Joan Paulo II.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Joan Paulo II.a 
Berorren Santutasuna
Joan Paulo II.a

1978 – 2008
Aurrekoa Joan Paulo I.a
Ondorengoa Benedikto XVI.a
Jaiotzezko izena Karol Józef Wojtyła

Jaiotza 1920ko maiatzaren 18a
Wadowice, Polonia
Heriotza 2005eko apirilaren 2
Vatikano Hiria
Erlijioa Eliza Katoliko Erromatarra
Sinadura Joan Paulo II.a-ren sinadura

Joan Paulo II.a[1] (latinez: Johannes Paulus PP. II), jaiotzez Karol Józef Wojtyła (polonieraz ˈkarɔl ˈjuzɛf vɔjˈtɨwa ahoskatua) (Wadowice, Polonia, 1920ko maiatzaren 18 - Vatikano Hiria, 2005eko apirilaren 2a) Eliza Katolikoko Aita Santua izan zen 1978ko urriaren 16tik bere heriotza egunera arte.

1522az geroztik, Italiako lurralderen batekoa ez zen lehen Aita Santua izan zen.

2014ko apirilaren 27an kanonizatu zuten eta San Joan Paulo II.a izena hartu.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karol Wojtyła eta Emilia Kaczorowskaren seme bietatik gazteena, bederatzi urte zituela ama hil zitzaion. Bere anaia nagusia, Edmund, medikua, 1932an hil zen eta aita, Poloniako ejertzitoko ofiziala, 1941ean, naziek Polonia menperatuta zeukatela.

Krakoviako unibertsitatean hasi zen filosofia ikasten, baita antzerki eskola batean ere. 1939ko irailean alemaniarrek unibertsitate poloniarrak itxi zituzten, eta bizimodua aurrera ateratzeko meategietan eta kimika lantegi batean lan egin behar izan zuen. Garai hartan antzerki klandestinoa egiten ibili zen, nazien aurka eta abertzaletasun poloniarraren alde. Alemaniarren okupazioaren aurka jardun zuen, besteak beste juduen familiak salbatzeko talde batean parte hartu zuen.

1942an Adam Sapieha Krakoviako artzapezpikuak sortutako seminario klandestinoan hasi zen teologia ikasten. Gerra amaituta, 1946ko azaroaren 1ean apaiztu zen. Erromako Angelicum ikastetxean jarraitu zituen ikasketak eta teologiako doktore titulua lortu zuen. 1948an Poloniara itzuli zen eta ekintza pastorala eta unibertsitateko irakasletza bateratu zituen. Besteak beste, etikako irakasle izan zen Lublineko unibertsitatean.

1958an Pio XII.ak Krakoviako gotzain laguntzaile izendatu zuen. Vatikanoko II. Kontzilioan parte hartu zuen, ateismoa eta erlijio askatasuna bezalako gaietan batez ere. Paulo VI.ak kardinal izendatu zuen 1967an, 47 urte zituela.

Aita Santutza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978ko irailaren 28an hil zen Joan Paulo I.a aita santua, 33 eguneko agintaldi laburraren ondoren. Konklabean bildutako kardinalek Wojtyla hautatu zuten Aita Santu konklabeko bigarren egunean, 58 urte zituela (XX. mendeko Aita Santurik gazteena). Joan Paulo I.aren erabakiari jarraituz, izen bera hartu zuen, Joan XXIII.a eta Paulo VI.a izan zirenen jarraipena egin nahi baitzuen. 1522an Adriano VI.a aukeratu zutenetik Italiatik kanpokoa zen lehenengo Aita Santua izan zen.

