João Oliveira e Daun (Saldanhako dukea)
João Carlos Gregório Domingos Vicente Francisco de Saldanha Oliveira e Daun Saldanhako 1. dukea (Azinhaga, Portugal, 1790eko azaroaren 17a - Londres, Ingalaterra, 1876ko azaroaren 21a) portugaldar politikaria eta militarra izan zen.
Biografia[aldatu]
Frantziarekin aliatu zen eta ingelesek atxilotu zuten (1810). Brasilera joan zen Joan erregearekin, eta hark Rio Grande do Sul estatuko gobernari izendatu zuen (1821). Portugalera itzuli zenean Portoko gobernaria izan zen (1826) eta Gerrako ministro izendatu zuten hurrengo urtean. 1836. urteko iraultzaren ondorioz erbesterako bidea hartu behar izan zuen, eta hamar urtez enbaxadore izan ondoren (Londres, Madril, Viena) gobernuburu izan zen 1846-1849 urteetan, Costa Cabral aginpidera iritsi zen arte, hain zuzen. Ingelesen laguntzaz aginpidetik egotzi zuen Costa Cabral eta bera jarri zen gobernuburu, baina hasieran lagundu zioten ezkertiarrekin arazoak izan zituen, eta oposiziora igaro behar izan zuen. Erroman (1862-1869) eta Parisen (1869) enbaxadore izan ondoren, Portugalera itzuli zen eta estatu-kolpe baten bultzatzaile izan zen 1870. urtean. Aurreko agintariak karguetatik kendu ondoren Londresen izan zen enbaxadore hil zen arte.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.