Jim Henson
Jim Henson txotxongilo-diseinatzaile, zinema-zuzendari eta ikuskarien munduko enpresaburu estatubatuarra izan zen (Greenville, Mississippi, 1936 - New York, 1990). Mugikortasun handiko oihalezko txotxongiloak egin zituen (1954) Estatu Batuetako telebistarentzat, muppets deituak (teleñecos, gaztelaniaz). 1969an, bere txotxongilo-saioa, Sesame Street deitua (Espainiako telebistan, Barrio Sésamo), haurrentzako saioen izar bihurtu zen, eta saio hartako pertsonaia nagusiak oso ezagun egin ziren etxe guztietan: Bert eta Ernie (Epi eta Blas, Espainiako telebistan), Big Bird (Caponata, Espainiako telebistan), Kermit the Frog (Gustavo igela, Espainiako telebistan). The Muppet Show (1976-1981) saioa, Gustavo igelaren eta Peggy txerritxoaren gidaritzapean, ehun herrialde baino gehiagotan ikusi zen. Gero, Fraggle Rock saila sortu zuen, eta zenbait film egin zituen bere pertsonaia famatuekin: The Muppet Movie (1979), Kristal iluna (1982), Ninja dortokak (1990). Hil aurretik Walt Disney konpainiari saldu zizkion bere pertsonaien eskubideak.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.