Joan Paulo II.ak bisitaturiko herrialdeak

Historiako Aita Santurik bidaiariena izan zen; Italia barnean 144 bidaia egin zituen, eta Italiatik kanpora beste 104. Lehenengo bidaia 1979ko urtarrilaren 25ean egin zuen Mexiko eta Dominikar Errepublikara, eta azkenengoa 2004ko abuztuaren 14an Frantziara, Lourdeseko Andre Mariaren santutegira. Bidaia horietako asko garrantzia handikoak izan ziren, bai Elizarentzat, baita nazioarteko harremanentzat ere. Besteak beste, bere aberrira (Poloniara) egindako bidaiek zeresan handia ekarri zuten, komunismoaren porrota areagotu omen zutelako. Kubara egindako bidaiak ere oihartzun handia izan zuen, Eliza Katolikoaren eta Fidel Castroren errejimenaren arteko harremanetan aro berri bat ireki zuelako. 2000ko Jubileoan, gainera, Lurralde Santura joateko aukera izan zuen; bertan, kristauek juduei historian zehar egindako mina zela eta barkamena eskatu zuen.

Joan Paulo II.ak ezin izan zituen bi bidaia garrantzitsu egin, unean uneko gatazka politikoak zirela eta: Moskuko patriarkarekin Vatikanoak zituen gatazken ondorioz ez zuen Errusia bisitatzeko aukerarik izan. Bestetik, Txinako gobernuak Elizarekiko duen jarrerak eta azken honek Taiwan onartu izanak zaildu egin zituen bien arteko harremanak eta balizko bidaia guztiz oztopatu zuten.

Gainerako erlijioengana gerturatzeko pauso garrantzitsuak egin zituen, besteak beste Asisko topaketak antolatzean. Komunitate musulmaneko kideekin publikoki elkartu zen lehen Aita Santua izan zen gainera.

1981eko maiatzaren 13an, Mehmet Ali Ağcak Vatikanoan egindako atentatu-saiakeraren ondoren, Aita Santuaren osasuna gainbeheran hasi zen. Urdail eta eskuko zauriez gain, hesteetako minbizia izan zuen, baita femurra eta sorbalda hautsi zituen eta 1990etik aurrera geroz eta Parkinson gaixotasun larriagoa zuen.

Joan Paulo II.ak errekorrak hautsi zituen hainbat arlotan: hitzaldi gehien egin zituen Aita Santua izan zen, baita santu eta dohatsu gehien altarera jaso zituena ere. Teknologia berriak, bereziki Internet, lehen aldiz erabili zituen Aita Santua izan zen.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005eko apirilaren 2an hil zen, nekaldi luze baten ondoren. Aurreko egunetan septizemia batek eman zion, eta bere parkinson gaitz indartsuarekin golpe bikoitza izan zuen. Hilzorian zela, bere idazkariari gutun bat idatzarazi zion. Bertan eskerrak ematen zituen munduan zehar haibeste jendek berarengana agertutako maitasunagatik, eta konfiantza guztiz bere bizia eta Elizaren etorkizuna Jainkoarengan eta Andre Mariarengan jarri zituen.

Vatikanoko San Petri plazan bere aldeko arrosarioa esaten ari zirela hil zen Joan Paulo II.a. Ia mundu guztiko telebista, irrati eta egunkariak gertakari horren testigu izan ziren. Aita Santuaren medikuaren arabera, Joan Paulo II.ak bizitzako azken 50 minutuak konorte gabe igaro zituen, eta hitzik esan gabe hil zen.

Joan Paulo Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vatikanoko kriptetan Joan Paulo II.aren hilobia

Joan Paulo II.aren heriotzaren ondoren, zenbaitek (tartean bere ondorengo Benedikto XVI.ak) Joan Paulo Handia izenez deitu dute. Bere beatifikazio prozesua 2006an abiatu zen, hil eta urtebete eskasera. Izan ere, Benedikto XVI.ak beatifikazio prozesua hasteko igaro beharreko 5 urteko epea kendu zuen bere aurrekoarentzako. Neurri hau gutxitan erabili izan da. Azken aldia, Joan Paulo II.ak Kalkutako Teresa hil zenean abiarazi zuen beatifikazio prozesua izan zen.

Bere aurreko Paulo VI.ari jarraiki eskatu zuen bezala ez zitzaion Vatikanoko basilikan mausoleorik eraiki. Horren ordez hilobi apal bat dauka, egunero milaka pertsonak ikusi nahi izaten dutena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: [[commons:Category:Script error|Joan Paulo II.a]] Aldatu lotura Wikidatan