Joan Gurutzekoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Juan de Yepes Alvarez (Fontineros, Avila, Gaztela eta Leon, 1542ko ekainaren 24a - Ubeda, Jaen, Andaluzia, 1591ko abenduaren 14a), San Joan Gurutzekoa izenez ezagunagoa, poeta eta erlijioso espainiarra izan zen. 1952an gaztelaniazko poeten zaindari izendatu zuten.

San Joan Gurutzekoa

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larrugile behartsu baten semea izan zen. Hiru urte zituela, aita eta anaia gaztea hil zitzaizkion. Bere amak familia aurrera ateratzeko hainbat herritan lan egin behar izan zuen, harik eta 1551n Medina del Campora iritsi ziren arte. Han bere anaia nagusia ezkondu zenez familiaren egoera ekonomikoa zertxobait hobetu zen eta Joan eskolara joan ahal izan zen. Ikasketez gain, elizmutil lanak ere egin behar izan zituen garai hartan (meza ematen lagundu, limosnak jaso, hiletetan parte hartu...). Eskola horretatik jesuiten kolegio batera joan zen giza zientziak ikastera. Ikasketak ordaindu ahal izateko ospitale batean laguntzen hasi zen.

1559-1563 bitartean egindako ikasketek latina guztiz menperatzea ahalbidetu zioten. Horrela, itzulpenez gain bere idazlanak ere latinez idazteko gai izan zen. Ikasle giro hartan garaiko humanismo kristau berriaren doktrinak ezagutzeko aukera izan zuen.

1563an Medinako karmeldarren komentuan sartu zen. Salamankan arteen batxilergoa ikasi zuen. 1567an apaiztu eta Medinara itzuli zen lehen meza ematera. Bertan Teresa Jesusena ezagutu zuen, karmeldarren ordena berritzen hasi zen lekaimea. Une horretatik aurrera, Joanek Teresarekin batera jardun zuen ordena berritu eta karmeldar oinutsen ordena sortzeko lanetan.

Salamankara itzuli zen teologia ikastekotan, baina berehala Teresarekin batera Valladolidera joan zen oinutsen ordena ezartzera. 1568an karmeldar oinuts gizonezkoen lehen komentua ezarri zuen Duruelon. Ordutik aurrera erreforma karmeldarrean gero eta zeresan gehiago izan zuen; bera izan zen karmeldar oinutsen artean karisma berria zabaltzen lan gehien egin zuen erlijiosoa, Teresarekin batera.

Karmeldarren erreforma horrek gatazkak sortu zituen oinutsen eta oinetakodunen artean. Joanek epaiketak jasan behar izan zituen oinetakodunen aldetik, Erreforma bertan behera utz zezan. Hala ere, aurrera jarraitu zuen bere heriotzara arte.

1657an beatifikatu zuten eta 1726an Benedikto XIII.ak kanonizatu zuen. 1926an Pio XI.ak Elizako Doktore titulua eman zion eta bere ondorengoak, Pio XII.ak, gaztelaniazko poeten zaindari izendatu zuen.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Gurutzekoa Aldatu lotura Wikidatan