Johan de Witt
Johan de Witt (Dordrecht, Herbehereak, 1625 - Haga, 1672) Herbehereetako politikaria izan zen.
Biografia [aldatu]
Holandako probintziako ordezkari izan zen. 1653an Holandako aginpide politikoa eskuratu zuen, eta 1654an Ingalaterraren eta Holandaren arteko bakea sinatu zuen, besteren artean, Holandaren probintzien aginpidea ez zela kapitain baten esku izango zioena. Hala lortu zuen Wittek, Gilen III.a Orangekoaren absolutismoaren kontra agerturik, Gilen III.a Orangekoak aginpidea galtzea.
Wittek gobernu errepublikazalea eratu zuen, Holandako ekonomia eta hiritarren askatasunak indartu zituen eta ez zien ezetsi katolikoei. Ingalaterrako Karlos II.ak 1654ko hitzarmena hautsi zuen baina Wittek ez zion Gileni aginpide eragilea eman nahi izan, eta Ingalaterrarekiko harremanek txarrera egin zuten. Hala ere, Frantzia Herbehereetako hegoaldean hartzen ari zen indarra zela eta, Ingalaterrarekin eta Suediarekin itun bat sinatzea lortu zuen (1668).
Luis XIV.ak, ordea, Probintzia Batuen konkista hasi zuen 1672an. Herritarrek Gilen Orangekoaren laguntza eskatu zuten egoera hura konpontzeko, eta azkenik Witt matxinada batean hil (1672) eta gobernu errepublikazalea desegin zen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.