Jerusalemgo Hiri Zaharra

Koordenatuak: 31°46′36″N 35°14′03″E / 31.7767°N 35.2342°E / 31.7767; 35.2342
Wikipedia, Entziklopedia askea
Jerusalemgo Hiri Zahar» orritik birbideratua)
Jerusalemgo Hiri Zaharra
Old City of Jerusalem and its Walls
Kokapena
Estatu burujabe Israel
Israelen banaketa administratiboaJerusalem barrutia
HiriaJerusalem
Koordenatuak31°46′36″N 35°14′03″E / 31.7767°N 35.2342°E / 31.7767; 35.2342
Map
Ondarea

Jerusalemgo Hiri Zaharra (hebreeraz: העיר העתיקה‎Ha'Ir Ha'Atiqah; arabieraz: البلدة القديمة‎al-Balda al-Qadimah; armenieraz: Հին Քաղաքtranslit.: Hin K'aghak) Ekialdeko Jerusalemen dagoen 0,9 km²-ko alde zaharra da,[1] 1860ko hamarkadara arte Jerusalem hiri osoa izan zena. Bertan daude hiru erlijio monoteista nagusientzat sakratuenetarikoak diren zenbait leku: juduen Tenpluaren Mendia eta Erosten harresia, kristauen Hilobi Santua eta musulmanen Arrokaren Kupula eta Al Aksa meskita.[2]

1981ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, baina hurrengo urtean Jordaniak Arriskuan dagoen Gizateriaren Ondarearen Zerrendan sartzea eskatu zuen.[3]

Auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri zaharra lau barrutitan banatuta dago arbitrarioki. Barruti horiek 1853ko mapa alemaniar batekoak baino ez dira, eta ez datoz bat XX. mende hasierako errealitate demografikoarekin. Tradizioz, hiri zaharra lau auzotan banaturik izan da, nahiz eta auzo horien gaur egungo izenak XIX. menderaino ez ziren agertu:[4] Musulmanen auzoa, Juduen auzoa, Kristauen auzoa eta Armeniarren auzoa.[5]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967an, Hiri Zaharrak 17.000 musulman zituen, 6.000 kristau (armeniarrak barne) eta judu bakar bat ere ez, azken hauek 1948ko arabiar-israeldar gerraren ondorioz, hiritik kanporatuak izan baitziren.

Hiri Zaharreko egungo biztanle gehienak auzo musulman eta kristauetan bizi dira. 2007an, biztanleria osoa 36.965 zen; 27.500 musulman zeuden (2013an 30.000 baino gehiago); armeniarrak ez diren 5.681 kristau, 790 armeniar (2013an 500 inguru); eta 3.089 judu (2013an ieshivako 1.500 ikasle inguru).[6][7][8]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri Zaharraren kale bat.

K.a. XI. mendean David errege israeldarrak Jebus hiria konkistatu zuen, jebustar herriaren gotorlekua, Kanaanen bizi zirenetako bat.[9] Gotorlekua inguratzen zuten horma sendoz gotortuta zegoen. David han kokatu zenean, Ir Davidek (Daviden hiria) izendatu zuen. Toki hau gaur egungo hiri zaharraren hego-mendebaldean dago. Biblian, Daviden semeak, Salomon erregeak, hiriko harresiak handitu zituen Tenplua eta Tenpluaren Mendia barne hartzeko.[10] Israelgo Erresumaren zatiketaren ondoren, hegoaldeko tribuak Jerusalemen geratu ziren, eta hiria Judako Erresumaren hiriburu bihurtu zen.Aztarna horiek Palestine Exploration Fund erakundeak 1923 eta 1925 artean aztertu zituen. [11]

Hiriak, urteetan zehar, bere bizilagun boteretsuen erasoei aurre egin zien, basailutzako etapa ezberdinetatik ere igaroz, K.a. 587. urtera arte, Judaren azken erregearen erregealdian, Sedekias, hiria Nabukodonosor II.ak konkistatu eta suntsitu zuenean. Judaren erresuma, Babiloniar Inperio edo Kaldear Inperioko probintzia izatera pasa zen, eta juduen klase erregeorde gehiena erbestera bidaliko zen Babiloniara.

K.a. 530. urtean. Ziro II.a Handia persiar erregeak Babiloniar Inperioa konkistatu zuen eta erbesteratutako komunitate juduak Judako probintziara itzultzea ahalbidetu zuen; hauek Jerusalemera itzuli ziren eta Salomonen hiria eta tenplua berreraiki zituzten.

K.a. 332an Alexandro Handiak Persiar Inperioa konkistatu zuen eta hiriak ez zuen suntsipenik jasan. Alexandro hil ondoren, Juda edo Judea eta Jerusalem, Seleuzidar Inperioaren parte izatera pasa ziren, K.a. 64an Erromatar Inperioari erantsiko zitzaiona. Ponpeio Handia erromatar jeneralak, Inperio hori garaitu ondoren. Jerusalemek erromatarren setioa eta konkista jasan zituen, harresiak suntsitu eta Erromatar Inperioarekin bat eginez.

Jerusalemgo hiria, Marko Agripa jeneralaren agintaldian berreskuratu zen. Agripak Hirugarren Harresia izeneko harresi berri bat eraikitzea agindu zuen. Hiria elite erlijioso baten, asmoneoen, administrazioaren pean geratu zen. Orduan, Lehen Judu-Erromatar Gerra gertatu zen; Jerusalem hiriak erromatar setioa pairatu zuen. 70. urtean, Tito enperadorea izango zenaren eskutik, erromatarrek hiria hartu eta suntsitu zuten.

21. urtean Herodes Handiak hiria eta Tenplua zaharberritu zituen; azken honen zati bat gordetzen da oraindik: Erosten harresia, juduen erlijioarentzako garrantzi handiko gunea.

Aelia Capitolinaren erorkinak.

135. urte inguruan, Adriano enperadoreak Aelia Capitolina izenarekin hiria berreraikitzea erabaki zuen. Horrek juduen artean matxinada berri bat eragin zuen. Matxinada urte berean amaitu zuen, 135ean alegia, eta ondorioz erromatarrek herri judu gehiena erbesteratu zuen; horri diaspora izena eman zaio. Judeako lurraldea Siria, Palestina edo Palestinako erromatar probintzia izatera pasa zen. Hortik aurrera Jerusalemen patuak segidako konkista eta gatazkei lotuta jarraitu zuen, Ekialdeko Erromatar Inperioaren edo Bizantziar Inperioaren zati izan zelarik; azken honen barruan kristautasunaren lau egoitza erlijiosoetako bat izan zen, Konstantinopla, Antiokia eta Alexandriarekin batera. 326. urtean, Konstantino I.a Handia enperadoreak kristautasunaren erlijio-leku nagusietako bat izango zen Hilobi Santuaren eliza altxatzea agindu zuen.

614. urtean Sasanidar Inperioak hiria konkistatu zuen, 638. urtera arte gobernatuz. Hauek, hiria okupatu zuen musulmanen hedapenaren ondorioz lekuz baztertuak izan ziren, Damaskoko Omeiatar Kalifa-herria lehengo, Abbastar Kalifa-herria ondoren, eta, azkenik, Otomandar Inperioa bata bestearen eskura igaroz. 687 eta 691 urteen artean Arrokaren Kupula eraiki zen. 710ean amaitu zen Al Aksa meskita eraikitzen. Bi tenpluak erlijio musulmanaren gune garrantzitsuak dira.[12]

1095ean Urbano II.a aita santuak musulmanen Jerusalem birkonkistatzeko Lehen Gurutzada predikatu zuen. Godofredo Bouillongoa noble frantziarrak lortu zuen zeregin hori, eta, sarraski bat egin ondoren, hiria konkistatu zuen, Jerusalemgo Erresuma sortuz.[13] Bere anaia Balduin I.a Jerusalemgo lehen erregea izan zen. Hurrengo urteetan, Ordena Militar Kristauen presentzia aldizkakoa izan zen hirian, tropa musulmanen presentziarekin txandakatuta. 1244an musulmanek hiria setiatu zuten eta behin betiko konkistatu zuten.[14]

Jerusalemgo harresiak askotan suntsitu eta berreraiki ziren. Egungo harresiak 1538an eraiki zituen Suleiman I.a sultan otomandarrak. Hiriak otomandarren menpe jarraitu zuen Lehen Mundu Gerra amaitu arte.

1967ko Sei Eguneko Gerraren irudia.

