Jesus Altuna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jesus Altuna
Jesus Altuna
Koro Mariezkurrena eta Jesus Altuna, arkeologia indusketa batean
Datu pertsonalak
Izen osoa Jesus Altuna Etxabe
Jaio 1932ko uztailaren 27a
Berastegi, Gipuzkoa (Euskal Herria)
Bikotekidea Koro Mariezkurrena


Jesus Altuna Etxabe (Berastegi, Gipuzkoa, 1932ko uztailaren 27a) arkeologoa, paleoantropologoa eta arkeozoologoa da. Filosofia eta Teologiako ikasketak egin zituen Gasteizko eta Donostiako apaizgaitegietan, eta Biologia Zientzietako lizentziako ikasketak Madrilgo Complutense unibertsitatean (1960). Alemaniako ikerketa zentroetan, Paleoantropologiako eta Arkeozoologiako jakintza espezializatuak bereganatu zituen. Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko lehendakari eta Munibe aldizkariaren zuzendari izan da.[1][2][3]

Arkeozoologiako lan batekin eskuratu zuen doktore titulua, 1971n, eta Arkeozoologian aitzindari izan da, Euskal Herrian ez ezik, Europa osoan ere. Altunak eta haren laguntzaileek prestaturiko osteologia bildumak Aranzadi Zientzia Elkarteko Arkeozoologia laborategia nahitaezko erreferentzia bihurtu du, Europan.[4]

Zientzia elkarte ugari dira Altuna kidetzat dutenak:[1]

  • Aranzadi Zientzia Elkartea
  • Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
  • Eusko Ikaskuntza
  • Historia Naturaleko Espainiar Errege Elkartea
  • Nazioarteko Paleontologia Elkartea
  • Arkeozoologiarako Nazioarteko Batzordea (ICAZ)
  • Arkeologia Zientzietarako Nazioarteko Elkartea (Society for Archaeological Sciences)
  • Haitzuloetako Arteko Nazioarteko Batzordea (ICOMOS CAR)
  • Centre de Recherches d’Ecologie Souterraine (ohorezko kide da Altuna, 1986az geroztik)

Eduki-taula

[aldatu] Bizitza

19601972 bitartean, antropologia indusketa askotan lagundu zuen da, gehienbat Jose Migel Barandiaranek zuzenduta Euskal Herrian, eta beste hainbat antropologok zuzenduta Euskal Herriaz kanpoko Kantauriko lurretan. UNESCOren enkarguz, 1963an Sudango Nubia eskualdean arkeologia indusketak egiten aritu zen, Asuango urtegiak urperatuko zituen altxorrak salbatzeko ahaleginean. 1973tik aurrera, hainbat arkeologia indusketetan zuzendari izan da, Euskal Herrian batik bat. Donostiako irakaskuntza ertaineko Usandizaga institutuko katedradun izan da. 1980tik 2002an erretiratu zen arte, Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedradun izan zen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Lanpostutik erretiratua, baina ordu arteko eginkizun berberetan lanean jarraitzen du. Eginkizun horietan lankide izan du bere emazte Koro Mariezkurrena.[1]

[aldatu] Sariak

Jaso dituen sari ugarien artean, aipatzekoak dira hauek:[3]

  • Zientzia Ikerketarako Ibáñez Martín saria (Espainiako CSICek emana)
  • Xabier Maria de Munibe saria (Eusko Legebiltzarrak Humanitateen arloan emana)
  • Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen saria
  • Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria (Humanitateen eta Gizarte Zientzien arloan)
  • Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria
  • Ikerketako Euskadi saria.

[aldatu] Idazlanak

Koro Mariezkurrenak taxuturiko zerrendan[5] oinarritu den honetan, ez dira aipatu Jesus Altunak ikasle zela egindako lanak —argitaratu baziren ere—, ez aldizkarietan argitaratu dituenak, ez hainbat erakunderentzat egin dituen txostenak —nahiz eta horietako asko eta asko argitaratuak izan—, eta ez Aranzadi Zientzia Elkartearen barruan bere zuzendaritzapean zen Historiaurrea Sailaren urteko oroitidazkiak ere.

Zerrendako lanak honela sailkatuta daude:

  1. Zientzia argitalpen originalak
    1. Jesus Altuna egile bakartzat dutenak
    2. Altunak besterekin batera eginak
  2. Jendarteratzeko argitalpenak
    1. Jesus Altuna egile bakartzat dutenak
    2. Altunak besterekin batera eginak


[aldatu] Erreferentziak

  1. a b c Izaskun ALTUNA eta Xabier ALTUNA: «Biografía de Jesús Altuna», Munibe (Antropologia – Arkeologia), 57. zenbakia («Homenaje a Jesús Altuna»), 1. liburukia, 17-30. orrialdeak. ISSN 1132-2217.
  2. «Altuna Etxabe, Jesus», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.
  3. a b «Jesus Altuna Etxabe», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Alvaro Arrizabalaga: «Jesús Altuna y los estudios vascos», Euskonews & Media, 5. zenbakia, 1998-10-09.
  5. Koro MARIEZKURRENA: «Jesus Altunaren argitalpenak», Munibe (Antropologia – Arkeologia), 57. zenbakia («Homenaje a Jesús Altuna»), 1. liburukia, 31-42. orrialdeak. ISSN 1132-2217.
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak