Joan Damaskokoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Athos Mendian dagoen ikonoa

Joan Damaskokoa (arabieraz: يوحنا الدمشقي‎ Yūhannā al-Dimašqī; latinez: Iohannes Damascenus; antzinako grezieraz: Ιωάννης Δαμασκήνος), benetako izena Mansur ibn Sarjun Al-Taghlibi (arabieraz: منصور بن سرجون التغلبي‎), (Damasko, Siria, 675 - 749), siriako idazle eta teologoa izan zen, Elizako doktoreetako bat.

Familia aberats batean jaio zen: bere aitona Bizantziar Inperioaren zerbitzuan funtzionarioa izan zen, eta musulmanek Siria konkistatu ostean dominatzaile berrien mesedetan egon zen. Bere aita Omeiatar Kaliferriaren funtzionario izan zen, baita bera ere. Hala ere laster aldendu zen bizitza honetatik, bere jabetza guztia pobreei eman zien eta San Sabaseko monasterioan sartu zen, Jerusalemdik gertu. Bertan pasa zuen bere bizitzaren zatirik handiena, ikasten eta idazten. Kristau dogma guztia idatzi nahi izan zuen, eta ez bakarrik gai zehatz batzuk. Bere pentsaera eta lana eskolastikaren barruko espresio perfektuenen artean kokatzen da. Konstantinoplako enperadoreak irudiei kultua egitea debekatu zuenean, ikonoklastak jarraituz, Joan Damaskokoa irudiak beneratzearen alde agertu zen. Bere ustez irakurtzen zekitenentzat liburu bat zena, irudi bat zen analfabetoentzat. Hitzez belarrira esan daitekeena, irudiz esan dakioke begiari. Horregatik irakurtzen ez zekitenentzat katezismoa irudiekin erakustearen alde zegoen.

Kondaira batek dio eskua galdu zuela ikonoklastikoekin izandako liskar batean, baina Ama Birjinak berriro jarrio ziola. Bere garaian "Urrezko Hizlaria" izendatu zuten, ondo hitz egiten zuelako. Ekialdeko Elizak profeta handitzat du.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Damaskokoa Aldatu lotura Wikidatan