Egungo estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948ko Arabiar-israeldar Gerraren ondoren, Jordaniak Hiri Zaharra hartu eta bertako juduak beren etxeetatik kanporatu zituen.[15] 1967ko Sei Eguneko Gerran, Tenpluaren Mendian gorputzez gorputz borrokatu ziren, eta Israelek Jerusalemgo Hiri Zaharra konkistatu eta anexionatu zuen, Ekialdeko Jerusalem osoarekin batera. Egun, Hiri Zaharra Israelen kontrolpean dago, eta bere hiriburuaren zatitzat hartzen du Israelek; nazioarteak, ordea, palestinar lurralde okupatutzat du Hiri Zaharra.[16]

Ateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz Hebreeraz Arabieraz Beste izenak Eraikitze-urtea Kokapena
Ate Berria Sha'ar HeHadash Al-Bab al-Jedid Hammiden Atea 1887 Iparraldeko aldearen mendebaldea
Damaskoko Atea Sha'ar Shkhem Bab al-Amoud Sha'ar Damesek, Nablusko Atea, Zutabearen Atea 1537 Iparraldeko aldearen erdialdea
31°46′53.71″N 35°13′48.77″E / 31.7815861°N 35.2302139°E / 31.7815861; 35.2302139
Herodesen Atea Sha'ar HaPerachim Bab-a-Sahairad Lorearen Atea, Sha`ar Hordos Ezezaguna Iparraldeko aldearen ekialdea
Lehoien Atea Sha'ar HaArayot Bab Sittna Maryam Jehoshafaten Atea, Santa Mariaren Atea, San Ezteberen Atea, Tribuen Atea 1538-39 Ekialdeko aldearen iparraldea
Simaurraren Atea Sha'ar HaAshpot Bab al-Maghariba Silwanen Atea, Mograbiren Atea, Sha'ar HaMugrabim 1538-40 Hegoaldeko aldearen ekialdea
Siongo Atea Sha'ar Tzion Bab El-Nabi Da'oud Juduen Auzoko Atea, David profetaren Atea 1540 Hegoaldeko aldearen erdialdea
Jaffako Atea Sha'ar Yaffo Bab al-Khalil Daviden tenpluaren Atea, Hebrongo Atea 1530-40 Mendebaldeko aldearen erdialdea

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kollek, Teddy. (1977). A Will to Survive - Israel: the Faces of the Terror 1948-the Faces of Hope Today. Dial Press/James Wade.
  2. https://www.britannica.com/place/Jerusalem/Landscape#ref17891
  3. https://centroderecursos.alboan.org/ebooks/0000/1137/9-UNE-CUA-2__eu_.pdf
  4. Ben-Arieh, Yehoshua. (1984). Jerusalem in the 19th Century, The Old City. Yad Izhak Ben Zvi & St. Martin's Press, 14 or. ISBN 0-312-44187-8..
  5. https://books.google.fr/books?id=9VJADQAAQBAJ&printsec=frontcover&dq=histoire+d%27une+ville+monde#v=onepage&q=histoire%20d'une%20ville%20monde&f=false
  6. https://web.archive.org/web/20140530203431/http://archives.jrn.columbia.edu/2010-2011/coveringreligion.org/2011/05/torn-between-two-worlds-and-an-uncertain-future/index.html
  7. https://web.archive.org/web/20130928095409/http://www.ochaopt.org/documents/opt_prot_ipcc_Old_City_urban_fabric_geopo_implications_2009.pdf
  8. https://www.jpost.com/Opinion/Op-Ed-Contributors/Demography-in-Jerusalems-Old-City-319724
  9. https://eu.eferrit.com/jerusalem-jerusalemgo-hiriaren-profila-historia-geografia-erlijioa/
  10. http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=Jerusalem,
  11. https://books.google.es/books?id=3EWWup0o-o4C&pg=PA9&redir_esc=y#v=onepage&q&f=false
  12. https://www.ikasbil.eus/eu/dokutekako-fitxa?articleId=16525290
  13. https://eu.eferrit.com/gurutzadak-jerusalemgo-setioa/
  14. https://www.argia.eus/argia-astekaria/1721/munduaren-bihotzeraino
  15. Herzog, Chaim. (1982). The Arab-Israeli Wars. , 62 or. ISBN 0-85368-367-0..
  16. https://artsandculture.google.com/entity/jerusalemgo-hiri-zaharra/m01s3wk?hl=eu

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]