Jesus Larrañaga Lizarralde

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jesus Larrañaga Lizarralde
Bizitza
JaiotzaArrasate1926ko azaroaren 18a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaArrasate2004ko maiatzaren 7a (77 urte)
Jarduerak

Jesus Larrañaga Lizarralde (Arrasate, Gipuzkoa, 1926ko azaroaren 18a - Arrasate, 2004ko maiatzaren 7a), Mondragon Korporazioan 1956an sortu zen lehen enpresa industrial kooperatiboaren bost sortzaileetako bat izan zen.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus Larrañaga Arrasaten (Gipuzkoa) jaio zen 1926ko azaroaren 18an. Bere gurasoak Alejo Larrañaga eta Prisca Lizarralde izan ziren. 1956ko urriaren 20an Carmen Galdosekin ezkondu zen, eta 4 alaba izan zituzten.[2]

1940an sartu zen Arrasateko eta Deba Goiena Haraneko enpresarik handienean, Unión Zerrajera S.A., bertako Aprendizen Eskolaren bidez. Han hurrengo urtean kooperatiben ideologo eta sustatzailea izan zen Aita Jose Maria Arizmendiarrieta ezagutu zuen irakasle bezala. Beti formakuntza dualean lana eta ikasketak uztartuz, 1945eko uztailean Industria Ofizial Mekanikariaren ikastaroak amaitu zituen. Arrasateko Eskola Profesional berrian ikasketak jarraitzeko Arizmendiarrietak aukeratu zituen hamaika ikasleetako bat izan zen, eta Zaragozan azterketak era librean eginaz, 1952an Industria Peritu Mekanikoaren titulua lortu zuen.[3] Formazioa osatzeko, 1965eko eta 1966ko udako hilabeteetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Sarriko Fakultateko irakasleek emandako Enpresa Zientzietako ikastaro berezietan parte hartu zuen, beste zuzendari kooperatibista batzuekin.[2]

Ibilbide profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940tik 1954ra, Arrasateko Union Zerrajerako teknikari proiektugile bezala lan eginez burutu zituen ikasketak, eta Aprendizen Eskolako irakasle ere izan zen azken urteetan. 1954ko amaieran, Oviedora joan zen Vetusta, S.A. enpresan lan egitera, eta Arizmendiarrietak eskatuta itzuli zen, beste lau kiderekin 1956an ULGOR izeneko lehen kooperatiba industriala sortzeko, ondoren Fagor Etxetresnak izena hartu zuena.[4]

Ondorengo lan-bizitza guztia kooperatibei lotuta egon zen: Fagor Etxetresnak enpresako Zuzendari Komertzial (1956-1963) eta Zuzendari Gerente (1963-64 eta 1970-1981) izan zen, Laboral Kutxako Enpresa Dibisioko Zuzendari (1964-69), Fagor Taldeko Nazioarteko Eragiketen Zuzendari (1981-1991), eta 1991tik erretirora arte Mondragon Korporazioko Aholkulari.

Fagor Etxetresnakeko garaian ANFELeko (Etxetresnen Ekoizleen Elkarte Nazionala) lehendakaria eta ANIEL (Industria Elektronikoen Elkarte Nazionala) elkarteko kidea izan zen. Fagor Taldearen garaian berriz, AENOReko (Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkartea) sortzaileetako bat eta lehen lehendakaria izan zen, eta EEEko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko kidea.[4]

ULGOR lehen kooperatiba industriala, 1956an.

Ekarpen kooperatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kooperatibaren sortzaile taldetik lehena izan zen merkatuarekin eta kanpoko merkataritzarekin konektatzen. Berrikuntzara irekita zegoen eta konfiantza handia zuen etorkizunean, biztza-jarrera bezala. Bere intuizioagatik eta harremanak mantentzeko gaitasunagatik, etxetresna elektrikoen komertzializazioaren gakoak diseinatu zituen, teknikarien arteko giroan. Langile amorratua eta ausarta, erraz enpatizatzen zuen guztiekin, bezero garrantzitsuenak izan edo muntaketa-kateko beharginak.[5]

Bere espiritu berritzailearen eta jakinmin intelektualaren gidaritzapean, kooperatiben lanpostuak baloratzeko lehen Eskuliburua idatzi zuen. Oreka emozionaletik abiatuta, enpresen garai zailetan morala jasotzen laguntzen zuen, eta porrotak zein arrakastak erlatibizatzen. Gaztetan zeregin teknologikoetarako trebatu ondoren, haren zaletasunak hurbilago zeuden letren ezagutzaren, saiakuntzaren, eta bizitzaren hausnarketaren lerroetatik. Irakurle eta idazle saiatua, hitzaldiak ematen ere aritu zen, mezu kooperatiboa gizarte-bizitzaren, ekonomiaren eta enpresaren esperientziekin zabaltzeko.

Mundu osoan zehar bidaiatu zuen, ausardiaz eta apaltasunez, eta Arrasateko kooperatibismoaren pertsonifikazioa izan zen kanpoan. 1986an, 60 urteko atalasea zeharkatzean, honakoa idatzi zuen: “Zalantzarik gabe giza izaeraren gauzarik zailena, besteak bezala bizitzea onartzea da, nork bere kabuz arrakasta eta metaketa lortu ahal dituenean”.[5]

Argitaratutako liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

- Buscando un camino. Don José María Arizmendiarrieta y la experiencia cooperativa de Mondragón. Laboral Kutxa, 1981.

- El cooperativismo de Mondragón. Interioridades de una utopía. Azatza, 1998.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Ormaetxea, Jose Maria. (1991). La experiencia cooperativa de Mondragon. Azatza, ed, 184 or. ISBN DL SS 229-91..
  2. a b Jesus Larrañaga Lizarralde. Auñamendi. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/larranaga-lizarralde-jesus/ar-86067/.
  3. (Gaztelaniaz) Leibar, Juan; Azkarate, Joxemi. (1993). Historia de Eskola Politeknikoa José M.ª Arizmendiarrieta. Laboral Kutxa, 171 or. ISBN 84-606-1940-0..
  4. a b (Gaztelaniaz) Molina, Fernando. (2006). Fagor Electrodomésticos (1956-2006). Historia de una experiencia cooperativa. Laboral Kutxa, 91, 115 or. ISBN 84-689-7392-0..
  5. a b (Gaztelaniaz) Leibar, Juan; Ormaetxea, Jose Maria. (1993). Textos básicos de Otalora. Capítulo II - Dn. José María Arizmendiarrieta y sus colaboradores. Otalora, 68 or. ISBN 8488125089, 9788488125088..

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]