Joaldun
Joalduna Ituren eta Zubieta nafar herrietan sorturiko euskal kulturako pertsonaia tradizionala da, joareak astinduz urtarrileko azken asteburuan inauterien heldueraren berri ematen zuena. Batzuetan, euskal kulturako beste pertsonaia batekin nahasita, zanpantzar esaten diote joaldunari.
Eduki-taula |
Izena [aldatu]
Pertsonaia honen izen zabalduena joaldun izanik ere, hainbat sinonimo ditu: kaldurro, ttuntturro, txantxurro eta abar.[1]
Zanpantzar [aldatu]
Azken urteotan, zanpantzar izena ere zabaldu da hedabideetan, joaldunei esateko, nahiz eta izendapen hau okerra izan eta Ituren edo Zubietako inork ez dien horrela deitzen.[2]
Horrela, zanpantzar (iraganean, zanpantzart, sanpantzar edota japantzar ere bai) izenaren esanahiak beste batzuk dira:[3][1]
- Lastoz edo iratzez beteriko panpinatzarra, inauterietarako egina, eta azken egunean epaitu, kondenatu eta errea. Beste urte sasoi batzuetan ere egiten da zenbait tokitan. Betiere, garbikuntza erritua dakar berekin: gaitzak erretzen dira panpinarekin batera.
- Inauteriak eta, zehatzago, inaute-asteartea edota hausterre-eguna.
Egungo ohitura [aldatu]
Gaur egun, joaldunek binakako errenkadan jarrita dantza-taldea osatzen dute, eta aldi berean eragiten dituzte haien joareak, soinu ritmiko eta konstante bat sortuz. Aurreneko ileran doan joaldun batek adar bat jotzen du oihuez jarraituta, erritmoa markatuz.
Uste da, erritu honek gizarteak naturarekin zuen atxikimendua islatzen duela eta ezpiritu txarrak, edo izurriteak uxatzen saiatzen dela, aldi berean amalurra goraipatuz.
Inauteriak [aldatu]
Ituren eta Zubietako inauterien egitarauean paper garrantzitsua betetzen dute joaldunek. Izan ere, Urtarrileko azken asteko astelehen eta asteartean bi herrien arteko 3 kilometroak ibiltzen dituzte, eguerdi aldera.
Astelehenetan Zubietakoen txanda izaten da, eta Aurtitz auzukoek ongi etorria egin eta elkarrekin Latsagara joaten dira Zubizburu zubia pasa eta Iturengo joaldunekin elkartu arte. Hauek elkarrekin Ituren zeharkatzen dute eta herriko plazan amaitu. Asteartean, alderantziz gertatzen da, eta Iturengo joaldunek Zubietarainoko bidea egiten dute modu beretsuan.
Beste jai batzuk [aldatu]
Azken urteotan, herri aunitzetan zabaldu izan dira joaldun taldeak, eta besta zein ekitaldi askotan sartzen dira joaldunak egitarauetan. Esanahi zehatzik gabeko erakustaldiak izan ohi dira, eta errenkadan ibilbide bat egin ohi dute.
Talde hauetako batzuk Ituren, Aurtitz eta Zubietako elkarteak dira. Hauen kasuan, joaldun hitza erabiltzen dute haien taldeen izena jartzerakoan, baina ez da berdina gertatzen beste herri batzuetan sortu diren zanpantzar taldeekin. Hitz okerra erabili arren, joaldun taldeak dira hauek ere. Adibide batzuk dira: Ortuellako Polunpak zanpantzar taldea[4], Atarrabiako Naspetxak zanpantzar taldea[5], Iruñeako Aldezarreko zanpantzar taldea, Antsoaingo zanpantzar taldea edota Azpeitiako Itsasi zanpantzar taldea.
Bestalde, [Ituren]go udalean ere urtero Irailaren erdialdean Joaldunaren Eguna ospatzen da.
Jantzia [aldatu]
Nahiz eta azken urteotan sortu diren joaldun taldeek jantzi propioak garatu izan dituzten, Ituren eta Zubietako jantziak konsideratzen dira aurreneko bezala. Bi herrietan tankerako janzkera daramate:
- Buruan ttuntturroa, koloredun zinta eta lumekin.
- Lepoan zapi gorrixka, txikiagoa Zubietan.
- Soinean Iturenen ardi larruz estalitako atorra, txaleko eran, eta Zubietan ator zuria soilik.
- Gerrian joareak lotzen dituzte, eta Iturenen bi joare txiki gehitzen dituzte atzeko bi handiez gain.
- Hanketan gona xuri bat, galtzen gainetik.
- Isipua eskuineko eskuan, zaldi buztaneko ilez egina.
Antzekotasunak [aldatu]
Joaldunak Euskal Herriko pertsonaiatzat hartzen diren arren, Europa osoan aurki daitezke kasu antzekoak. Adibidez Kantabria eta Asturiasen Zamarraco eta Zamarroren kasuak daude, Almiuretan (Guadalajara) Botarga eta Mascaritak, Bulgariako Perni herrian ere joaldun antzeko batzuk daude, Sardiniako Mamuthones... eta abar[6].
Europako inauterien artean dauden antzekotasunak jasotzeko proiektu bat abiatu dute Italian, eta sarean ere haien ikerketa lanak ikus daitezke.[7]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ a b Karlos IRUJO ASURMENDI, Ortzadar Folklore Taldea: «Zanpantzar», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ http://www.ituren.es/eu/visitenos/costumbres
- ↑ «Zanpantzar», Orotariko Euskal Hiztegia.
- ↑ http://www.polunpak.org/
- ↑ http://www.villava.es/eu/lugarygente/organizaciones/artisticoculturales/object.aspx?o=11697
- ↑ http://www.dantzan.com/albisteak/joaldunak-eta-abar
- ↑ http://www.carnivalkingofeurope.it/
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Inauterietarako deia
- (Euskaraz) Joaldunei buruzko artikulua ARGIA astekarian
| Artikulu hau Euskal Herriko kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |