Joan Paulo I.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Joan Paulo I.a
Ioannes Paulus PP. I
Joan Paulo I.a

Joan Pablo I.a, aita santu izendatua izan berritan


Aurrekoa Paulo VI.a
Ondorengoa Joan Paulo II.a
Jaiotzezko izena Albino Luciani

Jaiotza 1912ko october 17a
Canale d'Agordo, Belluno, Italia
Heriotza 1978eko september 28
Vatikano Hiria
Erlijioa Eliza Katoliko Erromatarra

Joan Paulo I.a[1], (latinez Ioannes Paulus PP. I), jaiotzez Albino Luciani (Canale d'Agordo, Veneto, 1912ko urriaren 17a - Vatikano Hiria, 1978ko irailaren 28a) Eliza Katolikoko aita santu izan zen 1978an, 33 egunez bakarrik.

Jaiotzako izenez Albino Luciani, XX. mendean jaiotako lehen aita santua izan zen. Giovanni Luciani eta Bortola Tanconen semea, lau haurretatik zaharrena. 10 urte zituela ama hil zitzaion, Lehen Mundu Gerran pobrezia handia pasa ondoren. Bere aita bigarrenez ezkondu zen emakume oso erlijioso batekin. Honen eta fraide kaputxino baten eraginez, Albinorengan apaiz izateko bokazioa loretu zen. 1923an Feltreko seminario txikian sartu zen, baina ondoren Bellunokora joan zen eta bertan apaiztu zen 1935ean. Apaiztu ondoren Erromara joan zen Unibertsitate Gregoriarrean ikasketa teologikoak burutzera. Ikasketak amaitu ondoren bere jaioterrira itzuli zen parroko lanetara, Meategietako Institutu Teknologikoan irakasle lanetan zebilen bitartean.

"Irribarrearen aita santu" bihurtu aurretik (horrela gogoratzen dute askok) zeregin garrantzitsuak izan zituen: Bellunoko seminarioan errektoreorde izan zen, 1947an Unibertsitate Gregoriarrean teologiako doktoretza eskuratu zuen eta 1954a Bellunoko elizbarrutiko Bikario Orokor izendatu zuten. 1958an Joan XXIII.ak Vittorio Venetoko gotzain izendatu zuen, eta 1969ko abenduaren 15ean Paulo VI.ak Veneziako Patriarka izendatu zuen. Azkenik, 1973ko martxoaren 5ean kardinal izendatu zuten.

1978ko abuztuaren 26an Eliza Katolikoko 263. aita santu ofizial izendatu zuten. Izen konposatua hartu zuen lehen aita santua izan zen, bere aurretikoak (Joan XXIII.a eta Paulo VI.a) omentzeko eta beraiek egindako lanarekin jarraitzeko zuen nahia adierazteko. Joan Paulo I.aren etorrera elizaren eraberritze eta baikortasun egoera baten baitan izan zen. Baina bere nahiak ez ziren proposamen izatetik pasa, aita santu izendatu eta 33 egunera bihotzekoak jota hil baitzen (Vatikanoko bertsio ofizialaren arabera).

Bere heriotzari buruz asko idatzi da, idazle askok konspirazio baten biktimatzat hartzen baitute. Zenbaiten iritziz, Joan Paulo I.aren erreforma asmoak ez ziren Vatikanoko goi karguen oso gustukoak, eta teoria asko asmatu dira konplotaren inguruan. Dena den, orain arte idatzitako guztiak ez du beharrezko adostasunik jaso adituen artean. Gainera, Vatikanoak uko egin zion autopsia egiteari, eta horrek susmo txarrak hedatzen lagundu zuen.

Joan Paulo I.a 2003tik beatifikazio prozesuan dago. Vatikanoaren arabera, mirari bat gertatu da harrezkero aita santu haren laguntzaz: italiar gizon bat minbizitik sendatu omen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Paulo I.a Aldatu lotura Wikidatan