Jean Racine

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jean Racine

Jean Racine, jaiotza-izenaz Jean-Baptiste Racine (La Ferté-Milton, Frantzia, 1639 - Paris, Frantzia, 1699) Frantziako poeta eta dramagilea izan zen.

Frantziako tragedia-egile klasiko nagusia izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umezurtz geratu zen hiru urte zituela, eta Port-Royalgo fraideen komentuan hezi zuten, han zuen izeba baten begiradaren pean. Jansenistek Beauvaisen zuten ikastegira bidali zuten, ondoren, eta Port-Royalen osatu zituen ikasketa klasikoak 1655-1658 urteetan, grekoa arreta bereziz ikasirik. 1658an Parisa joan zen, eta filosofia- eta lege-ikasketak egin zituen urte batez. Arian-arian, albo batera utzi zituen jansenismoaren araberako molde estuak.

Languedoceko Uzès hirira bidali zuten ondoren, apaiz-ikasketak buka zitzan, baina, 1663an, Parisa joan eta lehen antzerki-obra aurkeztu zuen Molièreren antzerki-taldearen eskutik: La Thébaïde (1664). 1665ean, Alexandre izeneko obra eman zuen, Molièreren eskutik hura ere. Bigarren obra horrek arrakasta handia izan zuen, baina Racineren eta Molièreren arteko haserrea ekarri zuen, lehen emanaldiaren ondoren Racinek beste talde bati eman baitzion obra.

1667tik geroztikakoak izan ziren Racineren urte oparoenak: Andromaque (1667), Euripidesen tragedian oinarrituriko obrarekin Pierre Corneilleren maila berera iritsi zen; hurrengo urtean, Les Plaideurs (1668, Auzilariak) eman zuen, bere komedia bakarra, eta, 1670. urtean, antzinako Erroman giroturiko bi tragedia aurkeztu zituen, Britannicus eta Bérénice, Racine goren mailaraino jaso zuten obrak. Bertso argi eta indartsuz eta antzerki-baliabide egokiez baliaturik, unibertso tragiko indartsua eratu zuen Racinek bere obretan; bere tesiaren arabera, gizakiak ezin du bere grinen halabeharra saihestu, eta bizitzaren bilakaerak baino, izadiak berak zehazten du norberaren patua. Racine ospetsua zen urte haietan, berea egin zuen halaber Parisko gortea, eta zorrotz agertu zen beti etsaien aurka, Port-Royalen izan zituen maisuak barne.

Molde bereko obrak eskaini zituen hurrengo urteetan, baina argumentuz konplexuagoak: Bajazet (1672), Mithidrate (1673) eta Iphigénie (1675), Euripidesen obran oinarrituta hori ere. 1677an aurkeztu zuen azken tragedia profanoa, Phèdre, Euripidesen obran oinarrituta eta agian poesia-maila handiena zuena, baina harrera onik izan ez zuena. Horren ondorioz, Racine goitik behera aldatu zen, molde jansenistetara itzultzeko. Port-Royalekoekin adiskidetu ondoren Abrégé de l´histoire de Port-Royal (1767an argitaratua, Port-Royaleko historia laburra) eta Cantiques spirituels (1694, Kantu espiritualak) obrak idatzi zituen antzerkitik kanpora.

Hogei urte igaro zituen bizimodu burgesari atxikia, seme-alaben heziketaz arduratua eta kristau eginbideei hertsiki lotua. Beste bi antzerki-obra idatzi zituen, hala ere, isilune luze haren ondoren, Maintenongo andereak, Luis XIV.aren emazte morganatikoak, eskaturik: Esther (1689) eta Athalie (1691, Atalia), Bibliako pertsonaietan oinarrituak biak. Bigarrenaren antzezpena debekatu egin zioten, eta, orduan, antzerki-mundua betiko utzi zuen.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Racine Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]