Joan XXIII.a

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau XX. mendeko Aitasantuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Joan XXIII.a antipapa».

Txantiloi:Agintari infotaula San Joan XXIII.a[1] (latinez: Ioannes PP. XXIII), jaiotzez Angelo Giuseppe Roncalli (Sotto il Monte, Lombardia, Italia, 1881eko azaroaren 25a - Vatikano Hiria, 1963ko ekainaren 3a) Eliza Katolikoko Aita Santua izan zen 1958ko urriaren 28tik bere heriotza egunera arte.

2014ko apirilaren 27an kanonizatu zuten eta San Joan XXIII.a izena hartu.

Lehen urteak

1881eko azaroaren 25ean jaio zen Bergamoko probintziako Sotto il Monte herrixkan. Hamalau seme-alabetatik laugarrena zen (semeen artean lehenengoa). Bere gurasoak, Giovanni Battista Roncalli eta Mariana Mazzola, nekazari behartsuak ziren, errentan hartutako baserri baten bizi eta bertan lan egiten zutenak. Familia apal honen buru bere aitaren osaba zen, Zaverio, Angeloren aitabitxia.

1892an elizbarrutiko seminarioan sartu zen, herriko parrokoaren eta baserri jabearen diru-laguntzei esker. Garai horretan hasita, eguneroko bat idatzi zuen, bere gogoeta espiritualak jasoz.

1901ean Erromara bidali zuten hango seminario nagusian ikasketak jarrai zitzan. Teologia ikasketak amaitu eta 1904ean apaiztu zen.

Apaizgoa eta apostolu jarduera

1905ean Bergamako gotzain Giacomo Radini Tedeschiren idazkari izendatu zuten, eta baita Bergamako seminarioan historia eta patrologia irakasle ere. Lan honetan aritu zen 1914an Tedischi hil zen arte.

Lehen Mundu Gerran mediku eta militarren kapilau izendatu zuten. Benedikto XV.ak 1921ean Misioen erakunde goreneko batzarrean Italiako ordezkari izendatu zuen.

1925ean Aeropoliko gotzain izendatu zuten. Obedientia et Pax zen bere goiburua. Pio XI.ak Bulgariako ikuskatzaile apostoliko izendatu zuen. Bertan katoliko eta ortodoxoen arteko harremanak hobetzen saiatu zen. 1934an Turkiako nuntziaturan hasi zen lanean, Istanbulen. Bigarren Mundu Gerran juduak salbatzeko lan egin zuen.

1944an Pio XII.ak Parisko nuntzio izendatu zuen. Bertan erregimen naziarekin kolaboratu zuten apaizen arazoa konpondu behar izan zuen. 1953an Veneziako patriarka izendatu zuten.

Aitasantutza

1958an, 77 urte zituela, Aita Santu aukeratu zuten. Inork gutxik espero zuen Roncalli aita santu izatera iritsiko zenik, adinez oso aurreratua zegoelako gehienbat. Pio XII.aren aitasantutza luzearen ondoren (1939-1958) kardinalek adineko Aita Santu bat nahi izan zuten, trantsizio lasai bat egiteko. Ez zuten uste Roncalliren karisma, gertutasun eta eskuzabaltasunak aparteko arrakastarik lortuko zuenik.

Joan XXIII.ak bestelako aitasantutza eredu bat ezarri zuen: Vatikanoko goi agintariei soldatak murriztu zizkien langile apalenei diru-sarrera duinagoak bermatzeko. Erromako parrokia guztiak banan-banan bisitatu zituen eta Eguberrietan ospitaletako haurrak eta espetxeetako presoak ere bisitatu zituen.

1959ko urtarrilaren 25ean Vatikanoko II. Kontzilioa deitu zuen eta kode kanonikoa eraberritzeko nahia azaldu zuen. 1960an Eliza Anglikanoko burua hartu zuen Vatikanoan, lau mendetako harremanik ezari amaiera emanez. 37 kardinal izendatu zituen, tartean, lehen aldiz, mexikar bat, tanzaniar bat, japoniar bat eta filipinar bat.

Zortzi entziklika idatzi zituen. Guztien artean miresmen eta eskerron gehien jaso zituztenak Mater et Magistra eta Pacem in Terris izan ziren. Hauetan gizakiak Jainkoaren antz eta irudiko izateagatik dituen berezko duintasun eta eskubideak azpimarratu zituen.

1962ko urriaren 11n Vatikanoko II. Kontzilioa hasi zen, Elizaren irudia eraberritzeko asmoz; liturgia berria (laikoengandik gertuago), ekumenismoa eta munduarengana gerturatzeko jarrera izan ziren bere ardatz garrantzitsuenak.

Joan XXIII.aren arabera, Kontzilioaren helburua ez da okerreko doktrinak gaitzestea edo dogma berriak ezartzea, Ebanjelioa egungo munduan egoki aldarrikatzeko eliza eraberritzea baizik (aggiornamento). Kristau elizen arteko batasuna bilatu eta munduarekin lan egin, elkarrizketa bultzatu, "batzen gaituzten gauzetan arreta jarri, bereizten gaituztenetan jarri beharrean".

Kontzilioan begirale izan ziren beste kristau elizetako ordezkariak (ortodoxo, luterano, anglikano, etab.), baita beste erlijioetako ordezkariak ere (musulmanak eta Amerikako indiarrak ere bai tartean).

Heriotza, Beatifikazioa eta Kanonizazioa

1963ko maiatzaren 23an Vatikanoak esan zuen Aita Santuak urdaileko minbizia zuela. Urte bereko ekainaren 3an hil zen. Munduko hainbat buruzagi (erlijioso, politiko, ekonomiko...) eta hainbat herritar xumek Joan XXIII.a Aita Santu ona edo historiako Aita Santurik maitatuena bezala gogoratu dute.

Bere ondorengo Paulo VI.ak beatifikazio prozesua ireki zuen Kontzilioa amaitu zenean. Joan Paulo II.ak beatifikatu zuen 2000ko irailaren 3an eta Frantziskok santifikatu zuen 2014ko apirilaren 27an, eta bere jaieguna urriaren 11n ezarri zuen (Kontzilioaren hasiera eguna).

Bere gorpua Vatikanoko San Petri basilikan dago. Katolikoez gain, protestante eta anglikano askok ere ohoratzen dute, Elizaren erreformatzaile gisa.

Plazak

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan XXIII.a Aldatu lotura Wikidatan