Jito genetiko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Jito genetikoa populazio batean oreka genetikoa aldatzen duen faktoreetako bat da, mutazio, hautespen naturala eta migrazioekin batera. Espezieen eboluzioan eragiten du eta belaunaldi batetik hurrengora aleloen frekuentzian ematen diren aldaketetan datza.

Hardy-Weinberg-en legearen arabera, populazio teoriko handi batean gene eta genotipoen frekuentziak belaunaldiz belaunaldi egonkor mantentzen dira. Lege hori beti beteko balitz, eta ez balu inongo indar ebolutiborik jardungo, ez legoke eboluziorik. Hala ere, aipaturiko legea ez da betetzen populazioaren tamaina asko txikitzen denean, zoriak aleloen jatorrizko frekuentzia aldatu baitezake.

Zenbat eta handiagoa izan banakoen kopurua populazio batean orduan eta txikiagoa izango da belaunaldi baten eta hurrengoaren arteko frekuentzia genikoen aldaketa. Hots, maiztasun teorikoak eta errealak bat etorriko dira.

Jito genetikoaren funtsa belaunaldi bakoitzean zoriak aleloen frekuentzian eragiten dituen ausazko aldaketetan datza. Esaterako, populazio batean gene batekiko bi alelo badaude (A eta a) frekuentzia berean (%50ean), hurrengo belaunaldian oso posible da frekuentzia horietan zoriak aldaketa txiki bat egitea, txanpon bat 100 aldiz botatzen dugunean zoriak ere 50 aurki eta 50 ifrentzuaren frekuentzia teorikoan aldaketak eragiten dituen modu berean.

Jito genetikoaren eragina agerikoa da talde txiki bat hasierako populaziotik isolaturik gelditzen denean (hondamendi baten ondorioz, esaterako, edo migrazioak gertatzen direnean). Azken kasu horretan, adibidez, jatorrizko populaziotik talde txiki batek inguru berria kolonizatzen du; zoria dela eta, gerta daiteke talde kolonizatzaile txiki horrek jatorrizko populazioak duen gene maiztasun bera ez edukitzea. Hortaz, belaunaldi batzuen ondoren populazio berriaren frekuentzia genikoak jatorrizkoaren oso desberdinak izanen dira, eta bi populazioen arteko desberdintasunak areagotuko dira (espeziazioaren aldeko joera indartuz).

Cuello de botella.jpg


Botila-lepoa efektuak ere jito genetikoa errazten du (ikus irudia). Botila-lepoa populazio batean banakoen kopurua izugarri jaisten denean agertzen da. Irudiaren kasuan, adibidez, jatorrizko populazioan gutxi gorabehera alelo urdin eta horien frekuentzia antzekoa da. Ingurunean aldaketa handi bat gertatzean (hondamendi bat, kasu) populazioaren tamaina asko jaisten da, eta zoriak populazio txiki berri horren aleloen frekuentzia aldatzen du (alelo urdinen nagusitasuna ezarriz, adibidez). Hurrengo belaunaldietan populazio berriaren frekuentzia genikoak ez du zer ikusirik izango jatorrizko populazioarenarekin.

Populazio batean jito genetikoak heterozigotoen kopurua jaisten du, hots, homozigotoen aldeko joera indartzen du. Era berean, aldakortasun genetikoa ere murrizten du. Beste indar ebolutibo batzuk ez baleude (mutazioa edo hautespen naturala) populazio guztiek, denboraren poderioz, alelo bakarra izango lukete, jito genetikoak aldakortasun genetikoa gutxitzen baitu.