindia karmeldarra— nonbait erdibidean gelditu zen. Jose Artetxeren iritzia kontuan hartzekoa da: ba omen zuen garaztarrak edertasuna ikusi eta nabaritzeko dohaina; baina hitz neurtu eta estuetan jartzeko, ez, ordea.

Hala ere, esanak esan, Santi Onaindiak Euskal Literatura IV liburuan ez dio meriturik kendu nahi Jean Barbierren poesiari, eta bi ezaugarri on nabarmentzen ditu. Alde batetik, garaztarra euskal poesia tradizionalari lotzen zaiola diosku, eta haren olerkiak egituraz bikain kateatuak daudela. Beste alde batetik, Barbierrek olerkietan neurri desberdinak erabiltzen dituen arren, gehienbat 7/6, hots, zortziko txikia, eredutzat hartu zuela. Karmeldarraren ustez, olerkirako joria Irrintzina, Amaxo, Supazter xokoan, Meza bat bortuan eta Galerna poemetan ageri da, besteak beste.

Idazlanen balioztapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian 1983an argitara emandako Jean Barbierren Légendes Basques lanaren faksimile edizioaren orrialde bat.
Donostian 1983an argitara emandako Jean Barbierren Légendes Basques lanaren faksimile edizioaren orrialde bat.

Beharbada, Jean Barbierren meriturik handienetakoa euskarazko herri literaturaren tradizioari atxiki izana dateke, bai ipuina sortzen duenean, bai antzerkiaz herrietako jende xumea ekartzen duenean, bai eleberri izan nahi duena egiten saiatzen denean eta, orobat, olerkien eta kantuen bidez barneko sentimenduak erakusten dituenean.

Bestalde, garaztarra ez da euskara hitz berriez eta bortxatuez zaildu nahi duen horietakoa. Alderantziz, herria bilatzen du eta bilatze irrikatsu horretan herri xume horri berari bururatutakotik puskarik freskoena eskaini nahi dio, modurik egokienean. Izan ere, freskotasun eta bizitasun horren ispilurik argiena, besteak beste, hainbat eta hainbat aldiz erabiltzen dituen onomatopeiak dira. Baliabide logikoa da haren lanetan oro har eta ipuinetan bereziki, maiz ahozko ipuin kontalari baten gisa jarduten baitzaigu.

Hitz errepikakor horiek etengabe erabiltzen ditu, testuei ekintza bizia adieraztearekin batera soinu sarkorra eransten dielarik, inolako bortxarik gabe gainera. Idazkerari gagozkiolarik, Jean Barbier garaztarra izan arren, Lapurdin urte mordoa eman baitzuen, haren idazteko moldea lapurterara lerratzen da. Bada beste datu bat Jean Barbierren gainean ahaztu ezin dena. Euskal eleberrigintzaren hastapenaren garaian bizi da, eta ezin zaio sorrera horretan izandako partaidetasuna ukatu; euskal pizkundearen berezko izpia erein zuen. Piarres Lafittek dioskunez, badu Joan Batista Azkonagerreren eleberriak bezainbesteko hegazkadarik eta, Piarresen barneko mataza makal samarra bada ere, erakusten duen argiztapenez eta berezkotasunez harena baino maila handiagokotzat eman daiteke. Jakina, Barbierrek ez du Txomin Agirreren lanak (Kresala eta Garoa) duen maila erakusten, baina bai ordea Augustin Anabitartek Yolandarekin eta Joan Batista Elizanburuk Piarres Adamerekin erakutsi zutena bezainbat. Izan ere, Barbierrek idaztankera bere-berea du: bizia, sarkorra eta zolia. Norbaitek emetasun apurño bat, berezko intuizioarekin eta sentiberatasun bereziarekin batera, ikusi nahi izan du garaztarraren idazteko moldean.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]