Jesús Rafael Soto

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jesús-Rafael Soto (1995).png

Jesús Rafael Soto (Ciudad Bolívar, Venezuela, 1923ko ekainaren 5a - Paris, Frantzia, 2005eko urtarrilaren 14a) venezuelar pintore eta eskultorea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Caracasko Arte Plastiko eta Aplikatuen Eskolan egin zituen ikasketak, 1942tik 1947ra bitartean. Azkeneko urte horretan, Maracaiboko Arte Plastikoetako eskolako zuzendari izendatu zuten (1947-1950).

1950ean Parisa joan zen, eta han geratu zen bizitzen. Bere lehenengo lanetan Paul Cézanneren eragina nabari da, eta formen geometrizaziorako joera paisaietan (1949, "Maracaiboko paisaia"), izadi hiletan, erretratuetan (1949, "Dama grekoa"); baina Parisez geroztik, abangoardiak ezagutu eta Malevic eta Mondrian aztertu ondoren, abstrakzio geometrikorantz egin zuen. Parisko lehenengo obretan dinamismo bisualeko gainaldeak sortzen ahalegindu zen, kolorean, forma geometrikoan eta forma-hondo anbiguotasunean oinarrituta (Composition dynamique, 1951).

1953. urtetik aurrera zinetismo birtualeko lehen lanak egin zituen, forma eta hondoa bereizi ondoren: lehena pexiglasezko plaka garden batean jarrita, eta bigarrena zurezko plaka batean; bien artean 10 zentimetroko tartea utzi zuen, eta metalezko ziriez lotu zituen. Garai hartako lanen artean aipagarriak dira La cajita de Villanueva (1955, "Villanuevako kutxatxoa") eta "Kiribila pexiglasekin" (1955). 1955ean, Agam, Tinguely eta Pol Buryrekin batera, zinetismoaren printzipioak baliatu zituen bere lanetan. Hasieran espazioa materia plastiko gisa erabili zuen (1957, "Egitura zinetikoa"), eta geroago hondakin-elementuak txertatu zituen, bilbe geometrikoekin elkartuta.

50eko hamarraldiaren bukaeran, lehen obra dardaratzaileak egin zituen, eta "Eskulturak" saila: bilbezko hondo baten aurrean nylon harietatik zintzilika jarritako ziriak; zirien berezko mugimenduak eta ikuslearen pertzepzioak aurretik igarotzean efektu zinetikoa sortzen dute (1958, "Elementu geometrikoez eratutako egitura zinetikoa"). Ildo horri jarraituz, ikuslea obran erabat txertatzea lortu zuen azkenik, Penetrables ("Sarkorrak") obren bidez, alegia, ikuslea obran sarrarazten duten espazioen bidez. Halaber, zenbait obra publiko egin zituen, Parisko UNESCO eraikuntzarako muralak (1970), adibidez. Urte hartatik aurrera, arkitekturan txertatutako zenbait egitura zinetiko egin zituen: Bolugne-Billancourteko Renault fabrikako ataria (1975); Caracasko Banaven Zentroko bolumen zintzilikatua (1979); Parisko Pompidou Zentroko bolumen birtuala (1987).

80ko hamarraldian berriro aztertu zuen kolorearen anbibalentzia planoaren gainean, Kandinskiren eta Mondrianen azken aldiaren printzipioen arabera (1980, "Gorri zentrala").

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jesús Rafael Soto Aldatu lotura Wikidatan